Fecha: 25/03/2022
Fuente: Bizkaiko Foru Aldundia
Acceder a la fuente

Bizkaiko Foru Aldundiak gune berri bat bultzatu du bere webgunean Garapenerako Lankidetzaren politika bizkaitarrei hurbiltzeko. Web.bizkaia.eus/eu/bizkaia-koopera webguneak foru erakundearen dekretuei, inbertsioei, programei eta gaurkotasunari buruzko informazioa eskaintzen du.

Webgune honen berri Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak eman du gaur goizean. Bere kudeaketa arloak, halaber,  Garapenerako Lankidetzaren eta Aniztasunaren eskumenak barne hartzen ditu.

Gure Lurralde Historikoko Garapenerako Lankidetzaren ekosistemako 40 erakunderekin baino gehiagorekin egindako topaketa batean Laespadak azaldu du Laguntzen Deialdi berriak 7,72 milioi euroko foru-inbertsioa ahalbidetuko duela Garapenerako Lankidetzan, hau da, iaz baino % 23,8 gehiago, eta horrek ehun proiektu solidario inguru martxan jartzea eta mantentzea ekarriko duela.

Ildo horretatik, diputatuak azpimarratu du COVID pandemiak edo Ukrainaren inbasioak eragindako azken gertakariekin eta hiru milioitik gorako errefuxiatuekin “inoiz baino arrazoi gehiago ditugula elkarrekin lan egiteko”.

“Pobretuek arrakala global sakonagoa dute. Berriro ere galtzaile dira. Hegoalde globalarekin lankidetzan aritzeko arrazoi gehiago ditugu. Nazioarteko lankidetza are beharrezkoagoa eta premiazkoagoa da. Elkartasun-adierazpenak indartu behar ditugu. “Justizia globala” ikuspegi integral eta koordinatu batetik landuko dutena, mugaz haraindiko erantzun inklusiboa emateko” azpimarratu du.

IV. GIDA PLANA

Era berean, berriki Garapenerako Lankidetzaren arloko IV. Gida Plana onartu dela gogorarazi du. Planak Hegoaldeari hobeto lagunduko dion lankidetzaren aldeko apustua egiten du, gure gizartearen eta Hegoaldearen arteko harremanetarako eremua zabaltzearen aldekoa eta gure gizarteak gehiago partekatuko duen politika eraikitzearen aldekoa.

Laespadak adierazi duenez, 2016tik, aurreko legegintzaldiaren hasieratik, Bizkaiko Foru Aldundiak hegoalde globaleko herrialdeen garapenari egiten dion ekarpena % 56,22 hazi da, hau da, 3,42 milioi euro gehiago inbertitu dira, eta, beraz, “Foru Aurrekontu osoaren % 0,7tik gertuago gaude, GGKEen Koordinakundeak aitortzen duen bezala”.