Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 07/2025

TESTUINGURUA

Behatokiko webgunean “Hirugarren Sektore Sozialak erronka sozialei emandako erantzunak: Eskubide Sozialen eta Garapen Jasangarriaren Helburuen Europako Zutabetik egindako hurbilketa” txostena argitaratu berri dugu. Txostenaren helburua da Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala (aurrerantzean, EHSS) deskribatzeko erabili ohi diren interpretazio-esparru alternatiboak eskaintzea, eta, horrekin batera, EHSSko erakundeen lana erronka sozialekin zerikusia duten beste gako batzuk ulertzea. Eskubide Sozialen Europako Zutabeak (aurrerantzean, ESEZ) eta Garapen Jasangarriko Helburuek (aurrerantzean, GJH) interpretazio-esparru alternatiboak eskaintzen dituzte, sektorearen diagnostikoetan erabili ohi dena ez bezalakoak. Egitura horren bidez, erakundeen jarduera erakutsi nahi da, beren gain hartzen dituzten erronka sozialekin lotuta.

EHSSk erronka horiei erantzuteko egiten duen ekarpena ikusarazi nahi da, eta gizarte-eraldaketarako eragile esanguratsu gisa duen rola erakutsi nahi da. Gainera, bere nortasun partekatua eta gizarte-eragile garrantzizko gisa duen posizionamendua indartu nahi dira.

Beraz, interpretazio-esparru desberdin eta osagarri bat eskaintzen du testu honek, bisualki arina izatea ezaugarri duena, eta fokua Euskadiko errealitate espezifikoan jartzen duena. Esparru honen helburua da identifikatzea, ESEZ eta hasierako txostenean jorratutako GJHak bezalako erreferente globaletatik haratago, Euskadi ikuspegi sozial batetik bizitzen ari den errealitate eta eraldaketa sozialak. Hortik abiatuta, hainbat erronka sozial planteatzen dira, eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko (EHSS) erakundeak horiei erantzuten ari dira, baliabideak, zerbitzuak, programak eta sentsibilizazio- eta salaketa-ekintzak abian jarriz.

SARRERA

EHSSko erakundeek, beren jarduera garatzean, zaurgarritasun-, babesgabetasun-, mendetasun-, bazterketa- edo desgaitasun-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonen errealitateei eta premia sozialei erantzuten diete, bai zerbitzuak emanez, bai eragin sozialarekin lotutako beste eginkizun batzuk betez. Hori egitean, gainera, erronka sozialei esparru zabalago batean erantzuten laguntzen dute.

Aldaketa sozialetako ohiko prozesuen barruan, azken urteotan arazo eta eraldaketa sozialak (baina baita kulturalak, politikoak eta abar ere) agerian geratu dira Euskadin, eta horien bilakaerak kezka sortzen du, eta gizarte kohesionatu, berdintasunezko eta iraunkor baten garapena bermatuko duten erantzunak eskatzen ditu. Biztanleriaren zahartzea, familia-egituren aldaketak, gizarte-desberdintasuna, arrakala digitalak edo bakardadea, batzuk aipatzearren, euskal gizarteak datozen urteetan izango dituen funtsezko erronkak dira. Horri erantzuteko, jasangarritasuna eta aurrerapena bermatuko duten konpromisoak lortzeko ahaleginak egiten ari dira. Horren adibide da Zainketen aldeko Euskal Ituna[1], eta, zehazkiago, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren akordioa, etorkizunean zainketen aldeko herrialde-itun bati dagokionez.

Oro har, gizarte-erronkei buruzko hausnarketan kontuan hartu beharreko bi faktore nabarmentzen dira. Alde batetik, gizarte-, politika- eta kultura-arloko etengabeko aldaketek desberdintasun-modu berriak agertzea eta sendotzea ekarri dute, eta desberdintasun horiek beste ikuspegi batzuetatik aztertzeko beharra ere eskatzen dute, hala nola genero-ikuspegia, intersekzionalitatea, denboraren erabileraren banaketa, errenta eta ondarea, adina eta jatorria, besteak beste.

