Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 02/2021

“2019ko Barometroaren Txostena” lanean jasotako datuen arabera, 5 urteotan, Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala nabarmen hazi dela esan dezakegu. Egia da datuak pandemia aurrekoak direla eta, seguru asko, testuinguru berri honekin lotuta, sektorearen osaeran aldaketak egongo zirela. Dena den, gure ustez, datuek joera gorakorra dute eta hori azken azterlanetan ikusi ahal izan dugu.

5 urte horietan, sektorea handitu egin zen soldatapeko langileen kopuruari (+2.618), boluntarioen kopuruari (+33.396) edo erreferentziazko lurraldeko BPGaren gainean kudeatutako bolumen ekonomikoaren ehunekoari dagokienez (+% 0,1). Eta, batez ere, aldi honetan, erakunde kopurua handitu da; izan ere, handiagoa izan da sortu berriak diren erakunde edo sareen kopurua desagertu dinenera baino. Ondorioz, 2019an, EHSS (Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala) 3.938 erakundek osatuta geratu da.

Hala, 2019ko Barometroko datuetatik abiatuta, aurrean sektore bizia dugula eta hazten jarraitu duela esan dezakegu. Sektore horrek pertsona guztien gizarteratzearen eta justizia sozial handiagoaren alde egiten du lan. Sortzen ari diren testuinguru eta beharretara etengabe egokitzen diren erakundeak dira eta, gero eta maizago, beste eragile batzuekin elkarlanean egiten dute lan.

Insktrukzio-errealitate gisa, sektoreak izan duen igoera eta egonkortze hori bat dator (ñabardura batzuekin) Estatu mailan edo Europan egindako beste ikerketa batzuekin. Haiek ere etengabe berritzen ari den esparru dinamiko baten irudia erakusten dute.

Horrekin lotuta, txostenak, gainera, bost urte baino gutxiago dituzten, erakunde gazteen errealitatea erakusten du. Hain zuzen ere, gure ustez kontuan hartu beharrekoa da errealitate hori bi arrazoi direla eta: aurreko barometroarekin alderatuta, % 6,6ko igoera izan dute eta, bestetik, sektoreko erakunde guztiekin alderatuta, % 20 biltzen dute. Nolabait, datuek berritze-mekanismo hori “bizkortzen” ari dela erakusten digute. Hala, sektorera erakunde berrien kopuru handiagoa ari da gehitzen Euskadi mailan zein, ikerketetan ikus daitekeen moduan, Estatu mailan.[1]

Arrazoi hori dela eta, errealitate berri honetan jarri nahi dugu arreta; izan ere, ikerketak jasotzen dituen kopuruen arabera, 2014 eta 2019 artean, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde berriak 700 inguru izan dira. Desagertu diren 200 erakunde baino gehiagorekin alderatzen badugu, kopuru horrek sektorean 500 erakunde inguruko saldo positiboa ematen du.

Sektoreko erakunde berrien ehunekoan gertatu den igoera gero eta maizago ikusten dugun errealitatea da eta, gure ustez, garrantzitsua da hori nabarmentzea eta batez ere ezagutzea sektoreko dinamiken barruan txertatu ahal izateko. Aldi berean, gainera, berrikuntza eta bizigarri berria jasoko ditugu. Gure ustez, garrantzitsua da erakundeen errealitate berri hori “erakustea” edo aztertzea. Hau da, horien sorrera zerk bultzatu duen, zer jarduera duten, zer behar duten edo zer errealitateri ematen dioten erantzuna, besteak beste.

Erakunde berriak. Ezaugarri komunak?

EHSSko erakunde gazteenak nolakoak diren ikusteko 2014. urtetik sortu diren erakundeak aztertzen baditugu, haietako ia % 40 esparru sozial-transbertsalekoak direla ikusiko dugu; aldiz, beste % 22,16 gizarte-zerbitzuetakoak dira.

 

Erakunde berriak, batez ere, Bizkaian sortu dira; izan ere, erakunde berrien erdia baino gehiago han kokatuta daude. Hala, lurralde historikoen arteko ohiko proportzioa mantendu egin da. Horrekin lotuta, azpimarratu beharrekoa da erakunde berrien % 22,71 esparru sozial-transbertsalean sortu dela Bizkaian.

Erakunde berrien proportzio handiena duten hurrengo esparruak honako hauek dira: gizarte-zerbitzuak eta garapenerako nazioarteko lankidetza. Alderaketa egiten badugu, Gipuzkoan eta Araban izan duten igoera handiagoa izan da Bizkaian izandakoa baino.

