Etorkizuneko Lankidetza eta Elkartasun Legeak babes politiko eta sozial handia izango du, eta hori da “bere indargune handienetako bat”, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu duenez. Hainbat talde politikok berretsiko dute araua Eusko Legebiltzarrean, eta, aldez aurretik, gizarte-eragileekin eta inplikatutako erakundeekin lan egin da.
Melgosak nabarmendu duenez, “lankidetza eta elkartasuna ez dira soilik GGKEen edo Lankidetzaren Euskal Agentziaren kontua. Guztioi dagokigun kontua dira. Lankidetza eta elkartasuna herrialdearen erronka dira”. Hain zuzen ere, etorkizuneko arauak lehen aldiz hartzen ditu euskal erakunde guztiak, toki- eta foru-administrazioak barne.
Etorkizuneko legeak esparru juridiko berri bat ezarriko du lankidetzaren eta elkartasunaren euskal politikarako, egungo erronka globalei modu eraginkorragoan ekiteko.
Arau berri horrek autonomia erkidegoan lankidetza finkatuko du. “Euskadi herrialde bidezkoa eta solidarioa izan da, da eta izango da”, adierazi du Melgosak.
Gainera, testuak laguntzak eta diru-laguntzak kudeatzerakoan lankidetzak duen salbuespenezkotasuna ezartzen du, eta horrek malgutasun handiagoa emango dio.
Euskadi “Lankidetza deszentralizatua” (2017-2021) azterlanaren buruan dago Flandesen edo Kataluniaren aurretik, eta lankidetzaren aldeko apustua egin nahi du. Arau berri hori funtsezko tresna izango da. Testu berriak euskal sektore publiko osoari eta gainerako eragileei elkartasun-politikaren aldeko deia egiten die. Hala, arauak aurrera egin du erakundeen arteko koordinazio- eta finantziazio-mekanismoak finkatzen, eta %0,7aren helburua indartu du.