Fecha: 20/06/2024
Fuente: Bizkaia.eus
Acceder a la fuente

Foru-erakundeak finantzatzen dituen aisialdirako eta atseden emateko programen barruan sartzen dira desgaitasuna duten lurraldeko pertsonei zuzendutako udalekuak, asteburuetako irteerak, eguneko txangoak, egonaldiak eta banakako laguntza-ekintzak. Inklusioa, komunitatean aktiboki parte hartzea eta aukera-berdintasuna dira Bizkaiko Foru Aldundiaren printzipioak, laguntza espezifikoen bidez desgaitasunak dituzten pertsonek ahalik eta autonomia handiena izan dezatela sustatzeko, eta, aldi berean, familiei atseden hartzeko aukera eskaintzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak aisialdirako eta atseden emateko zortzi programa finantzatu ditu aurten, 2.023.350 eurorekin. Hirugarren sektore sozialeko erakundeek garatu dituzte programa horiek, desgaitasuna duten Bizkaiko pertsonentzat eta haien familientzat. Finantzaketa horrek aukera emango du desgaitasuna duten lurraldeko pertsonentzako udalekuak, asteburuetako irteerak, eguneko txangoak, egonaldiak eta banakako laguntza-ekintzak egitea aurreikusten dituzten programak garatzeko.

Hortik abiatuta, GORABIDE adimen-desgaitasuna duten pertsonen aldeko Bizkaiko elkarteak 488.250 euro jasoko ditu; APNABI autismoa eta autismoaren espektroko beste nahasmendu batzuk dituzten pertsonen gurasoen elkarteak, 340.000 euro; FEKOOR gutxitasun fisikoa edo organikoa duten pertsonen Bizkaiko federazio koordinatzaileak, 213.150 euro; Euskal Herriko DOWN SINDROME FUNDAZIOAk, 239.400 euro, eta GAUDE adimen-desgaitasuna duten pertsonen aldeko elkarteak, 347.550 euro. Era berean, ASPACE garun-paralisia duten pertsonei laguntzeko Bizkaiko elkarteak 238.350 euro jasoko ditu, eta AVIFES senideen eta gaixotasun mentalaren Bizkaiko elkarteak, 115.500 euro. Azkenik, aurtengoan, Bizkaiko Foru Aldundiak 40.950 eurorekin finantzatuko ditu GEU BE behar bereziak dituzten familien elkarteak antolatutako jarduerak.

Gaur onartu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Gorabidek eta Gaude-k kudeatutako aisialdi eta astialdiko programetarako dirulaguntzak. Aurreko gobernu-kontseiluetan ere onartu izan ditu horrelakoak, eta, hala, osatu egin da hirugarren sektore sozialeko aipatutako erakundeek aisialdirako eta atseden emateko eskainitako programak finantzatzeko prozesua.

Inklusiorako eta atsedenerako «ezinbesteko» tresnak

Aisialdirako eta atseden emateko programak funtsezko inklusio-tresna dira, bai desgaitasunak dituzten pertsonentzat, bai haien familientzat. Berariazko laguntzen bidez, gure lurraldeko baliabide naturalez eta jolas- eta kultura-jarduerez gozatzeko eta horietan parte hartzeko aukera ematen zaie, eta erabateko inklusioa bermatzen zaie. Gainera, programa horiek atseden hartzeko formula bihurtzen dira familientzat, zaintzaileei ordu edo egun batzuetan deskantsatzeko aukera ematen baitiete, haren bizi-kalitatea ere hobetuz.

Programa horiek guztiak foru-erakundearen eta desgaitasunaren alorreko hirugarren sektore sozialaren artean garatzen dira. Bizkaian desgaitasuna duten pertsonen parte hartzerako eta bizi kalitaterako planaren barruan daude, eta haien helburua da baldintza egokiak sustatzea, desgaitasuna duten Bizkaiko pertsonek autonomia, inklusio eta parte-hartze aktiborik handiena lor dezaten, aisialdiko eta astialdi inklusiboko jardueren bidez.