Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 07/2022

Zergatik hitz egin behar da esperientzien sistematizazioari buruz?

Zer dakigu dakigunaz? Zer dakigu nola dakigun horretaz?

            Gizakiok ikasiz bizi gara. Gure inguruneaz, gainerakoez, egiten dugunaz eta geure buruaz. Gure bizi-esperientzia aldaketez egina dago eta aldaketen aurrean, ezagutzen duguna eta ezagutu dezakeguna uztartzen dugu. Egungo munduak etengabeko aldaketen, azkarren eta atzeraezinen aurrean kokatzen gaitu eta horrek nahasmena eta desorientazioa sor diezaguke. Horren aurrean, gure esperientziaren erreferentzia izatea funtsezkoa da. Dagoeneko badakiguna eta hori jakitera nola heldu garen gogoratzeak ezezaguna den horri aurre egiteko balio digu.

Eta gure lana munduan ekintza-lana, esku hartzeko eta erlazioena bada, ezagutza-mota hori, esperientziatik sortutako ikasketa horiek berreskuratzeko moduak behar ditugu.

Erakundeen testuinguruan ezagutzaren kudeaketaz, berrikuntzaz jarduten dute, etorkizunerako gako gisa. Dokumentu honetan hirugarren sektore sozialari gogorarazi nahi diogu esperientziatik sortzen den jakinduria berreskuratzeko moduetako bat. Esperientzien sistematizazioa praktikan eskuratu ditugun jakinduriak bereganatzeko modu autogestionatu, parte-hartzaile, ahalduntzaile eta finkatua da.

Eta hori egin nahi dugu jazoera eta prozesu berriak, harrigarriak, batzuetan traumatikoak, batzuetan tupustekoak bizitzen ari garelako, eta erreakzionatzeko gaitasunaz gain, gogoetarako eta bereganatzeko gaitasuna ere eskatzen digutelako. Besteak beste, honelakoak gertatzen jarraitzea posible delako. Egoera klimatiko, ekonomiko eta sozialak muga ezezagunen aurrean jartzen gaitu eta aldatzen ari den eta aldatzen jarraituko duen mundurako prest egotea eskatzen digu. Edo agian, U. Becken arabera, metamorfosian dagoen mundua da. Egokia da hirugarren sektore sozialeko erakundeek  bere buruei galdetzea zer dakiten berauei eta beraien esperientziari buruz, eta etorkizun zalantzagarri baterako zer duten.

Oscar Jarak[1] esperientzien sistematizaziorako prozesuari buruz proposatzen duen definizioa hau da:

“Esperientzia bat edo gehiago “kritikoki interpretatzea. Esperientzia hori antolatu eta berreraikiz prozesuaren logika, esku hartu duten faktoreak, elkarren artean nola erlazionatu diren eta horrela zergatik egin duten azaldu edo esplizituki adierazten du.”.

Nondik dator esperientzien sistematizazioa?

Esperientzien sistematizazioa hezkuntza herritarraren eta lankidetzarako eta garapenerako proiektuen testuinguruan sortu da –batez ere landa eremuan–, Latinoamerikan. Proiektuak garatzen dituzten hainbat eragile sozial ohartu ziren prozesu horietan sortzen diren ezagutzak eta jakintzak ez direla jasotzen eta, hortaz, ezin direla partekatu beste pertsona batzuekin beste leku batzuetan. Esperientzia baten balio eraldatzailea, gogoeta egiteko aukera eta partekatzeko egokitasuna aitortzen dira. Hortik dator esperientziatik sortutako ezagutza modu ordenatuan, kritikoan eta komunikagarrian jasotzeko borondatea eta gaitasuna. Ezagutzak deskribatzailea izateaz gain, interpretatiboa izan behar du: gauzak nola gertatzen diren, zergatik gertatu ziren horrela eta ez beste modu batera, eta bizipen hori izandako taldeak zer ikaskuntza bereganatu dituen. Autoezagutzarako eta norabide anitzeko ezagutzarako proposamena da, eta aukera ematen du aldaketak egiteko, harremanak estutzeko, erakundeekin erlazioa sortzeko, ekintzak ikusarazteko eta lotura estrategikoak indartzeko.

