Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 08/2021

“Modernitatean zehar mendebaldeko gizartean finkatutako pentsamendu-eredua eta bizitza sostengatzen duten oinarri materialak elkarren kontrakoak dira. […] Pertsonen bizitza modu materialean sostengatzen duten gauzen inguruan pentsatzen badugu, ezinbesteko bi mendekotasun topa ditzakegu segituan: norbanako bakoitzak naturarekiko eta beste pertsonekiko duen mendekotasuna.” [1]  

Gizarte- eta hezkuntza-ekintzaren etorkizuneko erronken gaineko webinarrean parte hartzera gonbidatu gintuen joan den maiatzaren 18an Kataluniako Oberta Unibertsitateak. Unibertsitate horretan Psikologia eta Hezkuntza Zientzien gaineko ikasketak sortu zituzteneko 25. urteurrena ospatzeko egindako webinar-zikloaren parte izan zen proposamen hura. Ikasketa horietako ezagutza arlo ezberdinen etorkizuneko erronken gainean hausnartzea zen zikloaren helburua, eta, zehazki, kasu honetan, gizarte- eta hezkuntza-ekintzaren arloko erronken inguruan.

Esteka honetan ikus dezakezue eztabaida. Bertan, Raul Castillo gure lankideak parte hartu zuen Ricardo Fandiño eta Diego Silvarekin batera. Lehena psikologo kliniko galiziarra da, nerabeen arloan lan egiten du eta ASEIA elkarteko presidentea da (Asociación para a Saúde Emocional na Infancia e a Adolescencia). Bigarrena, Montevideoko gizarte-hezitzailea da, eta haurren, nerabeen eta familien inguruko hainbat proiektu koordinatzen ditu; gainera, gizarte hezitzaileen prestakuntzako praktiketako eta gizarte-pedagogiako irakaslea da, eta Gizarte Pedagogia Sailaren baitako Gizarte Pedagogia eta Subjektibazio Ikasketen Sareko ikertzailea.

Jordi Planella UOCeko Gizarte Pedagogiako Katedradunak eta ekitaldiaren koordinatzaileak mahai gainean jarritako abiapuntuaren arabera, azken urteetan eta, bereziki, 2008ko krisialdiaz geroztik, aldaketa sozial, ekonomiko, estruktural… esanguratsuak eta handiak bizi izan ditugu, eta horrek gure gizarte osoari eragin dio. Hala, premiazkoa da aldaketa horiek aztertzea eta horien inguruan hausnartzea, erantzun zehatzak eta egokiak eman ahal izateko. 2020ko martxoaz geroztik, COVID-19aren krisiak tenkatu egin gaitu berriro ere, eta aldi honetan indar handiagoz; errotikako aldaketa izan da. Hala, pertsonen bizitzetan eragindako kalteak neurtzeko daude oraindik.

Testuinguru honetan hiru galdera multzo proposatu zizkigun Jordik. Idatzi honetan apur bat luzeago jaso nahi ditugu galdera horiei erantzuteko Behatokiak egindako oharrak. Aintzat hartu behar da gure ezagutza arlotik, gure begiradatik eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeekin lotuta dugun esperientziatik abiatuta egin ditugula ohar horiek.

SORTZEN ARI DIREN ARAZO SOZIALEN KARTOGRAFIA

Zein dira 2008tik gaur egunera arte sektorean gertatutako aldaketa nagusiak?

Aldaketa sozialak aztertu aurretik, Behatokian garrantzitsua iruditzen zaigu azken hamarkada hauetan sektore gisa bizi izan dugun aldaketa propiotik hastea. Gaur egun sektore gisa dugun lekua eta sektoreak zer bilakaera izan duen aztertzetik. Bilakaera horretan “bazterrean” egotetik gero eta “zentraltasun” edo garrantzi handiagoa izatera pasatu gara, bai politika sozialekin lotuta, baita eragile sozial publiko eta pribatu anitzekin lotuta ere. Bistakoa den moduan, bide luzea dugu oraindik aurrean, eta inpaktu handiagoa eragiteko gaitasuna irabazten jarraitu behar dugu gure xedea garatzeko orduan, baina beharrezkoa da eraldaketa hori jakinaraztea. Aurrerapen horrek, aldi berean, kontraesan handiak ditu.

