
Laburreko zenbakia: 09/2023
Sarrera
Hirugarren Sektore Sozialean errealitate sozialak modu egokian nola neur ditzakegun galdetzen diogu geure buruari. Neurketarako tresna, adierazle eta sistema aproposak definitzea eta erabiltzea erakundeen ohiko kezka da. Gidaritzarako eta orientaziorako baliagarriak zaizkigun metrikak biderkatu egiten dira, bai politika publikoak egiteko, bai esku-hartze sozialeko prozesuak garatzeko. Eta, arazo sozialak gero eta konplexuagoak eta multidimentsionalagoak direnez, konplexutasun horrekin koherente diren adierazle eta neurketak bilatzen eta garatzen ditugu.
2020ko Europako Estrategiak, adibidez, hazkunde adimentsua, jasangarria eta inklusiboa duen ikuspegia planteatzen du; egitura-adierazleek enpleguari, I+G-ri, aldaketa klimatikoari eta energiari, hezkuntzari, eta pobreziari eta baztertze sozialari egiten diete erreferentzia. Eta Nazio Batuen mundu-garapenerako 2030 Agendak ere garai bererako adierazle multzoa du, GJHen bitartez, ez ekintza gehitzea edo gainjartzea den politika publikoen orientazio globala planteatzeko, baizik eta garapen globalerako begirada koherentea eta integrala izan dadin.
Neurketa konplexu eta integralen bilaketako testuinguru horretan, GGKE-en Koordinakundeak Garapenerako Politiken Koherentzia Indizea sortzea sustatu du. Indize hori ikuspegi global, kritiko eta eraldatzeko grina duen ikerketa-prozesu arduratsu eta xehe baten emaitza da. Ohikoa ez den munduaren panoramika eta hirugarren sektore sozialerako baliagarriak izan daitezkeen ondorioak eskaintzen ditu, munduko garapenaren inpaktuari, herrialde bakoitzaren ardurari eta erabaki kolektiboak eta politika publikoak era koherentean integratzeko beharrari buruzkoak.
Nola neurtzen da bilakaera soziala?
Herrialde baten hazkundea neurtzeko erabili ziren lehenengo erreferentziazko adierazleak barne produktu gordina (BPG) eta per capita errenta izan ziren. Adierazle horien murrizketek, ekonomiak berak onartutakoak[1], ongizatea egokiago islatu nahi duten beste herrialde batzuen garapena ekarri dute. Hau da, adierazle alternatibo horien fokua ez dago ekoizpen-neurketan, baizik eta gaurko belaunaldien eta etorkizunekoen ongizatean: bizi-kalitatean, garapen jasangarrian eta bilakaera sozialean.
Lehenengo adierazle alternatiboetako bat Giza Garapenaren Indizea (GGI) izan zen, 1990etik PNUDek egina. Giza garapenaren indize konposatua da (bizi-itxaropena, eskolaratze-urteak eta diru-sarrerak) eta herrialde batek lortutako aurrerapena hiru oinarrizko dimentsiotan neurtzen du: bizitza luze eta osasuntsuaz gozatzea, hezkuntzarako aukera eta bizitza duinaren maila. Gehienek onartu dute eta politika publikoen sorkuntzan eragina du, eta garapen-neurri moduan indarrean dago.
Harrez geroztik, aurrerapen soziala beste dimentsio batzuetatik neurtzen duten hainbat instrumentu sortu dira; horietako batzuk izendatuko ditugu hemen:
Prozesu Sozialen Indizea (SPI): aurrerapen soziala gizarte- eta ingurumen-aldagaien bidez egituratutako aldagaien bidez neurtzen du, hiru dimentsiotan (gizakien oinarrizko beharrak, ongizatearen oinarriak eta aukerak). Europan eskualdekako egokitzapen bat dago (Europako Prozesu Sozialaren Indizea).
