Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 03/2024

Duela aste gutxi, Behatokiaren webgunean Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren 2023ko Barometroa argitaratu genuen. Txosten arin eta maneiagarria da, eta, laburbilduta, Euskadiko ekimen eta esku-hartze sozialeko erakundeei eta sareei buruzko informazio garrantzitsua eskaintzen du.

Txostenean eskaintzen diren datuek EHSS osatzen duten erakundeen eta sareen ezaugarriak erakustea dute helburu. Erakunde eta sare horiek herritarren ekimen libretik sortuak dira, eta antolatutako elkartasuna eta herritar guztien (bereziki, egoera, arazo edo behar sozialek kaltetutako pertsona, familia, talde edo komunitateena) parte-hartzea jasotzen eta bultzatzen dute. Jardueraren garapenean, erakundeek behar sozialen erantzuna intzidentzia sozialarekin uztartzen dute zerbitzuen bitartez, eta beraien jarduerarekin funtsezko ekarpena soziala egiten dute. EHSSri buruzko 6/2016 legeak dioen moduan, kapital sozial, erlazional eta giza kapital handia bideratzen dute erakundeek. Eta euskal gizarteko funtsezko aktiboak dira, gizarte justu, berdinzale, solidario, kohesionatu, parte-hartzaile eta demokratiko gisa egituratzeko.

Galdetegia betetzen lagundu duten 438 erakundeen parte-hartze eskuzabalagatik ez balitz, ezin izango litzateke Liburu Zuria egin, eta ezingo lirateke datuak aurreratu EHSSren 2023ko Barometroaren bidez. Gure eskerrik onenak guztiei.

Jarraian, datu garrantzitsuenen laburpena eta horiek sorrarazten dituzten hausnarketa garrantzitsuenetako batzuk eskaintzen ditugu. Dokumentu osoa hemen ikus daiteke.

Kopuru nagusiak

Kalkuluen arabera, 4.259 erakundek (2.395 Bizkaian, 1.231 Gipuzkoan eta 633 Araban) osatzen dute Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala; hau da, Euskadiko 1.000 biztanleko 1,94 erakundeko tasa. Erakunde horiek, gutxi gorabehera, 45.624 langile dituzte, eta 168.291 boluntarioren partaidetza soziala bideratzen dute. 2022an, 2.045 milioi euroko bolumen ekonomikoa kudeatu zuten, euskal BPGaren % 2,4.

Zer berezko ezaugarri ditu Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak?

Erakundeen % 90,9 elkarteak dira, % 6,2 fundazioak eta gainerako % 2,9ek beste figura juridiko bat dute.

Gutxi gorabehera, erakundeen % 31,7k onura publikoaren deklarazioa dute. Deklarazio horrek gizarteak lan hori aitortzen duela adierazten du, eta berekin dakar erakundearen xedeek interes orokorra sustatzeko joera izatea eta jarduera bazkidetutako pertsonei mesede egitera soilik ez mugatuta egotea.

Erakundeen % 46,4 pertsona eta/edo familia hartzaileek zuzenean eratutakoak dira, eta horrek adierazten du erakundeen eta jardueraren pertsona eta kolektibo hartzaileen artean lotura estu eta egonkorra dagoela. Hain zuzen ere, 2 kasutik ia 1ean haiek osatzen dute erakundea.

Erakunde gehien biltzen dituzten jarduera arloak zeharkako esparru soziala eta gizarte-zerbitzuak dira. Zehazki, erakundeen % 37,5ek taldeen (adinekoak, immigranteak, emakumeak, eta abar) eskubideak sustatzen dituzte, batez ere. Halaber, erakundeen % 22,2k gizarte-zerbitzuak ematen dituzte.

EHSSren barruan erakunde mota asko daude, askotariko ibilbideak eta esperientzia dituztenak. Sektorea osatzen duten entitateen % 32,7k, gutxi gorabehera, 20 urte edo gehiagoko ibilbidea dute. Horietatik % 1,1ek 50 urte edo gehiago daramatzate aktibo.

Bestetik, erakunde berriagoak ere baditu sektoreak. Erakundeen % 18,2 nahiko gazteak dira, 5 urte baino gutxiagokoak. Horrek agerian uzten du sektorearen dinamismoa eta etengabeko gaztetzea.

EHSSko erakundeen % 61,1ek soldatapeko langileak dituzte lantaldeetan; aldiz, erakundeen % 38,9 borondatezko pertsonekin osatuta daude oso-osorik.

Lantaldeetan boluntarioek duten presentziari dagokionez, erakundeen % 85etan boluntarioen presentzia esanguratsua da, erakundea osatzen dutenen erdia edo gehiago baitira. Egiaz, erakundeen % 38,9 oso-osorik boluntarioz osatuta daude.

EHSSren barruan, erakundeen % 75,4 txikiak edo ertainak dira. Hau da, horien diru-sarreren bolumena ez da 300.000 €-koa baino handiagoa. Egiaz, erakunde horien % 50 inguruk administratzen duten aurrekontua 65.052 € baino txikiagoa da.

Bestetik, EHSSko erakundeen % 24,6 handiak edo oso handiak dira. Hortaz, bolumen ekonomiko oso ezberdinak dituzten erakundeak biltzen ditu EHSSk. Erakundeen % 10,6k milioi eta erdi euro baino gehiagoko aurrekontuak kudeatzen dituzte. Aldiz, sektoreko entitateen % 20,6ren diru-sarrerak 12.000 €-tik beherakoak dira.

Erakundeen diru-sarreren % 64,8 finantzaketa publikoko iturrietatik datoz, eta % 35,2 finantzaketa pribatutik. Sektorearen finantzaketa propioa (dohaintzak, zerbitzuak ematea eta produktuak saltzea) % 26,6 ingurukoa da. Erakundeen finantzaketa-iturri nagusia dirulaguntza publikoak dira, hau da, erakundeen diru-sarrera guztien % 29,5. Ondoren, hitzarmen publikoak datoz, erakundeen diru-sarreren % 24,1ekin.

Erakundeen % 65,8 bigarren mailako erakundeak edo egitasmoak dira (sareak, federazioak, taldeak, plataformak…), eta horrek adierazten du antzeko erakundeen artean harremana dagoela, eta hausnarketarako eta elkarri informazioa emateko espazioak partekatzen dituztela.

Zein jarduera egiten dute Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek?

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko 5 erakundetik 1 inguruk bazterketa-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonak artatzen ditu; % 15,2k, desgaitasuna duten pertsonak; % 7,8k, babesgabetasun-egoeran daudenak; eta azkenik, % 3,9k, mendekotasun-egoeran daudenak edo mendekotasunean egoteko arriskuan daudenak.

Gainerakoen, hau da, erakundeen % 52,1en jardueraren hartzaile nagusiak beste zaurgarritasun- edo desberdintasun-egoera batzuk bizi dituzten pertsonak eta abar dira.

Kolektibo nagusia aintzat hartzeaz gain, erakunde batek arta ditzakeen pertsona guztiak ere aintzat hartzen baditugu, erakundeen erdiek baino gehiagok, gutxi gorabehera, emakumeei eta gazteei zerbitzuak eskaintzen dizkietela ikus dezakegu, neurri handiagoan edo txikiagoan. Gainera, erakundeen % 47,2k haurrekin, nerabeekin eta familiekin lan egiten dute. Era berean, nabarmena da migratzaileei (% 40,7), adineko pertsonei (% 38,9) eta pobrezia-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonei (% 38,4) laguntza ematen dieten erakundeen presentzia.

EHSSko 10 erakundetik 8k, zerbitzuak eskaintzeaz gain, kontzientziazioarekin eta eskubideen defentsarekin lotutako beste jarduera sozial batzuk ere garatzen dituzte. Zerbitzuen hornikuntzaren bidez, erakundeek behar sozialei erantzuten diete eta baliabideak gerturatzen dizkiete beharrak dituzten pertsonei, baliabide horiek eskuratzea erraztuz. Gainerako erakundeak honela banatzen dira: eragin sozialarekin lotutako funtzio sozialak bakarrik egiten dituztenak (% 15,7) eta, neurri txikiagoan, zerbitzuak bakarrik ematen dituztenak (% 5,8).

Zerbitzuak ematen dituzten erakundeen % 29,8k erantzukizun publikoko zerbitzu-zorroetan aintzat hartutako zerbitzuak ematen dituzte (gainera, gehiengoak zorro horietan aintzat hartu gabeko zerbitzuak ere ematen dituzte). Bestalde, beste % 70,2k erantzukizun publikoko zorroetan aintzat hartu gabeko zerbitzuak ematen dituzte.

Hornitzen duten zerbitzu nagusiaz gain, kontsultatutako erakundeen erdiek baino gehiagok aisialdiko zerbitzuak (% 64,9) edo prestakuntza eta hezkuntzako zerbitzuak (% 61,6) hornitzen dituzte. 2 erakundetik ia 1ek informazio- eta orientazio-zerbitzuak eskaintzen dituzte (% 52,7), eta gutxiagok eskaintzen dituzte gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzea (% 46,6), laguntza soziala (% 44,9), aholkularitza edo orientazioa (% 44,9) eta esku-hartze psikosoziala (% 40,9)

Jarduera nagusia edozein izanik ere, entitateen gehiengo zabalak sentsibilizazio-ekintzak egiten ditu (% 86,4). 10 erakundetik 7tan boluntariotzaren, elkarrekiko laguntzaren, parte-hartze sozialaren eta asoziazionismoaren sustapena egiten dute. Eta 10 erakundetik 6 inguruk eskubideak sustatu eta horien urraketa salatzen dute.

Nola garatzen dute beren jarduera Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek? Nola funtzionatzen du?

Erakundeek askotariko kudeaketa-tresnak dituzte (ebaluazio-sistemak, berdintasun-planak, kode etikoak eta abar), entitateen funtzionamendu eraginkorrari laguntzen diotenak. Ohikoa ez den arren, kasu batzuetan formalizatuta daude tresna horiek. Beste batzuetan, berriz, ekintza espezifikoagoen bidez gauzatzen dira. Ebaluazio-sistemak eta berdintasun-planak dira testuinguru honetan gehien estandarizatutako tresnen adibide batzuk.

Erakundeen % 31,2k kode etikoa dute, eta entitateen % 37,7k kode horrekin zerikusia duten ekintzak garatzen dituzte, idatziz jasotako koderik izan ez arren. Erakundeen % 41,9k proiektuen edo jardueren emaitzak edo inpaktua ebaluatzeko sistema formalizatua dute, eta % 35,8k horrekin lotutako ekintzak garatzen dituzte.

10 erakundetatik 7k baino apur bat gehiagok gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin lotutako ekintzak garatzen dituzte, eta % 32,2k Berdintasun Plana dute, idatziz eta formalizatuta. Entitateen % 50,4k diskriminaziorik ezarekin lotutako ekintzak garatzen dituzte. Jazarpen-protokoloa idatziz jasota eta formalizatuta duten erakundeak % 29,1 dira, eta % 22,7k horrekin lotutako ekintzak egiten dituzte.

Entitateen % 31k gardentasunarekin lotutako ekintzak garatzen dituzte, eta % 11,7k Gardentasun Plan bat dute, formalizatuta.

Erakundeen % 85,2tan, erabakiak hartzen dituen erakundeko organoren batean edo batzorderen batean parte hartzen dute boluntarioek. Erakundeen % 16,3tan boluntarioen erdiak edo gehiagok hartzen dute parte, eta % 23,9tan, denek.

Soldatapeko langileak dituzten erakundeen % 38,3tan, langileen erdiek edo gehiagok erabakiak hartzen dituen erakundeko organoren batean edo batzorderen batean parte hartzen dute. Kasuen % 27,8tan, langile guztiek hartzen dute parte batzorde edo organo horietan.

Erakundeen % 91,2 inguruk entitatearen urteko memoriari buruzko informazioa helarazi ohi diete aldizka interes-taldeei, eta % 88k kontuen egoeraren berri ematen diete.

Gainera, erakundeen % 79,7k entitatearen misioari eta balioei buruzko informazioa nahiz gobernu-organoen eraketari buruzkoa helarazi ohi diete aldizka interes-taldeei, eta erakundeen % 78,9k gobernu-organoen osaerari buruzko informazioa bidaltzen diete. Neurri txikiagoan bada ere, erakundeen ehuneko esanguratsu batek jakinarazten die interes-taldeei helburuak zenbateraino bete dituzten (% 66,9) eta jarduketek zer inpaktu izan duten (% 61,2). Erakundeek entitateko pertsonei buruzko informazioa igortzea ez da horren ohikoa (% 45,3k egiten dute).

Arreta emateko joerak

2023ko Barometroaren txostenean eskuragarri dauden azken datuen adierazleen datuak eskaintzen dira tauletan. Datu horiek EHSSan aldaketak eta joerak erakusten dituen ariketa konparatiboa ahalbidetzen dute. Azken urteetan, EHSSk errealitate berrietara egokitu behar izan du. Inpaktu nabarmenek eragina izan dute erakundeen ezaugarriak eta jarduera ulertzea ahalbidetzen duten adierazle giltzarrietan, eta nolabaiteko eragina izaten jarraituko dutela aurreikusten da.

Azken bi urteetan aldaketa garrantzitsuak izaten jarraitu du EHSSk. Hala, gutxi gorabehera 226 erakunde berri batu dira sektorera. Horrek agerian uzten du euskal gizarteko ehun soziala etengabe eta nabarmen hazten ari dela. Halaber, nabarmentzekoa da 84 erakunde inguruk baja eman dutela edo jarduerarik ez dutela identifikatu dugula. Orokorrean, erakunde kopuruak 142 erakundeko hazkunde garbia izan du 2021arekin alderatuta. Hala, 1.000 biztanleko erakunde kopuruaren tasa apur bat hazi da eta 1,94koa da gaur egun.

Kalkulatutako zifrek iradokitzen dutenez, nabarmen hazi da EHSSn soldatapean eta modu boluntarioan parte hartzen duten pertsonen guztizko kopurua. Gainera, pandemiaren eta geldialdiaren ondoren, nabarmendu beharrekoa da hazkunde absolutu handia izan duela —333 milioi €— EHSSko erakundeek kudeatutako bolumen ekonomikoak. Bolumen ekonomikoa nabarmen hazi bada ere, termino erlatiboetan mantendu egin da. Hau da, diru-sarreren bolumena hazteak ez du ekarri BPGari egindako ekarpena haztea. Izan ere, gainerako sektoreek jaitsiera nabarmena izan zuten pandemiaren urteetan, baina EHSSk pandemiaren aurreko antzeko bolumen ekonomikoa mantentzea lortu zuen; hala, errebote-efektua izatea saihestu zuen, eta epe ertainean eta luzean jasan zituen ondorioak.

Pandemiak ondorio nabarmenak izan zituen erakundeen jardueran. Hala, aisialdiko zerbitzuak hornitzen dituzten erakundeen edo salaketa-jarduerak egiten dituztenen ehunekoa asko jaitsi zen 2019 eta 2021 artean. Dena den, osasun-krisia gainditu ondoren eta erakundeetako aurrez aurreko jarduera arrunta berreskuratu ondoren, pandemiaren aurreko mailaren antzeko ehunekoetara itzuli dira bi adierazleak. Hortaz, agerian geratu da egoera koiunturala zela. Gainera, nabarmen igo da jardueraren zati bat, gutxienez, emakumeen behar espezifikoen arretara bideratzen duten erakundeen ehunekoa. EHSS indartzeko eta garrantzitsua izaten jarraitzeko, funtsezkoa da erakundeak moldagarriak izatea, behar sozial aldakorrei (genero-gaiekin lotutakoak barne) erantzuteko.

Bestetik, nabarmentzekoa da 5 urte baino gutxiago dituzten erakundeen kopurua: EHSSko 5 erakundetik ia 1 da horrelakoa. Egitasmo sozialek parte-hartze soziala bideratzeko egiturak sortzeko duten gaitasuna erakusten du horrek.

Sektore oso feminizatua izaten jarraitzen du EHSSk. Azken urteetako joerari dagokionez, emakumeen kopurua hazi egin da soldatapeko langileen artean —soldatapeko 4 langiletik ia 3 dira emakumeak—, eta murriztu egin da emakumezko boluntarioen ehunekoa. Aurreko urteetan bazirudien EHSSko erakundeetako boluntario taldea feminizatzeko joera zegoela, baina orain badirudi joera hori gelditu egin dela nolabait, bai Euskadin, bai Estatuko gainerako lekuetan.

Halaber, soldatapeko pertsonen zifra absolutua eta soldatapeko langileak dituzten erakundeen ehunekoa hazi egin dela ikus daiteke. Hazkunde horrek iradokitzen duenez, posible da EHSS pixkanaka profesionalizatzen aritzea, ziur asko, zereginak gero eta konplexuagoak direlako eta profil espezializatuak behar direlako. Hortaz, EHSSk erronka bat du aurrean, lantaldeak osatzeko orduan oreka berriak kudeatzearekin lotuta.

Bolumen ekonomikoarekin lotuta, apur bat murriztu da elkarte txiki eta ertainen (PYMAS) ehunekoa, bereziki txikienen artean. Aldiz, erakunde handien eta oso handien pisua hazi egin da EHSSn. Gainera, % 9 hazi da superabita duten erakundeen ehunekoa. EHSSren hazkunde ekonomikorako nolabaiteko joera erakutsi lezake horrek. Hala ere, hazkunde hori ez da zuzenean islatzen sektoreak BPGari egiten dion ekarpenean; ziur asko, analisi xeheagoa behar duten testuinguruko beste faktore batzuen ondorioz gertatzen da hori.

Kudeaketa-tresnei dagokienez, gardentasunarekin lotutako ekintzak egiten dituzten erakundeen ehunekoa nabarmen hazi dela ikusten da. Erakundeek haien jarduerak, osaera eta baliabideak modu irekian komunikatzeko egiten duten ahalegin handia erakusten du hazkunde horrek.

Bigarren eta hirugarren mailako erakundeei dagokienez, sare baten parte diren erakundeen ehunekoa hazi egin dela ikusten da, eta EHSS egituratzeko prozesuan etengabeko aurrerapausoak ematen ari direla iradokitzen du horrek. Hazkunde hori garrantzitsua da, erakundeen % 20 inguru gazteak direla kontuan hartzen badugu. Bizi-zikloaren hasierako etapetan, erakunde gazteak ez dira sareetan hain integratuta egoten. Hala ere, EHSSren egituratzeak aurrera jarraitu du.