Bilakaera honetan, gogoan dugu “leku txikietatik” gatozela, duela 30, 40 edo 50 urte profesionalizatzetik urrun zeuden proiektuetatik gatozela, ibilbide tekniko laburreko proiektuetatik, arreta instituzionaletik urrun eta, hala ere, harremanetarako gaitasun handiarekin, gertuko sareetara oso lotuta, eta gizartea dinamizatzeko eta komunitateak antolatzeko gaitasun handiarekin.

Hamarkada hauetan zehar asko hazi gara erakunde gisa eta sektore gisa. Kudeaketa-gaitasuna eta profesionalen kopurua hobetu ditugu, eta Hirugarren Sektore Sozialeko (HSS) erakundeen jarduerarekin lotutako araudi esparrua asko garatu da. Araudi horren barruan, Hirugarren Sektoreari buruzko Legea eta Zorroaren Dekretua nabarmentzen dira, biak ere gure jarduera eremuari lotuak (desgaitasuna, adineko pertsonak, haurrak…). Sektoreko gure sareen egitura indartu dugu. Hala, gero eta ezaguterrazagoa den egitura bat sortu dugu eta gure eragiteko eta elkarrizketarako gaitasunean aurrera egin dugu. Ondorioz, gero eta gehiago parte hartzen dugu elkarrizketa zibilerako espazioetan. Azkenik, pandemiak markatutako egungo testuinguruan, gure sektorea presente egon da, eta gure hurbileko pertsona eta familia askoren bizitza sostengatu duten funtsezko zerbitzuetako bat izan gara.

Hori guztia dela eta, sektore oso aberatsa eta anitza izaten jarraitzen dugu, baina, aldi berean, oso atomizatuta gaude. Parte-hartze soziala dinamizatzen duten erakundeen % 80an gehiago dira boluntarioak profesionalak baino (% 43 boluntarioz bakarrik osatuta daude), eta erronka eta kontraesan asko dituzte. Nolabait, uharte batzuk izatetik, beste eragile sozialei irekita eta haiek ikusteko moduan egotera pasatu gara une honetan. Horrek aberastu egin gaitu, eta gure egitura konplexuagoa bihurtu du.

Bigarren eraldaketa bat ere eman da, aurreko puntuarekin oso lotuta. Gure jarduera gero eta gehiago antolatu da arreta-sistema instituzionalaren zati gisa, eta kasu askotan erantzukizun publikoko sistemen zati gisa ere bai. Instituzionalizatzeko inertziari jarraitu diogu, eta beste sistema batzuen ibilbidearen antzekoa egin dugu (esaterako, osasun-sistemarena edo hezkuntza-sistemarena), baina desberdina. Ondorioz, gero eta gehiago ulertu behar dugu elkar, osotasun baten zatiak baikara. Sistema horiek estaldura eskaintzen digute, eta, aldi berean, ahalegina eskatzen digute egokitzeko eta sistema bakoitza gidatzen duten erakundeen logika propioak txertatzeko.

Logika instituzionalizatzaile horiek txertatzeak ahalegin handia eskatzen du egokitzeko, eta oreka-ariketa bat egin behar izaten da etengabe . Zentzu horretan, garrantzitsua da oreka bat topatzea, batetik, gure balio propioekiko eta sektorearen logikekiko fidelak izaten jarraitzeko eta, bestetik, gure esentzia eta balioa galdu gabe, behar den heinean erakundeen logika txertatzen joateko eta haiekin hitz egiteko, baita bizi dugun momentu historiko honetako nonahiko merkatu honen logika propioak txertatzeko ere. Egokitzearen eta gure nortasunarekiko fidelak izaten jarraitzearen arteko oreka, eraldaketatik eta eragin sozialetik abiatuta.

