Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 04/2023

Gizakiok hizkuntza dugun izakiak gara. Hizkuntzak komunikatzeko eta gizartea sortzeko aukera ematen digu, baita min emateko edo iraintzeko gaitasuna ere. Informazioaren garai honetan, gutxiengoekiko gorrotoa eta diskriminazioa azaleratzen ari dira adierazpenen, sare sozialetako mezuen, sinboloen edo bideoen bitartez, eta iraingarriak izan daitezke eta pertsona edo pertsona talde bat laidozta dezakete jatorri etnikoagatik, gutxiengo sexu-identitatea izateagatik, beste herrialde batekoa izateagatik, adinagatik, erlijioagatik, kalean bizitzeagatik, emakume izateagatik edo beste baldintza batzuengatik. Adierazpen horiek delitua izan daitezke (speech hate deiturikoa) eta zigor-kodean tipifikatuta daude. Halaber, hedatu egin dira ahozko adierazpen eraginkorrak (hate crime: irainak, mehatxuak, bortxa) kolektibo zaurgarrietako pertsonen aurka.

Narrazio eta diskurtso horiek larriak dira, alde batetik, pertsonengan eragiten duten  beldur, desahalduntze eta deslegitimazioagatik; eta, bestetik, pertsonen aurkako eraso fisikoak bihur daitezkeelako, eta, batzuetan, bihurtzen direlako. Hori guztia dela eta, pentsamendu kritikoa eta demokrazia deseraikitzen dute. Hirugarren Sektore Sozialean garrantzitsua da diskurtso horien hedapenaren gaineko kontzientzia izatea eta haien jatorria eta funtzionamendua ulertzea, narrazio alternatiboak eta neutralizazio-testuinguruak eskaini ahal izateko, baita gurekin lan egiten duten pertsonak ezagutzeko eta haien eskubideak defendatzeko ere.

Estatuko segurtasun-indarrek eta -gorputzek[1] 1.802 arau-hauste penal edo gorroto-delitu ikertu zituzten guztira Espainian 2021ean, 2019an baino % 5,63 gehiago. Delitu-fenomeno hori areagotu egin da 2014tik, eta etenaldia izan zen 2020an. Euskadin, 435 gorroto-delitu[2] erregistratu ziren 2022an (lesioak, mehatxuak eta bortxa). Gehienak delitu arrazistak edo xenofoboak izan ziren, eta, gero, sexu-orientazioagatik edo -identitateagatik egindako erasoak. Delituen kopurua esponentzialki igo da 2016az geroztik, batez ere 2021ean eta 2022an. Gorroto-delituak pertsona desberdinen, pobreen edo zaurgarrien aurkako jarrerak eta jokabideak dira, eta oztopo eta mehatxu dira berdintasunerako, duintasunerako eta demokraziarako.

  1. Jiménez Romerok “Se dice que: comentarios de opinión sobre la cuestión migratoria[3]” dokumentuan azaltzen du hiru elementuk sustatzen dutela arrazakeria eta xenofobia (eta uste dugu beste diskriminazio mota batzuetara zabal daitekeela).

Lehenik eta behin, 2008an hasi zen krisiaren ondorioek eragindako geroz eta desberdintasun sozio-ekonomiko handiagoa, COVID 19aren pandemiaren ondorioak eta Ukrainako gerraren inpaktu ekonomikoak, hala nola inflazioa eta erosteko ahalmenaren galera. Desberdintasun handiagoko testuinguruetan, errua egozteko mekanismoak eta bekatariak sustatzen dira. Alde horretatik, EAPNk[4] dio giro soziala apurtzen duten fobiek, aurreiritziek eta gezurrek lotura dutela desberdintasunaren, pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako politika publikoekin. Pobreziaren eta desberdintasunen adierazleetan[5] azkenaldian izan den hobekuntza txikia urrun dago GJHtatik eta badirudi ez dela nahikoa izango ziurgabetasun- eta ezinegon-egoerari aurre egiteko: desberdintasun sozioekonomikoa dibertsitate sozialaren aurkako jarrerekin eta jarduketekin batera existitzen da.

Bigarrenik, eremu politikoan, instituzionalean eta alderdietan izan diren ultraeskuinaren jarreren larrialdia, immigrazioaren aurkako diskurtsoekin, adierazpenekin eta gezurrekin, islamofobiaren osagarriekin eta polarizazio- eta aurkakotasun-kanpainekin. Horren ondorio da jarrera xenofoboak normalizatzea instituzioetan, eta arbuio-, gutxiespen- eta estigmatizazio-adierazpenak sustatzea.

Hirugarrenik, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera oldarkorra.  Komunikazioaren teknologien potentzialtasun komunikatiboak (berehalakotasunagatik, hedapenagatik eta anonimotasunagatik) eta kolektibo zaurgarrienganako kazetaritzako jarduketa txarrek (sentsazionalismoa) bazterkeria sozialaren pentsamendua hedatzen lagundu dute.

