Egilea: Hirugarren Sektore Sozialeko Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 05/2020

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean (EHSS) komunikazioaren gaia plazaratzen denean, ikusten dugu bateko edo besteko ikuspegi eta xedeak izan ditzakeela.

Batetik, kanpoko eta barruko komunikazioa bereiz ditzakegu. Kasu honetan, kanpoko komunikazioari egingo diogu erreferentzia, erakundeen ingurune sozialarekiko konpromiso etikotik ulertuta, eta funts publiko zein pribatuei buruzko kontuak geure izan behar dugun gardentasunetik emateko betebeharrarekin. Komunikazio egokiak autoritatea emango digu ingurune sozial horretan, eta erreferentzia bihurtuko gaitu.

Komunikazioak helburu estrategiko izan behar luke, eta komunikazioaren mende dago, hein handi batean, eraldatze sozialaren eta erakundeen sorrerako helburuen arrakasta. Horrez gain, erakundearen misioarekin, nortasunarekin eta plangintzarekin bat eginda egon behar du.

Kanpoko komunikazioa egokia bada, dirua biltzea, boluntario edo bazkide kopurua handitzea, kanpaina edo jarduerak ezagutaraztea, atxikipenak lortzea eta abar lor daitezke. Gainera, eta batez ere, balioak, jarrerak, jokabideak eta abar aldatzea susta daiteke, eta horrela, eraldaketa bat sortu, ezkutuan dagoena agerian jarriz, ikusezin dena ikusgai eginez, elkarrizketaren alde eginez, posizionamenduak ezarriz eta aldaketak eta eragin soziala ikusgarri eginez. Beraz, komunikazioak aldaketaren aldeko iritzi publikoa eratzen lagun dezake, eta horretarako, gure proposamenak ezagutarazi behar ditugu (nork, zer, zergatik, nola…).

Komunikazioa ez da behar denean (gauzak zailtzen direnean) erabiltzeko produktu edo baliabide bat. Erakunde sozialen funtsezko zati eta osagai izan behar luke, eta beraz, beharrezkoa da erakundeek komunikazio-estrategia bat izatea, unean uneko ekintzez haragokoa. Horretarako, kazetariekin biltzeko espazioak sustatu behar dira: laneko gosariak, kanpainak edo materialak alderatzeko topaketak eta abar, komunikabideetan presentzia indartzeko. Hori lortzeko, erakundeko pertsona batek edo bik komunikazioaren inguruko prestakuntza izan behar dute, erakundeek komunikabideen logika (haien erritmoak, denborak…) ulertuko duten pertsonak behar dituzte, aukerak non dauden asmatuko dutenak eta kazetariekiko harreman hori sustatuko dutenak. Horiez gain, beharrezkoa izango da gure mezuak komunikabideetako hizkerara egokitzea eta komunikabideetako erredakzioei lana erraztuko dieten baliabideak eskaintzea.

Harreman horretan, gogoan izan behar da erakundeok zubi garela komunikabideak gure arreta jasotzen dutenengana iritsi eta haien historiak konta ditzaten. Badakigu funtsezkoa dela enpatia sortzeko eta egiten dugun lana humanizatzeko.

Gaiari buruz erkidego mailan dauden erreferentziei dagokienez, Hirugarren Sektorearen Liburu Zurian (2015)[1], 7. erronkak “gardentasuna eta kontuak ematea bermatzeko eta komunikazio-ahaleginak areagotzeko” beharra aipatzen du, sektorearen kanpo-harremanak sendotzea lortzeko, hala beste sektore batzuetatik ikusten gaituzten moduari erantzuteko, aintzat hartuta sektore publiko, enpresa, alderdi politiko, sindikatu, komunikabide eta beste batzuekiko harremana. Barometroaren[2] 2019ko datuek diote erakundeen % 43,4k gardentasunarekin lotutako ekintzak egiten dituztela, eta erakundeen % 9,1ek Gardentasun Plan bat dutela. Txosten horren arabera, erakundeen % 83 inguruk urteko jardueren memoria, kontuen egoera eta misio zein balioei buruzko informazioa bidaltzen diete haien intereseko taldeei. Erdiek baino gehiagok ematen diete informazioa helburuen betetze mailari eta egindako jarduerek izandako eraginari buruz, eta erdiek baino gutxiagok, berriz, erakundeko pertsonei buruzkoa.

Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategian[3], 29. jardueraren helburua “Sektorearen nortasuna, egituraketa eta onarpena” da, eta jarduera horrekin herritarrek, sektore publikoak eta beste sektore eta eragile sozial batzuek sektorea eta haren ekarpena hobeto ezagutzeko eta onartzeko funtsezko jarduerak sustatu nahi dira, eta hor sartzen dira kanpoko komunikazioarekin lotutako ekintzak (lau urteko komunikazio-plana, bozeramaileak sustatzea, komunikabide sozialekin akordioak, bi urtean behingo kongresua, maiatzaren 12aren inguruko jarduerak…).

Alderdi horietan sakontzeko, sektoreko bi pertsonari eginiko bi bideo aurkeztuko dizkizuegu orain. Pertsona horiek hemen lantzen ari garen gaiaren inguruan bidea egin dute eta ezagutzen dute gaia. Etika komunikabideekin lotzen duten alderdiak nabarmenduko ditugu; baita komunikabideek Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeekin duten harremana ere.

Etika eta komunikazioa hirugarren sektorean

Komunikabideek eskubideak babesteko betebehar etikoa eta morala dute: “Kazetariak arreta profesional berezia eskainiko die ahulenen eta baztertuen eskubideak errespetatzeari. Horregatik, sentsibilitate handiz jokatu beharko du baztertzaileak edo indarkeriaren edo giza jarduera umiliagarrien eragileak izan daitezkeen informazio edo edukiekin”, Kode Deontologikoak[4] (7. artikuluak) dioen moduan. Hala ere, berehalakotasunak ez du hausnarketarako tarterik uzten, eta batzuetan, ez du zorroztasunez jokatzeko eta gauzak egiaztatzeko aukerarik ere ematen. Egia da, hala ere, komunikabideetan ez dela erraza izaten istorio positiboek lekua izatea. Orduan, zer saltzen dute komunikabideek?

Hala ere, ez dago ahazterik, ikuspegi teorikotik, bat datozela komunikabideen funtzioak eta EHSSko erakundeen funtzioak, biek baitute herritarrekiko konpromisoa eta erantzukizuna giza eskubideen defentsan.

Helburuetan ere bat egiten dute; hau da, honako helburu hauek dituzte: gizarteak planteatutako zalantzei erantzutea, botereak zalantzan jartzea, pertsonak babestea, berdintasun-faltaren aurrean iritzia ematea, diskriminazio mota oro deuseztatzea, inklusioaren alde lan egitea eta ahulenak, gutxiengoak, adingabeak eta gazteak babestea.

Hala ere, komunikabideei presio egiten dien errealitateak, batzuetan, okertu egiten du kazetaritza-lanbidearen etika, eta askotan, sentsazionalismora, informazio eta datuak ezkutatzera eta pertsona eta kolektiboak –bereziki, ahulenak– ikusezin egitera jotzen da. Horrek guztiak praktika txarrak ekar ditzake, eta ondoeza eragin, mina ez bada, eta hautsi egiten da elkartasunerako, integraziorako eta ez diskriminatzeko hartutako konpromisoa.

Ulertzen badugu informazioa ondasun sozial bat eta eskubide bat dela[5], eta ez produktu  huts bat, informazioa interes publikokoa izateko egin behar da lan, ez informazioa publikoarena izateko. Azken horri begira jarriz gero, hau da, publikoaren interesa asetzen saiatuz gero, garrantzi txikiko informazioa eskainiko dugu. Ezagutza eta arrazoia eskaini beharrean, emozioak asetzen arituko ginateke, eta horrek sentsazionalismora garamatza.

Beraz:

  • Zer etika dago komunikabideen atzean?
  • Zer interesei erantzuten diete komunikabideek haien jardunarekin?
  • Erakundeetan lan egiten dugunoi buruz zer irudi ematen da?
  • Intimitaterako, begirunerako eta abarrerako oinarrizko eskubideak errespetatzen al dira komunikabideek ematen dituzten albisteetan?

Gai horiei buruz hitz egiteko eta galdera horiei erantzuteko, kazetaritzan doktore den Mikel Barturen izan dugu gurekin. 2002an prentsa sozialari eta etxerik gabeko pertsonei buruzko tesia argitaratu zuen, “Prentsa soziala Espainian: jatorriak eta garapena”. Laurogeita hamarreko hamarkadatik izan du lotura errealitate sozial horrekin. Kazetari aritu da prentsako zenbait komunikabidetan bederatzi urtez. 2003 eta 2015 artean, RAIS Euskadi elkartearen koordinatzailea izan da. Erakunde horrek gizarte-bazterkeria egoera larrian dauden pertsonekin lan egiten du. EAPN Euskadiko Zuzendaritza Batzordeko kide izan da eta denok bizilekua izatearen aldeko BesteBi plataforman ere parte hartu du. 2015eko uztailetik Sareen Sareako koordinatzailea da.

Komunikabideekin harremana

Komunikazio-estrategiak aipatzen ditugunean, komunikabide tradizionalak eta beste batzuk bereiz ditzakegu. Lehen multzokoak telebista, prentsa eta irratia dira. Horietan, handiagoa da gure mezua hedatzeko hirugarren pertsonekiko (kazetariak) mendekotasuna, eta hartzaileek parte-hartze mugatua dute. Bigarren multzoan daude komunikabide digitalak, web-orriak eta sare sozialak. Erakundeen espazioak dira, eta kontrolatu egin dezakegu argitaratzen duguna, besteren mende egon gabe.

Erronka handiena komunikabideek eta EHSSko erakundeek interesetan bat egitea eta haien arteko bat-etortzeak indartzea da, kontuan izanda erakundeko komunikabideak behar ditugula geure mezuak, kanpainak, salaketa edo iritziak posizionatzeko, sentsibilizaziorako eta abarrerako.

Erakundeak komunikabideek kontsultarako erabiltzen dituzten iturri adituak gara; izan ere, kazetaritzaren oinarrietako bat dagokion gaiari buruz dakienari galdetzea da. Baina egiaz:

  • Nolakoa da HSSeko erakundeen eta komunikabide tradizionalen arteko harremana? Horrelakoa izan al da beti?
  • Nola sar daitezke erakundeak komunikabide tradizionalen informazio-agendan?
  • Gure eta gureak ez diren faktoreetatik zeinek dakarte guk komunikabideetan presentzia egonkorra izatea?
  • Zer neurritan jarraitzen dute komunikabide horiek beharrezkoak izaten komunikabide digitalak agertu diren honetan, eta zer abantaila dituzte azken horiek erakundeen mezuak komunikatzeari dagokionez?
  • Zer komunikabide mota da eraginkorrena erakundeek eraldatu nahi dituzten errealitate sozialen inguruko salaketak egiteko eta sentsibilizatzeko?

Galdera horiei eta beste batzuei erantzuteko, online elkarrizketa bat egin diogu kazetaritzan lizentziatua den Naiara Gutiérrezi. Kazetaritzan eta komunikazio sozialean 15 urtetik gora aritu da lanean eta garapenerako lankidetzan eta hirugarren sektorean espezializatu da. Nazio Batuetan garatu du bere jardun profesionala, zehazki UNICEFen komunikazio-arloetan, El Salvador eta Ekuadorren.
Urte hauetan kazetaritzaren adar batzuk eta besteak ere jorratu ditu; batez ere irratia, baina baita telebistako gidoigintza, prentsa, community management… Gaur egun CEAR-Euskadiko komunikazio-arduraduna da.

[1] Euskadiko Hirugarren Sektorearen Liburu Zuria (2015). Bizkaiko Hirugarren Sektoreko Behatokia.

[2] 2019ko barometroa. Bizkaiko Hirugarren Sektoreko Behatokia. https://3seuskadi.eus/wp-content/uploads/BAR%C3%93METRO_txostena_2019_cas.pdf

[3] Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala sustatzeko estrategia. https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/planes_ss/es_planes/adjuntos/Estrategia%20promoci%C3%B3n%20tercer%20sector%20-%20Plan%20de%20la%20Legislatura%20CAST.pdf

[4] Espainiako kazetari-elkarteen federazioa. Kode deontologikoa. https://fape.es/home/codigo-deontologico/

[5] Espainiako kazetari-elkarteen federazioa. Kode deontologikoa. 4. artikulua https://fape.es/home/codigo-deontologico/