Halaber, ikerketarako metodo gisa ere erabili da hezkuntza-prozesuetan, garapen komunitarioan eta familiekin egiteko esku-hartzeetan edo gizarte-langintzako taldeetan.  Izan ere, esku hartze sozialerako testuinguruetan aplikatu daiteke, eta beren esperientzietatik ikas dezakete testuinguru zalantzagarrietan eta aldakorretan kolektiboki orientatu eta garatzeko.

Hala, esperientziarekin lotuta dagoen ezagutza-modua da planteatzen dena, baina gogoetarako eta arrazionalizaziorako testuinguruan kokatzen da, praktikatik datorren teoria. Horri esker, egokitzapena, bilakaera eta sormen kritikoa lor daitezke. Bizitako esperientziaren elementu kritikoak berreskuratuz, ekintza eraldatzailea sor daiteke (errealitatearena eta pertsonena); eta jakintza, sentsibilitate eta gaitasun berriak eraiki. Plangintzarekin eta ebaluazioarekin lotuta dago, izan ere, hobetzeko erabakiak hartzeko aukera ematen du, baina ez da emaitzen neurketan oinarritzen, berrikuspen epistemologikotik eta jarrera kritikoarekin esperientziak berreskuratzean datza.

Hortaz, sistematizazioa uler daiteke

IKASKUNTZEN KOMUNIKAZIO gisa

IKASKUNTZARAKO TRESNA gisa

EZAGUTZA SORTZEAREN gisa

PROZESU PARTE HARTZAILE gisa

IKERKETAREKIN eta EBALUAZIOAREKIN alderatuta

 

Zer ezagutza mota eskaintzen dizkigu esperientzien sistematizazioak?

Sistematizazio-prozesuak aukera ematen digu ezagutza teorikoa, praktikan oinarritutakoa eta prozesu parte-hartzaile kolektiboaren bitartez eraikitakoa berreskuratzeko. Ikerketa kualitatibo mota bat da eta leku pribilegiatua ematen die parte-hartzaileei, subjektibotasunari, testuinguruari (tokiko historia, ikuspegiak), logikari eta praktiken zentzuei. Izan kontuan prozesuko eragileen iruditegiak. Saiatu ulertzen eta ezagutarazten elementuen artean dauden loturak, beren arteko koherentzia ulertzeko.

Gainera, ezagutza kritikoa, interpretatzailea da, ez da mugatzen datuen bilketa historiko eta antolatua edo memoriaren kontakizun soila egitera, eta, horrenbestez, esanahia berreskuratzeko ekarpena egiten du prozesuan parte hartzen duten pertsona guztientzat. Prozesu horretatik lortzen den ezagutza datuetatik (objektiboa, munduan dagoena) edo informaziotik harago doa (munduaren eta pertsonen arteko bitartekaritza adierazgarria). Ezagutza hori esperientzien ikaskuntzatik sortzen da (ideien eta gertakarien arteko elkarrizketa etengabea) eta ezagutza zabaltzea dakar.  Prozesu historiko, dinamiko eta konplexuen moduko esperientziak begiratzeko prozesua da, testuinguru sozial, ekonomiko eta kultural jakinetan eta une instituzional zehatzetan hainbat eragilek bizi izandakoak. Hau da, esperientzia bakarrak. Horietatik ikaskuntza bakarrak atera daitezke, baina baita beste pertsona eta kolektibo batzuekin partekatu daitezkeenak ere. Kontuan hartzen dira datuak, pertzepzioak, egoerak eta erlazioak testuinguruarekin. Ulermen-prozesu interpretatzailea eta eraldatzailea da eta geroko politikak eta esku-hartzeak bideratu ditzake. Halaber, kontzientzia bera indartzeko balio du: errealitatea sortzeko, erantzuteko eta eraldatzeko gai izatea, esperimentatu eta bizi izan dugun horretatik.

Taldean egin eta interpretatzeko prozesuaren emaitza izanik, parte-hartzaile guztiak horretaz jabetzea ahalbidetzen du, hortaz, indartu eta ahaldundu egiten du.

