Astelehen arratsalde honetan, EUDELek Bilbon duen egoitzan, BERDINSAREAren osoko bilkura egin da; sare horrek EAEko hiru lurraldeetako 88 euskal udalerri eta Arabako Lautadako eta Aiarako bi kuadrilla biltzen ditu. Lidergo politikoarekin, Udaleko teknikarien elkartrukerako gune komun bat da sare hau. Orain, 18 urteko ibilbidearen ondoren, Berdinsareak berritu eta eguneratu egin nahi du, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren arloko abangoardiaren eta berrikuntzaren bultzatzaile izaten jarraitzeko.
Esther Apraiz, Derioko alkate eta EUDELeko elkarteburua, eta Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, izan dira sareko organo gorenaren bilera honetako buru; bilera horretan, aurtengo ekintza-ildo berriak onartu dira eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 estrategia aurkeztu da, Eusko Jaurlaritzak sustatua.
Osoko Bilkuran parte hartzen, Emakundeko zuzendaria, Miren Elgarresta, eta EUDELeko berdintasun ordezkari hauek ere izan dira: Nati López de Munain, Burgeluko alkatea; Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea; Mª Jose Blanco, Portugaleteko alkatea; eta Joseba Zorrilla, Zallako alkateordea.
BERDINSAREAko udalerriak EAEko biztanleen % 80 dira, eta haien ekintzak eta orientazioak aitzindari dira berdintasun-politiken abangoardia toki-mailan bideratzeko, gainerako euskal erakundeekin lankidetzan arituz.
Hain zuzen ere, udalen arteko aliantzak eta erakundeen arteko koordinazioa bultzatzea da Osoko Bilkuraren funtsezko eginkizuna; atxikitako udaletako arduradun politikoek osatzen dute.
EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak nabarmendu dute berdintasun-sare horren indargune nagusia direla “udalek berek gobernatua izatea”, koordinazio politiko-tekniko estu batetik, eta sarea osatzen duten lantaldeetan “adostasunean eta lortutako akordioetan” oinarrituta lan egitea.
Bi erakunde bultzatzaileek adierazi dute “aniztasuna” dela sare horren balioetako bat, udalen ezaugarrietara (tamaina, baliabideak, ibilbidea, antolaketa…) egokitu daitezkeen proposamenak bideratzea errazten baitu.
Esther Apraiz elkarteburuak Berdinsareak EAEko 252 udalerriri ematen dien zerbitzua nabarmendu du: “Sareko lan honen bidez, Euskadiko tokiko gobernuek berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren arloan duten erantzunaren efikazia hobetu nahi da. Berdinsareak berdintasuna transbertsal bihurtzen laguntzen du udaletan, eta gainerako erakundeekiko lotura gisa ere balio du”.
Euskal Udalen “berdintasunarekiko konpromiso irmoaren” ildotik, EUDELeko elkarteburuak udal-arduradunak animatu ditu konpromiso hori eguneroko lanean, urteko 365 egunetan, gauzatzera. “Berdinsareak markatzen du berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko udalerriak lortzeko hurrengo urteetan egin beharreko bidea”.
Bestalde, Nerea Melgosa sailburuak EAEko Berdintasunerako 2030 Estrategiaren hurrengo helburuak aurkeztu dizkie udalei, eta, zehazki, udal-eremuan inplikazio handiena dutenak. Adierazi duenez, “helburu horiek lortzeko, funtsezkoa da toki-erakundeen ekarpena, erronka handiak dituztelako, hala nola bermatzea beren aurrekontuen % 1,5, gutxienez, berdintasun-politiketara bideratuko dela, guztietan berdintasun-unitateak egongo direla, langile eta aurrekontu nahikorekin, edo langile guztiei berdintasunaren arloko prestakuntza emango zaiela”.
Melgosak eskerrak eman dizkie udalerrietako teknikari eta politikari guztiei, egunero berdintasunarekin duten konpromisoagatik.
2024ko ekintza-lerroak
Osoko Bilkuraren bigarren blokean, Nati López de Munain Burgeluko alkate eta EUDELeko ordezkariak Berdinsarearen aurtengo ekintza-lerro berriak aurkeztu ditu:
• Tokiko Indarkeria Protokoloak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko erakundeen arteko III. Hitzarmenean ezarritako jarraibide eta printzipioen arabera.
• Berdintasunerako tokiko politiketan kalitate-estandarrak betetzen diren begiratzea.
• Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren arloko tokiko politikak zabaltzeko finantzaketa-egituren azterketa eta horiei buruzko hausnarketa.
• Berdintasunaren arloan eskumena duten erakundeen (EUDEL, Eusko Jaurlaritza-Emakunde eta Foru Aldundiak) arteko koordinazioa indartzea, udalen aldeko jardueren efikazia hobetzeko.
• Udalaren esperientziak eta praktika onak trukatzea (“Berdintrukeak”).
• Euskadiko Udaltzaingoetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko orientazio-gida egitea.
• Euskadiko 2030 Agendaren tokiko sustapen-proiektuen aurrerapena eta garapena:
– Ikuspegi feminista duten zaintza erantzunkideetarako tokiko eredua. Udalerrietako “toki-komunitateetan” zaintza-sareak artikulatzeko ibilbide bat hartuko luke.
– Alkateek eta zinegotziek “Virginia Woolf Basqueskola”-n egiten duten lana babestea, emakumeak ahalduntzeko eta udal-politikan eragiteko gunea baita.
– Emakunderen Gizonduz programarekin elkarlanean jarraitzea, tokiko hautetsiak berdintasunaren sustapenean eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan inplikatzeko.
Tamaina txikiagoko udalerriak
Aurtengo ildo nagusietako bat da. 5.000 biztanletik beherako udalerrietan berdintasun-politikak hedatzen laguntzeko estrategiak (EAEren % 77 baino gehiago dira) udalen arteko aliantzak sortu behar ditu, langile espezializatuak eta baliabideak partekatzeko, eskualdeko estrategia bat artikulatuko duten ekintzak elkarrekin bultzatzeko.
Udalerri txiki eta elkartuekin lan teknikoa egiteko eremua indartzeaz gain, aurten Berdintasunerako 2030 Estrategiako orientabideak “herri txiki” eskalan nola lurreratu eta egokitu aztertuko da.
Informazio gehiago: https://berdinsarea.eus/eu/sarea