Pertzepzio subjektiboaren adierazleak, besteak beste, Zoriontasunari buruzko mundu txostena (zoriontasuna ongizatearen neurri eta gobernu-politiketarako ikuspegi moduan), Bizi-kalitatearen Indizea (bizitzarekiko gogobetetze-pertzepzioa faktore objektiboekin lotzen du), Planeta Zoriontsuaren Indizea (garapena bizi-itxaropenetik, zoriontasunaren pertzepzio subjektibotik eta aztarna ekologikotik).
Ongizate Ekonomikoaren Indizea (IBES) ekonomiaren adierazle ekonomiko alternatiboa da; ekonomiaren ondasun eta zerbitzuak kontabilizatzen ez dituena, baizik eta, alde batetik, kontsumitzaileen gastua, etxeko lanek ekarritako etekina, eta bestetik kutsadurarekin eta baliabideen kontsumoarekin erlazionaturiko kostuak deskontatzen ditu.
Garapen Errealaren Indizea (IPR) edo Garapen Garbiaren Indizea (IPG) ongizate ekonomikoaren eta aurrerapen sozialaren (1950etik indarrean) adierazlea da[2]. Balio ekologikoak eta garapen jasangarria gizarte ongizaterako beharrezkotzat jotzen ditu. BPGan edo per capita errentan bildu gabeko aldagaiak ditu barnean eta ongizatea gehitzen duen hazkundea eta gehitzen ez duena bereizten ditu.
Bake Orokorraren Indizea Ekonomiarako eta Bakerako Institutuak (IEP) 2009tik lantzen duen nazioen eta eskualdeen bakearen posizio erlatiboa neurtzen duen txostena da. IEPk bakea munduan gizakiaren ongizate eta garapenerako neurri positibotzat, egingarritzat eta ukigarritzat hartzeko ahalegina egiten du. Bakearen indizeak egiten ditu biolentziaren kostu ekonomikoa kalkulatuta, herrialde bakoitzaren gatazka-arriskua aztertuta eta gizarte oso baketsuetan dauden faktoreak ulertuta (bake positiboa)
BGP berdea : BPGaren ingurumen-ondorioak hartzen ditu kontuan. Adierazle horrek ez zuen aurrera egin hazkundea nulua zela adierazten baitzuen[3]. Ildo berean, aztarna ekologikoa baliabideen kontsumoaren eta hondakinen ekoizpenaren patroiak kontuan hatzen dituen jasangarritasunaren adierazlea da.
Ongizatearen eta aurrerapenaren neurketa-alternatiba horiek guztiek politika publikoak bideratzeko, ekintza publikoaren garapena ebaluatzeko eta komunikazio eta kontuak emateko tresna gisa erabiltzeko emaitzak identifikatu nahi dituzte.
GARAPENERAKO POLITIKEN KOHERENTZIA INDIZEA
INDICO (Garapenerako Politiken Koherentzia Indizea) 153 herrialderen jarrera arakatzen, aztertzen eta konparatzen duen adierazlea da, beren politikek garapen jasangarriarekiko duten koherentziari begiratuta. Horrekin politika horiek erronka orokorrei aurre egiten nola lagun diezaguketen baloratzen da. Garapenerako Erakundeen Koordinakundeak bultzatutako iniziatiba da, Futuro en Comunekin eta Garapen Azterketen Espainiako Sarearekin (REEDES). lankidetzan. La Mundial politikagintzako kolektiboaren talde batek tresnaren oinarrian dagoen ikerketa-lana koordinatu eta gauzatu du eta txostena egin du..