Gorroto-diskurtsoak eta gorroto-delituak

Gorroto-diskurtsoak[6] pertsona eta kolektibo jakin batzuen aurkako gorrotoa, umilazioa, mespretxua, jazarpena, estigmatizazioa edo mehatxua sustatu, ahalbidetu edo eragiten duten adierazpenak eta komunikazioak dira edo indarkeria-, larderia-, liskar- eta diskriminazio-ekintzak egitera bultzatzen dutenak, pertsona horien ezaugarriak direla eta (jatorri etnikoa edo kulturala, erlijioa, sinesmenak, nazionalitatea, sexu- edo genero-orientazioa, adina, desgaitasuna).  Hau da, diskriminazioa, zapalkuntza edo zaurgarritasuna jasan duten edo jasaten duten pertsona eta kolektiboei erreferentzia egiten dietenak. Gorroto-delituen egungo zigor-definizioaren arabera[7], hauek dira kaltetutako kolektiboak (egoera larrigarriei buruzko artikulua, 22.4):

-Talde etnikoak zentzu zabalean: elementu biologikoen (esaterako, azal-kolorea), historikoen, kulturalen, linguistikoen, identitate eta/edo jatorri nazionalaren (estatuduna edo estatu gabea) gainekoak eta erlijioarekin, sinesmenekin edo ideologiarekin lotuak.

-Sexuaren, sexu-orientazioaren, sexu-identitatearen eta generoaren gainean eraikitako kolektiboak

-Askotariko elementuetatik abiatuta definitutako kolektibo sozialak: familia-egoera, adina, gaixotasuna, desgaitasun/dibertsitate funtzionala edo beste baldintza sozial batzuk (gizarte-bazterkeria, etxerik ez izatea, pobrezia).

Legediak berdintasunaren eta diskriminazioaren aurkako debekuaren baitan kokatzen ditu gorroto-delituak. Berdintasun hori duintasunerako berdintasuna da eta 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko lehenengo artikuluak definitzen du: Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute. Delitu horiek hitzezkoak (hate speech) edo ekintzakoak (hate crime) izan daitezke. Gorroto-delitua da pertsona baten duintasuna urratzen den kasuetan kanpora begira egindako gorroto-adierazpena (berdintasunaren bitartez, askatasuna, segurtasuna, ohorea…).

Diskurtsoa hitzezko edo idatzizko testua izan daiteke, edo irudia, bideoa, sinboloa, keinua edo modalitate guztien arteko konbinaketa. Hortaz, gorrotoa edo arbuioa adierazten duen ekintza komunikatiboa da eta pertsona edo kolektibo espezifiko bati dago zuzenduta, gutxiesteko helburuarekin. Horrelako diskurtso moten inpaktua nabarmena da; izan ere, iraintzeko eta umiliatzeko helburua du, aipatutako kolektiboen duintasunaren aurka egiten du eta indarkeria edo diskriminazioa susta dezake; segurtasun eza eta beldurra sortzen du kolektibo osoarengan (menderatuta mantendu nahi du). Ondorio larriak ditu gizarte osoarentzat, gizarte desorekatuak eta kohesio gutxikoak sortzen baititu.

Gorroto-delitua[8], bestalde, aipatutako kolektibo jakin baten aurkako ekintza zehatzetan gauzatzen den gorrotoa da (iraina, mehatxua, bortxa, lesioak, etab.). Gorroto-sentimenduan oinarritzen den delitu mota da eta diskriminazio eta eraso forma hartzen du. Emaitza biktima deshumanizatzea da, subjektu izateari uzten baitio. Pertzepzio horren gainean, delitua egin duen pertsonak erasoa egiteko legitimazioa sentitzen du. Pertsonei ez diete direnagatik edo egin dutenagatik eraso egiten, baizik eta erasotzailearentzat adierazten duten horregatik. Hala ere, kaltea biktima parte den talde osoak pairatzen du. Hartzaileen funtsezko eskubideen aurkako erasoa da (duintasuna, diskriminaziorik ez jasateko eskubidea, berdintasuna, askatasuna, intimitatea, ohorea).

2015eko Espainiako Zigor Kodeak 510. artikuluan biltzen ditu gorroto-delitu guztiak (gorroto-diskurtsoak 1. atalean, gorroto-delituak 2a atalean) eta isunekin eta 6 hilabete eta 4 urte bitarteko kartzela-zigorrekin zigortzen ditu. Zigor kodearen erreformak aukera ematen du delitu diren edukiak sare sozialetatik eta Internetetik kentzeko.

Adierazpen-askatasunerako eskubidearen ondorioz, arbuio-adierazpen guztiak ez dira delitu. Kasurik larrienak bide penaletik zigortu behar direla uste dugu, diskurtsoa publikoa denean eta indarkeria-ekintzak, larderia, liskarra edo diskriminazioa sustatzen dutenean edo susta dezaketenean. Testuingurua, neurria eta errepikapena elementu garrantzitsuak dira diskurtsoaren larritasuna baloratzeko.

Zigortu ezin daitezkeen gorroto-delituei kaltetutako kolektiboen gaineko beste ikuspegi bat eman dezaketen narrazioekin egin dakieke aurre (kanpainen bitartez, argitalpenak, bideoak, sare sozialetako mezuak, etab.). “Narrazio alternatiboak” edo “duintzeko narrazioak” deiturikoak dira. Hori erakunde sozialek komunikazio-estrategietan txerta dezaketen orientazio garrantzitsua da.

Aporofobia

Berriki Zigor Kodean tipifikatutako (2021[9]) desberdintasunarekiko arbuio mota jakin bat aporofobia da. Kontzeptu hori sortu da planteatzeko fobia sortzen dutenak ez direla atzerriko pertsonak edo beste etnia batekoak, baizik eta pobrezia-egoeran dauden pertsonak. Baliabideak dituzten atzerriko pertsonek ez dute arbuiorik sortzen, guztiz kontrakoa, diru-sarrerak ekartzea espero baita, eta gogo handiz hartzen dira. Mespretxua sortzen dutenak pobrezia-egoeran dauden pertsonak dira, baliabideak eskaini ezin dituztenak, baizik eta arazoak.