Eta, bitartean, gizartea aldatzen joan da, eraldaketa-prozesu azeleratu batean. Gero eta gehiago kostatzen zaigu prozesu hori definitzea. Gainera, pandemiak egoera larritu du eta areagotu egin ditu kontraesanak, eta berehalako erantzunak behar dituen errealitate baten aurrean kokatu gaitu.  Presazkoenen artean, hauek nabarmen ditzakegu:

  • Desberdintasunak
  • Esku hartzen dugun egoeren eta errealitate sozial berrien konplexutasuna handitzea (mugikortasun eta dibertsitate sozial gorakorra, eredu sozial eta familiarren aldakortasuna eta eraldaketa, desberdintasunen intersekzionalitatea, identitate-prozesuen eraldaketa…).
  • Polarizazio eta desmobilizazio soziala
  • Krisi ekologikoa sortzen duten eta jasangarriak ez diren hazkunde-ereduen alternatibak sortzeko beharra, desberdintasunak areagotu izana eta gizakien eta harremanen arloko krisia.
  • Gero eta indibidualagoa eta birtualagoa den gizarte baten aurrean, komunitatearen parte izateko espazioak berregituratzeko, berrosatzeko edo topatzeko beharra.

Nola egin behar diegu aurre arazo berrien edo sortzen ari diren arazoen agerpenarekin lotutako gai batzuei?

Lehenik eta behin, argi izan behar dugu zerbitzuak eskaintzeaz harago, hirugarren sektore sozialak beste funtzio sozial batzuk ere betetzen dituela. Errealitateari erantzun nahi diogu, eta hartan eragin. Eta, horretarako, sektoreko erakunde gisa, hainbat funtzio sozial garatu behar ditugu, proiektuak kudeatzeaz harago. Galderak fokua jartzen du sortzen ari diren arazo sozialei eman beharreko erantzunean, eta, zentzu horretan, uste dugu garrantzitsua dela hauekin lotutako funtzioak garatzea: ikerketa, errealitatearen azterketa, parte hartzeko espazioen sorrera, beharrak hautematea eta zailtasun sozialeko egoerak bistaratzea.

Sektoreko erakundeen balio handietako bat lotuta dago errealitate ezberdinekiko gertutasunarekin. Gure proiektu sozialen egituraren “kapilaritate” soziala da gure dohainik handienetako bat. Hala egiaztatu dugu azken hamarkadetan, eta, bereziki, pandemia garaian. Adibide batzuk jartzearren, sortzen ari diren joerak detektatzeko gai izan gara kolektibo oso ezberdinetan: adineko pertsonak (zaintza-ereduari buruzko hausnarketa sakonak ari dira mahai gainean jartzen, eta premiazko arretarako dispositiboak antolatu dira, pertsona asko muturreko bakardade-egoeran bizi baitira), etxerik gabeko egoeran dauden pertsonak (pandemiaren aurretik baino dezente gehiago dira errealitate hori bizi duten pertsonak, eta, horregatik, oso erantzun azkarra eman zaio), haurrak eta gazteak (arazo psikosozialen aurrean, laguntza-beharrak asko handitu direla detektatu da), emakumeak (konfinamenduaren ondorioz, tratu txarren egoera batzuk ez zirela bistaratzen hauteman zen, eta laguntza-prozesuan zeuden emakume batzuekiko konexioa galtzeko kezka handitu egin zen )… beste askoren artean.

Bigarrenik, uste dugu garrantzitsua dela nolabaiteko “birpolitizazioa” nabarmentzea, termino hori zentzu zabalean ulertuta. Hala, indartu egin da sektoreak eraldaketa sozialeko eragile kritiko gisa duen rola. Gure jarduera erantzun teknikoak ematera mugatzeko joeraren aurrean, uste dugu garrantzitsua dela posizionamendu kritikoa eta proposatzailea mantentzea bidezkoa ez den errealitate sozial baten aurrean. Nor kolpatu du gehien krisiak? Zer ondorio dituzte zaintza-faltak, harreman-faltak edo urruntze sozialak kolektibo zaurgarrienetan? Erakunde gisa, sentsibilizatzeko, eragiteko eta salatzeko gure ahaleginak mantentzen jarraitzen dugu?

Honekin lotuta, pandemia-garaia desberdintasunak dituen mundu baten ispilua izan dela egiaztatu dugu sektorean, eta gure gizartearen kontraesan asko ikusi, agertu eta bistan geratu dira, zalantzarik gabe. Batzuetan proposatzen dugun normaltasun berriaren ideiaren aurrean, askotan arazoa normaltasuna bera zela ohartu gara. Hala, uste dugu garrantzitsua dela esku-hartzea “birpolitizatzea”, eta gure azken helburua eraldaketa soziala eta eredu eta alternatiba berriak topatzea dela gogoratzea.

Hirugarrenik, uste dugu funtsezkoa izaten jarraitzen duela birkontzeptualizazio lanak, hau da, gure azterketa sozialak aberastuko dituen begirada berriak eta anitzak txertatzeak. Gure ikuspegia zabaltzea feminismoaren gisako eremuetatik abiatuta; paradigma berriak txertatzea, hala nola zaintza, biztanleriaren murrizketa edo ekologia; sekzio arteko begirada edo esku-hartzerako ikuspegi zehatzak txertatzea, hala nola gorputzarekin lotutako ikuspegiak, sistemikoak… Eta hori guztia, beste eragile batzuekin sinergia eta harreman gero eta irekiagoak sortzetik abiatuta.

Azkenik, parte-hartzea eta komunitatearen egitura sustatzea gero eta garrantzitsuagoa dela iruditzen zaigu. Gizarteak gero eta gehiago bereizten du, eta horren aurrean, lotura sozialak berriro egituratzeko premia dugu; sortzen ditugun zerbitzuek ez dute gizarteko behar ezberdinei modu indibidualean bakarrik erantzutera mugatu behar. Pandemian zehar gora egin dute nahi gabeko bakardadeak, ondoez psikosozialek eta osasun-arazo mentalek. Hala, indartu egin dira azken hamarkadetan deskribatzen ari ginen joerak. Egoera horiei aurre egin ahal izateko, uste dugu beharrezkoa dela pentsatzea eta alternatiba komunitarioak eskaintzea. Hauek dira bidea egiten hasteko balio diezaguketen proposamen batzuk: proposamen komunitarioak sustatzea, autogestioa, cohousingen gisako lankidetza eta elkarbizitza, elkarri laguntzeko espazioak, dinamizazio komunitarioa, 360 graduko hezkuntza edo, batez ere, gure egitasmo guztietan ikuspegi komunitarioa beti kontuan izatea.

Badu zentzurik prospektiba lanak gizarte eta hezkuntza ekintzaren eremuan?

Noski baietz. Beti izan gara errealitate sozialarekin konektatutako antenak. Funtsean, erantzuna emateko jaiotako proiektuak gara, baina baita proposamenak egiteko eta joerak hautemateko ere. Are gehiago, gure espazioak galdetzeko direla esan genezake, erantzuteko baino gehiago. Hiesa duten eta zahartzaroan gaixotasun kroniko batekin nola bizi behar duten galdetzen duten pertsonekin lan egiten duten erakundeak, ziur hilko zirela uste zuten adina behin gainditu dutenean. Lankidetzaren arloko erakundeak, mundu mailako komunitateetan klima-aldaketa izaten ari den eraginaren aurrean zer joera eta zer alternatiba dauden galdetzen dutenak. Adineko pertsonen profil berrien gainean hausnartzen duten erakundeak, kolektibo hori gero eta ugariagoa eta anitzagoa baita, eta, hortaz, antolamendu eta egituraketa sozialerako eredu berriak behar baitira. Eraldaketa digitalarekin lotutako gizarte-ekintzaren arloko joeren eta berrikuntza-beharren azterketa.[2]

Gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzearen eremuan ikerketak eta ekintza prospektiborako proposamenak egiteko dugun gaitasuna gero eta hobea da, baina baditugu oztopo batzuk ere. Aldaketa sozialen konplexutasunak eta abiadurak eta produkziora zuzendutako inertziak erantzun zehatzak, azkarrak eta ikusteko modukoak eskatzen dizkigute. Izan ere, joerak topatzeko beharrezkoa da gelditzea, geure buruarekin bat egitea, hausnartzea eta intuizioak eta azterketak sendotzeko denbora hartzea, eta ikuspuntua, produkzioan baino gehiago (enpleguaren, lan-munduratzearen, errentagarritasunaren, inbertsioaren itzuleraren… gaineko indize eta tasa gordinak), erreprodukzioan (pertsonen zaintza, harremanetan, alderdi subjektiboetan eta ezinbesteko alderdietan) zentratzea. Era berean, beharrezkoa da elkartzeko espazioak, eragile anitzeko espazioak eta saretzeko espazioak antolatzea, horietan ikuspegi anitzak partekatu eta aberastu ahal izateko.

Edo bertikaltasuna eta goitik beherako begirada arazo sozialak kudeatzeko orduan; batzuetan, instituzioen garapenen eta proposamenen zain geratzen dira erakundeak, gizarte- edo hezkuntza-ekintzatik abiatuta irakurketak egin eta joerak bilatu beharrean. Prospektiba eremu publikoak edo, gero eta gehiago, merkatuak eta haren ekoizpen-inertziek markatzearen arriskua. Eremu publikoa eta merkatua gero eta espazio garrantzitsuagoak dira, eta beharrezkoa da horiekin hitz egitea eta horiek aintzat hartzea benetako inpaktua izango duten proposamenak sortzeko.

Sektorea ez dago garatuta eraldaketa digitalaren arloari dagokionez, eta horrek galarazi egiten digu aukeraz beteta dagoen arlo horrekin lotutako proposamenetan aurrerapausoak ematea. Zentzu horretan, adibidez, Big Data txertatzea onuragarria izango litzateke sektoreko erakundeentzat, baina etorkizunean urrun ikusten dugu hori. Asko falta zaigu ikasteko zentzu horretan, baita hausnartzeko eta eztabaidatzeko ere. Prospektiba-lan honetan lagunduko diguten datu esanguratsuak sortuta, gure proposamenak aberasteko gai izatea.

EREDU ETA PRAXI BERRIAK GIZARTE ETA HEZKUNTZA EKINTZAN, ETA HORTIK ABIATUTA

Zer aldatu behar dugu gure praxi profesionalen garapenean arazo sozial berriei aurre egiteko?

Aurreko puntuetan aipatu dugunaren ildo beretik, elementu hauek nabarmenduko genituzke:

  • Fokua erakundeetako kideak garen pertsonen komunitatean, parte-hartzean eta harremanetarako ingurune naturaletan Pertsonen ikuspegi komunitarioan, parte-hartzean eta protagonismoan oinarrituta lan egitea, eta begirada lotura-egituren eraikuntzan jartzea. Eta, batez ere, dagoeneko aurrera eramaten ari garen proposamenak ezagutzera ematen hastea: autogestionatzen diren taldeak, dinamika komunitarioetan parte hartzea, herri-baratzak, 360 aisialdia, autolaguntzarako taldeak…
  • Erakundeen harreman-fokua irekitzea, eta elkarrizketarako, elkarlanerako eta kokreaziorako espazioak txertatzeko gai izatea, gero eta eragile sozial gehiagorekin eta anitzagoekin. Berrikuntzak txertatzera ausartzea, zatiketarik gabe, sareko lanean oinarrituta eta proposamen partekatuak bilatuz. Bherria, eredu mistoa benetako elkarlan gisa, Dynamo International – Street Workers Network , adibide zehatz batzuk.
  • Sareko lana, eragina eta elkarrizketa. Presentzia, birpolitizatzea eta alternatibak bilatzea eskatzen dizkigute herritarrek. Zentzu horretan, garrantzitsua da COVID garaian sareek egindako lana, baita administrazio publikoekiko lankidetza ere. Euskadin, beste gauza askoren artean, egitasmo hau lankidetza horretatik sortu zen: Inor atzean utzi gabe. Herri-ekimenen adibideak izan daitezke PAH egitasmoa (Hipotekak Kalteturikoen Plataforma), pentsionisten kolektiboak edota pandemia garaian sortutako salaketa eta erantzun komunitarioko hainbat eta hainbat egitasmo espontaneo.

Zer paper izan dezake gizarte- eta hezkuntza-ekintzaren sektorean ikerketaren kultura txeratzeak? (ez aukera exotiko batean moduan, bazik eta sektorearen beraren DNAn dagoen zerbaiten gisa)

Aurrez aipatu dugun moduan, gure ustez, ikerketa-funtzioaren garapena gero eta garrantzitsuagoa da hirugarren sektore sozialaren eremuan (adibidez, FOESSA Fundazioaren azterlanetan ikus dezakegun moduan), eta, funtzio hori garatzeko, gero eta gertuago gaude unibertsitatetik. Bide luzea geratzen dela uste dugu, baina norabide honetan pauso handiak eman direla ere bai.

Era berean, ikerketa aplikatuarekin lotuta ahalegin handiagoa egin behar dugula uste dugu, eta arlo akademikoko ikerketaren inertziak (ikerketa-merituak, argitalpenak, etab.) ez direla lan egiten dugun kolektiboen bizitza hobetzeko hausnarketak sortzeko beharraren aurretik jarri behar ulertzen dugu.

Puntu honetan, garrantzitsua da eragile ezberdinen eta, bereziki, hartzaileen parte-hartzearekin sortzeko eta elikatzeko gai diren ikerketa-espazioak sustatzeko beharra nabarmentzea ere. Parte-hartze horrek pertsona ezberdinak errespetatu behar ditu, onartua izan behar du, erabilgarria eta atsegina.

Azkenik, eta ikerketaren alderdi klasikoenetik urrunduz, uste dugu beharrezkoa dela praktika konkretuetan oinarritzen diren hausnarketa bateraturako espazioak sortzea eta mantentzea. Puntu honetan garrantzitsua izango da espazio hauetara baliabide eta tresna metodologiko jakin batzuk bideratzea, esperientzian oinarrituta sistematizazioan sakontzen eta elkar aberasten lagunduko digutenak, hala, erakundeetan, sektorean eta beste eragile batzuekiko harremanetan ezagutza kudeatzeko dinamikak indartzeko.

Zein da edo izan daiteke prozesu sozioedukatiboetan laguntzen diegun pertsonen rola?

Ez da eraldaketa sozialeko prozesurik izango pertsonek parte hartu ezean, haien benetako protagonismorik gabe. Parte-hartze bereizia, elkarrekintza-espazio bakoitzera egokitua, pertsona bakoitzaren lotura-askatasunari irekia, parte hartzeko aukerak sortzeko gai dena eta, batez ere, pertsonen arteko harremanak eta pertsonek proiektuekiko eta erakundeekiko dituzten harremanak sortzean zentratzen dena.

Arlo honetan, gaur egun, kontuan izan beharreko inertzia batzuk daude. Alde batetik, areagotu egin dira sentsibilitatea eta parte-hartze prozesuak sortzeko neurriak. Bestalde, lehen aipatu dugun instituzionalizatzeko joerarekin lotuta, pertsonak eta familiak, batzuetan, modu hotzagoan erlazionatzera pasatu direla ikus dezakegu, bezero rolean edo erabiltzaile rolean murgilduta.

Ezinbestean saihestu behar dugu gizarteari errua botatzen dioten dinamiketan parte hartzea. Ez diegu hartzaileei eraldatzea edo banakako aldaketak egitea eskatuko, gizarteko baldintzatzaileak kontuan izan gabe. Horren ordez, erantzukizun zabalagoa eta barneratzaileagoa kontuan hartzen duen ikuspegi sozialetik abiatuta lan egingo dugu. Ez gara bilakatuko BER-hezteaz, BER-gizarteratzeaz, BER-orientatzeaz baino arduratzen ez den erakunde bat, non “BER” aurrizkiak aldaketa-lana esan nahi duen, eta non pertsonak gidatzen ditugun, lagundu baino gehiago, “normaltasun” batera egokitu daitezen, normaltasun hori zalantzan jarri gabe.

Parte-hartzerako espazioak bilatzeko orduan, proiektu bakoitzean gaur egun hartzaileek zer leku hartzen duten aztertzen duen analisi zintzo batean oinarritu beharko dugu. Gure erakundeek zer rol eskaintzen dizkieten galdetu beharko diegu, eta geure buruari ere galdetu beharko diogu, baita haiek hartu nahi duten rola zein den ere. Zintzoak izan behar dugu proiektu sozial gisa bete behar dugun enkargu bakoitzean, gure mugak aintzat hartuta. Era berean, aukera-espazioak sortu behar ditugu berrikuntzan, kokreazioan eta gero eta aberatsagoa den oinarri teoriko batean oinarrituta.

Kasu konkretu honetarako aukera ugari izan ditzakegu esku artean, esaterako: elkarri lagunduz berpiztea, autonomia-espazioak sustatzea, geure burua aztertzea eta parte izatea, autogestio taldeak, behatokian garatzen ari garenaren gisako ikerketak hartzaileen parte-hartzeari buruz, edo EAPN bezalako hausnarketa-prozesu iraunkorrak.

Gai izatea honakoak gero eta gehiago sustatzeko: adostutako erabakiak hartzea, ezagutza estankoa haustea eta diagnostikoen eta prozesuen diseinuen eskumen profesional esklusiboa haustea. Pertsonak proiektuetan barneratzea diseinu-fasetik hasita, eta aurretiazko prototiporik gabeko espazio hutsak sustatzea, denen ekintza eskatzen dutenak. Eta, azkenik, erakundeetatik kanpo ere parte-hartzea sustatzea, pertsonek haien bizimodua garatzen duten erreferentziazko komunitateekin eta espazio naturalekin duten lotura indartzeko.

Oraingoaren moduko sasoi batean –COVID-19–, non komunitatea alde batera utzi den eta lan sozioedukatiboa ulertzeko beste modu batzuk agertu diren, nola irudika ditzakegu berriro ere komunitatean oinarritzen diren beste formatu batzuk?

Gure ustez, komunitate eta auzo askotan pandemia garaian berriro “berdetu” dira proposamen solidarioak, konpromisoan oinarrituak eta espontaneoak. Bultzada horretatik ikasi behar dugu, agerian uzten baitu herritarren behar eta indar handia. Hala, formatu berritzaileen adibide ugari utzi dizkigu garai honek, batez ere, mundu digitalaren nonahikotasunetik gidatuak.

Dena den, esan beharra dago konfinamenduaren lehen asteetan bizi izan genuen loraldi hori, kasu askotan, ez zela proposamen iraunkorretan mamitu. Kasu askotan, berdetze horrek ez du jarraipenik izan, eta egitasmo horietako gehienak desagertu egin dira.

Berdetze komunitario hori eman zen arren, osasun-larrialdiak eta distantzia soziala mantentzeko beharrak zailtasun handiak eragin zizkien herritarrei, orokorrean, eta kaltea are handiagoa izan zen guk artatzen ditugunen gisako kolektibo zaurgarrietan. Beste pisu sozial batzuk izan dira. Batez ere, osasuna lehenetsi da, eta ekonomia.

Oraindik ikusteko daude konfinamenduan zehar zein ondoren izandako urruntze honetatik eratorritako arazoen ondorioak. Horietako batzuk orain ari dira agertzen: bat-bateko arazo psikologikoak edo larriagotu egin diren arazo psikologikoak, gatazkak, arretarik eza, erreferentzien galera…

Zentzu horretan, benetako erronka bat dugu aurrean. Urruntze sozialaren ondorioak bistaratzea. Izan ere, asko eragin digu, pertsona eta gizarte gisa garatzeko behar ditugun harremanak galdu baititugu, eta, ondorioz, minez eta zailtasunez betetako egoerak ari gara bizitzen. Alderdi horiek ezagutzera ematea, eta kontuan izatea pandemia iristerako ere harremanak desegiten eta fluidizatzen ari zirela, baina ez hain modu gogorrean, bistakoa den moduan. Paradoxikoki, egoera hau aukera ona izan daiteke harremanak eta komunitatearen loturak berriro egituratzeko beharra dagoela baieztatzeko.

Erronka horren aurrean, uste dugu garrantzitsua dela komunitatearen kontzeptua eta esanahia berriro ere kontzeptualizatzea. Izan ere, gizarteko aldaketen ondorioz eraldaketa handiak ematen ari dira arlo horretan. Gaur egun, zertaz ari gara komunitateaz hitz egiten dugunean? Nola egokitu behar ditugu gure proiektuak esperientzia eta dinamika komunitario berrietara?