Ezagutza ez da jabetza zatikatua eta adituei dagokiena, prozesu kolektiboaren emaitza den integrazio adierazgarria baizik. Sistematizazioak ikasteko aukera eskaintzen die pertsonei, beren jarduketak ulertzeko gaitasun adierazgarria, prestakuntzarako eta jarduketa horien protagonistak ahalduntzeko.

Zentzuarekin biltzen ditu iraganeko esperientziak eta etorkizunerako aukerak zabaltzen ditu, dagoeneko bizi izandako prozesuen sendotasunetik eta ulermenetik. Eraldaketa sozialerako ezagutza da.

Jatorri eta garapenarengatik, hegemonikoa ez den jakintza da: Latinoamerikako hezkuntza herrikoitik eta kultura sozial eta akademikotik dator. Askatasunarekin eta ekintzarekin (kolektibotasunari lotutako askatasunaren eta sormenaren jarduketak) lotutako “hegoaldeko jakintzen[2]” ikuspegia eta ezagutza eskaintzen digu. Feminismoak aipatu du garrantzitsua dela jakintzaren beste jatorri eta forma batzuk kontuan hartzea, hirugarren sektorean jarduketa eraldatzaileak sortzeko. Esperientzien sistematizazioak jakintza mota hori ematen digu, eta pentsamenduaren eta esku-hartzearen eredu hegemonikoaren logika alternatiboak balioztatzen ditu.

Sistematizazioa hezigarria da eta boterea eraikitzen du. Bizitza ekonomikoaren, sozialaren, politikoaren eta kulturalaren subjektu kritiko eta sortzaile gisa eraikitzen laguntzen digun prestakuntza osoa da. Protagonismo herrikoiaren hainbat forma sortzen dituen prozesu politiko-pedagogikoa da. Botere-harreman berriak izateko gaitasunak garatzen ditu, autoritarioak, baztertzaileak, zapaltzaileak, diskriminatzaileak izan ez daitezen, bazik eta erlazio parekideak, bidezkoak, dibertsitatea eta eskubideen berdintasuna errespetatzen dutenak. Kultura politiko demokratikoa eta solidarioa eraikitzen laguntzen duten erlazioak, eta bizitzako arlo guztiak zeharkatzen dituztenak.

Gainera, ezagutza mota hori partekatzera bideratua dago. Esperientzia ezagutza-iturri berreskuragarria eta gizarteratu daitekeena da. Hain zuzen ere, bere balioan datza partekatua izateko aukera, beste eragile batzuek hortik ikastekoa eta etorkizuneko jarduketetarako kontuan hartzekoa. Jakintza partekatzea funtsezkoa da aldaketa-prozesuak sustatzeko, eta beharrezkoa da erakundeentzat; ikaskuntza besteei komunikatzeko antolatzen da.

Prozesuaren oinarrian metodo bat dago, eta horregatik, tresnak eta arrazionalizaziorako logika bat ditu, esperientzia antolatzeko, interpretatzeko, komunikatzeko eta kontzientzia hartzeko. Metodo autonomoa da, adituekiko independentea, erantzun daitekeena, eta egoera eta testuinguru bakoitzera egokitu daitekeena (hortaz, zorrotza eta malgua da aldi berean: ezin da edozein modutara egin, ezta modu bakar batean edo beti modu berdinean ere). Ahalegin analitikoa eskatzen du (prozedura antolatua, zehatza), eta ekintzatik distantzia jakin bat hartu behar da, gogoetarako berezko eskakizunekin perspektiba izatea, agerikoa denetik harago joatea. Dagoeneko egin denaren zentzua ulertuz proposamen berriak eraikitzeko erronka da. Horregatik denbora behar da. Epe luzerako inbertsioa da: eragile guztiak indartuta ateratzen dira, esperientzia nabarmen bereganatzen dutelako. Modu autonomoan egin daiteke, kanpoko baliabiderik gabe, baina izanez gero oso baliagarriak izan daitezke.

Gogoeta eta bizitza uztartzen ditu: ekintzan pentsatzeko ohitura garatzen du.