Egoera hori izendatzeko, Adela Cortina filosofoak «aporofobia» terminoa proposatu zuen 90eko hamarkadan, eta 2017an onartu duen RAEk. Aporofobiak pobrezia-, zaurgarritasun- edo prekarietate-egoeran dauden pertsonen aurkako gorrotoa, aurkakotasuna edo arbuioa definitzen du. Garrantzitsua da errealitate hori izendatzen duen hitz bat izatea, egoera horietan dauden pertsonak ezkutatu edo ikusezin bihurtzen dituen narrazioa desaktibatzeko. Egoera berdinean egiteko aukera errefusatzen da haiengan eta gizarteko gaitzen errua egozten zaie. Pertsonak erantzule egitearekin egiturazko arazoari ihes egiten zaio, segurtasunik ezaren eta ziurgabetasunaren aurrean defendatzeko erreakzio gisa. Pertsona bere egoerarekin identifikatzen da, bere historia edozein dela ere. Meritokrazian oinarritutako ideologien arabera pobrezia jarrera pertsonalaren ondorio da (ez egiturazko egoera) eta pertsonak mespretxatzen dituzte, egoeraren erruduntzat hartzen baitituzte. Joera ideologiko hori ez dator bat behin eta berriz agertzen den ebidentziarekin: pobrezia iragarleak ez direla kontrolagarriak, hain zuzen ere (familia-errenta, jaiolekua edo jatorrizko testuinguru soziala, “posta kodearen determinismoa” deiturikoa, besteak beste).

Aporofobia mendebaldeko gizartearen berezko ezaugarria da eta elkarrekikotasunaren eta truke ekonomikoaren printzipioan oinarritzen da, non pertsonek erabilgarritasunen bat izan behar duten sisteman. Baliabiderik gabeko pertsonak baztertu egiten dira badirudielako ez dutela eskaintzeko ezer. Gaitzespen hori delitu izatera igarotzen da portaeren bidez adierazten denean: irainak, isekak, indarkeria fisikoa, baita erailketa ere. Etxegabeak bereziki zaurgarriak dira indarkeria honekiko: Hogar Sí elkarteak dio, Hatento behatokiaren[10] ikerketen bitartez, etxegabeen % 47k gorroto-delitu edo -jazoeraren bat pairatu duela eta % 81ek behin baino gehiagotan.

Testuinguru honetan, fobia hitza erabiltzen da arbuioa, aurkakotasuna eta gorrotoa adierazteko, etimologiak ahalbidetzen duen zentzu zabalean, eta ez psikologiaren zentzu espezifiko eta klinikoan.  Egoera zaurgarrian dauden pertsonen bazterkeria indartzen duen disfuntzio soziala da. Fobia klinikoekin gertatzen denaren kontrara, kasu honetan, arbuioa jasaten duen pertsonaren bizi-kalitatean du eragina; horregatik, erraz ikasi eta zabal daiteke.

Dilema sozialak, isolamendua eta arbuioa

2018an, Barne Ministerioaren enkarguz, Madrilgo auzo bateko bizilagunek immigranteekiko zituzten pertzepzioen, jarreren eta posizionamenduen gaineko ikerketa egin zen[11]. Bertan, auzoko hainbat talderen osaketa soziala aztertzen zen, bakoitzak immigranteekiko (auzoko bizilagunak horiek ere) zituen argudioak eta jokabideak, beharrak eta motibazioak. Txostenak hainbat jarduketa-ildo proposatzen zituen administrazio publikoentzat, baita gizarte-erakundeentzat ere. Elementu batzuk berreskuratuko ditugu gure gogoetarako[12]:

-Ingurune bakoitzeko talde sozialen azterketak aukera ematen digu gorroto-delituak nola sortzen diren eta zer prozesuk desaktiba ditzaketen aztertzeko. Arrazakeriaren eta xenofobiaren sakoneko arrazoiak egiturazkoak dira, eta lotuta daude norbanakoek gizartean duten posizioarekin. Talde sozialen jatorria eta ezaugarriak ezagutuz, migrazioaren gainean dituzten pertzepzioak, diskurtsoak eta jarrerak kontrasta daitezke eta subjektu sozialak munduan nola orientatzen diren eta errealitatea nola epaitzen duten desberdindu (kontraesanak barne).

-Halaber, garrantzitsua da bizimodu komunak dituen dilema konplexuak aitortzea, aurkako jarreren erro sakonak. Mundua ulertzeko eta izateko moduak bereizi egin dira eta ezin da errealitate politikoan pentsatu identitate pertsonalaren auzia eta zauriak kontuan hartu gabe. Identitate horren oinarria materiala eta kolektiboa da, baina modu isolatu eta subjektiboan bizi ohi da. Pertsonak isolatuta bizi direnean (beren mundu-ikuskeran) askoz ahulagoak dira eta gaitzen edo erortzeko beldurren errua besteei egozten diete. Isolamenduaren ondorioz, zentzuaren hutsunea normalean etsaitasunezko fantasiekin eta besteenganako elkartasun negatiboarekin betetzen da. Oihartzuna sareetan bilatzen duten bakardade horiek joera sozial sendoagoak, korronte politikoak edo indarkeriaren edo erasoen eztandak bihur daitezke.

-Mesfidantza-, arbuio- eta erreakzio-jarrerek askotariko baldintzatzaileak dituzte eta egiturazko lanketa behar duten egituretan bermatzen dira. Oinarrizko esku-hartzeez gain, politika publikoek asko dute egiteko eta esateko horren gainean. Administrazioak atzerriko pertsonekiko jarrera anbiguo edo inkoherentea izateak ez du horien gizarteratzea sustatzen, ezta gizarteak jarrera abegitsua izaten laguntzen ere.

-Krisiaren, ziurgabetasunaren, desorientazioaren eta zatiketa sozialaren egoera orokorrak bizikidetza zaila sortzen du. Hala ere, komeni da gogoratzea bizikidetza gatazkatsua dela. Elkarbizitzarako eta eztabaidarako bideak baldin badaude soilik ihes egin dezakete pertsonek fantasietatik eta zentzua eraiki. Helburua dibertsitatean elkar bizitzeko formulak aurkitzea da, horrek dakarren konplexutasun eta gatazkarekin, deserosotasun, kexa eta nahigabe maila jakin batzuekin.

-Ehundura soziala garatu eta indartzea ezinbesteko baldintza da biztanleria heldu, parte-hartzailea eta demokratikoa izateko, eta eskubide kolektiboetan, duintasunean eta errespetuan aurrera egiteko. Era berean, egiturazko erabakiak behar dira (politika sozialak, hirigintzako neurriak, esku-hartze hezitzailea) dibertsitatea txertatzea sustatu eta errazteko.

-Informazioa eta sentsibilizazioa beharrezkoak dira, baina ez dituzte gizarte-talde guztiek modu berean jasotzen, eta ez dute inpaktu bera. Informazioak berak ez du apenas pisurik pertsonek hainbat gauza sinistu nahi dituztenean.

-Errespetua sortzen duena bestearen autoritatea modu aktiboan aitortzea da. Aitortzeko “bestea” sentitu behar da, ez da norberaren identitatetik sortzen, eta, era berean, ez da aurkako gisa ikusi behar. Isolatutako pertsonak ez dira besteekin berdintasunean sartzen, ez zaie autoritate morala edo intelektuala aitortzen. Hortaz, haien ideiak eta oihartzun egiten dienak soilik balioko du.

Horregatik da hain garrantzitsua espazio publikoa, pertsonek besteekiko betebeharrak izan ditzaketelako eta beren burua aitor dezaketelako. Isolatutako norbanakoen gizartea mehatxua da esfera sozial eta politikoarentzat, eta bertan eraikitzen da berdintasuna. Estrategia interesgarria izango litzateke isolatutako pertsona horiek beren funtzioa aurkitu ahal izatea eta besteak laguntzea.

Halaber, gizarte-bazterkerian edo -arriskuan dauden pertsonen parte-hartze publikoa esanguratsua da; protagonistak izatea eta eragiten dien horretan parte hartzea. Parte-hartzeak espazio sozial berriak konfiguratzeko aukera ematen du eta pertsonak mugimendu sozialetan, gobernuko erakundeetan eta erakunde sozialetan sartzeko aukera, egoera batzuk aldarrikatzeko edo aldaketak eskatzeko. Helburua baztertutako pertsonek eragin politikoa izateko aukera planteatzea da, eta, horrekin, pertsona guztiek duten erabateko herritartasuna izateko eskubideak aldarrikatzea.

 Zer egin dezakete erakunde sozialek gorroto-delituen aurrean?

Galdera honi erantzun integral bat eskaintzen dio CEAR-Euskadik argitaratutako gida hau:   “Guía contra incendios: ciudadanía ante los discursos políticos xenófobos”[13].

Gure aldetik hirugarren sektore sozialeko erakundeentzat proposamen batzuk garatzen ditugu hemen.

  1. IZENDATU

Gorroto-diskurtsoak desaktibatzeko, lehenik eta behin fobiak azaleratu behar dira: izendatu, deskribatu, aitortu. Adela Cortinak “aporofobia” hitza sortu zuenean, gogorarazi zuen hitzek errealitatea sortzen dutela eta demokrazia egiten dutela; errealitate sozialei beren izenez deitu behar zaie, adierazi ahal izateko eta, hala, horiek mantendu ala desaktibatu erabakitzeko. Gorroto-delituak jorratzeko, ekintza linguistikoak izanik, beste ekintza linguistiko batzuk behar dira. Hala, errealitate sozial horiek ulertzen eta desartikulatzen laguntzen diguten kontzeptuak sortu ditugu. Horien existentzia eta garapena ulertu behar dugu, betetzen ari diren funtzio soziala (ondoezak kanalizatuz, hutsunea betez, ziurgabetasun sozialari erantzunez eta amorru eta frustrazio sentimenduentzako lekua eskainiz) eta bitarteko digitalen bidez eskuratzen duten potentzia.

  1. SALATU

Gorroto-diskurtsoak eta -ekintzak delitu gisa jaso eta tipifikatu behar dira, eta salatu[14]. Salaketarako hainbat tresna daude, bai instituzionalak (espezializatutako fiskaltzak, segurtasun-gorputzak), bai Interneten. Ertzaintzan[15] (112), Polizia Nazionalean (091), edo Guardia Zibilean (062) jar daiteke salaketa, ALERTCOPS aplikazioaren bidez; gorroto-delituentzako eta diskriminazioaren aurka espezializatutako lurraldeko fiskaltzan (lurralde bakoitzean dago) edo instrukzio-epaitegian (horietan aurki ditzakegu delitu-biktimei laguntzeko bulegoak, orientazio espezializatua ematen dutenak). ACCEM Gasteizek orientazioa eta laguntza eskaintzen die arraza- edo etnia-diskriminazioaren biktima direnei.[16]

Gainera, salaketa jartzeko kaltetutako pertsonek beren eskubideak eta salaketa jarri ahal izateko dauden mekanismoak ezagutu behar dituzte. Salaketa ez jartzeko joera altua da (% 89,4). Pertsona asko ez dira kontziente halako delitu mota baten biktimak direla, alde batetik, gorroto-jokabideak naturalizatuta daudelako, eta, bestetik, biktima gisa identifikatzeko zailtasunak daudelako. Delituak hautematea lehen urratsa da horiek desagertzea sustatzeko, eta eskubideak aitortu eta horien gainean sentsibilizatu behar da (hau da, kaltetutako pertsonen ahalduntzea). Hirugarren sektore sozialeko erakundeen lana oso garrantzitsua da horretarako.

Gainera, ingurune sozialeko kolektiboen multzo batek Gorroto-delituen aurkako itun soziala (21-3-23)[17],  sustatu du, 2023ko martxoan sinatua. Itunak neurri zehatzak proposatzen ditu, hala nola sentsibilizazio-kanpainak egitea; gorroto-delituen azterketa estatistikoa; mezu horiek zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonengan duten inpaktu indibidual eta kolektiboari buruzko urteko azterketa egitea edo gorroto-delituen gaineko prestakuntza eskaintzea lan-inguruneetan, funtzionarioei, Estatuko Segurtasun gorputz eta Indarrei, ikastetxeetan eta osasun-arloan.

  1. EZAGUTZA SORTZEA

Ikerketa-lana lotuta dago salaketarekin. Hainbat erakundek txostenak eta ikerketak egiten dituzte, bai aurreiritziak eta estereotipoak desmuntatzeko, bai tresnak eta salaketa-prozedurak aktibatzeko. Batzuk aipatuko ditugu hemen adibide gisa:

Eraberean: Eusko Jaurlaritzak (Familia Politika eta Aniztasuna arloko Zuzendaritzaren bitartez) eta immigrazioaren, ijito herriaren eta LGTBI kolektiboen arloko hainbat erakundek eratutako sarea da.  Tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren alde egiten du.  Diskriminazio-kasuetan, aholkularitza eta laguntza eskaintzen du, eta jarduteko gidak eta txostenak egiten ditu. https://www.euskadi.eus/tratu-berdintasun-sarea/web01-a2eraber/eu/

EHUko Giza Eskubideen UNESCO katedrak urtero argitaratzen du Euskadiko gorroto-jazoeren gaineko txostena:  http://katedraddhh.eus/eus/publicaciones/publicaciones.php

Gasteizko LGTBIQ+ Behatokiak txosten bat editatzen du urtero kolektibo horren aurkako jazoerei buruz: https://ikusgune.eus/eu/documentacion.

Zurrumurruen aurkako ZAS. https://zas.eus/eu. Eragile sozialen eta instituzionalen sarea da eta sentsibilizazio sozialerako estrategia garatzen du, diskriminazioa eta xenofobia prebenitzeko, bizikidetza hobetzeko eta kultur dibertsitatearen indarra aprobetxatzeko. Bere webgunean hainbat ekimen, ikerketa-material eta prestakuntza-proposamen aurki daitezke.

Oberaxe: Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Espainiako Behatokia ezagutzeko, aztertzeko eta sustatzeko plataforma da, arrazakeriari, arraza-diskriminazioari, xenofobiari eta beste intolerantzia mota batzuei aurre egiteko, baita gorroto-jazoerei eta -delituei erehttps://www.inclusion.gob.es/oberaxe/es/index.htm

SOS Arrazakeria:  giza eskubideen defentsan eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka lan egiten duten elkarte autonomoen federazioa da.  Egiten dituen jardueren barruan daude ikerketa, informazioa, sentsibilizazioa eta prestakuntza, baita salaketa eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako mekanismo alternatiboak bilatzea ere (hala nola justizia errestauratiboa).  https://sosracismo.eu/delitos-de-odio/

EAPN:  pobreziaren aurkako borrokaren Europako sareak hainbat material ditu argitaratuta (elkarrizketak, infografia, txostenak, gidak) eta eskuragarri webgunean; https://www.eapn.es/contraporofobia/

Nazio Batuek ikuspegi orokorra eskaintzen dute gorroto-diskurtsoaren gainean: https://www.un.org/es/hate-speech. Munduko gorroto-diskurtsoen, dakartzan ondorio larrien eta komunikazioaren eta heziketaren bitartez gorrotoarekin amaitzeko aukeren gainean gogoeta egiteko eta baliabideak eskaintzeko espazioa da.

Ongi Etorri Errefuxiatuak, pertsona migratzaileen eta errefuxiatuen defentsarako plataforma. Osatzen duten erakundeen eskutik gidak, txostenak eta bestelako materialak eskaintzen ditu giza eskubideeen eta migrazioen inguruan: https://ongietorrierrefuxiatuak.info/eu/

Dibertsitatearen errealitateari, desgaitasunari, kulturatekotasunari, gutxiengoei, migrazioei, hizkera inklusiboari, pobreziari eta gizarte-bazterkeriari buruzko ezagutza egokia izatea erabakigarria da gizarte askea, tolerantea eta inklusiboa eraikitzeko. Horretarako datu zehatzak eta bereiziak bildu behar dira, talde jakin batzuenganako gorrotoa sustatzen duten askotariko faktoreak eta gabezien, desabantailen eta diskriminazioen askotariko geruzak ulertzeko. Informazioari, azterketei eta ulermen kritiko eta xeheari esker, erantzukizun sozial eta ekonomikoak bere lekuan jarri ahal izango dira, eta diskriminazioaren, gorrotoaren eta aporofobiaren aurkako politika publikoak eta legedi egokia garatu.

