Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 08/2023

Sarrera

Maiatzaren 15ean ospatzen den Familien Nazioarteko Egunak edo 2024ko Familien Nazioarteko Urtearen hogeita hamargarren urteurrenak (IYF+30) helburu bezala dute giza dibertsitatea eta dibertsitate soziala adierazten duen erakunde global eta dinamiko honen eraldaketen garrantzia ikusaraztea eta gogoraraztea. Hirugarren Sektore Sozialak lotura zuzena du familiekin eta haien egoerarekin, beraz, espazio honetan gogoeta egingo dugu familietan izaten diren aldaketei buruz eta horrek Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialarentzat (aurrerantzean, EHSS) dakartzan erronkei buruz.

Familiaren kontzeptu historikoak eta aldaketa sozialak.

Zer da familia bat? Nola definitzen dugu? Familiaren deskribapena jorratzeko, lehenik eta behin, hiztegiak dioena ikusiko dugu:

Familia: 1.. Elkarrekin bizi diren ahaideen multzoa. 2. Leinu bateko aurrekoak, ondorengoak, zehar-ahaideak eta kideak. 3. Seme-alabak edo ondorengoak.

Baina, agian, definizio hori ez da nahikoa harreman-errealitate konplexu eta aldakor horren dimentsio guztiak ulertzeko. Familia deitzen diogun hori aldatu egin da espazioan eta denboran zehar: hainbat garai eta gizartetan, familiaren osaera eta funtzioak askotarikoak izan dira. Eta, egun, familiak aldatzen eta gizarte-prozesuetara egokitzen jarraitzen du. Zer da, bada, familia eta nolakoak dira egungo Euskadiko familiak?

Gizakiok familietan jaio eta garatzen gara. Gure jatorrizko ekosistema, gure lehen babes-sarea, sozializaziorako eta babes-sozialerako gure lehen espazioa dira. Funtsezko zeregina dute bere kideen garapen pertsonal, sozial eta afektiboan, baita haien ongizate ekonomikoan ere. Balioak, printzipioak, tradizioak eta bizitzeko moduak (kultura) transmititzeko lekua dira; gizartea artikulatu eta konfiguratzen dute. Horregatik, bizi dituzten eraldaketek erabateko eragina dute gizartean, eta, aldi berean, aldaketa sozialek eragina dute familiengan.

Familiak, instituzio gisa (hau da, instituzio normatibo gisa), odolkidetasunak, ezkontzak edo adopzioak lotutako pertsonek osatutako taldeak dira, elkarrekin bizi dira eta dituzten posizio sozialetatik dute elkarrekiko interakzioa. Familiako kideak etxe beraren parte dira, baina ez dute zertan elkarrekin bizi, eta alde handiak daude gizarteen edo kulturen, familia-sistemen eta bizi-etapen arabera. Familiako kideen artean komunikazioaren interakzio-sistema konplexua, babes afektiboa, kooperazioa, onarpena eta interdependentzia dago.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera, familia gizartearen elementu natural eta funtsezkoa da[1] eta gizartearen eta estatuaren partetik babestua izateko eskubidea du. Hau da, euskarria eta babesa ematen duen instituzioa izateaz gain, sostengatua eta babestua izateko beharra du. Horregatik, NBEk maiatzaren 15a Familien Nazioarteko Egun izendatu zuen 1995ean, haiei buruzko alderdiak ezagutarazteko eta prozesu sozialek, ekonomikoek eta demografikoek haiengan zer eragin duten gogoeta egiteko. NBEak deskribatzen du familiak aldatzen ari direla[2] eraldaketa ekonomiko, sozial, demografiko eta politiko sakonen testuinguruan. Aldaketak mundu mailakoak dira, baina desberdin eragiten dute leku bakoitzean. Familiarekin zerikusia duten gai esanguratsuetako batzuk dira familia-legeak, enplegua, ordaindu gabeko zaintza-lana, emakumeenganako indarkeria eta familia migratzaileak.

Eta nola gertatzen da hori gure testuinguruan? 2003ko familien ereduei eta familien politikei buruzko txostenean[3], Eusko Jaurlaritzak familiaren instituzioak izandako prozesuak eta eraldaketak eta etorkizunean izan litezkeenak aztertu zituen, Euskadiko familiei egokitutako politika artikulatzeko. Ondoren, Familiei laguntzeko 2008ko abenduaren 12ko 13/2008 Legea[4] aldarrikatu zuten, eta euskal gizartea antolatzeko abiapuntua den familia-eredua definitzen du. Dokumentu horretan deskribatzen zen XX. mendean zehar familia zabala zela, izaera arkaiko-landatarra zuela, eta hainbat belaunaldi elkarrekin bizi zirela. Familia-eredu horren helburua erreproduzitzea, elkar laguntzea, balioak transmititzea, heztea eta produkzioaren eta kontsumoaren funtzio sozio-ekonomikoak egitea zen. Aldiz, egun, familia nuklearretara igaro gara, moderno-hiritarretara, eta beste gizarte-instituzio batzuekin partekatutako funtzioak murritzak dira. Eredu horrek izaera juridikoa eta legezko aitortza ditu, eta gurasoek (aita eta ama) eta haien ondorengoek eratutako bizikidetza-taldeak osatzen du.

50eko hamarkadan nagusitu zen ikuspegi funtzionalistaren arabera (Parsons[5]), familia nuklearra gizarte industrial kapitalistara egokitzen den eta bere egonkortasuna sustatzen duen familia mota da. Ezkontza heterosexualean (alde argia dago rol maskulinoaren eta femeninoaren artean) eta erreprodukzioan oinarritzen da, eta gizarteratzean eta babes emozionalean dago espezializatuta, familiaren beste funtzio tradizional batzuk alde batera utziz (heziketa, ikaskuntza profesionala, adinekoen zaintza). 60ko hamarkadan, kritika feministak erakutsi zuen familia ere badela sistema patriarkalaren desberdintasunak erreproduzitzen diren eremua.

70eko hamarkadatik aurrera, ezkontza-eredua alde batera geratuz joanda, izandako aldaketa sozialengatik. Familia nuklearraren eraldaketek lotura dute emakumeak lan-merkatura sartzearekin, haurren eskolatze goiztiarrarekin, etxearen eta lanaren arteko urruntzearekin, eta beste hainbat faktorerekin, hala nola dibortziatzeko aukera, antikontzeptiboen erabilera edo emakumeen independentzia ekonomikoa. Aldagai horiek guztiek eragina izan dute bikotearen barruko botere-harremanen birkonfigurazioan. Haurren kopurua eta familiaren tamaina murriztuz doa, eta bikotekideen arteko boterearen, zereginen eta erantzukizunen berdintasuna orokortuz doa iruditegi sozialean. Egun, bikote-bizitza ez da ezkontza heterosexualera (beste bikote modu batzuk legitimatuta daude) eta erreprodukziora mugatzen; beranduago hasi eta denboran luzatu ohi dira, baina dibortzioak, bigarren bikotekideak, bikotekiderik gabeak eta pertsona bakarreko familiak ere ugaritu egin dira. Mendeko pertsona gehiago daude eta seme-alaben emantzipazio-adina berantiarragoa da. Erreprodukziorako teknologiek apurtu egin dituzte sexualitatearen, erreprodukzioaren eta seme-alabatasunaren arteko loturak, eta lehen irudika ezinak ziren agertokiak sortu dira.

Hori guztia dela eta, familia birkonfiguratu egin da eta, halaber, sozializatzeko, babeserako, nutrizio afektiborako eta pribatutasunerako bere funtzioari eutsi dio. Familiaren identitate-funtzioa indartu egin da (bigarren sozializazioaren aurreko konfigurazio pertsonalaren espazioa eta denbora); baita munduko mehatxuen aurrean bikote heldua babesteko funtzioa ere. Zatiketa sozialaren aurrean, familia da nortasun pertsonalak, bikotearenak, familiarenak, etniarenak eta sozialak eraikitzeko eta eraisteko balizko lekua. Halaber, zaintza-funtzioan sakondu eta hura handitu du, bai adingabeekin (zaintzen rola aiton-amonengana zabalduz), bai adinekoekin.

Aldi berean, familia gizartearentzako ezinbesteko unitate sozioekonomikoa da. Esan dugun moduan bere funtzioak batik bat esparru afektiboan dauden arren, familia da haurren eta adinagatik, gaixotasunagatik edo desgaitasunagatik mendekoak diren pertsonen sostengua. Horrez gain, prestakuntzarako eta balioetan eta kulturan hezteko espazio pribilegiatua da. Familiaren balio ekonomikoa ikusezina da sarri, baina, kritika feministak adierazi duen moduan, emakumeen ordainsaririk gabeko zaintza-lanek eusten dute tradizionalki gizonek egin izan duten soldatapeko lan-sistemaren oinarria. Horregatik, zaintzen politikak familia barruan egiten den lan ikusezin hori guztia izan behar du kontuan. Familia erresilientziarako koltxoi ekonomikoa ere bada langabezia-kasuetan edo krisi ekonomikoetan.

Zeri esaten diogu familia gaur egun eta zer babes izan dezake? Aldaketa sozial berriek eraldaketak sustatu dituzte aitortza juridikoan, eta familia nuklearraren eredua zabaldu dute. 2023ko Familien Legeak[6] familien eredu berrien instituzionalizaziorako proposamen berria dakar. Lege horrek familia mota hauek gehitzen ditu: bi gurasoko familiak, familia etorkinak, guraso bakarreko familiak, atzerrian dauden familiak, familia gazteak (29 urtetik beherako pertsona eta haren seme-alabak edo ezkonduta dauden edo izatezko bikote diren 29 urtetik beherako bi pertsona eta haien ondorengoak), zaurgarritasun-egoeran dauden familiak, guraso bakarreko LGTBI familiak, itzuli diren familiak (beste herrialde batzuetan bizi izan direnak), hazkuntzarako laguntza gehiago behar duten familiak, kulturarteko familiak (hainbat ingurune kultural edo etnikotako pertsonek osatutakoak), familia ugariak (jaiotza, adopzio edo harrera ugarirekin), bakarrik dauden pertsonak, berreraikitako familiak (kideetako batek aurreko harremanetatik ditu seme-alabak), ezkonduta dauden bikoteak, familia transnazionalak (kideetako bat jatorrizko herrialdean dago eta bestea helmuga-herrialdean), izatezko bikoteak.

Hala, ikus dezakegu familia presente dagoela agenda politikoan eta egiturazko babes-neurri berriak artikulatzeko erdigunea dela (kontziliazio-neurriak, dirulaguntza ekonomikoak, aitortza juridikoa). Familia moten aniztasunak babes soziala eta familia-politikak horri egokitzeko erronka dakar berarekin.

Aldaketen irismen orokorrari dagokionez, familia transnazionalak daudela egiaztatu dugu: kideak –ahaidetasunaren lehen mailan– herrialde desberdinetan eta are kontinente desberdinetan bizi diren familiak dira, lan-aukeren banaketa globalaren eta zaintzen krisiaren ondorioz. Familia etorkin horien arazoak eta zailtasunak familien babesgabetasunaren eta familiatik harago laguntza izateko beharraren adibide argia dira (normalean, familia zabalak edo berehalako gizarte-sareak ematen du laguntza hori). Hau da U. Beckek munduko familiak izendatutako horien adibideetako bat[7]: herrialde, kultura eta kontinenteetan zehar oso modu desberdinean hedatzen diren harreman intimoak eta maitasun-harremanak, mundu globalizatu honen barruan, garatutako herrialdeen eta garapenean daudenen arteko gatazkak barne. 2023ko legean proposatutako familia mota berrien barruan sartzen dira, ikusi dugun moduan, familia transnazionalak, kulturarteko familiak eta kanpoan dauden familiak (guztiek dituzte kideen arteko distantzia fisiko edo kulturalarekin zerikusia duten erronkak). Familia moten bereizgarriek, askotariko beharrek, kontraesanek eta ekartzen dituzten aukerek galderak sortzen dituzte gizartean oro har, baita Hirugarren Sektore Sozialean ere.

Legezko aitortzaz gain, familiek babes-politikak behar dituzte. Babeserako eremu izan daitezke, baina baita mehatxu ere: emakumeen edo adingabeen eskubideak sustatu edo urratu daitezke bertan. Maitasunerako, zaintzarako eta gogobetetzerako lekuak izan daitezke, edo erasoen, gehiegikerien, babesgabetasunaren edo desberdintasunen espazioak. Familien legeak eta politikak errealitate horiez jabetzen doaz. Familiek behar duten beste laguntza-eredu bat agerian geratu da zaintzen krisiarekin. Familiako kide zaurgarrien zaintzaren zeregin amaiezina familia-nukleo txikiaren eta gehiegizko karga duenaren gainean dago, eta horrek erakundeen laguntza eskatzen du lana eta zaintzaren ekonomia antolatzeko (emakumeen gain dago gehienbat). Familia funtsezko zutabea da oraindik ere ongizatearen produkzioan eta erreprodukzioan, eta horri eusteko familia-politika beharrezkoa da.

EHSS sortzeko familiek izan duten rol historikoa

Familiak Euskadiko hirugarren sektorea artikulatzeko prozesuaren eta ehunduraren protagonistak izan dira: hirugarren sektoreko erakundeen sortzaileak izan dira, erakundeen ekarpenen eta zerbitzuen hartzaile gisa.

Familiek EHSSn duten rol historikoaren gaineko kontzientzia dugu. EHSSren sorrera eta artikulazioa behar komun batek (batez ere desgaitasunaren, buruko gaixotasunaren eta osasunaren arloan) eragindako familien mobilizazioek sustatu zuten hein handi batean. Ingurune pertsonaleko arazoen edo zailtasunen aurrean, familiak elkartu eta egoera zehatzei erantzuteaz eta kaltetutako pertsonentzako eskubideak eta babes-egiturak aldarrikatzeaz arduratzen diren elkarteak eta kolektiboak sortu dituzte. Haien beharretatik eta borondatezko ahaleginetik abiatuta, pertsona gehiagori laguntzeko eragile sozialen ehundura eratu da. 2020ko datuen arabera, Euskadin, erakundeen % 47,6 pertsona eta familia hartzaileek eratu dituzte zuzenean. Ehuneko hori bereziki altua da osasun arloan (% 80,7), zeharkako arlo sozialean (% 75,1) eta jarduera desgaitasuna duten pertsonengana zuzentzen duten erakundeetan (% 81,7).[8]

Krisi-egoera bat sortzen denean (gaixotasun larria, desgaitasun fisikoa, adimen-desgaitasuna edo garapen-desgaitasuna, eta adikzio edo droga-mendekotasun egoera, besteak beste) lehenik eta behin familian du eragina. Familiak jasaten du inpaktua, kaltetu egiten da horregatik eta irtenbideak bilatzen ditu. Une horietan, erakundeen zeregina funtsezkoa da, entzuteko, informatzeko, orientatzeko, laguntza emateko eta baliabideetara sartzeko espazioak baitira.

Haurdunaldian edo jaiotzean diagnostikatutako gaixotasunak edo egoerak direnean (esaterako, adimen-desgaitasuna edo gaixotasun arraro batzuk), bizi osoan zehar jasotzen dute laguntza. EHSSko erakundeek pertsonen eta haien familien bizitzako hainbat etapatan dituzten beharrak jorratzen ahalegintzeko programak eta jarduerak dituzte: estimulazio goiztiarra, enplegurako prestakuntza, aisialdirako eta autonomia pertsonalerako programak, bizikidetza-baliabideak edo zaintzakoak, etab. Familientzako galdera garrantzitsua da haiek ez daudenean mendekotasuna duten seme-alabekin zer gertatuko den jakitea, eta sektoreko erakundeak horretarako tresnak garatuz joan dira.

Beste kasu batzuetan, gaixotasun-diagnostiko bat izaten da helduaroan edo jazoera traumatiko bat (istripuagatik). Kaltetutako pertsonak zein familiak berriz bizitzen ikasi behar dute, gako berriekin, mugekin, arriskuekin, beharrekin eta prozesuari aurre egiteko erronka psikologiko handiekin.

EHSSko erakundeek funtsezko zeregina dute horretan: informazio osatua eskaintzen dute egoerei buruz, horietan inplikatutako pertsonen esperientziatik abiatuta. Laguntza eskaini dezakete ospitaleetan, laguntza teknikoei buruzko ezagutza, espezializatutako zerbitzu profesionalak, laguntza emateko baliabide publikoen ezagutza… Eta, oso garrantzitsua dena, familientzako orientazioa eta laguntza. Hirugarren sektore sozialak sare komunitarioa sortzen du hainbat gizarte- eta osasun-arazoren aurrean. Elkar laguntzeko, laguntza psikologikorako, prestakuntza espezializatutako eta familiak atseden hartzeko espazioak sortzen ditu (mendekotasuna duten pertsonentzako aisialdi-jardueren eta zaintzaileentzako zaintza-jardueren bitartez). Halaber, zeharkako arlo sozialean: familia edo pertsona etorkin edo errefuxiatuentzako, gutxiengo etnikoentzako, familia ugarientzako, guraso bakarrentzako eta guraso bananduentzako arreta.

70eko hamarkadan, familia-sistemetatik eta sistema ekologikoen teoriatik abiatuta, iradoki zuten familiako eta inguruko testuinguruen sistema zentrokideak eragina duela garapen indibidualean. Familia eragile eta profesionalen solaskide garrantzitsua da esku-hartze sozialerako. Familia oinarri duen jarduketa artikulatzen ari dira, hau da, familiei autoritatea eta gaitasuna ematen ari dira haien testuinguruen barruan jarduteko. Prozesu hori finkatzen eta garatzen joan da gaur egunera arte. 2023ko irailean Plena Inclusión erakundeak aurkeztu duen desgaitasunaren baremo berrien definizioan, familiaren zeregina nabarmendu da, desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko elementu nagusia baita. Aitortza horrekin, desgaitasunaren definizioak berak funtsezko zeregina du; desgaitasunak egokitzeko funtzionamenduarekin zerikusi handiagoa duen eredu teorikoetarantz ari dira aurrera egiten[9] (pertsonaren parte-hartzea, interakzioa eta testuingurua kontuan hartuz) eta horrek harreman zuzena du eskuragarri dauden laguntzekin. Desgaitasuna pertsonaren eta testuinguruaren arteko interakzioa da. Familia da pertsona horientzako babes-iturri nagusia (bere kideak hazi eta babesten dituen eta funtzionamenduan dagoen laguntza sozialerako unitatea[10]”). Hala, adimen-desgaitasunaren arloan, Familian Oinarritzen den Ikuspegia[11] planteatu dute desgaitasunarekin esku hartzeko eredu teoriko eta praktiko gisa. Familia elkarrekiko harremanen sare dinamikoa da, kideen batura baino handiagoa, eta sistema sozial handiago batetik abiatzen da. Bertan, kide guztiek dute elkarrenganako eragina.

Esku-hartzean egindako ekarpenez gain, Hirugarren Sektore Soziala eragile sozial gisa eta  administrazio publikoekiko baleko solaskide gisa artikulatuz joan da, baliabideak eta zerbitzuak hornitzeko garaian. Horrek familiei erabat laguntzeko aukera emateaz gain, salaketa, kritika eta aldarrikapen funtzioa ere betetzen du eta kaltetutako pertsonen eskubideak aitortzen ditu. Lehen etxeko espazioan ezkutuan gertatzen ziren egoera asko agenda publikoaren parte dira egun, Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek egindako mobilizazioei esker.

Familiak hartzaile 

Ikusi dugun moduan, familiak sektoreko jardueraren eragileak zein hartzaileak dira. Arlo soziosanitarioan, familia batzuen prozesuak eta ekimenak beste batzuen onurak dakartza, aitortza, baliabideak eta euskarria jasotzen baitituzte zaurgarritasun-egoeretan. Desgaitasuna, buruko gaixotasuna edo mendekotasuna duten pertsonen familiak Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek artatu eta laguntzen dituzte. 2021eko Barometroaren arabera, Euskadiko erakunde sozialen % 43,3ren jarduera haur, nerabe eta familiengana zuzenduta dago, % 27,9k desgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak artatzen dituzte, eta gainerako % 19,5ek familiak artatzen dituzte zuzenean[12].

Baina ez arlo horretan bakarrik: Hirugarren Sektore Sozialean, halaber, zaurgarritasun-egoeran dauden familien behar sozio-ekonomikoei erantzuteko espazio garrantzitsua dago. Instituzionalizatutako adingabeek behar duten babes afektiboa harrera- eta adopzio-prozesuen bidez bete daiteke, eta etorkinen edo errefuxiatuen familien integrazioa ere sustatzen da Hirugarren Sektore Sozialetako proiektuetatik. Tratu txarrak edo genero-indarkeria sufritzen duten familiek laguntza eta baliabideak jasotzen dituzte erakundeetatik. Familia babeserako lekua da, baina arrisku- eta mehatxu-espazioa ere izan daiteke, eta Hirugarren Sektore Soziala erantzun baliagarria da horiek hauteman, salatu eta jorratu behar diren egoeretarako. Azkenik, diskriminatutako kolektiboen familiek onurak jasotzen dituzte Hirugarren Sektore Sozialak sentsibilizazioan, prestakuntzan, orientazioan eta salaketan egindako esku-hartzeengatik.

Ziurrenik, familiek zeregin funtsezkoa izango dute Hirugarren Sektore Sozialaren etorkizunean, garatzen ari diren modu berrietatik, eta odolkidetasunetik harago doazen dimentsioak eta bizikidetza-ereduak ere barne hartuko dira. Egungo familiak formatu murritzagoa du, eta adierazpenik txikiena gurasobakarreko lotura da, baina ez du zertan odolkidetasunekoa izan (ama/seme-alaba edo aita/seme-alaba lotura adopziokoa izan daiteke). Halaber, familia-ereduak zabaldu eta dibertsifikatu egiten dira berreraikitako familiekin, ezkontza homosexualekin, adopzioarekin eta harrerarekin. Eta beste bizikidetza-eredu batzuk sortzen dira, beharraren, irudimenaren, instituzioaren eta tradizioaren uztarketatik abiatuta: ikasleen artean partekatutako etxebizitza, etorkinen sareen artean partekatutakoa (familiak eta langileak), gazteen eta adinekoen artekoa, cohousing eta cohousing seniorra, eredu berriko adinekoen egoitzak, zaintzapeko etxebizitzak, gizarteratze-etxebizitzak, harrerakoak, etab. Elkarketa mota horietako batzuk behin-behinekoak dira, baina beste batzuek erakunde juridikorik gabeko epe luzeagokoen formatuak izan ditzakete, edo gizarteratzeko, laguntza emozionala eta sozioekonomikoa eskaintzeko funtsezko zeregina izan dezakete, hau da, babes sozialekoa (familiaren funtzioetako bat). Hirugarren Sektore Sozialak bere etorkizuneko zereginarekin jarraitzeko horiek kontuan izan behar ditu; baina horrez gain, modu berriak sortu eta indartzeko espazioa ere izango da (berrikuntzan egiten duen ekarpen sozialaren parte da). Bizikidetza-eredu horietako askok ordezkatzeko xedea dute (aldi baterako familiaren funtzioa betetzea), baina, esan dugun moduan, epe luzeko prozesuak ere sor ditzakete.

Hirugarren Sektore Soziala eta familiak: etorkizunerako erronkak

Aurreko guztia aipatu ondoren, zer izango du aurrean EHSSk familiei eta haietan gertatu eta gauzatzen diren eraldaketei dagokienez? Zeri jarri behar diogu arreta, xedea eta irudimena parekidetasuna, justizia eta aukera sozialak eraikitzen jarraitzeko?

Familiaren esperientziara hurbiltzea: pertsona zaurgarriei edo mendekotasuna dutenei familiaren antzeko esperientzia eskaintzen dieten bizileku- eta harreman-espazioak eskaintzeko ikertzen eta berritzen jarraitzea.

-Dibertsitatea aintzat hartzea: egun familia izateko dauden moduak eta horrek dakarren isileko metamorfosia ulertu eta sostengatzea. Aldaketa sozialen eta haien potentzialtasun sozialaren inpaktua kritikoki aztertzea. Eta sektorearen berezko nortasunetik, merkatutik harago doazen erantzunak eta baliabideak eskaintzea. Hirugarren Sektore Sozialaren erronka da berezko gakoetatik beste horrenbeste egitea: aukera horietatik elkartasun berriak sortzea, ehundura sozial berriak, eta laguntzeko eta berrikuntzarako sare berriak.

Familien funtzio hezitzailea indartzea: familiari laguntza ematea hazkunde seguru eta errespetuzkorako espazio gisa, familien eta gazteen prestakuntzarako ekarpena egitea, tratu oneko harremanak sustatzea eta belaunaldien arteko harreman positiboei buruz sentsibilizatzea.

-Pertsonarik zaurgarrienak babestea: premiazko beharra izaten jarraitzen du horrek. Bai familiarik eta etxerik gabeko pertsonek, bai familia babesgabeek (prekarietate ekonomikoagatik, ingurumenekoagatik edo sozialagatik, barne- edo kanpo-indarkeriagatik) laguntza, arreta eta esku-hartzea behar izaten jarraitzen dute.

-Elkarrizketa beste eragile sozialekin: Hirugarren Sektore Sozialak familiei administrazio publikoarekin eta beste eragile batzuekin laguntzeko erantzukizuna partekatzeko beharra du eta izango du, zaintzak, kontziliazioa, jasangarritasun ekologikoa eta ekonomikoa eta babes soziala biztanle guztientzako benetako bermea izan daitezen.