ERAKUNDE GAZTEEN BANAKETA ESPARRUAREN ETA LURRALDE HISTORIKOAREN ARABERA (%)[2]

Bizkaia Gipuzkoa Araba EUSKADI
Osasuna 6,23 3,32 1,94 11,45
Enplegua 3,05 0,83 0,28 4,16
Gizarte-zerbitzuak 10,94 7,2 4,07 22,16
Hezkuntza eta aisialdia 2,91 1,8 1,11 5,82
Garapenerako Nazioarteko Lankidetza 7,06 4,85 2,63 14,54
Soziala-transbertsala 22,71 11,36 5,82 39,89
Beste batzuk 1,52 0,42 0,0 1,94
Guztira 54,43 29,78 15,79 100

 

Amaitzeko, nabarmendu beharrekoa da 700 erakunde baino gehiago horietatik, 49k (jasotako galdetegi guztien % 13,2),  erantzun diola gure azken barometroaren inkestari. Ondorioz, sektorearen inguruko nolabaiteko ezagutza dutela eta, nolabait, esparruarekin identifikatzen direla uste dugu.

Erakunde horiek, batez ere, ordaindu gabeko langileek osatzen dituzte (2014 eta 2016 artean sortutako erakundeen % 64,4, eta 2017 eta 2018 artean sortutako erakundeen % 89,0. Hala, erakunde horiek sarrera txikiak dituztela esan dezakegu datu honek agerian uzten duen moduan: 2014 eta 2016 artean sortutako erakundeen % 71,5ek, eta 2017 eta 2018 artean sortutakoen % 87,8k du 60.000 € baino gutxiago bere lana egiteko. Datu hauetan ere ikus dezakegun moduan, itxuraz, erakundeak egonkortu ahala, baliabideak eta kontratatutako pertsonak ere ugaritu egiten dira.

  Ordaindutako langilerik gabe 3 pertsona baino gutxiago 3 eta 10 pertsona artean 11 eta 50 pertsona artean 51 eta 100 pertsona artean 100 pertsona baino gehiago guztira
2014 eta 2016 artean % 64,4 % 11,4 % 21,5 % 2,7 % 100,0
2017 eta 2018 artean % 89,0 % 6,6 % 2,2 % 2,2 % 100,0

 

  12.000 € edo gutxiago 12.001 € eta 60.000 € artean 60.001 € eta 300.000 € artean 300.001 € eta 1.500.000 € artean 1.500.000 € baino gehiago guztira
2014 eta 2016 artean % 37,7 % 33,9 % 22,2 % 6,3 % 100,0
2017 eta 2018 artean % 74,0 % 13,8 % 10,3 % 1,9 % 100,0

Erakunde berriak sortzea. Zerk eragin du hori?

Hirugarren sektore sozialetik, gure historia abiapuntutzat hartuta, erakunde berriak sortzea berrikuntzako ohiko inertziaren baitan dagoela uste dugu. Nolabait, gizarte zibilak proposamen berri hauen bidez azaleratzen jarraitzen du dinamismo sozial ugarirekin batera errealitate berriei modu antolatuan erantzun ahal izateko. Errealitate berrien, erantzuna emateko metodologia berrien eta kolektibo berrien (arretarako zein erantzuna emateko) premia gure gizarteen bilakaeraren baitan daude eta dinamismo horien gune nagusian sartuta daude. Mugimenduan dagoen sektorea gara eta proposamenek sortzen jarraitzen dute, baina, aldi berean, beste batzuk desagertzen ari dira.

Joera horren baitan, guretzat, ikerketarako eta sektoreari laguntza emateko esparru gisa betetzen dugun behatoki-lanetik, garrantzitsua da berrikuntza horren mekanika eta zentzua ezagutzea; izan ere, babesten eta, batez ere, hori barneratzen laguntzen digu.

Horregatik, ekimen berrien sorreraz ari garenean, garrantzitsua iruditzen zaigu erakunde berriak sortu izana zerk eragin duen galderari erantzun ahal izatea.

Galdera horri erantzuteko, hainbat hipotesi ditugu aurrean. Baliteke administrazioetatik edo, oro har, gizartetik estaltzeko gai ez garen behar berriei emandako erantzun soziala izatea. Bestalde, baliteke ibilbide luzeagoa dugun erakundeetatik ere ez izatea gai behar horiei erantzuna emateko garaian baliabideak identifikatzeko, haietara gerturatzeko edo haiek bultzatzeko.