Halaber, mitoak eta uste faltsuak desartikulatzeko aukera ematen dute. Immigrazioari dagokionez, esaterako, biztanleria migratzaileak bai jatorrizko herrialdean, bai helmuga-herrialdean egiten duen ekarpena dokumentatuta eta aitortuta dago[18], nahiz eta datuak ez diren iritzi publikora heltzen. Perspektiba falta hori dela eta, pertsona jakin batzuen eta kolektibo desberdinen, besteen eta “arraroen” aurkako pertzepzioak, jarrerak, diskurtsoak eta jarduketak sortzen dira.

Datu ekonomikoez gain, hirugarren sektore sozialean, pertsona zaurgarriei laguntzeko eta haiekin erlazionatzeko esperientziak aukera ematen die bai profesionalei, bai boluntarioei lotura horien gaineko kontzientzia izaten. Bilakaera-prozesu eraldatzaileen lekuko izatea, elkartasun-esperientzia eta elkar aberastea aski aitortuta eta dokumentatuta daude. Ez dago giza harremanari ekarpenik egin ezin diezaiokeen inor.

Halaber, azterketa horiek egungo gizartean dauden botere- eta pribilegio-jarrerak zalantzan jartzen lagun diezagukete, eta herritartasun-kontzeptua ikuspegi kolonial, zuri eta hegemonikotik harago zabaltzen.

  1. HEZTEA

Hezkuntza gure garunaren plastikotasunetik eta gure izaera ebolutibotik eratorritako aukera da: ikasi dezakegu, aldatu gaitezke. Hezkuntza (formala zein informala) estrategia baliotsua da gorroto-diskurtsoa, bere arrazoi eta adierazpenak sahietsi eta murrizteko.

Behar dugun hezkuntza mota da, alde batetik, errukian oinarritzen den hezkuntza: beste pertsona batzuen tristura eta alaitasuna sentitzeko gaitasuna ereitea, norberaren eta besteen emozioak ulertzea, elkarbizitza hobea izateko. Gorroto-sentimenduen aurrean (ezin dira bere horretan debekatu), desberdinarekiko sentsibilitatea, alaitasuna eta maitasuna erein daiteke.

Bestalde, giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza izan beharko da. Beren eskubideak identifikatu eta aldarrikatzeko ezagutzak garatzen dituztenek, aurreiritziak aitortzeko eta aldaketarako eragile bihurtzeko aukera izango dute halaber.

Hezkuntzan eragiteko politika publiko egokiak behar dira. Hezkuntzaren arloa, formala zein informala, espazio oso sentibera da elkarbizitza-prozesuetarako eta kulturartekotasuna txertatzeko. Hezkuntza berdintasun sozialerako espazioa zen lehen, baina, orain, geroz eta gehiago bereizi eta desberdintzen dela ikusten ari gara, bere balio-egitura eta estratifikazio propioa sortuz. Integrazioa eta elkarbizitza sustatzen duten politikak egin daitezke hezkuntza-sistematik. UNESCOk gida bat editatu du berriki gorroto-delituei hezkuntza-politikatik aurre egiteko, munduko biztanleriaren ikuspegitik.[19]

Halaber, aukerak daude hezkuntza-inguruneetan parte-hartzea estimulatzeko. Trinidad Vicenteren[20] arabera, Euskadiko ikastetxeen eta inguruko beste eragileen arteko loturak oso mugatuak dira: jarduerak puntualki egiten dituzte, argi definitutako estrategiarik gabe, eta, hala, ikasleek bigarren mailako ikaskuntza gisa interpretatzen dute. Beharrezkoa da biztanleria dibertsioa integratzea ordezkaritza-organoetan eta ikastetxeetako dinamiketan, komunikazioa, parte-hartzea eta lankidetza-harremanak sustatzeko.

Bestalde, curriculuma bera elkarbizitzaren ikaskuntza jorratzeko espazioa da. Kulturarteko lehiakortasuna eta lehiakortasun soziala eta herritarrena funtsezkoak dira kultura demokratikorako eta kohesio sozialerako; lekua izan behar dute gure curriculumean. Horretarako, eskola birpentsatu behar da, giza eskubideetatik, justiziatik eta elkartasunetik hezteko. Hiritartasun globalaren inguruan artikulatutako curriculumarekin desberdintasun estrukturala uler daiteke eta eraldaketarako deiak eta ekimenak sortzeko ekarpena egin[21].

Hezkuntza ez formalak, halaber, zeregin garrantzitsua du hezkuntzako betebehar honetan, bai prebentzio-lanari, bai diskurtsoen gaineko intzidentzia zuzenari dagokionez. Adibide gisa, Getxoko Asibizia elkartea Kiribil sarearen parte da, hainbat urte daramatza zurrumurruen aurkako gazte talde bat kudeatzen, udalerriko Zurrumurruen Aurkako Estrategiarekin lotutako proiektu batekin.

  1. KOMUNIKATU

Gorroto-diskurtsoei aurre egiteko, oso garrantzitsuak dira duintasun-diskurtsoak: kaltetutako pertsonetatik abiatuta sortzea diskurtsoak. Gorroto-delituek mespretxatutako kolektibo guztiek dute diskurtso sozialean ekarpena egiteko hitza, eta erakundeek zeregin oso garrantzitsua dute ahots eta diskurtso hori zabaltzeko. Komunikazioko jardunbide egokiak[22] egiten ari dira alde horretatik.