Txostenean hasierako puntu gisa krisi-egoera multidimentsionala eta atzeraezinak diren aldaketen beharra jartzen da. Garapena artikulatu duten ikuspegiak ulertzeko eta berritzeko ahalegina beharrezkoa dela adierazten du, eta paradigma orokorra birplanteatzeko eta begirada berritzeko ahalegin horretan instituzio handi gehienak inplikatuta daudela (2030 Agenda horren adibide litzateke). Egokian arreta jarriko duten metrikak behar direla egiaztatzen goaz; BPGan (adierazle ekonomikoan) edo IDHan (gizarte-adierazlea, baina nazio mailakoa soilik) arreta jartzeak ez digu ematen beharrezko osotasuna. Koherentziaren indizearen ikuspegiak materiala dena, ekosistemak, berdintasuna, interdependentzia txertatzen dituzten adierazle berriak dakartza. Osotasuna txertatzen du (ezaugarri transnazionala du) eta begirada feminista (eredu patriarkala gainditzea). Indizea mundua ulertzeko gure modua zabaltzeko eta komunean dugun horretatik, ekodependentzia erradikaletik eta oinarrizko interdependentziatik, gure garaiak eskatzen dituen premiazko aldaketak bideratzeko tresna da. Munduan eragiteko eta eraldatzeko beharrezkoa da hegemonikoak ez diren logiketatik, beste ortzi-muga batzuetatik pentsatzea eta ulertzea. Beharrezkoa da politikek garapenari era negatiboan nola eragiten dieten eta herrialde bakoitzaren ekintzen marko orokorrean gizakiengan eta planetarengan nola eragiten duten aztertzea. Begirada konplexuagoa gehituta, herrialde guztiek dute hazkunde defizita.
Zer ikuspegi ditu indizeak?
Indizeak elkarrekin erlazionaturiko bost ikuspegi hartzen ditu kontuan:
Giza garapena: Garapen jasangarriarekin koherenteak diren politika publikoak gizakiak eta ongizatea erdigunean jartzera bideratutako horiek dira, eta gizakien gaitasunak handitzen dituztenak.
Garapen jasangarria: gizakiak izaki ekodependienteak gara eta muga biofisikoak dituen planeta batean bizi gara. Politikek jasangarritasunaren lau dimentsioak hartu behar ditu kontuan (ekonomikoa, soziala, ingurumenekoa eta politikoa) eta horiek nola elkarreragiten duten.
Begirada kosmopolita. Mundu interdependientean, gobernuen ardurak ezin dira eremu nazionalera mugatu, beren politikek beste eremu batzuetan duten eragina aintzat hartu behar da.
Ikuspegi feminista: politika publikoek emakumeen eskubideak bermatu behar dituzte, eta genero-desberdintasunari aurre egin, eta ez ugaritu.
Gizakien eskubideen ikuspegia: gizakiak eskubideak dituzten subjektuak dira. Horregatik, herrialdeek erakunde sendoak behar dituzte, biztanle guztien giza eskubideak, parte-hartzea eta ahalduntzea, eta gardentasuna eta kontuak ematea bermatuko dituztenak.
Zer egitura du Koherentziaren Indizeak?
Bost ikuspegi horietatik abiatuta, indizea bi ardatzen inguruan egituratzen da: lau trantsizio eta bi planeta-presio[4]. Trantsizioek bizimodu, antolakuntza eta gizarte justu eta jasangarria lortzeko beharrezkoak diren aldaketak adierazten dituzte (aipatu bizimodura iristeko egin beharko genukeena). Presioek, bestalde, giza aktibitateak planetan duen eraginari egiten diote erreferentzia (zer egiteari utzi beharko geniokeen edo zer murriztu beharko genukeen helburu berarekin lotuta).
Trantsizio bakoitza eraldatze-prozesuan zer alderdi aurreratu behar diren adierazten duten dimentsioetan egituratuta dago. Dimentsio bakoitzak adierazle bat edo batzuk ditu, 4 trantsizioen artean, guztira, 50.
Trantsizio demokratikoa: adierazten du herrialdeek zer neurritan egiten duten giza eskubideak (zibilak eta politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumenekoak), eta elkartzeko, biltzeko eta protestarako eskubideak (eremu zibikoa) bermatzen eta babesten dituzten gizarte demokratikoak eta bakezaleak eraikitzera bideratutako politika publikoen alde. 3 elementuk osatzen dute, adierazle ugari ditu bakoitzak: 1) gizarte zibila eta gardentasuna; 2) justiziarekin eta giza eskubideekin konpromisoa; 3) militarizazioa.
