Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 03/2022

2020ko EHSSren Liburu Zurian identifikatutako gako garrantzitsuak

 2020ko Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Liburu Zurian Euskadiko Hirugarren Sektoreko (aurrerantzean EHSS) diagnostikoaren datu nagusiak jasotzeaz gain, sektorea osatzen duten alderdi edo dimentsioetan sektorearen gogoeta-elementu nabarmenenak lantzen eta sektoreak bere aurrean dituen elementu nagusiak identifikatzen saiatu gara.

2019ko datuen analisiarekin batera, 2020ko Liburu Zuriak sektorearen erradiografia argia eskaintzen du, 2020ko martxoan sartu zen covid-19ren pandemiaren aurreko sektorearena. Hori dela eta, pandemiatik eratorritako krisiaren aurreko diagnostikoa da. Hala ere, hartatik atera daitezkeen gogoetek, beste txosten batzuetan landu ditugun beste gogoeta batzuekin osatuta[1], aukera ematen dute EHSSko erakundeentzat baliozkoak diren eta erakundeek partekatutako erronkak identifikatzeko.

Aurreko txostenetan, erakundeen identitatearekin eta jarduerarekin (I) eta erakundeen baliabide ekonomikoekin (II) zerikusia zuten erronkak jorratu ziren.  Honetan, kudeaketarako eta komunikaziorako tresnak eta sektoreko kanpoko eta barneko harremanak landuko ditugu.

EHSSk kudeaketarako eta komunikaziorako tresnei dagokienez dituen erronkak

Aurreko txosten batean aipatu genuen moduan, erakundeek duten erronketako bat, ibilbide historikoa izan dutenek gehienbat, belaunaldi arteko erreleboa da: sartu diren pertsonak erakundearekin nola lotu eta erakundearen misioarekin eta balioekin identifikatua senti daitezen nola lortu. Garrantzitsua da prozesu honetan koherentzia mantentzea jardueraren eta misioaren artean, barruan bizitzea gizartean proposatzen dena. Eta horretarako plan eta neurriak behar dira: berdintasuna sustatzeko, dibertsitatea kudeatzeko edo ikuspegi etikoa indartzeko, adibidez.

EHSSk kudeaketarako eta ebaluaziorako tresnak txertatu edo sortu ditu koherentzia indartzeko (ebaluazioa, etika, guztizko balioa eta balio erantsia, misioa betetzea…) eta garrantzitsua izango da hori egiten jarraitzea. Inpaktua neurtzeko (zer egiten den, norentzat, zer lortzen den) eta ekonomia baloratzeko (BPGri egindako ekarpena, ordainsaria jaso duten pertsonak) tresnak daude dagoeneko. Erronka sektorearen berezko elementuak eta balioak (elkartasuna, elkar laguntza, parte-hartzea) neurtu eta ebaluatu ahal izateko tresnak sortzea da erronka: horiek gizarte-ekarpen diferentziala islatzen  dute eta ez lirateke beste sektore batzuetarako adierazleak izango, sektore honetarako espezifikoak baitira.  

Erakundeek haien gizarte-oinarriarentzat, eta oro har gizarte osoarentzat, eraginkorrak diren komunikatzeko moduak garatzen jarraitzeko erronka dute, haien lanaren aitortzan aurrerapausoak emateko eta gizarte-kapitala areagotzeko. Estrategia interesgarria izango litzateke komunikazio proaktiboa izatea eta ez erreaktiboa soilik (zerbitzuen eta helburu sozialen inguruko mezuak aldez aurretik komunikatzea), bai eta beste komunikazio-plan edo -estrategia batzuk garatzea ere.

Halaber, kontuan izan behar da tresna digitalen erabilera (sare sozialak, buletinak, webguneak, etab.), gero eta teknologikoagoa eta digitalizatuagoa den gizartera hurbiltzeko. Eraldaketa digitala erakundeek duten erronka da, bai komunikazioan, bai kudeaketan eta baita hartzaileen esku hartze sozialean ere. Erakundeek tresna horien bitartez bila ditzakete haien helburuak lortzeko moduak, Covid-19ak eragindako itxialdian ikusi zen moduan. Horretarako, besteak beste, teknologia berrietan, gaitasun digitalen garapenean eta baliabideen inbertsioan prestakuntza duten profil profesionalak behar dira.

EHSSren erronkak, kanpo-harremanen ikuspegitik

Gure gizartea harremanetan oinarritzen da, eta behar sozialak jorratzeko ezinbestekoa da lankidetzan aritzen diren askotariko eragileek esku hartzea. EHSSko erakundeek aurrerapausoak eman dituzte beste eragile sozialekin dituzten harremanak indartzeko, bai publikoekin, bai pribatuekin, batez ere gizarte-erakundeekin, unibertsitateekin, administrazio publikoekin eta enpresekin. Irekiera horri eustea da erronka, harreman-sare anitz eta arinean parte hartuz. Gainera, irekiera horrek bat egiten du 17. GJHrekin (aliantzak sortzea), zehazki, arlo publikoaren, pribatuaren eta gizarte zibilaren arteko aliantzak sortu eta sustatzeko helburuarekin.

Gainera, EHSSko erakundeek uste dute beste gizarte-eragile batzuen babesa handitu egin dela, 2014-2019 aldiko datu konparatiboek erakusten duten bezala: nabarmen hazi dira sektoreak administrazio publikoen laguntza nahikoa edo asko jasotzen duela uste duten erakundeen ehunekoak.

Era berean, irekiera hori aukera egokia da EHSS beste arlo batzuetan ikusarazteko, balio partekatua sortzeko eta elkarrizketarako gaitasuna duen eraldaketarako motor eta eragile sozial gisa indartzeko.

Sektoreko harremanak

2015 eta 2020 artean, EHSSk aurrerapausoak eman ditu egituraketan eta ardaztean. Mugarri garrantzitsuak izan dira EHSSri buruzko 2016ko maiatzaren 12ko Legea eta EHSSren Sustapen Estrategia martxan jarri izana, baita Sareen Sarearen ibilbidea ere, 2014an martxan jarri zenetik. Esparru horretan, argi dago politika publikoek sektorea egituratzen lagundu dutela, eta EHSSa beharrezko solaskidea izan dela gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta solidarioagoa garatzea helburu duten gizarte-politiketan.

Erakundeen ikuspegi orokortua da hirugarren sektoreak izan behar duela gizarte-eredu berriak eraikitzeko eta politika publikoak sortzeko lidergoa.

Egituraketa-prozesu hori, halaber, barnetik indartu behar da: partaide izatearen sentimenduan sakondu behar da. Sektorearen definizioaren barruan sartzen diren erakundeek bat egiten dute proiektu komun erreal eta partekatu batekin. Alabaina, gizarte-mugimenduetatik hurbilago dauden beste erakunde batzuk ez dira definizio horrekin identifikatzen: garrantzitsua da identifikatu daitezkeen proiektu partekatua bilatzeko lanean jarraitzea. Parte izatearen eta identifikazioaren erronka bereziki esanguratsua da erakunde gazteentzat, haien ibilbide laburra dela eta lehentasunak beste kontu batzuetara bideratu dituztelako eta ez direlako sektorearen dinamikaren barruan integratu.

Hala, EHSSko sareentzat bi dimentsioko erronka bat planteatu da: sareei eginiko ekarpena (nola sortu eta dinamizatzen den, nola sartu erakundeak) eta sareek sektorearen egituraketan parte hartzea (elkarrizketa, jarduketa arlo desberdinen arteko oreka, erakundeen tipologia…).

Sektorea egituratzeko orduan, aintzat hartu behar da Euskadiren lurralde-errealitatea ere, kudeaketa publikorako eta erakundeen antolaketarako eredu desberdinak baititu. Lurraldean ikusten den dibertsitatea ere badago EHSSko erakundeen artean, tamaina, jarduketa-arlo edo langile kopuru desberdinak baitituzte, besteak beste. Horregatik, garrantzitsua izango da sektorearen dibertsitatea kontuan izango duten lankidetza-ereduak lantzea.

Alde horretatik, EHSS 3 mailatan egitura daiteke:

  • Arlo desberdinen egituraketa: arlo desberdinetako (kolektibo desberdinei zuzenduta daudenak) erakundeen arteko zeharkako egiturak ehuntzen jarraitzea da asmoa, eremu formal eta informaletan.
  • Dibertsitatearen egituraketa: beharrezkoa izango da tamaina, boluntario kopuru, diru-sarreren kopuru edo jarduera-mota (zerbitzuak, sentsibilizazioa edo salaketa) desberdina duten erakundeen arteko harremanak indartzea, lankidetzaren eta elkarlanaren alde eginez.
  • Lurraldearen egituraketa: lurraldearen dimentsioa jarduketa-eremu bera duten erakundeen arteko aliantzak sortzeko aukera da.

Prozesu horiek guztiek sektorearen arkitekturari eta horren legitimazio sozialari ekarpena egiten diete, EHSS sektore publikoarekin elkarrizketak izateko funtsezko eragilea izan dadin, bere identitate espezifikoa, autonomia eta errealitate sozialaren ikuspegi kritikoari eutsiz. Hau da, sektore ondua, garatua eta koordinatua izateak (erakundeen arteko harremanarekin, interes taldeen komunikazio egokiarekin, partekatutako kudeaketarako tresnekin) sektore publikoarekin elkarrizketak izateko eta lankidetzan aritzeko eragile gisa aitortua izateko aukera ematen dio, bere identitateari eta bereizgarritasunari eutsiz.

[1] Zehazki, Covid-19aren eragina Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetan  txostenari buruz ari gara. Lehen Txostena, 2020ko apirila Txostena hemen eskura daiteke: https://3seuskadi.eus/wp-content/uploads/Informe_COVID_19.pdf