Lider politikoek erantzukizun berezia dute gorrotoa ez sustatzeko eta gorrotoa susta dezaketen mezuak ofizialki gaitzesteko. Horretarako, beharrezkoa da alderdien konpromiso etikoa. Bai pertsonaia publikoek, bai kazetariek eta komunikabideetako erakundeek, sentsibilizatuta egon behar dute iritzi publikoaren sortzaile gisa duten zereginaz, eta hizkera egokia erabili behar dute.

Acoge Sareak[23] immigrazionalismoari buruzko txostena argitaratzen du urtero (immigrazioari buruzko albisteen tratamendu sentsazionalista). Horietan alerta, mesfidantza eta beldurra sortzen dute kazetaritzako jarduketa okerrak aztertzen dira, aise bihurtzen baitira gorroto-delitu.

Kezka eragiten ari den beste narrazio-espazio bat (gazteen artean duen zabalkundearengatik eta inpaktuarengatik) manosfera da (feminismoaren aurkakotasuna, gizonen biktimismoa eta diskurtso misoginoak bereizgarri dituzten espazio digitalen multzoa) . Testuinguru horretan, FADek[24] arrazoien azterketa egiten du, gorroto-delitu horiek desartikulatu ahal izateko.

Komunikazioko jardunbide egokiak sustatzeko, EAPNk[25] eta Barne Ministerioak iradokizun batzuk proposatzen dituzte sentsibilizatzeko eta komunikatzeko:

+Mezuak eta irudiak testuinguruan jartzea, bereizitako ikuspegiak ekiditeko. Ikuspegi inklusiboa erabiltzea, errealitatean dagoen dibertsitatea ordezkatzeko.

+ Pertsonei ahotsa ematea eta, ahal den neurrian, beren historiako protagonista izan daitezen ahalbidetzea. Kaltetutako pertsonen lekukotzak gehitzea.

+ Adierazpen, termino edo irudi estereotipatuak ekiditea, mito faltsuak ez indartzeko.

+ Intimitatearekiko eskubidea eta irudia bera errespetatzea, tartean sartzea eta beharrezkoa ez den espekulazioa ekidinez. Bereziki garrantzitsua da haurren eskubideak bermatzea, irudien erabilera bereizgabeari dagokionez.

+ Lantzen dugun errealitatea arazo sozial gisa aurkeztea, ez kasu isolatu gisa. Halaber, pertsonak gizarteetako, tradizioetako eta kulturetako kide gisa aurkeztea.

+ Zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen errukia edo errua erregutzen duten mezuak ekiditea. Mezu positiboak zabaltzea, lorpena, autonomia eta ahalduntzea sustatzen dutenak.

+ Eraldaketa soziala hartzea komunikazioaren azken helburutzat, biztanleria hori lortzera sustatuz eta inplikatuz.

+ Informazioaren tratamendu etikoa, egiazkoa eta gardena defendatzea.

+Tokiko espazioaren balioa harrera-gaitasuna dela erakustea: auzoa, herria, gertuko ingurunea dibertsitatearen harrera egiteko gaitasuna duen leku gisa planteatzea.

+Posizioak eta egoerak desberdintzea. Identifikazioa mehatxutzat hartzen da (“ni zu naiz” mezuak beldurtzen gaituena iradoki dezake –erortzeko arriskua, pribilegioak galtzea, aberrigabea izatea–). Jardunbide egokien laburpen praktiko eta eraginkorra da Aragoiko kazetarien elkargoak eskaintzen duena[26]. Hiru arau eta lau gogoeta izateaz gain, narrazioaren aurkako komunikazioaren eredu inspiratzaile batzuk eskaintzen ditu.

Ondorioak

Zer dute komunean gorroto-diskurtso horien xede diren kolektiboek? Pertsona anitz eta zaurgarrien kolektiboak dira, bere eskubideak berreskuratu eta zainduak izatea behar dutenak. Hirugarren Sektore Soziala espazio pribilegiatua da dibertsitatearen, elkartasunaren eta kohesio sozialaren kontzientzia sostengatzeko, eta horren kargu egiteko, baita jorratzen dituzten egituretan eta politiketan eragina izateko ere.  Eta hori hiru dimentsiotan:

-Komunikazioa: errealitate soziala sortzea sinboloetatik, hizkeratik eta kontakizunetatik abiatuta. Sektore sozialak gizarte demokratiko, parekide, integratzaile eta inklusiboaren bitartez kontakizunak sortzeko eta zabaltzeko aukera du, bere diskurtsoen eta komunikazioko jardunbide egokien bitartez.

-Dibertsitatea: dibertsitatea onartzea egitate, behar eta giza baldintza gisa. Gorroto-diskurtsoen mehatxuak adin ertaineko gizon zuri, europar eta arrakastatsuak ez diren pertsonen aurka zuzentzen dira. Hau da, Hirugarren Sektore Sozialarekin laguntzen dituen eta haiekin lan egiten duen pertsona guztien aurka. Dibertsitatea aldarrikatu eta ikusaraztea, beraz, gure zereginaren parte da.

-Antolaketa: ehundura soziala indartzea funtsezkoa da geroz eta zatituago dagoen gizartearentzat eta mehatxatuta dagoen demokraziarentzat. Hirugarren Sektore Sozialak zeregin garrantzitsua du bere erakundeen artikulazioan, egituraketan eta intzidentzia politikoan.

 

[1] https://www.lamoncloa.gob.es/serviciosdeprensa/notasprensa/interior/Paginas/2022/031022-informe-delitos-odio-2021.aspx

[2]https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/-/noticia/2023/euskadi-registro-438-incidentes-odio-2022-inmensa-mayoria-fueron-lesiones-amenazas-y-coaccione

[3]

[4] https://www.eapn.es/publicaciones/514/guia-de-buenas-practicas-contra-la-discriminacion-los-discursos-de-odio-y-la-aporofobia

[5] https://www.eapn.es/publicaciones/525/estado-de-la-pobreza-en-espana-2023-primer-avance-de-resultados

[6] Europako Kontseiluaren Arrazakeriaren eta Tolerantziarik Ezaren Aurkako Europako Batzordearen (ECRI) 15. gomendioa, hemen dago jasota: https://www.gitanos.org/upload/96/00/GUIA_COMBATIR_DISCURSO_ODIO_FSG.pdf

[7] J.M. Landa, Julia Shershneva (Ed.). (2023). Zabaldu #1. Dimensiones desde la desigualdad. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitaletxe Zerbitzua https://www.ikuspegi.eus/documentos/zabaldu/zabaldu1cas.pdf

[8]Kontzeptu horien gaineko azalpen juridikoen berri izateko, Esplai Fundazioaren webinar berria ikus dezakezue, “Aproximación a los delitos de odio”, https://www.youtube.com/watch?v=bNMZjDPQdjY

[9] https://hogarsi.org/aporofobia-codigo-penal/

[10] Gorroto delituen behatokia. https://hogarsi.org/hatento/

[11] https://www.inclusion.gob.es/oberaxe/ficheros/documentos/Percepcioneslargo.pdf

[12]Ikerketan bertan honakoa aipatzen da: “langabezia eta pobretzea, langile-kulturaren krisia, auzokoen arteko harremanen apurketa, isolatuta sentitzea eta bizilagun berriekiko mesfidantza soziala, ez soilik immigrante edo errefuxiatuekiko, baizik eta hirian mugitzen diren pertsonak guztiekiko. Ezaugarri horiek guztiak beste leku askotan aurki daitezke eta abstrakzio-ariketa egiteko eta emaitzak aurreikusteko aukera ematen dute” (9. orria)

[13] https://zehar.eus/eu/tag/suteen-aurkako-gida/

[14]Hemen ikus daitezke salaketa-prozedurak

https://lgtbi-behatokia.eus/wp-content/uploads/2022/09/Guia-Breve-Victimas-Delitos-de-Odio-LGTBIfobicos.pdf

https://www.gitanos.org/upload/13/39/guia_antigitanismo_Fakali.pdf

https://www.eapn.es/publicaciones/516/infografia-como-denunciar-un-delito-de-odio

[15]https://www.ertzaintza.euskadi.eus/lfr/eu/web/ertzaintza/inicio?p_p_id=com_liferay_portal_search_web_portlet_SearchPortlet&p_p_lifecycle=0&p_p_state=m

[16] https://www.accem.es/conoce-el-servicio-de-accem-de-asistencia-a-victimas-de-discriminacion-racial-o-etnica/

[17] https://hogarsi.org/pacto-social-contra-discursos-odio/

Itun Soziala Lesbianen, Gayen, Transen, Bisexualen eta Intersexualen Estatuko Federazioak (FELGTBI+); Triángulo Fundazioak; Chrysallis elkarteak; ONCE Fundazioak; CERMIk; Cesidak; Espainiako Gazteriaren Batzordeak; Acoge Sareak; CEARek; HOGAR SÍ elkarteak; Ijitoen Idazkaritza Fundazioak; CCOOk eta UGTk sinatu dute.

[18]

https://www.nadiesinfuturo.org/IMG/pdf/INFORME_ARRAIGO_SOBRE_EL_ALAMBRE.pdf

[19] https://www.unesco.org/es/articles/lo-que-debe-saber-sobre-la-nueva-guia-para-combatir-los-discursos-de-odio-mediante-la-educacion#%C2%BFqu%C3%A9-aspecto-tiene

[20] Trinidad Vicente, “Inmigración y desigualdades sociales: el desafío de la inclusión en la sociedad vasca”, Zabaldu, 2023. https://www.ikuspegi.eus/documentos/zabaldu/zabaldu1cas.pdf

[21] https://intered.org/es/recursos/un-curriculo-orientado-la-ciudadania-global-aportes-para-su-construccion

[22]  https://www.eapn.es/publicaciones/514/guia-de-buenas-practicas-contra-la-discriminacion-los-discursos-de-odio-y-la-aporofobia

https://periodistasdearagon.org/wp-content/uploads/2022/01/Gu%C3%ADa-did%C3%A1ctica-migraciones.pdf

[23]Hemen kontsulta ditzakezue txosten horiek: https://inmigracionalismo.es/proyecto/

[24] https://www.adolescenciayjuventud.org/wp-content/uploads/2021/02/Jovenes_en_la_Manosfera_Centro-Reina-Sofia_FAD.pdf

[25] EAPN, Diskriminazioaren, gorroto-delituen eta aprofobiaren aurkako jardunbide egokien gida.https://www.eapn.es/publicaciones/514/guia-de-buenas-practicas-contra-la-discriminacion-los-discursos-de-odio-y-la-aporofobia

[26] https://periodistasdearagon.org/wp-content/uploads/2022/01/Gu%C3%ADa-did%C3%A1ctica-migraciones.pdf