Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 03/2021

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko (EHSS) erakundeen eta sareen aldeko sustapen-ekintzaren etengabeko hobekuntza eta deskribapena bat dator neurri handi batean hurrengo lege honetan aurrez ikusitako EHSS sustatzeko eta bultzatzeko politiketan: Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren 2016ko maiatzaren 12ko 6/2016 Legea (Lege horretako IV. kapituluak, hain zuzen ere, gai hori lantzen du). Horiek guztiak, gainera, Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategia izenekoan garatuta daude.

Zehatzago esanda, sustapen-neurriei buruzko urteroko txostena prestatzeko betebeharra lege horretako 19. artikuluan dago jasota eta horren helburua da sektore publikoak zein pribatuak Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala osatzen duten erakunde eta sareak garatzeko, hobetzeko eta indartzeko bultzatutako (txostena argitaratu aurreko urte naturalean) jarduera zehatzen inguruko informazio eguneratua pilatzea.

Honako hauek dira txostenaren helburuak:

  • Sustapen-neurriak biltzea eta ezagutaraztea: neurriak eta ezaugarriak identifikatzea, nork bultzatzen dituen jakitea eta zer erakunde eta sare motari zuzenduta dauden jakitea, besteak beste.
  • EHSSko erakundeen eta sareen aldeko sustapen-ekintzaren inguruko gogoeta egitea eta ekintza hori hobetzeko orientabideak finkatzea.
  • Instituzio bakoitzak eta beste eragile batzuek sustapen-ekintzetan zer paper duten argitzea.
  • Sustapeneko eragileen arteko elkarlanak identifikatzea eta areagotzea eta haien artean sinergiak sortzea sustapen-ekintzaren inpaktua hobetzeko.

2020an, Behatokiak 2019an bultzatutako EHSSren sustapen-neurriak identifikatzen, sailkatzen, aztertzen eta deskribatzen egin du lan. Jarraian, txosteneko emaitza nagusietako batzuk ikus ditzakegu. Txostena hemen dago osorik ikusgai. Zuhurtziaz aztertu behar dira emaitza horiek; izan ere, identifikatutako neurriek, txostenaren lehen edizio honetan, sustapeneko neurrien multzo posiblearen lagin zabala baino ez dago jasota.

Zer neurri mota identifikatu dira?

Sustapen-neurriak sustapen-neurrien espektro posible osoa jasotzea eta karakterizatzea helburu duten 15 kategoria ezberdinetan sailkatu dira: erakunde eta sareak sendotzea eta kudeaketa edo azpiegituretarako sarbidea, edo berritzea edo modernizatzea hobetzea xede duten jarduerak; jarduera finantzatzera edo erakundeen barruan boluntariotza bultzatzera bideratutako jarduerak; lankidetza horizontala lortu nahi duten jarduerak eta sareko lana erakundeen artean edo sareen eta erakundeen eta beste sektore batzuen arteko elkarlana lortu nahi duten jarduerak; onura fiskalak edo euskararen erabilera, aukera-berdintasuna eta abarrak sustatzen dituzten jarduerak.

Orotara, sustapen-ekintza oso esanguratsua da, 978 neurri identifikatu dira, garrantzi, jatorri eta inpaktu desberdineko jarduketak, eta horrek guztiak ikuspegi aberatsa eta askotarikoa eskaintzen du EHSSk jasotako babesari eta bateko eta besteko eragileen inplikazio mailari dagokionez.

Sustapeneko ekintza, batez ere, jardueraren  finantzaketan eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen eta sareen beste alderdi batzuetan oinarritzen da (identifikatutako 978 sustapen-neurrietatik 718). Ondorioz, txostenean identifikatutako neurri guztien % 73,44 biltzen du.

Gainerako neurrien banaketa desberdina da beste 11 kategorien artean. Hala, eragin handiena du  boluntariotzaren eta asoziazionismoaren bultzadak (% 5,41), beste sektore batzuekin egindako elkarlanak (% 5,21)eta sektorearen ezagutzak eta aitorpenak (% 3,47). Hala, izaera puntualagoa dute funtzioen orekarekin, sektore publikoarekiko elkarlanarekin edo sektore publikotik sustatzeko estrategia espezifikoak garatzearekin lotutako neurriek.

Nork bultzatzen ditu?