Baina egon daitezke beste hipotesi batzuk ere: ikuspegi eta lan egiteko modu berriak gehitu dituzten pertsona gazteek osatu dituzten erakunde gazteak izatea, adibidez. Hau da, ibilbide luzeagoa duten erakundeetara sarbidea ez dutenek edo haiek ordezkatzen dituztela sentitzen ez dutenek osatutakoak. Belaunaldi digitalizatuagoak dira, prestakuntza maila handia edo esparru ideologiko berriak edo berrituak dituztenak.

Beste irakurketa bat izan daiteke prozesu hau ekintzailetza sustatzeko dinamika sozialari lotuta dagoela pentsatzea (ekimen ugari topa dezakegu egoera horretan). Proposamen horiek guztiak erantzun sozial berriak sortzeko beharretik sortzen dira eta ekintzailetzaren indarra ere jasotzen dute. Askotan, gainera, garapen hori errazten duten egiturak izaten dituzte oinarrian.

Sektore gisa, nabarmendu beharrekoa da sortzeko eta, modu osagarrian, desagertzeko prozesu hori; izan ere, erakundeen bizitza-zikloen garapen bizkorrenaren baitan daude Joera hori beste jarduera sektore batzuetan ere identifikatu da.

Ez dago sorrera hori azalduko lukeen hipotesi bakar bat. Hori beharrean, fenomeno hori ulertzen lagunduko ligukeena azalpen horien guztien eta beste batzuen arteko nahasketa litzatekeela uste dugu. Edonola ere, gure ustez, sartzeko oztoporik ez duen, irekia den eta errealitateari lotua dagoen joera da; hau da, behar berrien aurrean, erantzun berriak sortzeko gai den eta bizitasun handia duen sektorea.

Sektorearen baitan, berritzen den nortasun komunaren baitan. Sektoreko egituren barruko integrazioaren eta ekarpen berritzaile gisa haien berrikuntza gehitzearen artean

Erakunde horien sorrerarekin lotuta gure ustez ulertu beharreko beste elementu bat da hirugarren sektorearekiko duen lotura bai identifikazioari, bai EHSSko partaide izateari dagokionez, baita hirugarren sektore sozialetik berrikuntza hori jasotzen den, integratzen den eta ekimen berri horiek aitortzen diren moduari dagokienez ere.

Nortasun komun horri dagokionez, garrantzitsua izango da erakunde berri horiek denborarekin “moldatu” eta errealitate sozialeko aldaketetara “molda daitezkeen” ezaugarrien ekarpena egiten jarraitzea, betiere haien nortasunari eutsita.

Sektorearen identitate komun hori mantendu ahal izateko, garrantzitsua da arreta jartzea erakunde berri horiek sektorearen nortasun-ezaugarriekin identifikatzea lortzen duten ikusteko. Gainera, kasuren batean, beste interes sozial batzuk (irabazia, autoenplegua…) garatzeko esparru sozial horretaz baliatzen (haiekin bat etorri gabe) diren erakundeen sarrera ere zaindu beharra dago.

Nolabaiteko kezka dago honako hauekin lotuta: estrukturazio-prozesuetan sartzen ote diren edo barneko egitura kudeatzeko edo kudeaketarekin edo araudiarekin lotutako eskakizun ugariei erantzuteko garaian topa ditzaketen zailtasunak.

Beste behin, haien ekarpenaren garrantzia honako elementu hauen arabera baloratzen da: partaidetza soziala, pertsonen gaitasunak eta baliabideak aktibatzea, topaketarako guneak, elkarrekiko laguntza eta abar. Horregatik, funtsezkoa da sektorean horiek duten presentzia sendotzea, hala, desagertzea edo ahultzea ekiditeko.

Erakunde gazteekin elkarrizketak jasotzea

Hipotesiak botatzeaz gain, mintegi hau prestatzeko behatokitik harremanetan jarri garen erakunde gazte batzuekin izandako elkarrizketatik jaso ditugun ideia batzuk ere eskaini nahi genituen. Erakundeekin izan beharreko topaketa esparrurako gogoeta gune batzuk sortzeko lagungarriak izan daitezkeela uste dugu.

Hirugarren sektore sozialeko erakunde gazteen unibertso anitz horren inguruko zertzelada batzuk baino ez dira eta horien helburua azterketa estatistikoa egitea baino ez da. Izan ere, aurrez geure buruei egin dizkiegun galdera batzuen inguruko gogoeta egiten hasteko baliagarriak izan daitezkeela uste dugu.

Erakundeak sortzeko arrazoiak

Kontsultatutako erakundeak sortzeko arrazoiak era askotakoak dira. Dena den, gizarte zibiletik egituratutako behar zehatzei erantzuna emateko arrazoia da nagusi.

