Imanol Pradales Lehendakaria Emakunderen Zuzendaritza Kontseiluaren bileraren buru izan da gaur eguerdian, Lehendakaritzaren egoitzan. Bileran, besteak beste, EAEko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko 2024ko Zifrak txostena onartu da, Euskadiko eremu sozial, ekonomiko eta politikoan emakumeen eta gizonen egoeraren bilakaera ikusteko aukera ematen duen dokumentua. Txostenak egiaztatzen du genero-estereotipoek eta bokazioen segregazioak baldintzatu egiten dituztela emakumeen eta gizonen hezkuntza- eta lan-ibilbideak, eta faktore hori dela bizitzako eremu guztietan arrakalen iraunkortasunean eragina duen faktoreetako bat.
Pradalesek adierazi du Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasuna dela emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, eta, azterlanak erakusten dituen arrakalen aurrean, dei egin du gizarte osoaren lan bateratuaren alde, bakoitzak bere eragin-eremuan, berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko. Ildo horretan, Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategian jasotako 11 jomugak nabarmendu ditu, besteak beste, aurrekontuekin, enpleguarekin, soldata-berdintasunarekin, emakumeen aurkako indarkeriarekin edo berdintasunean heztearekin zerikusia dutenak.
Bestalde, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak datu horiek aztertzeko gonbita egin du, “gure gizartean oraindik ere badirauten genero-desberdintasunei aurre egitera behartzen gaituen erradiografia soziala” erakusten baitute, eta horiek murriztuko dituzten berdintasun-politikak bultzatzen jarraitzeko.
Azterketa demografikoak agerian uzten du Euskadi emakume aurpegia duen gizarte zahartua dela. 55 urtetik aurrera, emakumeak gizonak baino gehiago dira, eta 90 urtetik gorakoen artean biztanleriaren % 73 dira. Egiaztatu du amatasunak zigortuta jarraitzen duela, zaintza oraindik ere emakumeen esku dagoenean.
Ildo horretan, txostenak jasotzen duen datua da, nahiz eta legezko aurrerapenak izan diren berdintasunezko baimenetan, eta zaintzagatiko eszedentziak dituzten gizonen kopuruak gora egin duen arren, emakumeek beren gain hartzen dituztela adingabeak zaintzeko eszedentzien % 87 eta senideak zaintzeko eszedentzien % 72, eta horrek eragina du haien ibilbide profesionalean eta osasunean.
Izan ere, antsietate- eta depresio-sintomen kopuru handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino adin-talde guztietan, eta eragin handiagoa du gazteen artean. Emakumeen osasun mentalean eragin handia dute zainketen gainkargak, zahartzaroko bakardadeak edo egiturazko indarkeriak, besteak beste.
Enpleguari dagokionez, azken hamarkadetan jarduera- eta okupazio-tasak handituz doazen arren, lan-merkatuak sexuaren arabera segmentatuta jarraitzen du, eta segregazio horizontala dago, emakumeak sektore prekarizatuagoekin lotzen dituena. Izan ere, urteen poderioz aldea murrizten doan arren, gizonen batez besteko soldata emakumeena baino 5.790 €handiagoa da.
Emakumeek baldintza kaxkarragoetan, ezegonkorragoetan eta kontratu-kalitate txikiagoarekin lortzen dute enplegua. Emakumeek lanaldi partzialerako kontratatutako pertsonen % 66 ordezkatzen dute, eta emakumeek sinatutako kontratuen % 76 aldi baterakoak dira ( % 64 gizonen kasuan). Lan-merkatuak bi aldiz zigortzen ditu emakumeak: sarbide gutxiago, partzialtasun handiagoa eta behin-behinekotasun handiagoa. Horrek kate-ondorioak ditu errentan, gizarte-babesean eta pentsioetan.
Partaidetza soziopolitikoari dagokionez, Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeen ondoren, emakumeen presentzia zertxobait handitu da, % 52ra iritsiz. Bestalde, alkatetza eta zinegotzien ordezkaritza orekatua urrun dago. Alkatetzen % 34k emakumeak dituzte buru, eta zinegotzien % 46k. Are urrunago dago berdintasunezko errepresentazioa enpresa-erakundeetako Administrazio Kontseiluetan, haietan emakumeak % 30 baitira. Finantza-erakundeei dagokienez, lautik batek baino ez du emakume bat lehendakaritzan.
Oro har, emakumeen parte-hartzea gehiago kontzentratzen da arlo sozialarekin lotutako erakundeetan eta eremu publikoan; aldiz, espazio ekonomiko-produktiboek maskulinizatuta jarraitzen dute.
Emakumeen aurkako indarkeria matxistak errealitate estruktural eta iraunkorra izaten jarraitzen du. Txostenak 6.572 biktimizazio jasotzen ditu urtebetean, aurreko urtean baino % 6,9 gehiago, baina Berdintasunerako Legearen azken erreformak baliabideen prestazioa eta biktimen arreta integrala erraztu ditu.
Zuzendaritza Kontseiluak EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planaren Ebaluazioaren jarraipen-memoria ere onartu du, euskal herri-aginteek berdintasunaren arloan egindako jarduerak biltzen dituena, bai eta Emakunderen 2024ko jarduera-memoria ere, berdintasun-politiken zeharkako izaera indartu den urte honetan.
Memoriak egiaztatzen du parte hartzen duten erakundeen % 81ek Berdintasun Plan bat duela: Eusko Jaurlaritzako sail guztiek eta foru-aldundiek dituzte plan horiek, eta, erakunde autonomoei eta erakunde publikoei, kapital publikoko enpresei edo informazioa betetzen parte hartzen duten beste erakunde batzuei dagokienez, % 72,7tik % 85,7ra bitarteko eskuragarritasuna du.
Sail-arteko Batzordea
Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluaren bileraren ondoren, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sail-arteko Batzordearen ohiko bilkura egin da, lehendakaria buru dela. Bertan, Jaurlaritzako sail bakoitzak legegintzaldi honetan berdintasunaren arloan egin dituen ekintza nabarmenenak azaldu ditu, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiarekin bat etorriz.