Bereziki, irekita eta adi egon behar dugu dinamika sozialen digitalizazioarekin lotutako eraldaketaren aurrean, eta prozesu horrek pertsona eta komunitate gisa dugun erlazionatzeko modua nola berregituratzen duen behatu behar dugu. Zentzu horretan, giltzarriak izango dira eraldaketa digitaleko dinamikak, hau da, erakundetik eragile ezberdinekin erlazionatzeko dugun moduan zeharkako logika digitalak txertatzea.

Zer paper izan dezakete norbanakoen dimentsio kulturala eta artistikoa barne hartzen dituzten proiektu sozioedukatiboek?

Proiektu sozioedukatiboek eta mundu artistiko eta kulturalak bat egiten duten eremua da gehien hazten ari den arloetako bat, bai artea inklusiorako edo eraldaketa sozialerako tresnatzat hartzen duen ikuspegi sozialetik, bai ikuspegi kulturaletik. Bitartekaritza kulturala, artistikoa edo antzekoak hartzen ditu barne.

Behatokian uste dugunez, eremu hori bereziki esanguratsua izan da, eta hainbat proposamen sakondu ditugu, egitasmo mota horiek oso adierazgarriak direlako, baita aberatsak eta anitzak direlako ere.[3]

Gaur egun oso espazio interesgarria dela esan dezakegu, irekia, gutxi instituzionalizatua eta aurrean ibilbide luzea duena. Dena den, hainbat diziplinaren artean saltoka ibili behar izaten dutenez, askotan babes prekarioa izaten dute proposamen hauek, zailtasunak izaten dituzte baliabideak eskuratzeko eta zaila izaten da administrazioarekiko elkarrizketa.

Proiektu hauen inguruan arreta gehien piztu digun elementuetako bat komunitatea berriro ehuntzeko prozesuekin duten lotura estua da. Hala, parte-hartze komunitarioko proposamen gisa sustatzen ari diren proiektu artistiko-kultural ugari topa ditzakegu. Begirada bereziki freskoa eta berritzailea, komunitatearen parte-hartzearen eta aktibazioaren arloan ibilbide luzea duten hirugarren sektore sozialeko erakundeen ikuspegitik.

Puntu honetan, uste dugu garrantzitsua dela arlo sozialak eta arlo artistiko-kulturalak bat egiteko espazioak irabazten jarraitzea, esperientzia ezberdinak ezagutzeko, elkar ezagutzeko eta sinergia-espazio hau egituratzen joateko, hala, dispositibo eta proposamen ezberdinak aberasteko gai izateko. Hori guztia, interes soziala eta garapen artistiko eta kulturala uztartzeko gai izanik. Eta, era berean, gai izatea proposamenak aberasteko, sektoreko hainbat erakundek ditugun hamarkadatako ibilbide komunitarioko ikaskuntzak oinarritu hartuta. Eta logika eta jakintza ezberdinen artean elkarrizketan jarduteko eta elkar osatzeko gai izatea. Erronka handia, eta aukera ugari.

[1] Herrero, Y. (2013). Miradas ecofeministas para transitar a un mundo justo y sostenible. Revista de Economía Crítica, 16, 281. or.

[2] Arlo honetan, EUSKADIKO HIRUGARREN SEKTORE SOZIALAREN ETA UNIBERTSITATEEN ARTEKO LANKIDETZA ETA IKERKETA tailerrean dugun esperientzia ere eskain dezakegu. Ikerketarako proposamen oso interesgarri ugari topa ditzakegu tailer horretan. Hemen ikus daiteke:

[3] “Factoría creativa” eta ARTEA: INKLUSIO ETA ERALDAKETA SOZIALERAKO BIDEA argitalpena. Hemen ikus daiteke: https://3seuskadi.eus/coleccion/artea-inklusio-eta-partaidetza-sozialerako/?lang=eu Era berean, BERRIRO ERE ARTEA PROPOSAMEN GISA, ERALDAKETA SOZIALERAKO TRESNA ETA MOTOR GISA HARTZEA mintegia. Hemen ikus daiteke: