2022tik Kontzilia Sareak kontziliazio erantzukidearen aldeko apustua egiten duten tamaina eta sektore guztietako enpresak eta kooperatibak biltzen ditu. Komunitate honek dituen baliabideen artean honakoak nabarmendu daitezke: banakako arreta-zerbitzua eta ikaskuntza kolektiboa sustatzeko zein esperientziak partekatzeko talde topaketak.
Sarean zortzi enpresa berri sartu dira eta dagoeneko 43 dira Kontzilia komunitatea osatzen dutenak. Hainbat sektoretan parte hartzen duten enpresak eta kooperatibak dira, hala nola elikagaien industrian, informatikan, osasunean, hirugarren sektore sozialean, eraikuntzan, hezkuntza-sektorean…
Gaur Elkartegian (Durango) egindako urteroko topaketan, jardunbide egokiak partekatu dira, lana eta familia uztartzearen orainari eta etorkizunari buruzko gogoeta egin da eta enpresen lehiakortasunari zuzendaritzaren eta langileen arteko erantzukidetasunak egiten dion ekarpena azpimarratu da.
“Gaur ez gatoz kontziliazioaz hitz egitera bakarrik. Kontziliazio hori aurrera eramateko kudeaketaz, ohitura bihurtzeko moduez, antolaketan txertatzeko aukerez edo kontziliazioa neurtzeko abantailez berba egitera etorri gara. Kontziliazioak aurrera egingo du benetan emakumeen kontua izateari uzten dionean eta partekatutako konpromiso bihurtzen denean. Eta bide horretan, urrats bakoitzak berebiziko balioa dauka. Kontzilia Sarea osatzen duzuenei eskerrak eman nahi dizkizuet. Izan ere, kontziliazioarekin ados egotea ez da nahikoa; egitea, inertziak berrikustea, probatzea, neurtzea, zuzentzea… eta berriz saiatzea beharrezkoak dira” adierazi du Xabier Legarreta sailburuordeak.
Kontzilia Sarea osatzen duten enpresen barne-galdetegi batean jasotako eta gaurko topaketan aurkeztutako datuen arabera, kontziliazio-plan bat abian jarri ondoren enpresa bateko langileen gogobetetze-maila orokorra 4,2koa da 5etik. Lan giroari eta antolamendu-kulturari dagokienez, barne-komunitatearen sentimendua indartu dela ikus daiteke (3,68, 5etik). Era berean, barne-gatazkak (5etik 3,37) eta estresak edo antsietateak eragindako absentismoa (5etik 3,05) neurriz murriztu direla egiaztatu da, eta horrek lan-ongizatean aurrera egin dela adierazten du. Talentuaren kudeaketari dagokionez, emaitzek erakusten dute kontziliazio-planak lagundu egin duela langileek beren lan-eskubideei buruz duten ezagutza handitzen (3,89 5etik), eta erakundeak erakargarriagoak direla talentua erakartzeko eta atxikitzeko (3,58 5etik).
Gaurko topaketan Rosa Mindegiak, Erakundeen Psikologian doktorea (EHU), parte hartu du. Bere hitzaldian, Mindegiak kontziliazioa eta lan-giroa euskal enpresen ongizaterako benetako bide gisa kokatu ditu.
Bileraren amaieran, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak, Nerea Melgosak Kontzilia Sarearekin bat egiten duten 8 enpresa berriei oroigarri bat eman die. Urgatzi, Suspertu S.L., Gasteiz On, Lantegi Batuak, Gurutze Gorria, Suspergintza, AVIFES eta EDE Fundazioaren ordezkariek diploma egiaztagarria jaso dute Nerea Melgosa sailburuaren eskutik.
Kontziliazioaren neurgailuak
Duela hiru hilabete, Kontzilia Sareko kide diren enpresen arteko kontziliazioaren kudeaketa ebaluatzeko eta aintzatesteko sistemaren pilotajearen emaitza aurkeztu zen. Hamabi enpresak jaso dute Euskadin kontziliazioa neurtzen duen lehen kalitate-zigilua. Zigilu horrek enpresa horiek langileen arteko kontziliazio erantzukidea hobetzeko egindako ahaleginei balioa emateko balio izan du. Euskalitek eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak elkarlanean egindako lan bati esker egin da aintzatespen hori, eta dozena bat konpainiari eman zaie dagoeneko: Careers & Jobs, Sedical, Hutchinson-Industrias Técnicas de la Espuma, CPES Fernando, Zikotz SAU, Murgibe, Centro San Luis, Fundación Alday, Bizitegi edo Urkide Ikastetxea. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailaren asmoa da neurketa honetan parte hartzen duten enpresen kopurua handitzea, beti ere uztartze-maila ebaluatuz.