Batzuetan, interes-gaiekin, bidegabekeria-egoerekin lotuta bizitako esperientziekin edo lan egiteko modu berriekin lotutako jarduerak izaten dira oinarri (batez ere, gazteen kasuan). Beste batzuk gertuko senideen eta pertsonen premiazko beharrekin lotutakoak dira; hori da, adibidez, gaixotasun jakin batzuk dituzten pertsonen zailtasunak arintzeko asmoz lan egiten duten erakundeen kasua.

Beste erakunde batzuetako beste proiektu edo lan batzuei erreleboa ematearekin lotuta dauden arrazoiak ere aipatu dira. Izan ere, jarduera uztearen, hori garatzeko modua aldatzearen, erakunde edo sareek garatutako lurralde, jarduera edo proposamen berriak izatearen ondorioz, erakunde berri gisa eratu behar izan dute batzuek.

Sektoreko beste erakunde eta sare batzuekiko harremana.

Pertsona eta erakunde batzuek ez zuten sektorearen inguruko aurretiazko ezagutzarik eta sektoreko beste sare edo erakunde batzuekiko inolako loturarik gabe betetzen zuten beren lana. Aldiz, beste pertsona eta erakunde batzuek sektorearen inguruko nolabaiteko ezagutza izaten dute aurrez. Erakunde guztien kasuan, ezagutza hori areagotu egin da beren jarduera garatu ahala.

Oro har, harremanak batez ere lehen mailako erakundeekin, lurralde mailan gertu dituztenekin eta lantzen duten esparru tematikoari lotuta daudenekin mantentzen dute. Haietako batzuek gertuko sareekin ere lotura dute. Erakundeen arteko harremanak batez ere elkarrekiko laguntza-harremanak dira, eta jarduera zehatzekin lotuta daude.

Profesionalizatu ahala, erakunde batzuk sektoreko beste alderdi batzuetako kide bihurtzen hasten dira eta batez ere haien jarduera-esparruarekin lotutako sareetakoak izaten dira. Dena den, bigarren edo hirugarren mailetako sareekin ere elkarlanean aritzen dira.

Sortu zenetik bizi izan duen prozesua

Kasu honetan ere, sortu zenetik gaur egun arte egin duen bidea edo errealitate berria era askotakoa da. Batzuek ia ez dute aldaketarik izan; hazteko ideiarik gabe sortu ziren eta hasieran zutenen antzeko jarduerarekin jarraitu dute. Beste batzuek, aldiz, jarduera esparru gehiago jasotzen dute eta kontratatutako pertsonak ere gehitu dituzte, edo proiektuen, zerbitzuen eta/edo jardueren zorroa zabaldu dute. Haietako batzuen kasuan, aldiz, jarduera gutxitu egin da eta haietakoren batek gelditu egin du bere jarduera. Kasu honetan, sentsazioa honako hau izan da: zailtasunek gainditu egin dituzte lortu nahi ziren jarduera esparruak sortzeko topatu dituzten baliabide urriak. Kasu jakin honetan, sektoreari eta administrazio publikoei zuzendutako nolabaiteko kritika egoten da ekimen berritzaileei babesa emateko baliabiderik ez dagoelako.

Bestalde, erakundeetako hainbat pertsonak nabarmendu dute prestakuntza-prozesuekin hasi direla haien jarduera esparruarekin zein antolaketako, kudeaketako, lidergoko eta abarretako beste alderdi batzuekin lotuta.

 

[1] Esparrua eta lurralde historikoa aintzat hartuta erakunde gazteen banaketa egiteko, unibertso osoa hartu dugu kontuan (EHSSko erakunde guztiak), eta ez lagina.

[2] “Ekintza Sozialeko Hirugarren Sektoreak gertuen duen lurraldeari lotutako kontsolidazio-prozesuarekin jarraitu du aurrera eta, aldi berean, Estatu eta nazioarteko mailako bere dimentsioa sendotu du. Gainera, erakundeak sortzeko prozesua bizkortu du behar berriei erantzuna eman ahal izateko, baina betiere koordinazioko eta laguntzako goi mailako sareek eta erakundeek funtsezko rola betetzen duten barne-lankidetzako testuinguruan”.

Webinarra-Tailerra: Gazte erakunde sozialak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean

Hori guztia dela eta, garrantzitsua iruditzen zaigu parte-hartzetik abiatuta erakunde berri horien errealitatea landu ahal izateko laneko esparrua planteatu ahal izatea.

+ info