Egilea: Euskadiko Hirugarren Sektorearen Behatokia
Laburreko zenbakia: 07/2021

Iazko maiatzean aurkeztu genuen Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokitik “Covid-19ak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetan izan duen eragina 2020” ikerketa. Ikerketa Euskadiko Elkarrizketa Zibilaren Mahaiaren, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren eta Sareen Sarearen ekimen gisa sortu zen Covid-19aren krisiak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetan izan duen eragina ezagutzeko asmoz.

Ikerketa horretatik abiatuta, eta Estatu edo Europa mailan identifikatu ahal izan ditugun beste kontakizun edo ikerlan batzuetan jaso duten moduan, Hirugarren Sektore Sozialak bereziki konplexua den koiunturan presentzia adierazgarria izan duela egiaztatu dugu.

Itxialditik eratorritako arazoak (bat-batean gertatutako edo larriagotutako arazo psikologikoak, atentziorik eza, erreferenteak galtzea…) edo arraila digitalarekin lotutako arazoak, baliabide ekonomikoen gabezia, nahi ez den bakardadea eta abarrak ezaugarri nagusi gisa izan dituen errealitatea da eta gure indar guztiekin saiatu gara horri erantzuten.

Pandemiak izan duen inpaktu ekonomikoa eta soziala dela eta, eta bereziki, itxialdi garaian, askotan, beren bizitzek eragin nabarmena jasan duten pertsonen eta kolektiboen arretan oinarrizko zerbitzuak izan gara.

Beharrak areagotu eta zaildu egin diren egoeran, lan eta entrega handiko garaia izan da. Hala, gugandik eta gure erakundeengandik egokitzeko eta malgutzeko lan handia eskatu duten testuinguruei eta errealitateei erantzun behar izan diegu ikuspegi kualitatibotik abiatuta eta aparteko dedikazio eta ahaleginarekin.

Ezezagunak ziren larrialdi sozialeko egoerei erantzuna ematea, osasun-protokoloen arabera egokitzea, harremanak marko digitaletatik mantentzea, zerbitzu edo jarduerak aldatzea, berriro orientatzea edo haietako batzuk ezeztatzea, eta gehiegizko ahaleginak egitea beste batzuetan. Eta, batzuetan, esku-hartze arloko kolektibo berriekin lan egitea.

Barne mailan ere, aldaketak etorri dira: gure erakundeetako, lantaldeetako edo boluntarioekiko kudeaketarekin lotuta egon diren zailtasunetara eta aldaketetara egokitzea, adibidez. Horiek guztiak dira aurre egin behar izan diegun eta oraindik ere aurre egin behar diegun egoeretako batzuk.

Ildo horretatik, errealitatea aztertzeko eta pertsonengandik gertu egonda beharrak detektatzeko gure rolak izan duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Era berean, bereziki delikatuak diren egoerekin eta beharrekin lotuta eragiteko, sentsibilizatzeko edo salatzeko bete genuen rola nabarmendu nahiko genuke, gero horiek erakundeei eta gizarteari jakinarazteko eta ikusgai jartzeko aukera izan baikenuen.

Eta baita administrazio publikoekiko elkarlanaren garrantzia ere (halakoa egon denean) beharrei erantzuna emateko garaian eragingarriagoak izateko.

Euskadin, lankidetza-harreman horri esker, besteak beste, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko bazterketaren aurkako batzordea eta Inor atzean utzi gabe COVID funtsa  sortu ziren. Azken hori batzordeak diseinatu eta 2020 eta 2021 artean hedatu zen erakundeen sareko lana eta lankidetza publiko-soziala abiapuntutzat hartuta. Funtsari esker, etxeko konfinamenduko etapan eta haren ondoren Covid-19ak larriagotutako edo bertatik eratorritako hainbat egoerari lotutako beharrei erantzun ahal izan zaie eta honako hauek dira horietako batzuk: elikagaietarako eta lehentasunezko beste produktu batzuetarako sarbidea, eskolaz kanpoko hezkuntza-errefortzua (arraila digitala bizi duten familientzat eta haurrentzat) edo agurtzeko aukerarik izan gabe senideak galdu izanarekin lotutako doluaren prestaketa.

Hitz gutxitan esanda, gizartean eta sektorean (haren partaide den eta haren zerbitzura dagoen heinean) erabateko eragina izan duen errealitatea dugu aurrean. Errealitate horrek eragina epe laburrera ez ezik, epe ertainera eta luzera begira ere izango du, eta oraindik ez dugu ezagutzen zein izango den eragin hori nahiz eta pandemian urtebete baino gehiago daramagun.

Pandemiako 12 hilabete baino gehiago gainditu ostean eta pilatutako esperientzia eta ezagutzarekin, webinar-jardunaldia proposatu genuen; izan ere, berriro elkartu nahi genuen lehen ikerketa haietatik aldatu denaren inguruko gogoeta egiteko. Ikerketa haietan, hartzaileen artean, zerbitzuetan edo jardueretan, eta pertsonetan, baliabideetan edo erakunde eta sareetako kudeaketan krisiaren inpaktua zein izaten ari zen identifikatu genuen.

Jardunaldia 2021eko maiatzaren 24an izan genuen eta bertan izan ziren Francina Alsina, Taula del Tercer Sector de Catalunyaren presidentea; Luciano Poyato, Plataforma del Tercer Sector plataformaren presidentea, eta Borja Doval, Sareen Sarearen presidentea.

Bertan, mahai-ingurua egin genuen honako gai hauen inguruan.

Zein izan da pandemiaren baitan Hirugarren Sektore Sozial gisa bete dugun rola?

Borjak zioenez, tarte honetan,  ohikoaren eta ezohikoaren artean egon gara nolabait Ohikoa, gure lanak eta gure asmo soziala egiten jarraitu dugulako, agerikoa den moduan, ezohiko egoera batean, baldintzak ere ezohikoak izan baitira. Hala, Lucianok ere nabarmendu zuen garai zail hauetan ez dugula ahaztu gure jatorria, pertsonentzat lan egiten dugun pertsonen erakunde gisa gure burua aitortzen jarraitu dugula. Funtsezko zerbitzu izan gara betiko lana egiten genuen bitartean, gure ohiko lana, baldintza erabat ezohikoetan.

Ildo horretan aipatu zuen Francinak ere funtsezko zerbitzu izan garela, eta batzuetan administrazioak iritsi ez diren lekuetara ere iritsi garela. Hala, Katalunian, pandemia-garaian sektoreko erakundeek 800.000 laguni baino gehiagori eman diote arreta oinarri-oinarrizko beharretarako. Bikoiztu egin dira elikadurarako laguntzak, eta hirukoiztu, berriz, etxebizitzarako laguntzak. Arreta emandako pertsonen artean, % 30ek sekula ez zuen harremanik izan arreta sozialeko sistema edo erakundeekin.

Biek (Borjak eta Francinak) egokitzeko gaitasun handia nabarmendu zuten. Jarduteko baldintzarik ez zegoenean ere jardunez, azkar eta egokituta. Erreakziorako gaitasun handia erakutsi dugu, baldintzak, araudiak eta ordenantzak etengabe aldatu diren testuinguruan gure burua berrasmatuz. Gure jarduera testuinguru arautzaile aldakorrera etengabe egokituz eta landuz.

Testuinguru zail horren aurrean, sektoreak ez ditu ateak itxi. Eta hori balioa izan da beste zerbitzu edo jarduera batzuen aurrean. Jarduera-eremu askotan funtsezko zerbitzuetako parte izan gara, eta aldiz, beste batzuetan, egokitu egin behar izan dugu, jarduera ingurune telematikoetara eta ez-presentzialetara lotuz, baina laguntza eta arreta mantenduz.

Lucianok sareek arlo ugaritan topaketarako, entzuteko eta proposamenak egiteko gune gisa izan duten rola ere nabarmendu zuen. Egoera zailen aurrean lasaitasuna mantentzeko eta itzultzeko gaitasun handia garatu dugu, eremu oso jakinetan, sektoreko eskaerei erantzunez eta aholkularitza emanez, gobernu zentralari zeharkako eskariak transmitituz, betiere etengabeko elkarrizketan eta askotan konfrontazioak ere izanez.

Ildo horretan, partekatutako lidergoa garatzea, sektore mailako entzuteko gaitasuna eta premiazko beharrei irtenbidea emateko erantzun jakinak egituratzeko gaitasuna izan dira lortutako ikaskuntza. Hala ikusi ahal izan genuen NBE ekipamenduekin lotuta pandemiaren hasierako garaietan, eta gerora, proposamen asko eta asko zehaztu ziren sektoreko zeharkako ikuspuntua aintzat hartuta.

Nola aldarazi gaitu pandemia honek gure zerbitzuei, jarduerari, intzidentzia-lanari, sentsibilizatzeko lanari eta gure erakunde eta sareen kudeaketari dagokienez?

Francinak aipatu zuen lehen elementua da pandemia-egoerak lehendik bazegoen egoera larriagotu duela ulertzea. Txirotasun-egoera, desberdintasuna larriagotu egin da, eta horren aurrean lan egin beharko dugu datozen urteotan, ondorioak arintzeko.

Horrekin lotuta, nabarmendu zuen Hirugarren Sektore Sozialetik epe laburreko ekintza larrialdiari erantzuteko bideratu badugu ere, epe ertain eta luzerako plangintza egin behar dugula, susmoa baitu okertze soziala agerikoa izango dela. Oraindik ere nolabaiteko babes sozialaz inguratuta gaude, baina baliteke larrialdia pasatzearekin batera, hori ere bertan behera geratzea.

Francinak aipatu zuen beste kontu bat izan zen larrialdi-egoerak, batzuetan, gaindituta genuen arreta asistentzialistaren eredura itzultzea ekarri duela, oinarri-oinarrizkoenak diren estalduretan arreta jarri behar izan baitugu. Puntu honetan, garrantzitsua da ahalduntze-ereduak, arreta komunitariokoak, pertsonarengan oinarritutako arretakoak eta abar bistatik ez galtzea, erakundeetatik garatu nahi dugun gizarte-ekintzarako erreferentzia gisa.

Beste puntu bat da beste eragile batzuekin, ez administrazioekin soilik, aliantza estrategikoak sustatzeak izan duen garrantzia, eta erakundeen arteko elkarlana indartzea. Egoera hain zaila izanik, erronka izan da, eta nabarmen gainditu du erakundeek nahiz gainerako eragileek beren kabuz duten gaitasuna.

Sentsibilizazioari dagokionez, Francinak aipatu zuen sektorearen ikusgarritasuna sustatzen jarraitu behar dugula. Izan ere, garaiotan ez da hainbesteko aitortzarik izan Hirugarren Sektore Sozialerako, nahiz eta  esfortzu handiak eskaini dituen, batez ere beste arreta-/jarduera-sektore batzuekin alderatuta.

Bestalde, Lucianok, egoera honekin lotuta, nabarmendu nahi izan zuen sareen solaskide-rolak, maila gorenean, garatu duen lan handia. Ildo horretan, egituraketa propioarekiko sektore gisa egindako ibilbidearen garrantzia nabarmendu zuen; hain zuzen ere horrek ahalbidetu du solaskidetza-lan hori zeharkako bihurtzea, eta sektoreko eskaera multzo soil ez bihurtzea.

Hori dela eta, sektore barneko koordinazio-lanak duen garrantzia nabarmendu da; izan ere, denbora-tarte horretan etengabeko topaketen bidez mantendu da, astero nazio mailako erakunde eta sare garrantzitsuen artean, eta horrek proposamen jakin asko egitea ahalbidetu du, beste eragile batzuekin topaguneak eta goi mailako bilerak sortuz, erakunde publikoen aurrean jarrera argia finkatuz. Agertoki honen aurrean dugun erreakzio-gaitasun handia nabarmendu behar da, eta egoera honi modu egituratuan eta koordinatuan aurre egin izana da aldaketaren erakusgarri.

Hirugarren sektore sozialak lurralde mailan duen konexioaren garrantzia ere nabarmendu da. Bilerak egin dira 15 egunean behin eta batzuetan astero; zenbaitetan, horietan izan dira Taula del Tercer Sector eta Sareen Sarea, baita estatu mailako sareari lotutako lurraldeko sare ugari ere. Hala, hirugarren sektoreak maila horretan zuen artikulazioa sendotzeko balio izan du pandemia-garaiak. Beste lurralde batzuengandik ikasi dugu, partekatu egin dugu eta proposamen bateratuak eraiki ditugu.

Bestalde, Borjak nabarmendu zuen pandemia-egoerak agerian utzi dituela “zer gauzak funtzionatzen duten eta zerk ez”. Kudeaketan, zerbitzuetan eta sistemen koordinazio-espazioekin zerikusia zuen guztian argi eta garbi ikusi da zerk funtzionatzen zuen ondo. Sektoreko barne-koordinaziorako egiturak oso erantzun  ona eman du. Ezohiko egoera kudeatu ahal izateko denboran zehar izandako ezohiko bilerak, eta maila guztietan: erakundeetan, sareetan… Presentzia, egokitzapen eta dedikazio handia izan da, eta harro egon gaitezke.

Bistaratzeari dagokionez, Francinarekin bat dator eta esan zuen ez dugula asmatu behar bezala azaltzen eta kontatzen. Arlo horretan, aitortua ez ezik, sektore ezaguna izateko garaian ere ibilbidea falta zaigu. Aitorpen-gabezia horren adibide da, adibidez, alarma-egoeran egindako Dekretuetako batzuetan sektorea esplizituki aipatu ez izana, lan askotan funtsezko zerbitzuak garatu ditugun eragile izanik.

Lucianorekin ere bat etorri zen eta esan zuen pandemiak agerian utzi duela sektore mailan koordinazio-espazioek duten garrantzia. Erakunde guztiek behar izan ditugu egitura horiek, interesak metatu, kontsultarako espazioak sortu, egiturak ahalbidetu eta etengabeko proposamenak egiteko espazioak sortu baitituzte. Egoerak agerian utzi du erakunde isolatu gisa ezin diogula koiuntura hain konplexuei erantzun.

Zer ikasi dugu administrazio publikoekin izandako elkarrizketa-lanarekin eta intzidentzia sozialarekin lotuta?

Lehenik eta behin, Lucianok proposatu zuen bereizi egin behar dela intzidentzia sozialaren eta intzidentzia politikoaren artean. Intzidentzia politikoari dagokionez, jarrera argia izan da beste eragile batzuekin, batez ere botere publikoekin elkarrizketa egiteari dagokionez.

Horrez gain, beste eragile sozial batzuekin dugun harremanean aurrera egin dugu. Arlo horretan elementu garrantzitsuenetako bat izan da sindikatuen arloarekin izan den hurbilketa, zehazki UGT eta Langile Komisioak (CCOO) sindikatuekin. Baita patronalarekin ere, zenbait alderaketa eta aliantza batzuk ere egin ditugu haiekin, adibidez, next generation funtsekin lotutakoak.

Barne mailan, garrantzitsua da nabarmentzea, diskurtso handiez harago, proposamen jakinak egituratzeko eta formulatzeko gaitasunean izandako aurrerapena.

Borjak, bestalde, nabarmendu zuen maila sozialean are presentzia handiagoa falta izan zaigula. Izan ere, datuen arabera, gizartean oso presente gauden errealitatea bagara ere, ez gara hainbeste bistaratzen komunikabideetan, politiketan eta abarretan, pandemia-garaian bistakoa izan den moduan.

Bestalde, pandemia-garaiak ere balio izan du elkarrizketa-espazioen garrantzia nabarmentzeko. Egoera honetan, nabaritu egin da elkarrizketa zibila garatuen non egon zen eta non ez. Harreman arina zegoen lekuan ondo funtzionatu du elkarrizketa-rol horrek, eta ez zegoen lekuan, arindu beharreko espazioak geratu dira agerian. Hori izango litzateke ikaskuntza.

Ildo horretan, Sareen Sareak Administrazioko atal batzuekin astero izandako elkarrizketa-espazioari balioa eman nahi dio, Eusko Jaurlaritzako sail batzuekin garatutako elkarrizketari aitorpena emanez, irtenbide eta erantzun jakinak eta praktikoak abian jartzea ekarri baitu, dekretu moduan, zerbitzuak sortuz, hornidura ekonomikoa eskainiz…

Espazio horiekin lotuta beste ikaskuntza bat izan daiteke sektoretik garatutako rola bera “aulki jakin batzuk, hau da, gauza jakin batzuk hartzeko beldurra galtzea”. Izan ere, batzuetan handiagoa da erakunde eta sareetatik jarrera argi edo tinkoaren aurrean beste eragile sozial batzuek izan dezaketen erreakzio eta inpaktuarekiko beldurra rol eta/edo jarrera hori hartzen denean benetan dauden ondorioak baino.

Azkenik, Francinak aipatu zuen hirugarren sektorea babes sozialeko sistemaren baitan ezinbesteko eragile gisa berretsi dela. Administrazioak behar izan gaitu larrialdi-egoeretan azkar eta malgutasunez egokitu garelako, baita pertsonei arreta emateko eta laguntzeko garaian ditugun ezagutzengatik ere.

Katalunian ere Administrazioekin lankidetza handiagoa izan da. Hala, pandemia-egoeraren ondoriozko krisi-sozialari erantzuna emateko politika sozialak diseinatzeko espazio batzuetan parte hartu dugu, besteak beste, Generalitat de Catalunyarekin, Bartzelonako Udalarekin eta Sindic de Greuges-ekin lan eginez.

Arlo horretan izandako aurrerapenak aurrerapen, hala ere, Francinak baieztatu zuen administrazioek oraindik ere sektorea zerbitzu-hornitzaile gisa hartzen jarraitzen dutela, berdintasunez tratatu beharreko eragile gisa hartu ordez. Hori dela eta, Katalunian, ezinbestekotzat jotzen da hirugarren sektoreko lege bat bultzatzea, posizionamendu hobea izan dezan eta batez ere aitorpen handiagoa izan dezan zerbitzu publiko gisa sektoreak garatzen duen rolari dagokionez. Posizionamendu horri esker, sektorea Administrazioarekiko solaskide aitortua izan daiteke, berdintasunezko rol batean, eta aldi berean, politika sozialen diseinuan eragile garrantzitsu gisa finkatzea ahalbidetuko lioke. “Bai gure esperientziagatik, bai dugun ezagutzagatik, uste dugu rol garrantzitsuagoa izan beharko genukeela arlo horretan”. Egonkortasun juridiko eta ekonomiko handiagoa ere eskatzen du, jasangarritasun hobea ekar dezan, batzuetan prekarioa izaten baita, ez erakundeetarako soilik, batez ere, sektoretik arrera ematen diegun pertsona eta zerbitzuetarako.

Tokiko administrazioei dagokienez, lankidetza-lan handia egin dela ere aipatu zuen, baina nabarmendu zuen gero eta beharrezkoagoa dela hobeto artikulatzea gertutasuneko izaeragatik eta komunitatean eragiten duelako sektorerako hain garrantzitsua den maila horretan.

Azkenik, Francinak zehaztu zuen sektoreko zeharkako sareen artean (arlo ugaritako sareak ez ezik, sare eta erakunde neurri desberdinekin) lankidetzan eta koordinazioan sakontzen jarraitu behar dugula.

Zer erronka dugu aurrean hirugarren sektore sozial gisa?

Sareen Sareatik, Borjak hasierako erronka gisa etorkizuneko ikuspegiarekin pentsatzeko beharra aipatu zuen, beste administrazio eta eragile batzuekiko elkarrizketa- eta koordinazio-espazio eta -sistemen egitura finkatuz. Gizarte-zerbitzuen sistema, zaintzen sistema eta babes-sistema finkatzea, kontuan hartuta sistema horietako bakar bat ere ezin dela ulertu Hirugarren Sektore Soziala aintzat hartu gabe. Horretarako, aipatu zuenez, ezinbestekoa da sektorea plangintza- eta diseinu-espazio horietan egotea, garapen-, kudeaketa- eta ebaluazio-espazioetan egoteaz gain, Francinak zioen moduan.

Bat zetorren Francinak egindako analisiarekin ere, eta esan zuen sektoreko erakundeen jasangarritasun ekonomikoa indartu behar dela, haien finantza-egitura, batez ere erakunde eta sare txikietan. Erakundeen euskarri ekonomikoa hobetzea sustatzea, hala, erakundeak indartzeaz gain, eskaintzen ari garen baliabide eta ekintzak eta arreta-sistemak berak indartuko ditugu.

Bestalde, Francinak sektorerako funtsezko erronka gisa proposatu zuen eskubide sozialak bermatzea, haiek babesteko gu izanik erreferente giltzarriak..

Era berean, Francinak zioen honako hauek direla sektorearen beste erronka batzuk: Sektorerako beste erronka batzuk:

  • Etengabeko berrikuntza eta arreta-eredu eta -zerbitzuetako hobekuntza sustatzea, ikuspegi asistentziala gainditzen jarraituko duten proposamenekin aurrera jarraituz, betiere, programen zeharkako ikuspegia bilatu nahian, eta pertsonei osotasun soziosanitarioan arreta integrala eskainita.
  • Kataluniako Hirugarren Sektore Sozialari legea eta hirugarren sektoreko plan estrategikoa eskaintzea, eragile guztien parte-hartzearekin.
  • Gizarte-ekintzaren ikuspegi etikoa indartzea, bereziki adinekoen arloan.
  • Hirugarren Sektore Sozialari aitortza, presentzia eta ikusgarritasuna ematea komunikabideetan eta gizartean, oro har.

Erakunde mailan, erronka gisa aipatu zituen honako hauek:

  • Erakunde-ereduak birpentsatzea, haien eraldaketa sustatuz eredu arinagoak eta eraginkorragoak lortzeko.
  • Ebaluazioan hobetzea, etengabe, zerbitzuak eta ekintzak hobetzen ere lagun diezagun.
  • Esku-hartzeak egokitzea eta malgutzea pandemiaren moduko egungo testuinguruari erantzuteko.
  • Erakundeak demokratizatzea, gardentasun handiagoa izanda, kontuak emanda eta interes-taldeetan parte hartuta, hartzaileak barne.
  • Genero berdintasuna zaintzea.

Azkenik, sektoreko aliantzekin lotuta, erronka gisa adierazi zituen hauek:

  • Administrazio publikoekin eta enpresekin aliantzak sortzen aurrera jarraitzea.
  • Sarean lan eginez erakunde txikiak indartzea. Sareko lanari lurralde mailako ikuspegia emanda, sektorearen beraren baitan eta beste eragile batzuekin harremanetan, komunitateko lankidetza-sareak sortzen aurrera egin ahal izateko.

Azken ekarpen gisa, Lucianok, Plataforma del Tercer Sector de España plataformako presidente gisa, aipatu zuen, pandemia-garaian irudipena izan zuela pertsona batzuk gehiago hurbildu zirela auzo-mugimenduetara hirugarren sektore sozialera baino. Arlo horretan, erronka gisa planteatzen zuen lurraldearekin eta komunitatearekin lotuago dauden horrelako ekimenekin lankidetza izatea. Sektoreko erakundeak auzo-mugimenduek ekarri dituzten gertuko lankidetza mota puntual horiekin zenbateraino dauden prest ere berrikusi beharko litzateke.

Lucianok aipatutako beste erronka bat izan zen sektorearen berrikuntzako eta esperimentazioaren gaitasuna indartzea, intzidentzia eta eragina sortzeko gai izango diren eta politika publikoetan eragingo duten esperientzia-laborategiak sortzea sustatuz.

Bestalde, sektorearen eta erakundeen ikuspegia epe ertain eta luzerako egokitu beharra  ere aipatu zuen, nahiz eta jakin egungo egoerak epe laburreko ikuspegia eskatzen duela. Arlo horretan, next generation funtsak aipatu zituen berriz ere BPGren birbanaketa berria sustatzen aurrera egiteko aukera eta eredu gisa, hirugarren sektoreak erreferentziazko rola izanik horretan.  Puntu horretan nabarmentzekoa da funts horien deszentralizazioak duen garrantzia bestelako diseinu bat egiteko: lurralde bakoitzera egokituago eta sektoretik presentzia izanik.

Jardunaldia amaitzeko, bertaratutakoen parte-hartzea izan genuen: gaiarekin lotutako zenbait galdera egin zituzten.

Esteka honetan duzue jardunaldia osorik ikusteko aukera: