Egilea: Raquel Martínez Buján. Coruñako Unibertsitatearen Soziologia eta Komunikazio Zientzien Saila. Vanesa Ressa. Ascudeanaren koordinatzailea, familia zaintzaileen eta mendekotasuna duten pertsonen elkartea. Clara Natividad. EDE Fundazioaren emakume sailaren gizarte-hezitzailea
Laburreko zenbakia: 04/2021

Adierazle guztien arabera, Hirugarren Sektore Soziala sektore feminizatua da. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Liburu Zuriak dioen moduan, “erakunde gutxi batzuek (% 3,26) ez dute ordainpeko langileen artean emakumerik, eta hamarretik zortzitan emakumeak dira kontratupekoen erdia baino gehiago” (87. or.). Liburu Zurian ateratako datuek “agerian uzten dute emakumeen presentzia erregistratutakoa baino askoz handiagoa dela, baita tradizioz feminizatuenak diren sektoreetan ere” (87. or.).

Emakumeen presentzia handiago hori arlo ugaritan ikus daiteke. 2019ko Barometro berrienak adierazten du emakumeak direla erakundeetako ordainpeko langileen % 70,5 (Liburu Zuriak % 68,2 direla jasotzen du), eta boluntarioen artean, berriz, % 59,5 (Liburu Zurian % 56,5). Era berean, Barometroak dioenez, “gutxi gorabehera 10 bazkidetatik 6 emakumeak dira, eta 4 gizonak” (24. or.).

Estatuko gainerako tokietako datuek ere antzeko emaitzak dituzte. Plataforma de ONG de Acción Social plataformak argitaratutako “El Tercer Sector de Acción Social en España 2019” azterlanaren arabera, “Hirugarren Sektorean kontratatutako emakumeen presentzia gizonezkoena baino handiagoa da, % 67,5era ere iritsita, hau da, 3 lagunetik 2” (46. or.). Era berean, azterlan horrek erakundeetako boluntarioen artean ere emakumeen presentzia nabarmentzen du, % 62koa izan daitekeela adierazten baitu.

Albiste labur honetan, sektorearen feminizazio horren kausez eta izan ditzakeen inplikazioez gogoeta egin nahi dugu.

Hirugarren Sektore Sozialaren feminizazioaren kausak

Hirugarren Sektore Sozialean emakumeek duten presentzia handi horren arrazoia izan daiteke historikoki parte hartu izan dutela zaintzei lotutako eremu profesionaletan, hala nola gizarte-zerbitzuetan eta osasunean. Horrekin lotuta, Oxfamek argitaratutako “Tiempo para el cuidado. El trabajo de cuidados y la crisis global de desigualdad” txostenak dioen moduan, emakumeek “ordainpekoak ez diren zaintzako lanen hiru laurden baino gehiago egiten dituzte, eta ordainpeko zaintza-lanez arduratzen diren laneskuen bi heren dira” (14. or).

Hirugarren Sektore Sozialaren baitan Euskadiko datuek ere hori berresten dute. Liburu Zuriak dioenez, ordainpean lan egiten duten emakumeen tasa, sektore guztiaren % 68,2, areagotu egiten da Gizarte Zerbitzuetan (% 69,78) eta Osasunean (% 82,46); edonola ere, arreta emandako kolektiboak mendekotasun-arriskuan edo -egoeran dauden pertsonak direnean, % 92,75era ere irits liteke.

Baliteke zaintzei, hau da, ugalketa-lanei, lotutako eremuetan emakumeen presentzia gehiengoa izatearen, eta horrekin lotuta, Hirugarren Sektore Sozialean ordezkagarritasun handia izatearen eraginez, emakumeen lana laguntza-lan gisa naturalizatzeko joera zabaltzea.   Piñónek dioen moduan, “kualifikazio femeninoak (zaintza-lanak eta zerbitzu pertsonal eta sozialak, gure kasuan), neurri batean, talentu natural gisa hartzen dira, etxeko eremuan ikasitakotzat, emakumeen identitatearen eraikuntzaren/sozializazioaren prozesuaren baitakotzat” (20. or.).

1. Hori kontuan hartuta, zein dira zuen ustez Hirugarren Sektore Sozialean emakumeen presentzia handiagoa izatearen kausak? Zergatik uste duzue dela handiagoa sektore honetan besteetan baino?

Feminizazioa eta prekarietatea Hirugarren Sektore Sozialean

Laguntza-lana lan ez-produktibo gisa hartzea (beharrezkoa, baina ez du aberastasunik sortzen), eta lan horren eta Hirugarren Sektore Sozialaren arteko lotura izan daitezke sektore honetako lan-merkatuaren jokabidearen arrazoiak. Piñónen arabera, “elkartasunaren munduan, langileen profilak bat datoz lan-merkatuan hain lehentasunezko ez diren “baliabideekin”: gazteak, emakumeak eta 55 urteko eta gehiagoko pertsonak” (20. or.)

Laneko merkatuaren jokabide hori egon liteke balorazio eskasagoaren atzean, eta ondorioz, horrek eragin dezake hirugarren sektoreko langileen ordainketa baxuagoa izatea beste sektore batzuekin alderatuta, nahiz eta ekonomian pisu handia izan(eta ez dugu ahaztu behar egiten duen lan sozial handia).

Hala, Piñónen ustez, “gizarterako erabilgarria den lana dugu errealitatean, baina merkataritzarako logikaren arabera ez dago balorizatuta, ezta iruditeria kolektiboan ere” (22. or.)

Gainera, badirudi beste sektore batzuekiko Hirugarren Sektore Sozialeko lan-baldintzen prekarizazio horrek gehiago eragiten dietela emakumeei eurei arlo batzuetan. Hala, 2019ko barometroaren arabera, “ordaindutako pertsonen % 32k lanaldi partzialeko kontratua dute eta emakumeek 10 kontratu partzial horietatik 8 dituzte” (22. or.).

Arlo horri dagokionez, egoera hobexeagoa da Katalunian; izan ere, Anuari 2019ren arabera, kontratu partzialen % 62 emakumeenak ziren. Estatuan, gainerako lekuetan, ondorioak ere antzekoak dira. POASen azterlanak (2020) dioenez, “jarduera profesionalaren sektore feminizatua izan arren, ordainpeko langileen % 60-% 70 emakumeak izanik, emakumeen enplegu-baldintzak kalitate baxuagokoak dira eta neurri handiagoan eragiten diete, besteak beste, lanaldi partzialek edo iraupen jakineko kontratuek”.

Zuen ikuspegi eta esperientzia aintzat hartuta:

2. Zer lotura uste duzue egon daitekeela sektorearen eta enpleguaren kalitate okerragoaren artean beste sektore batzuekin alderatuz gero?

3. Sektorearen barruan, emakumeen lan-baldintzak gizonenak baino okerragoak direla uste duzue? Hala bada, zein uste duzue izango dela horren kausa?

4. Zer beste inplikazio izan ditzake hirugarren sektore sozialerako eta emakumeentzat sektore feminizatua izateak?

Bibliografia

Canto A., Lopez-Aróstegui, R.; Romeo, Z. (2015). Euskadiko Hirugarren Sektorearen Liburu Zuria. Bilbo: Bizkaiko Hirugarren Sektoreko Behatokia. Hemendik hartuta: http://www.3sbizkaia.org/wp-content/uploads/1823_1_LibroBlancoTSSEuskadi2015.pdf

Coffey, C. et al. (2020). Tiempo para el cuidado. El trabajo de cuidados y la crisis global de desigualdad. Oxford: Oxfam. Hemendik hartuta: https://oxfamilibrary.openrepository.com/bitstream/handle/10546/620928/bp-time-to-care-inequality-200120-es.pdf

Bizkaiko Hirugarren Sektoreko Behatokiko Taldea (2020). Barometroa 2019. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen datu nagusiak. Hemen eskuragarri: https://3seuskadi.eus/wpcontent/uploads/BAR%C3%93METRO_txostena_2019_cas.pdf

Fernández, M.; Otero, L. eta Guerrero, C. (2019). Anuari de l’Ocupació del Tercer Sector Social de Catalunya 2019. Bartzelona: La Confederació Empresarial del Tercer Sector Social de Catalunya. Hemendik hartuta: http://www.laconfederacio.org/wp-content/uploads/2020/10/ANUARI-CATALUNYA-2019-_FINAL-DIGITAL.pdf

Gómez Crespo, M.L. (koord.) (2020). El Tercer Sector de Acción Social en España 2019. Nuevos horizontes para un nuevo contexto sociopolítico. Madril: Gizarte Ekintzako GKE-ren plataforma. Hemendik hartuta: https://www.plataformaong.org/ARCHIVO/documentos/biblioteca/1583424466_informe-poas-completo.pdf

Piñón, J. (2011). Sobre el por qué de la feminización del Tercer Sector. Lo que el género desvela. Revista española del tercer sector, 16, 17-46. Hemendik hartuta: https://www.accioncontraelhambre.org/sites/default/files/documents/rets_16.pdf