Gobernu Kontseiluak gaur onartu du bi hitzarmenen sinadura. Hitzarmena Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren eta Berriztu eta Irsearaba-Gizarteratzerako Institutua hezkuntza-elkarteen artekoa da, eta helburua Gazte Justiziaren arloan hainbat hezkuntza-ekintza egitea da, horrela gazteei eta adingabeei laguntzeko, harrera edo gizarteratzea behar dutenen kasuan. Horretarako, 1,6 milioi euro bideratuko ditu 2025 eta 2026 artean.
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, bi hitzarmen horien sinadura berretsi da; izan ere, aurtengo abenduaren 31n jatorrizko hitzarmenen azken luzapena bukatuko da, eta ezinbestekoa da hezkuntza-ekintzekin jarraitu ahal izatea.
Berriztu hezkuntza-elkartearekin sinatutakoak ingurune irekiko neurriak (zaintzapeko askatasuna, gizarte- eta hezkuntza-zereginak egitea, tratamendu anbulatorioa, gizartearen onurarako prestazioak eta asteburuetan norbere etxean gelditzea) aurreikusten ditu Gipuzkoako Lurralde Historikoan, beti ere Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen Legearen arabera eta adingabeen epaitegiek ezarrita. Zuzkidura 502.632 eurokoa da 2025erako, eta 517.716 eurokoa 2026rako.
Irsearaba-Gizarteratzerako Institutuak ere ingurune irekiko neurriak beteko ditu Araban, eta horretarako 276.684 euro bideratuko dira datorren urtean, eta 284.976 euro 2026an.