Fecha: 27/08/2025
Fuente: Irekia
Acceder a la fuente

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak René Cassin Sariaren XXII. edizioaren deialdia egin du. 2003an sortu zen, eta giza eskubideen aldeko jarduera azpimarragarrienak publikoki aitortzea du helburu. Hautagaiak urriaren 17ra arte aurkeztu ahal dira, eta giza eskubideak sustatzen, defendatzen eta hedatzen konpromiso pertsonal edo profesionala nabarmendu duten pertsonak eta erakundeak saritzen dira. Hautagaiak lotura honen bidez aurkeztu ahal izango dira: www.euskadi.eus/servicios/0027010

Saria abenduan emango da, Giza Eskubideen Egunaren ospakizunarekin batera. Gobernu Kontseiluak uztailaren 15ean onartu zuen XXII. René Cassin Sariaren deialdia egitea, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta.

Hautagaiak bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko pertsona ezagunek osatutako epaimahaiak baloratuko ditu, eta horien artean daude: Arritxu Marañón Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuordea, Manuela Mesa CEIPAZ Bakearen Ikerketarako Hezkuntza Zentroaren zuzendaria, María Ojanguren Gernika Gogoratuz zentroaren zuzendaria eta 2010eko René Cassin sariduna, Izaskun Saez De la Fuente Deustuko Unibertsitateko Gizarte Eraikuntzarako Etika Masterreko zuzendaria, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Juan José Álvarez Nazioarteko Zuzenbideko katedraduna EHUn, Mikel Mancisidor NBEko Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Batzordeko kidea, Carlos Martín Beristaun Giza Eskubideetan aditua eta 2020ko René Cassin sariduna, Bárbara Ruiz Balzola UNRWAko ordezkaria eta 2024ko René Cassin sariduna, eta Ainhoa Zugasti Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaria.

Saria 25.000 eurokoa da, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urteurrena eta sariaren sorreraren 20. urteurrena ospatzeko 2023an onartutako igoeraren ondoren. Sariak René Cassini zor dio izena. René Cassin Baionan jaio zen 1887an, eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren sustatzaile nagusitzat hartzen da. Cassinek Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an, giza eskubideen alde egindako lan nekaezinarengatik.

Saria jaso duten pertsonen eta erakundeen artean daude: Maiatzeko Plazako Amonak Elkarte Zibila, Desmond Tutu, Sexual Minorities Uganda, Federico Mayor Zaragoza, Alec Reid, Koro Erdozia Lasa, Elisa Loncon Antileo, Dora María Téllez, ICDP – Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordea eta, iazko edizioan sariduna, UNRWA, Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia.