Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 11/2023

“Ez dago abiapuntuan desberdinak diren bi egoera berdin tratatzea baino ezer desorekatuagorik eta bidegabeagorik”  (Mujeres Fundazioa)

 

Gizartea azken urteetan maila desberdinetako aldaketak bizitzen ari da. Azpimarragarrienetako bat esparru desberdinetan egiten ari den emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko apustu sendoa da. Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala (aurrerantzean, EHSS) ez da atzean geratu kontu horretan: bere identitatearen, ibilbidearen eta ekintzaren bidez aldarrikatzen duen genero-berdintasunarekiko konpromiso sendoari eusten dio. Testu labur honen bidez EHSSn genero-ikuspegia txertatzearen inguruan gogoeta egitera gonbidatu nahi zaituztegu eta kontuan izan beharreko zenbait gako eskaini nahi dizkizuegu.

EHSSren 2021eko Barometroaren datuen arabera, erakunde gehienek (% 83,5), zerbitzuak eskaintzeaz gain, sentsibilizazioarekin eta eskubideen defentsarekin lotutako beste funtzio sozial batzuk garatzen dituzte. Zerbitzuen hornikuntzaren eta beste funtzio sozial batzuen bidez, erakundeek behar sozialei erantzuten diete eta baliabideak gerturatzen dizkiete beharrak dituzten herritarrei, baliabide horiek eskuratzea erraztuta.

2020ko Liburu Zurian azaldutako datuetan oinarrituta, garbi dago EHSS feminizatutako sektorea dela, emakumeak dira profilik artatuena (% 57,18) eta, gainera, bertan profesionalki diharduten pertsonen % 70,5 emakumeak dira eta boluntarioen % 66,5 ere emakumeak dira.

Hala ere, EHSS oso feminizatutako sektorea ez ezik, eratzen duten erakundeen aniztasunak (tamaina, ibilbidea, artatutako kolektiboa, etab.) eta erantzuna ematen dioten arazo heteregeneoek bereizgarri egiten duen sektorea ere bada. Horrek genero-ikuspegitik artatu beharreko egoerei erantzuna eman diezaieketen esku-hartzeen irizpide komunak finkatu ahal izatea zailtzen du.

Zer da genero-ikuspegia? Zer dakarkio hirugarren sektore sozialari?

“Genero-ikuspegia” terminoa indarra hartzen joan da sektorean azken urteotan, baina zer da genero-ikuspegia? NBE Emakumeak taldeak honela definitzen du: “generoak pertsonen aukeretan, roletan eta interakzio sozialetan duen inpaktua behatzean oinarritzen den ikusteko edo analizatzeko modua. Ikusteko modu horrek genero-azterketa egiteko eta ondoren genero-ikuspegia programa, politika edo erakunde batean zeharkatzeko aukera ematen digu”.

Hala, EHSSren erakundeetan genero-ikuspegia bereizitako, baina elkarren artean oso erlazionaturik dauden bi mailatan txertatzeari buruzko eztabaida hasten da. Alde batetik, erakundearekin berarekin, egiturarekin eta kudeaketarekin erlazionatuta, genero-ikuspegiarekin esku hartu nahi bada, erakundearen beraren egituraren azterketarekin hasi behar da eta berdintasun-begiradatik lan-prozesuen kudeaketa nolakoa den aztertu (hautaketa, kontratazioa, etab.). Horrek erakundearen beraren egitura, ikuspegia, misioa eta balioak birpentsatzea eta erabakiak nola hartzen diren eta erakunde-kultura nolakoa den eta nola garatu den aztertzea eskatzen du. Horrela, genero-berdintasuna lerro estrategiko gisa ezartzen duen kultura partekatua sortzea ahalbidetzen da. Eta hortxe hartzen du garrantzi berezia genero-dimentsioa ekintza guztietan txertatzeko inplikazio integrala beharrezkoa dela dioen zeharkakotasun kontzeptuak.

Beste alde batetik, esku-hartzea nola garatzen den birpentsatu behar da eta genero-desberdintasunei (egiten badugu) eta erakundearen baliabide eta zerbitzu desberdinen emakumezko hartzaileen behar espezifikoei nola erantzuten diegun. Eta horretan guztian, rol garrantzitsua du ikerketak, behar desberdinei erantzuteko baliabideak eta zerbitzuak zergatik eta nola ezarri behar diren definitzen baititu zuzen edo zeharka.

Historikoki, arazo sozialak gizonen ikuspegitik aztertu dira eta emakumeen bizipenak gehitu direnetan, oro har, desberdintasun biologikoetan oinarritu dira, bertan eragiten duten dimentsio sozialak eta kulturalak alboratuta. Horrek genero-aldagaiak ikuspegi kuantitatibo soiletik aztertzeko joera sortu du, arazo jakin batek kaltetutako emakume kopuruan eta baliabide eta zerbitzu desberdinetara jotzen zuten emakumeen zenbatekoan oinarrituta. Halere, metodologia horrek interpretazio-hutsegiteak eragin litzake; izan ere, esku-hartzearen hartzaile diren emakumeen kopurua ez da esku-hartzearen kalitatearen adierazle.  Hori kasu anitzetan eta askotarikoetan beha dezakegu; jarraian, hori azaltzen duten bi adibide aipatuko ditugu:

  • adibidea: etxerik gabe dauden emakumeen kopurua [1] ikuspegi kuantitatibo soiletik aztertzen badugu, emakume-kopurua gizonena baino askoz txikiagoa dela ikusiko dugu, EINen arabera (2022), % 76,7 gizonezkoak dira eta % 23,3 emakumezkoak. Datu horrek baieztapen honetara eraman gaitzake: Etxegabeen fenomenoak batez ere gizonei eragiten die, eta hortik abiatuko bagina, gizonezkoei bideratutako eta emakumeei plaza gutxiago eskaintzen dizkieten baliabideak eta zerbitzuak diseinatzeko hutsegitea egingo genuke. Ikuspegi kuantitatiboari kualitatiboa gehitzen bazaio, arazoak kaltetutako emakumeei ahotsa emanda, emakume etxegabeen kopurua bistara zergatik den txikiagoa deskubrituko genuke: arazoaren ikusezintasuna (ETHOS[2] sailkapenaren beste tipologia batzuetan egoten dira, segurua ez den bizilekuan edo desegokian, esaterako), baliabide ekonomikorik ez izateagatik indarkeria-egoerak jasatea, baliabideetara eta zerbitzuetara jotzeko beldurra, estigmatizazio sozial handiagoa, beren behar espezifikoei erantzuten ez dieten baliabideak, etab.

 

  • adibidea: aurreko adibidean bezala, droga-kontsumoa zenbakietan oinarrituta soilik aztertzen badugu, mendekotasunagatik artatutako pertsonak batez ere gizonak direla ikusiko dugu (2023ko UNADen txostenaren datuen arabera, % 75 eta % 25) eta emakumeen baliabideekiko sarbidea eta/edo atxikimendua [3] gizonena baino txikiagoa dela. Hala ere, oso sinplista izango litzateke zenbakizko gai batera mugatzea, eta hor sartzen da ikuspegi kualitatiboa, emakumeek baliabideak eta zerbitzuak ez eskuratzean eragiten duten aldagaiak aurkitzeko aukera emango lukeena: estigmatizazio sozial handiagoa, gehienbat gizonentzat diseinatutako baliabideak, zaintzailearen rola betetzea arazoak izan arren, laguntza soziofamiliarrik ez izatea, etxean pribatutasunagatik ikusezin bihurtutako kontsumoa…

Adibide horien bidez, genero-azterketa harago doala ikusarazi nahi dugu. Ez dela errealitatearen alderdi kuantitatiboaren ezagutzatik soilik abiatzen eta praktikan jarriko ditugun esku-hartze sozialei eragin diezaieketen genero-desberdintasun eta desorekak ezagutzeko, ulertzeko eta bistaratzeko aukera emango digula. Ez da diagnostiko-tresna soilik, baizik eta genero-erlazioak eraldatzeko oinarria. Gure ekintza sozialaren edozein alor behatzen badugu, azterketa errealitatea aldatzeko eta hobetzeko konpromiso inplizituarekin egiten dugu. Beraz, ez da nahikoa kontzientzia hartzea edo genero-arazoak agerian uztea, baizik eta horien gainean ekin behar da mekanismo horiekin hautsi eta berdintasun-terminoetan aurreratzeko eta ekintza-estrategiak finkatzeko (González Maza, Albano Redondo eta Sanz, 2022).

Genero-ikuspegia txertatzean zeharkakotasunaren garrantzia azpimarratzen genuen bezala, intersekzionalitate kontzeptua ere sartu behar da. Desoreka sistemikoak hainbat faktore sozial gainjartzetik, generoa, etnia eta klase soziala, esaterako, konfiguratzen direla onartzen duen tresna analitikoa da. Ondorioz, pertsona batek une eta leku jakin batean dituen desabantailak eta pribilegioak ezin dira ulertu bere identitatearen zenbait elementu era isolatuan aztertuta. Adibidez, indarkeria matxistaren biktima den emakume batekin egin behar den esku-hartzean indarkeria jasaten duela hartu behar da soilik kontuan? Emakume guztiek dute indarkeriaren kontzeptu bera? Esku hartzeko prozesua berdina da aipatutako problematikari beste alderdi batzuk gehitzen bazaizkio, desgaitasun intelektuala duen emakumea, emakume arrazializatua, dokumentaziorik gabeko emakumea, hizkuntza-langa izatea, esaterako?  Orduan problematikari ikuspegi beretik erantzun behar zaio? Ala, bestalde, intersekzionalitatetik erantzun behar zaio problematikari?

Esku-hartzearen momentu desberdinetan, kopurua albora utzita, emakumeak egoteak ez du ziurtatzen beren beharrak eta iritziak kontuan hartzerik, ezta esku-hartzearen kalitateak autonomia handiagoa eta ahalduntze-prozesuak sustatzen duenik ere.

Horregatik, genero-ikuspegi intersekzionaletik egindako esku-hartzeak, lehenik, emakume bakoitzaren espezifikotasunari buruz gogoeta egitea eta emakumea kategoria homogeneotzat ez hartzea ezartzen ditu premisa gisa. Bigarrenik, agerian uzten du generoaren aldagaia aztertzearekin ez dela nahikoa eta beste aldagai batzuk kontuan hartu behar direla, adina, kultura, jatorria, dibertsitate sexu-aniztasuna, dibertsitate funtzionala eta osasun mentala, esaterako. Hirugarrenik, arreta jarri behar dela pertsona hurrengo alderdien bidezko sozializazioan nola garatu den (Bizitegi, 2023):

  • Ezagutza: balioak, ideiak eta sinesmenak, horien bidez aurre egitea eta aitortzea.
  • Emozioa: gertatzen zaiona nola bizi duen, adierazitako eta adierazi gabeko emozioak, identifikatzen dituenak eta ez dituenak, baimentzen dituenak eta ez dituenak zein diren.
  • Barneko eta kanpoko esperientziak:, emozioak nola kudeatzen dituen eta zertan bilakatzen dituen, balio, ideia eta sinesmen horietan oinarrituta nola sozializatu den kontuan izanda.
  • Partekatzea eta erlazioak: nola erakusten duen bere burua eta bere buruarekin, baliabidea partekatzen duten beste pertsonekin eta profesionalekin nola erlazionatzen den.
  • Sexualitatea: identitatea, orientazioa, generoa, desira, erotika, erlazio afektibo-sexualak eta gorputza.

Esku-hartzea gauzatzen den espazioa zaintzea ere beharrezkoa da, emakumeak espazio propio eta segurutzat hartzea lehenetsita, era berean, enpatian eta hurbiltasunean oinarritutako lotura bermatuta, edozein balio-epaiketa, estigmatizazio eta, batez ere, bigarren biktimizazioa saihestuta.

EHSSko gogoetarako gakoak eta erreferentziak

Genero-ikuspegia zeharkakotasunetik eta intersekzionalitatetik txertatzea eta ezartzea ez da erraza alor batean ere, baina EHSSn zailtasun bat gehitzen da: sektorearen heterogenenotasuna eta aniztasuna. Horrek sektorearen gogoeta eta posizionamendu partekatua eskatzen ditu, baina baita artatutako kontingentziaren edo kolektiboaren eta erakundearen ekintza-alorraren araberako gogoeta espezifikoa ere.

Era berean, elkarrekin gogoeta egiteko espazioak behar ditu, ez zuzendaritza edo gerentzia kontuan hartuko dituztenak soilik, baita profesionalak eta hartzaileak gogoan izango dituztenak ere.  Nahiz eta behar berezien aurrean erantzuteko eta egokitzeko gaitasun handiko sektorea izan, hori ez da erraza; izan ere, lehenago aipatu dugun bezala, antolakuntza-kulturan eta ekintza-prozeduretan aldaketa sakonak dakartza, baliabideen eta zerbitzuen diseinuari, inplementazioari, malgutasunari, sarbide-irizpideei eta horien ebaluazioari dagokionean. Hortaz, kostu handiko prozesuak behar ditu, ez denborari dagokionean soilik, baita alderdi horietan sakontzeko aukera ematen duten materialei eta ekonomikoei dagokienez ere.

Patricia Martínez Redondoren (2023) hitzetan oinarrituta, egin berri dugun genero-errealitatearen inguruko azterketari buruz gogoeta egitera gonbidatzen zaituztegu. Guk deskribatzeko eta interpretatzeko zain dagoen aurretiko zerbait, aurretik dagoen zerbait balitz bezala ulertzen badugu, eraikitako zerbait dela ahaztuko dugu eta, horrela, eraikitako guztia deseraiki daitekeela dioen premisa gal dezakegu.

EHSSren identitatea eta ibilbidea zerbaitek bereizten badu, eragile sozial desberdinen inplikazioaren eta parte hartzearen bidezko aldarrikatze- eta salatze-gaitasuna da, ekintza horiek genero-berdintasunean funtsezkoak dira, aurrera egiten jarraitzeko gogoeta-espazioak eta emakumeek ahotsa goratu ahal izateko espazioak eskaintzen baititu.

Azkenik, genero-ikuspegia duten gako interesgarriak eskaintzen dituzten eta ikuspegia txertatzearen garrantzian sakontzeko aukera ematen duten txostenen eta ikerketen zenbait erreferentzia utziko dizkizuegu:

Harresiak Apurtuz: Covid-19ak emakume migratuetan izan zuen inpaktua:

https://www.harresiakapurtuz.org/wp-content/uploads/2022/12/LIBRO-HARRESIAK.pdf

AVIFES: Buruko gaixotasuna duten emakumeen bizi-kalitateari buruzko ikerketa

https://avifes.org/wp-content/uploads/2019/05/AVIFES_supportingwomen.pdf

Bizitegi: Genero- eta intersekzionalitate-ikuspegia esku-hartze sozialean. Gizarte-bazterketa prozesu larrietako genero-sozializazioaren inpaktua.

https://www.bizitegi.org/wp-content/uploads/2023/03/Bizitegi_Perspectiva-genero_cas.pdf

EAPN: Genero-ikuspegia laneko arriskuen prebentzioan integratzeko check lista

https://www.eapn.es/publicaciones/370/check-list-para-la-integracion-de-la-perspectiva-de-genero-en-la-elaboracion-de-documentos

EHLABE: Desgaitasun intelektuala eta/edo buruko nahasmendua duten emakumeen lan-egoerari buruzko ikerketa kualitatiboa https://www.ehlabe.org/upload/memorias/Ellas%20Cuentan_Memoria.pdf

LARES ETA UNAD: Adinekoak eta mendekotasunak: LARES eta UNADen genero-ikuspegia duen diagnostikoa

ONCE: Europako Funts Sozialaren programazioan genero- eta desgaitasun-ikuspegia txertatzeko gida https://biblioteca.fundaciononce.es/publicaciones/colecciones-propias/programa-operativo/guia-para-la-incorporacion-de-la-perspectiva-de

Euskadiko GGKE: Euskal GGKE-etan genero-ikuspegia txertatzeko prozesuaren sistema-ebaluazioa https://www.ongdeuskadi.org/publicacion/sistema-evaluacion-proceso-para-la-incorporacion-perspectiva-genero/

REAS: Genero-ikuspegiarekin komunikatzeko gida. https://reaseuskadi.eus/reas-euskadi-da-sus-primeros-pasos-para-construir-otras-formas-de-comunicacion-que-incorporen-la-perspectiva-feminista/

Deustuko Unibertsitatea: Irakaskuntzan eta ikerketan genero-ikuspegia txertatzeko gida

https://www.deusto.es/document/deusto/es/guia-incorporacion-perspectiva-genero-docencia-investigacion.pdf

UNAD: Joko patologikoarekin erlazionatutako faktoreei buruzko genero-ikuspegia duen ikerketa-lana

https://www.generoydrogodependencias.org/2022/10/21/estudio-exploratorio-con-perspectiva-de-genero-sobre-factores-asociados-al-juego-patologico/

FEDEAFES: Egoeraren inguruko diagnostikoa emakumeen eta gizonen berdintasunaren aurrean. Buru-osasuneko arazoetan genero-dimentsioa eta emakumea diskriminatzearen ondorioak txertatzen dituen ikerketa.

https://consaludmental.org/centro-documentacion/diagnostico-igualdad-mujeres-fedeafes/

FEVAS: generoaren araberako irisgarritasun kognitiboa

https://www.plenainclusion.org/noticias/accesibilidad-cognitiva-en-clave-de-genero/

EMAKUNDE: Kontratu publikoetan, diru-laguntza publikoetan, hitzarmenetan eta kontzertu sozialetan genero-ikuspegia txertatzeko gida

https://www.emakunde.euskadi.eus/informacion/guias/webema01-contentpubli/es/

 

 

Bibliografia

Bizitegi. (2022). Genero- eta intersekzionalitate-ikuspegia esku-hartze sozialean. Gizarte-bazterketa prozesu larrietako genero-sozializazioaren inpaktua. Bilbo.

González Maza, A. M., Albano Redondo, M., & Sanz, N. (2022). Genero-ikuspegia esku-hartze sozialean txertatzea.

EIN. (2022). Etxegabeentzako galdetegia. https://www.ine.es/prensa/epsh_2022.pdf

Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia. (2021eko abendua). Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren 2021eko Barometroa. Hemen eskuragarri: https://3seuskadi.eus/wp-content/uploads/Informe_BAROMETRO2021_DEF.pdf

Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia (2022). Euskadiko Hirugarren Sektorearen Liburu Zuria 2020. Hemen eskuragarri: https://3seuskadi.eus/wp-content/uploads/LibroBlanco_DEF_2019-2020_es-comp.pdf

Redondo, P. M. (2023ko abendua). Generoa eta droga-mendekotasuna. Generoaz eta droga-mendekotasunaz lortua: https://www.generoydrogodependencias.org/

UNAD. (2022). 2022ko mendekotasunen profila. https://www.unad.org/investigacion/perfil-de-las-adicciones/

 

 

[1] Alderdi horietan sakontzeko, kontsultatu Bizitegik egindako lana: https://www.bizitegi.org/wp-content/uploads/2023/03/Bizitegi_Perspectiva-genero_cas.pdf

[2] Informazio gehiago lortzeko: https://www.uv.es/laboratorio-sociales-sociallab/es/observatorios-sociedad-valenciana/personas-hogar/metodologia/tipologia-ethos.html

[3] Gai horietan sakontzeko: https://www.generoydrogodependencias.org/2020/07/29/mujeres-adiccion-abandonan-tratamiento/