Bestalde, esku-hartze sozialaren eremuan eskubideen ikuspegia garatzeak ekarri du pertsonek gero eta gehiago ezagutzea beren eskubideak, eta eskubide horiek baliatu nahi izatea. Esparru horretan, hartzaileek berek eta haien familiek duela hogei edo hogeita hamar urte esku hartzen ez zuten alderdiak eskatzen dituzte, ikuspegi asistentzialistatik edo errehabilitatzailetik haratago doazenak, hala nola: bizimodu independentea izateko eskubidea, ingurune naturalean irautea, iraupen luzeko zaintzak, enplegu inklusiboa eta, batez ere, parte-hartze soziala eta komunitarioa, bai eta baliabideak edota zerbitzuak baldintza berdinetan eskuratzea ere. EHSSk eta administrazio publikoak eskaera horiei erantzun diete, Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategian (EHSSSE) jasotzen zen arreta-eredu komunitarioa [2]indartuz, zehazki 7. jardueran, eta pertsonarengan oinarritutako arretaren bidez, besteak beste.

ZER DA ERRONKA EDOTA ARRISKU SOZIALA?

Gaur egungo gizarteak gero eta konplexuagoak dira, eta askotariko dimentsioek (sozialak, ekonomikoak, kulturalak, etab.) eragiten dituzten aldaketa sozialak bizi dituzte. Gaur egun bizi ditugun arazo eta aldaketa sozial batzuek marraztu dezaketen etorkizuneko panoramaren inguruko kezka dago. Gizarte-arloan, hainbat erronka sozial ikusten dira, eta batzuk, hala nola biztanleriaren zahartzea edo familia-egituren aldaketak, nabariak dira duela urte batzuetatik hona. Beste batzuk, hala nola eten sozial digitalak edo nahi ez den bakardadea, bat-batean eta nabarmendu direnak covid-19aren pandemiaren eraginagatik.

Adierazi den bezala, gaur egungo gizartearen konplexutasuna eraldaketa sozial ugarik zeharkatzen dute. Arazo, aldaketa edo arrisku sozialen “mapak” eraldaketa esanguratsuak izan ditu, funtsean desberdintasuna sortzen duten faktore berrien agerpenarekin lotuta (Moreno, 2017). Mapa horretan hainbat eragile sozialek esku hartzen dute, eta horien artean nabarmentzekoak dira erakunde publikoak eta EHSSko erakundeak, gizarte-arriskuen aurrean erantzunak sortzea bilatzen dutenak.

Erronka sozialaren kontzeptua, eta lehenago arrisku sozialarena, baliagarriak izan dira azken hamarkadetako eraldaketa sozialak ulertzen laguntzeko. Ochoa Leónek (2014) dioen bezala, gizarte batean arriskuak identifikatzea eraikuntza soziala da, eta beharrezkoa da sozialki aurrez aurre jarriko diren arrisku horiek definitzea, bai eta hori egiteko mekanismo espezifikoak zehaztea ere. Hala, politika sozialak ulertzeko modu bat izan daiteke arriskuak kudeatzeko mekanismo gisa ulertzea (Esping-Andersen, 1999).

Soziologiatik, hainbat autore saiatu dira eraldaketa sozialak ulertzeko eta aztertzeko azalpen-esparruak ematen. Beckek (1998) adierazten du arriskuak gertatu eta banatzeko moduari buruzko eztabaida publikoa agertzen dela bertan, eta Beckek modernotasun gogoetatsua deitzen duena gertatzen da; prozesu horren bidez, gizartea berak sortutako arriskuarekin aurrez aurre jartzen da. Bestalde, Luhmannek (1998) arrisku sozialak modernitatean kokatzen ditu, ziurgabetasunean erabakiak etengabe hartzean eta pertsonek beren ekintzek etorkizuna definitzen duten zenbait ondorio dakartzatela jabetzean.

NOLA IDENTIFIKATU DIRA ERRONKA SOZIALAK?[3]

Euskadin egungo erronka sozialen interpretazio-esparrua sortzea berezko esparru-proposamena da, eta, alde batetik, bigarren mailako iturrien datuen analisiaren bidez lortutako informazioaren emaitza izan da, eta, beste alde batetik, beren jarduera profesionala hainbat esparrutan garatzen duten gizarte-politiketan adituak diren pertsonei egindako zortzi elkarrizketen emaitza: arlo instituzional eta akademikoan, eta hirugarren sektore sozialean. Era berean, sortutako interpretazio-esparrua lau eztabaida-taldetan kontrastatu zen, hiru lurralde historikoetako EHSSko erakundeekin eta bat EHSSko sareekin. Hala eta guztiz ere, hainbat adierazpen, egoera eta errealitate sozial biltzen saiatu gara, eta horiek bost gai edo erronka espezifikotan kokatu ditugu, erronkatzat har daitezkeen beste gai batzuetan zeharkaturik. Nabarmentzekoa da, proposamena sendoa eta enpirikoki oinarritua izan arren, beste formulazio edo planteamendu batzuk ere badaudela, eta premia sozialak bezala, etengabeko aldaketa-prozesuei lotuta daudela.

Erronka sozialak 2021eko[4] Barometroa egiteko prozesuan bildutako datuetatik abiatuta identifikatu ondoren, azterketan parte hartzen duen erakunde bakoitzaren jardueraren azterketa zehatza eta xehatua egin zen, sortutako interpretazio-esparruaren arabera kategoriatan sailkatzeko.

Beste aldagai batzuen artean, jarduera-eremuari, artatutako kontingentziari, erakundeek beren jarduera zuzentzen duten kolektiboari, hornitzen dituzten zerbitzuei edo egiten dituzten jarduerei buruzko datuak aztertu dira. Horiek oinarri hartuta, elementu jakin batzuk identifikatu eta interpretazio-ariketa bat egin da, eta, horri esker, erakundeen jarduera “berriz irakurri” edo “berriz kokatu” ahal izan da, identifikatutako erronka sozialei erantzuteko.

Garrantzitsua da adieraztea, txostena egiteko unean [5]EHSSri buruz eskuragarri dauden diagnostiko eguneratuenetatik abiatuta egindako “berrirakurketa” bat denez, Euskadin identifikatutako erronka sozialei emandako erantzun-mailari buruz emango diren datuak koherenteak direla EHSSren ezaugarriekin eta jarduerarekin, nortasunarekin eta zuzentzen zaien kolektiboei, eskaintzen dituen zerbitzuei eta egiten duen intzidentziari lotutako jarduerari dagokienez duten aniztasunarekin.

ZEIN ERRONKA SOZIAL IDENTIFIKATU DIRA?

Lan-prozesuan zehar, bost erronka nagusi identifikatu ziren. Hala ere, egiaztatu zen horiek ezin direla modu isolatuan aztertu edo jorratu, faktore estruktural batzuek erabat baldintzatzen baitituzte, eta faktore horietako bakoitzean eragin nabarmena dute. Ildo horretan, erronka guztiak zeharkatzen dituzten lau ardatz nabarmendu ziren: genero-ikuspegia, edadismoa, osasun mentala eta ongizatea, eta ekitate digitala.

Ardatz horiek testuinguruaren baldintzatzaile gisa jarduteaz gain, elkarren artean eta norberaren erronkekin elkarreragiten dute, errealitate konplexua eta askotarikoa eratuz. Horregatik, erronka bakoitzaren azterketan sistematikoki txertatzea erabaki da, antzemandako problematiken ulermen zabalagoa eta inklusiboagoa islatzeko. Hurbilketa horren bidez, begirada intersekzionala txertatu nahi da, desberdintasun- eta diskriminazio-mota desberdinak elkar nola gurutzatzen diren ikusarazteko, esperientzia bereiziak eta, kasu askotan, kalteberatasuna metatzen dutenak sortuz.

Hala, zeharkako ardatz horiek sartzeak diagnostikoa aberasteaz gain, inplikatutako pertsonen errealitateekiko erantzun bidezkoagoak, testuinguruan kokatuak eta sentiberagoak diseinatzea ere badakar.

Laburpen-infografia 1. Zeharkako ardatzekin batera identifikatutako erronka sozialak

Iturria: Hirugarren Sektore Sozialaren Behatokia (2024)

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Beraz, oraingo honetan, identifikatutako erronka bakoitzeko hiru produktu eskaintzen dira, eta 1. taulan kontsulta daitezke esteka bakoitzean klik eginez.

  • Infografia bat identifikatutako erronka sozial bakoitzeko. Horietako bakoitzean, erronkaren definizio bat eskaintzen da, erronkari buruzko hainbat adierazlerekin, gaur egun kontuan hartu beharreko dimentsioekin eta EHSSk erronkari zer neurritan laguntzen dion, eta zer ESEZ eta GJHri erantzuten laguntzen zaion.
  • Adierazleen taula bat identifikatutako erronka bakoitzeko. Horietan, erronka bakoitza eraikitzen duten datuak eta txosten eta datu-base interesgarriei dagozkien estekak kontsulta daitezke.
  • Laburpen-taula bat gizarte-erronka bakoitza ESEZarekin eta GJHekin lotzen duen identifikatutako erronka bakoitzeko bat

 

  1. taula. Erronka bakoitzeko produktuak

 

Zainketak eta bizi-kalitatea

Infografia
Adierazleen taula
ESEZ eta GJHekiko harremana

 

Inklusioa eta herritartasun osoa  

Infografia
Adierazleen taula
ESEZ eta GJHekiko harremana

 

Aniztasuna eta bizikidetza

Infografia
Adierazleen taula
ESEZ eta GJHekiko harremana

 

Familia, haurrak eta gazteak

Infografia
Adierazleen taula
ESEZ eta GJHekiko harremana

 

Okupazioa eta enplegu iraunkorra

Infografia
Adierazleen taula
ESEZ eta GJHekiko harremana

 

 

BIBLIOGRAFIA

Beck, Ulrich (1998). La Sociedad del riesgo. Hacia una nueva modernidad. Barcelona: Paidós.

Esping-Andersen, Gosta (1999). Social Foundations of Postindustrial Economies. New York: Oxford University Press.

Luhmann, Niklas (1998). Sociología del riesgo. Mexico DF: Triana, Universidad Iberoamericana.

Moreno, Luis (2017). Nuevos riesgos, nuevas desigualdades. En Kölling, Mario y Mari-Klose, Pau (coords.), Los retos del estado de bienestar ante las nuevas desigualdades (13-34). Fundación Manuel Giménez Abad. Disponible en: https://www.fundacionmgimenezabad.es/sites/default/files/Publicar/publicaciones/documentos/actas13_retos_estado_bienestar_dig.pdf

Ochoa León, Sara María (2014). El riesgo en la sociología contemporánea: de los riesgos sociales a los riesgos modernos. Documento de trabajo n14. Universidad Nacional Autónoma de México. Disponible en: https://biblioteca.clacso.edu.ar/Mexico/pued-unam/20170612035713/pdf_410.pdf

 

 

[1] Informazio gehiago: https://congresocuidados.eus/wp-content/uploads/2023/09/Acuerdo-institucional-Pacto-Vasco-por-los-Cuidados.pdf

[2] Behatokiak arreta-eredu komunitarioari buruz egindako txostena kontsultatzeko: https://3seuskadi.eus/jardunbide-eta-esperientzia-adierazgarriak-eredu-komunitarioan/?lang=eu

[3] Metodologiari buruzko informazio gehiago lortzeko, txostenean dagokion atalean kontsulta daiteke.

[4] Gogoratu behar da 2021eko Barometroan EHSSko 370 erakundek parte hartu zutela, online galdesortaren bidez. Lagina adierazgarria zen Euskadi osorako, % 95eko konfiantza-mailarekin eta % 4,86ko errore-marjinarekin. 2021eko barometroaren metodologiari buruzko informazio gehiago: https://3seuskadi.eus/zer-egiten-dugu/hirugarren-sektorearen-diagnostikoa/2019-2022-proiektuak/?lang=eu

[5] Txostenaren ondoren, EHSSren barometroa argitaratu da (2023):

https://3seuskadi.eus/wp-content/uploads/2024/04/Informe_BAROMETRO23_def_eu.pdf eta EHSSren Liburu Zuria (2024):  https://3seuskadi.eus/wp-content/uploads/2025/06/LibroBlanco2024_DEF_eu_com.pdf