Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren tresna teknikoa da, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren menpe dagoena. Eginkizuntzat du informazioa eta ezagutza biltzea, sistematizatzea, eguneratzea, sortzea eta ezagutzera ematea, hirugarren sektore sozialarekin eta hartan sartutako erakunde eta sareekin zerikusia duten arloetan. Bere eskumenak garatzeko orduan, Behatokiak lankidetza estua du hirugarren sektore sozialeko erakunde eta sareekin.

“Euskal behatokia sareko proiektu bat bilakatzea espero dugu, Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokiak orain arte egindako eginahalaren fruitua, ahalegin horrek eraman baitu hirugarren sektore sozialaren erreferentzia izatera, bai erakunde honentzat, bai administrazio publikoentzat, bai aurrera egin nahi zuten beste eragile batzuentzat”. Beatriz Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburua, Euskal Behatokiaren aurkezpenean, 2020ko urtarrilean.

2006an martxan jarritako Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokiaren bidez hirugarren sektore soziala indartzeko izandako konpromisoa eskertu nahi die Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko Foru Aldundiari, BBK Fundazioari eta EDE Fundazioari. Eta, hiru horiekin batera, behatokiak sustatutako proiektuak bideratzen eta garatzen izandako parte-hartze aktiboa eskertu nahi die hirugarren sektore sozialeko erakundeei eta sareei.

Kudeaketa-eredu parte-hartzaile horri jarraipena emanez, eta hirugarren sektore sozialarekin elkarlanean, Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiaren batzorde iraunkorra Foru Aldundiek, EUDELek eta Sareen Sareak osatzen dute. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko entitate-sareak biltzen ditu Sareen Sarea elkarteak; 2014ko apirilaren 8an eratu zen, eta, ordutik, elkarlan estua izan du Bizkaiko Hirugarren Sektore Sozialaren Behatokiarekin.

Hain zuzen ere, 2014. urtean, maiatzaren 12ko 6/2016 Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Legea onartu baino urte eta erdi lehenago, behatokia finantzatzen hasi zen jaurlaritza, ahaleginaren heren bat bere gain hartuz, eta Euskadi osorako zein hiru lurraldeetarako antolatutako ekintzak babestu zituen.

2006az geroztik, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek eta sareek zein aurrera egiteko konpromisoa duten instituzioek oso aintzat hartutako eta maiz erabilitako tresna bihurtu da Behatokia, zeinak sektorearen beharrei erantzuteko lan handia egin duen. Euskadin Hirugarren Sektore Soziala egituratzen lagundu du, eta eragile gisa kontuan har dezaten lan egin du, baita haren ekarpen soziala ezagutu eta balora dezaten ere.

Hori guztia, hirugarren sektore sozialaren gaineko ezagutza zabaltzeko, bere egiten jakitea formalizatzeko eta gizarteratzeko, eta erakundeen kudeaketan eta esku-hartzean etengabeko berrikuntza eta hobekuntza sustatzeko helburuz aurrera eramandako ikerketa- (liburu zuriak eta urtekariak, baita ikerketa-proiektu txiki eta ertainak ere), informazioaren kudeaketa- (webgunea, bibliografia-funtsa, datu-baseak, dokumentazio-lanak…), eta promozio-ekintzen (argitalpenak, jardunaldiak, mintegiak, tailerrak, kudeaketa-albisteak…) bidez.

Webgune honetan eskuragarri daude produktu horiek guztiak, baita erabilitako prozesu eta tresnen gaineko informazioa ere. Izan ere, 14 urteko ibilbidean sortutako ezagutza guztia jasotzen du webguneak, posible egin zuten horien eskuzabaltasunari esker. 14 urte horietan sortutako eduki guztiek Bizkaiko Hirugarren Sektore Sozialaren Behatokiaren marka mantentzen dute.

Gainera, 2006az geroztik, posible da eduki, dokumentu, argitalpen… guztiak dohainik deskargatzea eta modu librean erabiltzea, beti ere irabazi-asmorik gabe eta egiletza norena den adieraziz. Eta hala izaten jarraituko du. Erakundeak konektatzeko, hausnarketa bultzatzeko eta ezagutza kolektiboa eraikitzeko espazioa izaten jarraituko du euskal behatokiak, instituzioekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean.  Eta modu kolektiboan sortzen dena, partekatu egin behar da.