Hortaz, lortzen den ezagutza honako hau da:

-Teorikoa eta praktikoa

-Kritikoa, interpretatzailea eta esanguratsua

-Jabetza kolektibokoa, behetik gorakoa

-Ahalduntzailea

-”Hegoaldeko” jakintza

-Osoa

-Eraldatzailea

-Komunikagarria

-Prozesuala

-Autonomoa

-Dialogikoa

 

Interpretazio kritikoaren ideia ondo barneratu behar da: helburua ez da soilik deskribatzea, kontatzea, sailkatzea edo antolatzea (guztiak beharrezko ekintzak dira prozesuan), baizik eta horri guztiari zentzu kontzientea ematea interpretazioaren bitartez. Gogoeta horrek bere denbora behar du, ez da berehalakoa. Esperientziari galderak egin behar zaizkio zergatik gertatu zen ikusteko.

 

Prozesuak zer etapa ditu?

Esan dugu esperientzien sistematizazioa ikerketa-metodo kualitatiboa dela, esperientzia galdekatu egiten dela eta hortik ateratzen direla erantzunak. Galdeketa hori hainbat etapatan egiten da. Hemen jaso dugu Oscar Jarak[3] egiten duen planteamendua.

 

  1. Abiapuntua: esperientzia bizitzea

Sistematizazioa bizitutako esperientzia batetik abiatzen da beti: pertsona-talde batek parte hartu duen jarduketa jakin batetik. Beraiek izango dira prozesuaren protagonistak (nahiz eta kanpoko laguntza beharrezkoa den informazioa eskaintzeko, antolatzeko edo komunikatzeko).

Esperientziaren erregistroak dira abiapunturako materiala: aktak, txostenak, argazki-dokumentuak, grabaketak, etab.

 

  1. Hasierako galderak: sistematizazio-plana zehazten lagunduko digute.

Zertarako sistematizatu nahi dugu?

Zer esperientzia (edo horren zati bat) sistematizatu nahi dugu?

Esperientziako zer alderdi interesatzen zaizkigu? (Sistematizazioaren ardatza)

Zer informazio-iturri erabiliko ditugu?

Zer prozedura jarraituko dugu? (Plana: egin beharreko zereginak zehaztu, arduradunak, parte-hartzaileak, denborak, tresnak, baliabideak eta kronograma).

Kontuan izan behar da hasierako fokua ekintzetan dagoela, baina ulertu behar da horien azpian erlazio-sare eta ikaskuntza partekatuak daudela eta horiek azaleratzea interesgarria dela.

 

  1. Prozesua berreskuratzea

Historia berreraikitzea: gertatu zena, ordena kronologikoan. Jazoera nagusiak, iritziak, une garrantzitsuak, aldaketak, etapak sartu. Teknika grafiko (denbora-lerroak) edo narratiboen bitartez.

Informazioa antolatu eta sailkatzea: sistematizazio-ardatzaren inguruan antolatzen da eskuragarri dagoen informazio guztia (matrizeak, koadroak, diagramak, etab.).

Informazio-bilketa sistematizazio-ardatzean oinarritzen da, baina testuinguruaren informazioari erreparatzen dio, esperientziak eragiten dien erlazioen eta faktoreen sarea ulertzeko. Ahalik eta informazio gehien biltzea da gakoa, hainbat modutara (metodo eta teknika parte-hartzaileak). Gero informazio hori guztia modu deskribatzailean aurkeztu behar da (bai aurrez aurre, bai idatziz) eta berdin islatu behar dira ekarpen guztiak, parte-hartzaile guztiak islatuta senti daitezen eta ados egon daitezen berreraikuntza parte-hartzailearen oinarrizko puntuekin.

 

  1. Gogoeta sakonak: Zergatik gertatu zen gertatu zena?

-Analisia eta laburpena: interpretazio-prozesuarekin hasiko gara, lehenengo osagaiak bereizita eta gero osagaiak elkarren artean lotuta. Partikularra eta orokorra ikusten da, pertsonala eta kolektiboa.

Interpretazioa kritikoa: arrazoiengatik galdetzerakoan, tentsioak, kontraesanak, erlazioak, funtsezko faktoreak identifikatu behar dira. Esperientziaren azpian dagoen logika bilatu behar da. Praktikatik atera diren gogoetak planteamendu teorikoekin alderatu behar dira.

 

  1. Helmugak

Ondorioak eta gomendioak ateratzea: prozesuaren emaitza gisa sortzen diren baieztapenak dira. Teorikoak edo praktikoak izan daitezke. Ikaskuntza berriak ekartzen dituzte, etorkizuna zabaltzen dute. Hasierako helburuei erantzun behar diete.

Komunikazio-produktuak egitea: Ikaskuntzak partekatu egiten dira komunikazio-estrategia baten bitartez, hainbat material sortu eta esku hartzen duten pertsonekin eta beste sektore batzuekin partekatzeko modua diseinatzen da.

 

Zer behar da aplikatzeko?

-Esperientzia bat bizi izana. Sistematizazioaren aurretik jarduketa bat dago beti, eta horri aplikatzen zaio: esku-hartze bat, proiektu bat, prozesuan edo dagoeneko garatua dagoen programa edo ekintza bat.

-Sistematizatzeko motibazioa izatea. Sistematizatzeko prozesua erakundeko pertsonek modu kolektiboan onartu behar duten erronka da. Partaideen artean informazioa emateaz edo laburbiltzeaz arduratuko diren pertsonak egon daitezke, baina, nolanahi ere, esperientzia osatzen duten pertsona guztien konpromisoa izan behar da. Esperientzia baloratzea eta prozesuaren logika ulertzea talde osoaren gauza dira. Taldeak berak definituko du zertarako egin nahi duen sistematizazioa.

Prozesuan zehar kontuan izan beharko da talde barruan eta taldetik kanpo dauden botere-harremanak zeintzuk diren, bai eta iruditegi pertsonal eta kolektiboak ere.

Sistematizazioa erakundeen estrategian txertatzea. Berezko diziplina izateaz gain, sistematizazioa plangintza, ebaluazioa, ikerketa eta sistematizazioa artikulatzen dituen estrategian sartu behar da. Benetako lehentasuna ematen bazaio soilik egin daiteke.

-Partaide guztiek prozesua bereganatzea . Pertsona guztiek ados egon behar dira egitea erabaki duten prozesua dela. Ez da diagnostikoa edo ebaluazioa, baizik eta zalantzan jartzeko prozesu instituzional luzea, eta gardentasuna, elkarrekin erabakiak hartzea eta ahalegin partekatua eskatzen ditu.

Epe luzerako orientazioa: denbora eta konfiantza eskatzen dituen prozesua da. Ohikoa da ikaskuntzak, lanketa esanguratsu eta kolektibo baten emaitza direnez, azken etapara arte ez agertzea. Garrantzitsua da kontuan izatea taldeak prozesuan zehar babesa senti dezan.

Ikasteko bokazioa: jakin-mina, ezagutzeko irekitasuna, izaera kritikoa eta entzuteko gaitasuna behar dira. Era berean, balio-iritziak ekidin eta beste pertsonen pertzepzioa eta erlazioen, iruditegien eta testuinguruen garrantzia zein den ulertzen ahalegindu behar da, bai eta gogoetarako ekarpena egin ere. Esperientziari utzi behar zaio hitz egiten, eta ez saiatu eragina izaten.  Hala, esperientziaren interpretazio kritikoa sortzen da, akatsak barne, eta horietatik zentzua eraikitzen du.

-Aldaketarako irekiera: sistematizazio-prozesuan esperientzia deseraiki egiten da eta balioak, sinesmen eta jarduketa indibidual eta instituzionalak birjarri eta eraldatu egiten dira. Gauzek nola funtzionatzen duten, errealitatea nola ulertzen den eta horren gainean nola eragiten den ikusteko modu berriak zabaltzen dira. Hortaz, berrikusketa epistemologikorako prozesua da eta ulertzeko modu berriak ahalbidetzen ditu.

  

Aplikazioa: Zer sistematizatu daiteke hirugarren sektore sozialean?

Azaldu dugun moduan, esperientzien sistematizazioa esperientzia eta esperientzia horren protagonista izan diren pertsonen taldea dagoen lekuan eman daiteke. Arloa edo esku hartze mota edozein dela ere, kolektibo batek bere jarduketaren gainean gogoeta kritikoa egin nahi badu, bere esperientziaren sistematizazioan has daiteke.

Hainbat argitalpenek jasotzen dituzte egindako esperientziak edo egindako esperientzien deskribapena prozesuaren teorizazioarekin uztartzen dute. Hego Amerikan eta Europan garatutako esperientziak dira, hainbat arlotan: hezkuntza herrikoia, hezkuntza formala, giza eskubideen sustapena, udal-kudeaketa, landa-eremuko garapena, osasuna, esku-hartze soziala, gazteekin egindako lana, herritar guztientzako hezkuntza, generoa, bake-esperientziak, elkarteak, sindikatuen garapena, elikagaien segurtasuna, ekonomia solidarioa… Hemen kontsulta daitezke:

 

https://sistematizandoexperiencias.wordpress.com/bibliografia-basica/

https://cepalforja.org/sistem/bvirtual/.

http://centroderecursos.alboan.org/sistematizacion/es

https://www.iniciativasdecooperacionydesarrollo.com/category/sistematizacion-de-experiencias/

https://www.intered.org/es/recursos/guia-para-la-sistematizacion-de-experiencias-educativas-transformadoras

 

Bibliografia

Alboan, Hegoa, IDH Pedro Arrupe, (2006) La aventura de la sistematización. Cómo aprender de nuestras prácticas desde nuestras prácticas.  https://publicaciones.hegoa.ehu.eus/uploads/pdfs/55/Guia_sistematizacion_2006._Castellano.pdf?1488539189

Askunce, C; Eizagirre, M; Urrutia, G. (2004) La sistematización, una mirada a nuestras prácticas. Guía para la sistematización de experiencias de transformación social https://publicaciones.hegoa.ehu.eus/publications/165

Carvajal, A. (2004) Teoría y práctica de la sistematización de experiencias, Valle Unibertsitateko Giza Zientzien Fakultateko Argitaletxea, Cali.

FAO (2004), Guía metodológica de sistematización. Programa Especial para la Seguridad Alimentaria en Centroamérica. https://www.fao.org/3/at773s/at773s.pdf

IICA (2010), Develando experiencias: otra mirada hacia la sistematización.   http://centroderecursos.alboan.org/ebooks/0000/0913/6_DIA_DEV.pdf

Jara, O, (2011), Orientaciones teórico-prácticas para la sistematización de experiencias, Alforja. http://centroderecursos.alboan.org/sistematizacion/es/registros/6793-orientaciones-teorico-practicas-para-la

Jara, O. (2019), La Sistematización de Experiencias, práctica y teoría para otros mundos posibles.  https://cepalforja.org/sistem/bvirtual/wp-content/uploads/2019/09/La-Sistematizaci%C3%B3n-de-Experiencias-pr%C3%A1ctica-y-teor%C3%ADa-para-otros-mundos-posibles

OIT, Guía de sistematización para experiencias de sindicalización y negociación colectiva desarrolladas por organizaciones sindicales. https://www.ilo.org/wcmsp5/groups/public/—americas/—ro-lima/—sro-lima/documents/genericdocument/wcms_561223.pdf

UNESCO, (2016) Sistematización de experiencias educativas innovadoras, texto 3.  https://unesdoc.unesco.org/ark:/48223/pf0000247007

Villavicencio. R., (2009), Aprendiendo a sistematizar. Las experiencias como fuentes de conocimiento. Manual autoinstructivo.  https://www.academia.edu/34401312/

 

  • [1] Jara, O. (1994) Para Sistematizar Experiencias. 1. Arg. Alforja, San José. Aurkezpena.
  • [2] Silvia Navarro, “Feminismoa, ekologia eta desazkundea” tailerreko ekarpena, HSSEB 2017.
  • [3] O. Jara, Orientaciones teórico-prácticas para la sistematización de experiencias, Alforja 2011