Funtzio kritikoa mantentzea: ongizate-estatuaren ahultzearen ondorioz babes sozialaren pisua familien gainean eror ez dadin zaintzeko zeregina ere badu bere gain Hirugarren Sektore Sozialak. Horrek esan nahi du sektorearen berezko funtzio kritikoa eta salaketaren funtzioa erne eta bizia izatea. Eta familien eskubideak eta pribatutasuna errespetatzea eta errespetaraztea eta norberaren egoerari buruzko erabakiak modu pertsonal eta familiarrean hartzeko aukera babestea barne hartzen du.

Erakundeetako familiak zaintzea: Hirugarren Sektore Sozialak eragiteko indar eta gaitasun handiagoa du sarean eta sareen sareetan funtzionatzen duenean (hau da, elkarren artean lotura duten erakundeen familietan). Sare horiek indartu eta zabaltzea sektorearen etorkizunerako dimentsio garrantzitsua da.

Familien parte-hartzea eta haien ekarpen soziala, hezitzailea eta eraldatzailea sustatzea: familiak aldaketak gauzatzeko espazio garrantzitsua dira. Berdintasuna, kontsumo ekologikoa, erabakiak, errespetuzko harremanak, justiziaren ikaskuntza eta abar familia barruan gertatzen dira, eta bertatik zabaltzen dira. Hirugarren Sektore Sozialak aitortu eta sustatu dezake, hainbeste familiak, eta hain anitzek, aukera hori osatu eta mantentzeak dakarren aukera.

 

[1]NBE (1948ko abenduak 10), Batzar Orokorra, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, 217 A (III), 16.3. artikulua.  https://www.refworld.org.es/docid/47a080e32.html.

[2] NBE Emakumeak (2020). El progreso de las mujeres en el mundo 2019-2020: Familias en un mundo cambiante. https://www.refworld.org.es/pdfid/5d127c654.pdf

[3] Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Saila, Eusko Jaurlaritza (2003), Familia-ereduei eta familia-politikei buruzko txostena, https://www.euskadi.eus/web01-a2langiz/eu/contenidos/documentacion/tipos_de_familia/eu_tipos/tipos_familia.html

[4] 2008ko abenduaren 24ko 246. EHAO, 31925. Orrialdea, https://www.legegunea.euskadi.eus/eli/es-pv/l/2008/12/12/13/dof/eus/html/

[5] Parsons, T. (1955). The American Family: Its Relations to Personality and to the Social Structure. In T. Parsons & R. Bales (Eds.), Family. Socialization and Interaction Process (3-33 orrialdeak). Glencoe, Ill: The Free Press.

[6] Legea BOEn argitaratzeke dago. Proposatutako kontziliazio-neurriak 2023ko ekainaren 28ko 5/2023 Errege Dekretuan argitaratu dira. (2023ko ekainaren 19ko 154. BOE, 90565. zenbakia). https://www.boe.es/eli/es/rdl/2023/06/28/5)

[7]U. Beck eta E. Beck-Gernsheim (2012), Amor a distancia, Bartzelona, Paidós

[8]2020ko Liburu Zuria. https://3seuskadi.eus/wp-content/uploads/LibroBlanco_DEF_2019-2020_eus-comp.pdf

[9] Modelo teórico del retraso mental de Luckasson, I. García Alonso (2005), Concepto actual de discapacidad intelectual, Intervención Psicosocial 2005, 14. Lib., 3, 260. or. Hemen eskuragarri: https://journals.copmadrid.org/pi/archivos/100008.pdf

[10] L. Leal (2008), Un enfoque de la discapacidad intelectual centrado en la familia, Cuadernos de Buenas Prácticas FEAPS. https://www.plenainclusion.org/publicaciones/buscador/cuaderno-de-buenas-practicas-un-enfoque-de-la-discapacidad-intelectual-centrado-en-la-familia/

[11] Villaescusa, M., Martínez-Rueda, N., Yurrebaso. G. (2022), Enfoque centrado en la familia en las entidades con discapacidad intelectual y del desarrollo: conceptualización  orientaciones para la puesta en práctica. Zerbitzuan, 76, 47-58 or. Hemen eskuragarri: https://www.zerbitzuan.net/documentos/zerbitzuan/Enfoque_centrado_en_la_familia.pdf

[12] Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Behatokia (2021), Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren 2021eko Barometroa. Informe_BAROMETRO2021_DEF.pdf (3seuskadi.eus)