Sustapen-ekintza pisu eta intentsitate desberdineko eragile publiko eta pribatuek bultzatzen dute (175 eragile), eta askotarikoak dira, bai jarduera-eremuari, bai sustapen-jarduera egiteko duten lurraldeari dagokionez. Identifikatutako eragileen ia hiru laurden (% 72) sektore publikotik datoz. Eragile pribatuek osatzen dute gainerako % 28a.

Sustapen-ekintzan bi sektoreek beren gain hartzen duten zama aipatutako banaketaren araberakoa dela esan dezakegu; ondorioz, sektore publikoaren zama sektore pribatuarena baino nabarmen handiagoa da. Sektore pribatuak bultzatutako sustapen-neurriek neurri guztien % 27 osatzen dute (259 neurri), eta sektore publikoarenak % 72 dira (708 neurri).

EAEko sektore publikoaren barruan (eragileen % 67,25) tokiko eta foru-administrazioek oso zeregin garrantzitsua dute sustapen-ekintzan, eta sektore publiko osotik datozen neurrien % 78 bultzatzen dituzte.

Sektore pribatuan, arlo sozioekonomikoko eta finantza arloko entitateek bultzatutako sustapen-ekintzak sektore horretatik datozen neurrien bi heren osatzen dituzte, eta aipagarria da, hemen, euskal banku-fundazioek betetzen duten funtzioa. Ikuspegi kualitatibotik begiratuta, boluntarioen agentziek bultzatutako sustapen-ekintza (guztizkoaren % 3) funtsezko ekarpena da Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialarentzat.

Sustapen-ekintza gehienak eragile publiko eta pribatuen bakarkako ekimenen bidez sortu diren arren, 46 sustapen-neurria arlo publiko-pribatuaren arteko elkarlanetik (% 1) eta sektore bereko eragileen artean sortutako sinergietatik sortu dira, eta funtsezkoak dira elkarte-ehuna indartzeko.

Nola banatzen dira lurraldeen arabera?

Sustapen-ekintzen artean pisu handia dute tokiko neurriek (% 27); batez ere, udalek, mankomunitateek eta haiei lotutako erakunde publikoek bultzatutako neurriak izaten dira.

Are gehiago dira lurralde historikoetan sortutakoak (% 52); batez ere, foru-aldundiek eta haiei lotutako erakunde publikoek bultzatzen dituzte, baina erakunde pribatuek ere bai.

Lurralde esparru horien batura identifikatutako sustapen-ekintzaren % 79koa da. Beste nolabait esanda, identifikatutako 978 neurrietatik, 77 neurri dira bien artean bultzatutakoak.

EAEko neurrien ehunekoa identifikatutako neurri guztiekiko % 15ekoa da (144 neurri). Gainerako % 6a Estatuko gainerako tokietatik (% 5) sortutako ekintzen eta Europar Batasunetik eratorritako (% 1) ekintzen artean banatuta dago.

Nori zuzenduta daude?

Neurri horien hartzaileak diren EHSSko erakundeak eta sareak deskribatzeko garaian, sei aldagai hartu ditugu kontuan: figura juridikoa, egituraketa maila, neurria, jarduera esparrua, arretaren hartzaile diren kolektiboak eta erantzuna ematen dieten kontingentziak.

Figura juridikoak

Sustapen-ekintza elkarteetan dago kontzentratuta, eta horietara daude zuzenduta neurrien % 73,3 (582). Fundazioei zuzendutako neurriak dira hurrengoak (% 17,33, 149 neurri). Identifikatutako sustapen-neurrien artetik askoz gutxiago daude ekimen sozialeko kooperatibei (% 4,77, 41 neurri), gizarteratzeko enpresei (% 2,56, 22 neurri) eta enplegurako zentro bereziei (% 2,09, 18 neurri) zuzenduta.

Banaketa hori lotuta dago sektorean figura juridiko bakoitzak duen pisuarekin, baina nolabaiteko gainordezkaritza dute fundazioek eta beste figura juridiko batzuek, elkarteen kaltetan.

Egituraketa maila

% 64,05 (572 neurri) lehen mailako entitateei daude espezifikoki zuzenduta (oinarrizko erakundeak), % 4,26 (38 neurri), sareei daude modu espezifikoan zuzenduta, eta % 31,69 (283 neurri), bi motetako erakundeei, era berean.

Tamaina

Sustapen-ekintzaren erdiak baino gehixeago edozein neurritako erakundeei zuzenduta daude era berean; espezifikoki, erakunde txiki eta ertainei zuzendutako neurriek % 7,12 osatzen dituzte (70 neurri), eta entitate handi edo oso handiak identifikatutako neurrien % 12,72ren hartzaileak dira.

Entitate hartzaileen “neurriari” eta “egituratze mailari” dagozkion emaitzak zuhurtziaz hartu behar dira; izan ere, horien ehuneko handi bati buruzko daturik ez dago.

Jardute-esparruak

Gizarte-zerbitzuen arloari eta arlo sozial-transbertsalari, bien artean, identifikatutako sustapen-ekintzaren % 67 dagokie (352 neurri gizarte-zerbitzuei zuzenduta eta 212 arlo sozial transbertsalera). Gizarte-zerbitzuen eta enpleguaren arloko entitateek sektorean duten pisuaren ehuneko handiagoan jasotzen dute laguntza, eta alderantziz, arlo sozial-tranbertsalari eta aisialdiari zuzendutako sustapen-ekintzak portzentaje txikiagoan, irizpide horretan.

Arreta emandako kolektiboak

Kolektiboka, neurrien % 18,12 (163) haien ekintza desgaitasunak dituzten pertsonei eta haien familiei zuzentzen dieten hirugarren sektore sozialeko entitateei zuzentzen zaizkie; eta horien atzetik daude haien ekintza pobrezia- edo bazterkeria-egoeran daudenei zuzentzen dietenak (% 13,4, 121 neurri). Bi kolektiboetan eta biztanleria oro har, gazteak, adinekoak eta emakumeak gehituta, identifikatutako neurrien % 75 daude kontzentratuta. Egiten duten jarduera desgaitasunak dituztenei, herritarrei oro har eta gazteei zuzentzen dieten erakundeek sektorean duten pisua baino nabarmen handiagoa den ehunekoan jasotzen dituzte sustapen-neurriak. Beste muturrean daude jarduera nagusia adinekoei, emakumeei, umeei eta nerabeei eskaintzen dieten erakundeak.

Arreta emandako kontingentziak

Kontingentziaka, datu hori identifikatu ahal izan denean (identifikatutako neurrien % 70ean), ikusi da desgaitasuna (neurrien % 32,15) eta bazterkeria (% 27,29) direla sustapen-neurri gehienak jaso dituzten kontingentziak. Atzetik dituzte beste kontingentzia batzuk (% 22,06) eta babesgabetasuna (% 9,91), eta mendekotasuna da sustapen-babes gutxien dituen kontingentzia (% 8,60).

Sustapen-ekintza hobetzeko orientazioak

Txostenaren deskribapenari dagokion zatia amaitutakoan, Euskadiko EHSSko sustapen-neurriak bultzatzen funtsezkoak diren sektore publikoko (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, EUDEL) eta pribatuko (Euskadiko banketxeetako fundazioak) eragileek eta EHSSko ordezkariek (Sareen Sarea) identifikatutako sustapen-ekintzari buruzko gogoeta egin zuten, eta hurrengo urteotan hobetu ahal izateko orientazio estrategikoak eta proposamenak finkatu zituzten.

Ezarritako hiru orientazio estrategikoen helburua da koordinatuagoa eta eragingarriagoa den sustapen-ekintzarantz aurrera egitea eta, horren bidez, autonomoagoa den, eta aitorpen eta jardueraren inpaktu handiagoa dituen EHSS lortzen laguntzea.

Orientazioak gai ugaritan eragina duten ibilbide luzeko proposamen berrietan hedatu ditugu. Honako hauek dira horiek:

  1. Sustapeneko eragileen arteko elkarlana
  2. Sustapeneko eragileen elkarlanerako ereduak eta rolak argitzea
  3. Lehendik dauden baliabideak
  4. Sustapen-sistemaren kudeaketa hobetzea datuetan oinarrituta.
  5. Finantzaketa-iturriak dibertsifikatzeko urratsak ematea.
  6. Berrikuntza soziala
  7. EHSSren eraldaketa digitala
  8. EHSSk gizarteari egiten dion ekarpena ikusgarri egitea.
  9. Erakunde txiki eta ertainei laguntzeko sistemak hobetzea.

Txostenean, proposamen horietako bakoitzarekin lotutako justifikazioa eta azalpena, eta parte hartu duten eragileek haietako bakoitzerako identifikatutako jarduerak daude jasota.