Trantsizio feminista: herrialdeek zer neurritan dituzten emakumeen eskubideak bermatzen dituzten, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzen duten, aniztasuna onartzen eta errespetatzen duten eta zaintza erreskatatu eta erdigunean jarriko duen antolakuntza berrirantz doazen politika publikoak. Elementuak hauek dira: 1) lege eta arau markoa; 2) emakumeen gizarte-egoera; 3) parte-hartze politikoa ; 4) genero-arrakalak.
Trantsizio sozioekonomikoa: herrialdeek zer neurritan dituzten gizarte-eskubideak guztientzat bermatzen dituzten eta banaketa-politika fiskal eta sozialekin desberdintasun ugariak murriztuko dituzten zerbitzu publikoak eta gizarte babesa dituzten ongizate Estatu sendoak. Elementuak hauek dira: 1) gizarte-egoera; 2) enplegua; 3) fiskalitatea; 4) oinarrizko zerbitzuak; 5) desberdintasuna.
Trantsizio ekologikoa: herrialdeek zein neurritan egiten duten ahalegina ingurumena babesteko eta energia berriztagarrien alde egiten duten. Kasu horretan dimentsio bakarra eta hainbat adierazle daude.
Planeta-presioak: herrialdeek planetarengan duten eragina neurtzen du, per capita materia-aztarna (kontsumoa) eta per capita c02 emisioak. Horrek kontuan hartu nahi ditu ekoizpen-globalizazioarekin eta merkataritza internazionalarekin beste herrialde batzuetara kanporatzen dugun bizi-ereduak dituen ondorio ekologikoak.
Egitura horrek agerian uzten du koherentzia ez dela koordinazio kontua soilik, baizik eta interes politikoen gatazka erakusten duela. Interes politiko kontrajarrien artean aukeratu behar da. Horregatik daude garapenari ekarpena egiten dioten indizearen aldagaiak eta zigortzen duten beste batzuk (presioak, baita militarizazio edo finantza-sekretua edo antzeko aldagaiak ere). Politika batzuk edo beste batzuk hautatzeko arau-irizpide bezala demokrazia, jasangarritasuna eta feminismoa hartzen dira kontuan. Gizarte koherentea gizarte demokratikoa, jasangarria eta feminista da.
Trantsizioen 50 adierazleek eta presioen biek Koherentzia Indizea eraikitzea ahalbidetzen dute[5]. Dimentsioen puntuazioek 0 (puntuaziorik eskasena) eta 100 (puntuaziorik onena) arteko balioa dute. Planeta-presioen Indizea 0 eta 1en artean dago, zenbat eta gertuago egon 1etik, herrialdeak planetarengan duen presioa orduan eta txikiagoa da. Koherentzia Indizea ere 100en gainean ezartzen da, hau da, 100eko balioa izango luke trantsizioetan 100eko puntuazioa eta planeta-presioetan 1ekoa lortutako herrialdearentzat. Herrialderik koherenteena ahalik eta planeta-presiorik txikiena eta trantsizioetan garapen oso ona duena izango da.
Indizea egiteko batez ere iturri ofizialak erabiltzen dira, eta koherentziarako politika publiko esanguratsuei buruzko informaziorik eskaini ezean, ofizialak ez diren estatistika erakundeetako informaziora jotzen da.
Azterketa feminista gehitzea
Indizean politika publikoek egin dezaketen berdintasunerako ekarpena koherentziarako elementu garrantzitsua da. Halere, onartzekoa da errealitate globaletan bereizteko adierazle konplexua eta zaila dela. Osagai bakar gisa trata daiteke ala zeharkako begirada eskatzen du? Indizeak feminismoa koherentziaren elementu arautzaile gisa gehitzen du. Garapen-prozesuak emakumeengan nola eragiten duen aztertzean datza, eta hegemonikoak diren ikuspegiak erakusten ez dituzten elementuak ikusgarri egitean: egituratik garapenari lotutako zaintza-lan ikusezinen ekarpena, eta ekonomiari nola eragiten dioten. Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko legedia adierazle garrantzitsua da. Munduko herrialdeen % 37k baino ez du zentzu horretan nahikotzat har litekeen legedia. Egitura-baloraziorako adierazle egokiak eraikitzea eta begirada hori garapenean txertatzea beharrezkoa dela adierazten du txostenak, hori eginda aldaketa esanguratsuak gertatzen baitira (garapenean puntuazio handia duten herrialdeak daude, eta begirada feminista txertatzean postu asko galtzen dituzte).
ONDORIOAK: Ezinbestekoa da paradigma-aldaketa
Indizeak ohikoa ez den munduaren ikuspegia eskaintzen du politiken eragin transnazionalak, haien arteko interdependentziak eta inkoherentziak txertatuta. Ikuspegi horretatik ez dago egoki garatutako herrialderik, batek ere ez baitu lortu dimentsio sozioekonomikoan, demokratikoan, feministan, ekologistan eta giza eskubideetan aurreratzerik, dagokion bioahalmena gainditu gabe. Koherentzia Indizeak planeta-zikloetan presiorik handiena eragiten duten munduko 57 herrialdeak identifikatzeko aukera ematen du. Presio horiek eragin izugarriak dituzte zaurgarrienak eta ardurarik txikiena duten biztanleengan eta lurraldeetan. Planetaren ugalkortasuna arriskuan jartzen da eta beharrezkoa da energia- eta material-kontsumo intentsiboan eta hazkunde mugaezinean oinarritzen diren garapen-teoriak zalantzan jartzea. Giza gizarteek ez dute jakin beren lurretan bizi-baldintzak hobetzen inpaktuak eta planeta-presioak eragin gabe.
Diru-sarrera handiak dituzten taldeari dagozkien 57 herrialde horiek trantsizioetan adierazle nahiko altuak dituzte. Halere, beren planeta-presioen eraginak inpaktu ekologikoa murrizteko esku-hartzeak, eta isurketak eta baliabide naturalak suntsitzeko prozesuak murrizteko hitzarmen internazionalak eskatzen ditu. Hau da, beren trantsizioetako lorpenak murriztuko ez dituen inpaktu murrizketarako konpromisoa eta ekoizpen- eta kontsumo-eredua eraldatzea eskatzen ditu. Joera horiek leheneratu ezin dituzten irtenbideak, kontsumoa handituko dutenak edo material mugatuen menpe daudenak ez dira benetako soluzioak.
Koherentziaren Indizearen txostenak premiazko behar gisa eta ekintzarako ortzi-muga gisa “koadrante hutsa” planteatzen du: munduko herrialde batek ere betetzen ez duen baldintza. Ez dago tradizionalki garapen gisa ulertu dugun horren maila altua lortu duen herrialderik bere lurraldearen barruan eta kanpoan planeta-inpaktu sendorik gabe (baliabideak bereganatuta, indarkeriazko baldintza militarrak edo komertzialak ezarrita, edo militarizazio edo finantza-sekretuaren maila altuarekin). Oso inpaktu txikia duten eta planeta-presio baxua duten herrialdeek (% 60 inguru) puntuazio txikia dute trantsizioetan, eta “garapen-bidean” izendatu ditugu. Halaber, historia kolonialak orekatu ez diren botere desberdintasunak eragin zituen.
Txostenaren ondorio garrantzitsuetako bat erreferentziazko eredurik ez dagoela da. Eredu moduan ditugun herrialdeak ez dira jasangarriak, beren bizimodua ez baita unibertsalizagarria. Gizarte- eta elkarbizitza-eredu berriak behar ditugu, eta ongizatea neurtzeko beste modu batzuk. Gainera, umiltasuna, elkarrizketa eta konpromiso borondatea behar da oraindik nola lortu ez dakigun garapen koherentea eta jasangarria lortzeko. Koherentziaren paradigmatik begiratuta, gehien garatu behar dutenak garatu deitzen ditugun horiek dira, ekologia eta planeta-presioen alderdian eraldaketa gehien egin behar dituztenak baitira. Ardura orokorrak partekatuak dira (erronka berak ditugu), baina ez dira baliokideak (ardura handiagoa dute inpaktu handiagoa eragin dutenek).
Koherentziaren begirada gure ekintzak eta interbentzioak osotasunean berrikusteko eta planteatzeko gonbidapena da. Adierazlea batez ere administrazio publikoari zuzentzen bazaio ere, markatzen dituen lerroek Hirugarren Sektore Sozialeko esku-hartzeetan ere badu eragina, intzidentzia-jardueraren hedapenean edo zerbitzuen horniduran. Gizarte jasangarria, feminista, demokratikoa eta zoriontsua lortzea ere bada Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren helburua. Beraz, ezin dugu geldi egon koherentzia-behar honen aurrean.
Zertan gauzatzen da hori? Nola txertatu koherentziaren perspektiba? Hirugarren Sektore Sozialean gizarte koherente baterantz ari gara lanean? Planeta presionatuko ez duen eran egiten diegu ekarpena trantsizioei? Indizeak planteatzen dituen alderdiak sektoreko edozein entitatera eraman daitezke, txiki zein handi. Bakoitzak bere eskalan galde diezaioke bere buruari ea zer neurritan egiten duen ekarpena edo zer neurritan ari den demokrazia, gizarte feminista eta ekologia jasangarria eraikitzen. Ez dira galdera berriak. Aspalditik dakigu dimentsio bakarrean haztea eta besteei arretarik ez jartzea ez dela zehazki haztea. Beharbada ikuspegi horren ekarpen esanguratsua kontzientzia horren neurri orokorra da, eta adierazleen lanketa zehatza (nola eta zertan gauzatzen den erakusten digu).
Denon beharrizana da garapen osoa orekatzeko aukera emango duen eta gaur egungo ekoizpen- eta kontsumo-ereduak sortutako arriskuak geldiaraziko edo eutsiko dituen paradigma berria eratzea. Hirugarren Sektore Sozialean jakitea, behar horren kontzientzia izatea, gogoeta eta elkarrizketa guneak elkarri eskaintzea, bai barneko, bai kanpoko agenteen elkarrizketarako, eta lau trantsizioak eta bi presioak txertatuko dituen gizarte-eredu orekatua planteatzea dagokigu.
[1] Sitglitz, J., Fitoussi, J.P., eta Sen, A., (2013) Medir nuestras vidas. Las limitaciones del PIB como indicador de progreso, RBA, Bartzelona.
[2] Indize horrek ohiko kontabilitate markoa zabaltzen du: kapitalaren inbertsio garbia eta lan-inbertsioak gorantz gehitzen ditu, ordaindu gabeko jarduerak islatzeko(ordaindu gabeko etxeko lanak, boluntariotza, familiakoen zaintza). Beherantz kontabilizatzen ditu ingurumen-degradazioaren eta baliabide naturalen galera, errenta desberdintasunak, kanpoko zorraren eta delikuentziaren kostuak.
[3] Hazkunde tasaren murrizketa ingurumenean eragindako kalteak eta “ondare naturalean eta kulturalean” izandako ondorioak kontuan izanda ebaluatzeko ahalegina egiten bada, orokorrean hazkunde nulua edo negatiboa lortzen da (S. Latouche, Le Monde, 1991ko azaroaren 22a).
[4] Zehaztasunez kontsulta daitezke hemen: https://www.indicedecoherencia.org/
[5] Adierazleen % 50ek diseinuari eta neurri politikoen emaitzari egiten diote erreferentzia, eta beste erdiak, politika desberdinen arteko elkarrekintzari eta testuinguruko elementuen emaitzei. 31 adierazlek begirada feminista zein neurritan barneratzen den ebaluatzen dute, 21 emakumeen egoerari eta genero-arrakalari buruzkoak dira, eta 10, emakumeen bizi kalitatearen baldintzapen orokorren ingurukoak.