
Laburreko zenbakia: 9/11
Sumendien garaian bizi gara. Naturak behin eta berriz harritzen gaitu duen indar guztiarekin. Potentzia horrek guztiak denbora luzez ezkutuan iraun dezake eta, hala ere, irteerarik topatzen ez duenean, ia irudikatu ere egin ezin dugun ahalmenarekin azaleratzen da. Suntsitzailea izan daitekeen indarra, baina normalean gure baitan askoz ere arinago bizi ohi dena. Gai da, eta gu gai egiten gaitu, geografia eta egitura bizigarri berriak sortzeko.
Hirugarren sektore sozialeko erakundeetan, gatazka ez zaigu arrotza, ezta gutxiago ere. Gatazka, zentzurik zabalenean, motor gisa baliatzen duten erakundeak gara. Forma eta dimentsio askotariko gatazkak. Gatazka zalantzan jartze gisa, interesen desadostasun gisa, ebidentzian jartze gisa, eztabaida egite edo uko egite gisa, salaketa edo presio-ekintzak gauzatze gisa. Salaketa bakoitzean sortzen den gatazka soziala, kontraesan sozial ugariren bistaratze-ariketa gisa, bazterketa, arreta gabezia, arriskua eta abar sortzen duten egoeren aurrean hatza zaurian sartuz.
Funtsean, eraldaketa eta eraikuntza sozialeko proposamen eta ekintza positiboak sustatzen ditugun erakundeak gara. Eta, batzuetan, aldaketa eta eraldaketa soziala ahalbidetzeko tresna gisa gatazka sortzen duten ekintza eta proposamenak sustatzen ditugu. Izan ere, batzuetan, gatazkatik abiatuta izan gaitezke guztiontzat bizimodu berri eta hobeak sortzeko eta sustatzeko gai.
Baina, erakundeen baitara begiratzen badugu? Hor ere gatazka eraldaketa positiboko elementu gisa ikus dezakegu? Gatazka aldaketarako tresna gisa ikusten dugu? Hain zuzen ere, galdera hauek soilik egin ditzakegu: jabetzen al gara edo ikusten al ditugu gure erakundeko gatazkak?
Agerikoa da gatazkak egunero ikusten ditugula. Era berean, etengabe konpontzen ditugu gatazkak eta hala eraldatzen ditugu gure erakundeak, dimentsio garrantzitsu edo esanguratsuak aintzat hartuta. Honako hauek guztiak barne: proiektu batean irizpide-desberdintasun txikiak, edota alderdi ideologikoari lotutako erabaki handiagoak, edota erakunde baten parte izatea eta sentitzea, edota gure biziraupenerako funtsezkoak diren baliabideen kudeaketa. Gatazka-egoerak konpontzeko eta bizi ditugun gatazkak konponduz eraldatzeko eta gure burua eraldatzeko praktika eta inertzia egunerokoa, konstantea eta are gehiago, batzuetan, arina da.
Eta, hala ere, nolakoa da erakundeetan gure bizipena gatazkekiko? Zer kontzientzia dugu gatazkari aurre egiteko edo haiek konpontzeko? Zer egiten dugu gatazka bat topatzen dugunean? Nola konponduko dugu, nola biziko dugu, nola ikasiko dugu haiengandik? Zer gertatzen da nire erakundean gatazka bat dagoenean?
Behatokian egin dugun ibilbidea aintzat hartuta, sektorean ikuspegi askotatik eta askotariko eremu eta errealitateetan topatu dugu gatazka. Eta hala ere, gutxitan fokalizatu dugu gaia gure hausnarketa edo azterlanetan.[1]
Ibilbide horretan, adibidez, gatazka topatu dugu “Arrisku psikosozialak Euskadiko Hirugarren Sektorean”[2] azterlanean. Bertan, “familia-lana gatazka” nabarmentzen da sektoreko gatazka garrantzitsuen gisa, eta honela definitzen da: “Soldatapeko lanaren eta etxeko/familiako lanaren eskaerei erantzuteko beharra”. Azterlanean, osasunari eta ongizateari kalte egin diezaiokeen egoera dela aipatzen da, eta higadura dakarrela pertsonarentzat, eta batzuetan, beste maila batzuetako arazoak ere sor ditzake.
Edo “Hirugarren Sektore Sozialean lan egitea” azterlanean honako hau aipatzen dugunean: “jardueraren erlazio-osagaiak berekin dakar langileek toxikotasun- eta kutsadura-arrisku handiaren mende egotea, gatazka-egoerak behar bezala konpontzen ez badira.”[3]
Bestalde, “Gobernu-organoak hirugarren sektoreko erakundeetan” lanean ere, honako hau zehazten da: “batzuetan, barne-gatazka egoerak izan dira, gehien bat interes pertsonalak interes kolektiboen gainetik jarri direlako, eta ez dira egoera horiek beti ondo konpondu (pertsona batzuek gobernu-organoa utzi dute, erakunde berriak sortu dituzte eta abar); izan ere, harreman pertsonalak nahastuta daude eta ez da izan gaitasunik pertsona arteko gatazkak kudeatzeko”[4].
Edo “Lagun egite soziala: harreman eraldatzaileak eraikitzen» azterlanean ere aipatu genuen: “batzuetan taldeak euskarri baino zailtasun bihurtzen dira lagun egiteko dinamikak sortzeko garaian. Pertsonak topatzen ari diren oztopoetako batzuk hauek dira: lagun egiteko praktiketan desberdintasunak izatea, harreman-estilo desberdinak, eta filosofia, lengoaia eta irizpide bateratuak sortzeko espaziorik ez izatea”[5].
Gatazka asko eta askotarikoak, ordea, sektoreko erakundeetarako komunak direla identifika ditzakegu sarritan. Puntu honetan sortzen da galdera. Zein dira hirugarren sektore sozialeko gatazka mota garrantzitsuenak? Ba al dago sektorean komuna izan daitekeen eta irabazi-asmodun bestelako erakunde publiko edo pribatuetako gatazkekiko desberdina izan daitekeen jarduera arloari lotutako gatazka tipologiarik?
Zorrotzak izateko helbururik gabe, eta lehen gogoeta gisa, erakundeez barne mailan hitz egiten dugunean, besteak beste honako hauen inguruan hitz egin dezakegu:
- Lanaren, bokazioaren, militantziaren eta norberaren edo familiako espazioen arteko kontziliazioari lotutako gatazkak.
- Erakundeko pertsonen, eragileen, taldeen eta posizioen arteko interes-gatazkak.
- Erakundearen kulturari eta historiari lotutako gatazkak, edo “tradizio” jakin batzuen edo lantaldeen arteko gatazkak, edo belaunaldi arteko talkak.
- Lidergo mailako gatazkak kudeaketarekin, erakundeen zuzendaritzarekin edo lantaldeekin lotutako esparruetan.
- Harreman pertsonalei lotutako gatazkak lantaldeetan edo erakundearen esparru ugarietan.
- Elkar gurutzatzen diren funtzio eta rol mailako gatazkak, kontrajarrita dauden edo ezberdinak diren eskakizunekin.
- Erakundearen misioa gauzatzeko moduan edo koherentzian izan dezakeen eraginari dagokionez beste eragile batzuekiko harremanarekin lotutako gatazkak. Nortasunarekin, norberaren autonomia zalantzan jartzearekin eta koherentziarekin lotutako gatazkak.
- Misioan gardentasuna eta koherentzia mantentzearekin lotutako gatazka etikoak, erakundeko egoera edo jarduera jakin batzuekin kontrajarrita.
Testu labur honen helburu soila gure erakundeetako gatazkari buruzko aurretiazko gogoeta sortzea da eta, horren bidez, haien ikuspegi eta esperientziari esker, esparru honen inguruan sakontzen lagun diezaguketen pertsonekin elkarrizketa sortzea ahalbidetuko ligukeen testuingurua finkatzea.
Antolatu dugun jardunaldian, lehenengo eta behin, gatazkara gerturatzen saiatuko gara EDE Fundazioko gure lankidea den Alex Carrascosak prestatutako definiziotik abiatuta. Hori guztia landuko dugu Gizagune Fundazioko M. Eugenia Ramos Pérezekin batera, hark erakundeen esparruan gatazkak kudeatzearekin eta bitartekaritzarekin lotuta gatazkaren inguruan duen ikuspegia erakutsiko baitigu. Lehen elkarrizketa HSSko gatazkaren inguruan ondoren egin beharreko elkarrizketa ulertzeko abiapuntua eta babes-puntua izango da. Alex Carrascosaren definizio proposamena eskuragarri dago eranskinean.
Bigarrenik, sektorean topatzen ari garen gatazken tipologiaren inguruko galderak egin nahi dizkiogu geure buruari. Zer puntutaraino uler dezakegu gatazka horietako batzuek, ikuspegi orokorretik, modu arin eta eragingarriagoan aurre egiten lagun diezaguketela? Zer era ezberdinetan adierazten dira gatazkak hirugarren sektoreko erakundeetan? Ba al dago gatazka ezberdinen tipologiarik hirugarren sektore sozialeko erakundeetan?
Amaitzeko, erakundeetako gatazkak konpontzeko zer egiten ari garen galdetuko diogu geure buruari, eta gatazka-mundura gerturatzeko proposamen batzuk bilatuko ditugu horren beharrezkoa den eraldaketa-indar horretan sakondu ahal izateko. Zer egin dezakegu gure erakundeetan gatazken aldaketa-potentziala aprobetxatu ahal izateko?
Horretarako, gainera, hiruko elkarrizketak egingo ditugu honako hauekin: Gizagune Fundazioko M. Eugenia Ramos Pérez, Plena Inclusión erakundeko Pedro del Rio eta Cala kolektiboko Gloria Sosa Sanchez-Cortes.
[1] Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokia. Kudeaketako laburra. Erakundeen gatazka-prozesuei heltzea. Bilbo. 2008ko abendua.
[2] Canto Ainara; Vidorreta, Irama,. ARRISKU PSIKOSOZIALAK EUSKADIKO GIZARTE EKINTZAKO HIRUGARREN SEKTOREAN, Arg. Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokia. Bilbo, 2017, 66. or. Online eskuragarri: https://3seuskadi.eus/coleccion/los-riesgos-psicosociales-en-el-tercer-sector-de-accion-social-en-euskadi/
[3] Canto Ainara, Romeo, Zuriñe. Hirugarren sektore sozialean lan egitea: ordaindutako langileen eta hirugarren sektore sozialeko erakundeen arteko lotura Bizkaian, Emaitzen laburpena, Arg. Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokia. Bilbo, 2014, 34. or. Online eskuragarri: https://3seuskadi.eus/coleccion/trabajar-en-el-tercer-sector-social-el-vinculo-entre-el-personal-remunerado-y-las-organizaciones-del-tercer-sector-social-de-bizkaia-sintesis-de-resultados-finales/
[4] Folgueira, Roberto; Gavilán, Begoña; Romeo, Zuriñe GOBERNU ORGANOAK HIRUGARREN SEKTOREKO ERAKUNDEETAN, Arg. Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokia. Bilbo, 2016,. Online eskuragarri https://3seuskadi.eus/coleccion/los-organos-de-gobierno-en-las-organizaciones-del-tercer-sector/
[5] Castillo, Raúl, Diez Nerea, LAGUN EGITE SOZIALA: HARREMAN ERALDATZAILEAK ERAIKITZEN, Arg. Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokia. Bilbo, 2018. Online eskuragarri https://3seuskadi.eus/coleccion/acompanamiento-social-construyendo-relaciones-que-transforman/