Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 10/2022

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren gaineko 2021eko Barometroa aurkeztu dute 2022ko abenduaren 15ean, Artiumen (Gasteiz). Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Behatokiko lantaldeak parte hartu dute aurkezpen-jardunaldian.

Behatokiaren webgunean eskura daiteke txostena. Idatzi honen bidez, txostenaren garrantzia ezagutzera gonbidatzen zaituztegu eta, oro har, azterketa diagnostikoen garrantzia. Era berean, txostenean topa ditzakezuen datu eta hausnarketa batzuk aurreratuko dizkizuegu.

Zer eskaintzen du Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren 2021eko Barometroak?

Hirugarren Sektore Sozialaren gaineko azterlanak eta diagnostikoak funtsezko elementuak dira sektorearen nortasuna eta ezaugarriak ulertzeko, haren jarduera eta ekarpen soziala bistaratzeko, eta haren aitorpena sustatzeko. Sektorea osatzen duten erakundeen egoera eta errealitatea ezagutzeko aukera ematen diguten argazkiak dira.

Azken urteetan zehar, ezagutza hori zabaltzen lagundu duten azterlanak egin dira. Horiek, haien errealitatea herritarren eta beste eragile sozial batzuen artean ezagutzera emateko ere balio izan dute. Azterlan horietako batzuk alderdi edo azpisektore jakin batzuetan egon dira zentratuta, hala nola boluntariotza, desgaitasunaren arloa, bazterketa, etab. Baina azterlan orokorragoak ere egin dira, sektore osoaren hedadura ezagutzera eta erakundeen ezaugarrien gaineko informazio diagnostikoa biltzera bideratuak, baita ekarpen sozialaren gaineko datu kuantitatiboak zein kualitatiboak biltzera bideratuak ere.

Hain zuzen ere, lan horietako batzuk sendotu egin dira eta, gaur egun, erreferente garrantzitsuak dira, epe luzean jarraitzeko bokazioa dutenak, esaterako, Barometroa edo Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Liburu Zuria. Azterlan horiek, neurri handi batean, sektoreko erakundeen artean nortasun partekatua sustatzen laguntzen dute, eta aldian behin datuak ematen dituzte sektorearen bilakaerari behatzeko; izan ere, denboraren araberako erreferentzia-datuak hartzen dituzte barne, eta, hala, azterketa kronologikoa egitea ahalbidetzen dute.

Hori guztia dela eta, azterlan-diagnostikoek paper garrantzitsua dute ezagutza eskaintzeko orduan, sektorea osatzen duten erakunde anitzen sustapen-estrategiak identifikatzeko eta haien papera ezagutzeko. Hori dela eta, Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala sustatzeko Estrategiak[1] –egungo araudi-esparrua sendotzen duena– 33. jarduketan, informazioa eguneratuta izatearen garrantzia nabarmendu zuen, eta honakoa zehaztu zuen: “Sektorearen, haren ezaugarrien eta haren ekarpenen gaineko datu sistematikoak eta aldian behingo datuak eskuragarri izatea oinarrizkoa da diagnostikoak, plangintzak eta ebaluazioak egiteko, eta lagungarria izan da eta izango da sektorea egituratzeko, erakundeak sektorearekin identifikatzeko eta sektorea aintzat hartzeko”. Hortaz, ikerketarako eta ebaluaziorako aldian behingo ziklo bat ezartzen du estrategiak, eta barne hartzen ditu bi urtean behingo txosten bat (barometroa) eta lau urtean behingo txosten bat (liburu zuria); azken horrek barne hartzen du dagokion bi urtean behingo txostena.

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko (aurrerantzean, EHSS) erakundeen eta horien jardueraren gaineko aldian behingo informazio esanguratsua biltzen duten txostenak dira Barometroa eta Liburu Zuria; sektorearen aniztasuna eta ekarpen soziala ezagutzera ematen dituzte; eta orientabideak ezartzen dituzte hura sustatzeko eta garatzeko.

Zehazki, EHSSren 2021eko Barometroa txosten arina, erabilerraza eta sintetikoa da, eta Hirugarren Sektore Sozialari buruzko informazioa ematen du: haren nortasuna, jarduera, osatzen duten pertsonak, dituen baliabide ekonomikoak, maneiatzen dituen kudeaketa-tresnak eta mantentzen dituen kanpoko zein barneko harremanak. Edizio honek, zehazki, pandemia-urte baten ostean erakundeek eta hartzaileek duten egoeraren argazkia eskaintzen du.

Gainera, Covid-19aren pandemiak EHSSan izandako inpaktuaren gaineko kapitulu berezi bat du txostenak. Azterlan honek jarraipena ematen dio 2020ko apirilean egindakoari (“Covid-19aren eragina Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetan”[2]), urtebete beranduago (2021eko maiatzaren eta ekainaren artean), eta item batzuk gehitu dizkio aurreko analisiari. Hala, erakundeen egoera eta pandemiaren inpaktua alderatzeko aukera ematen du.

Txosten hauek egitea ez litzateke posible izango da EHSSko erakundeen laguntza eskuzabala izan ezean. Haien parte-hartzea eskertu nahi diegu guztiei, eta, bereziki, 2021eko Barometroko galdetegiari erantzun zioten 370 erakundeei. Ematen dizkiguten datuei esker, gurekin partekatzen dituzten hausnarketei esker eta Behatokiak proposatutako hainbat espaziotan parte hartzeko erabiltzen duten denborari esker egin ditzakegu guk gure ikerketa-, sustapen- eta informazio-lanak. Azterketa diagnostikoen, hala nola 2021eko Barometroaren, funtsezko elementuak dira. EHSSri buruzko ezagutza sortzeko eta zabaltzeko helburuz egiten ditugu azterketa horiek, hala, eraldaketa sozialari egiten dioten ekarpena ezagutzera emateko.

Datu garrantzitsu batzuk

EHSS osatzen duten erakundeak herritarren ekimen libretik sortuak dira, eta antolatutako elkartasuna eta herritar guztien (bereziki, egoera, arazo edo behar sozialek kaltetutako pertsona, familia, talde edo komunitateena) parte-hartzea bideratzen dute. Haien jarduera garatzean, batetik, behar sozialei erantzuten diete zerbitzuen bidez eta, bestetik, gizartean eragiten dute. Hala, haien jardueraren bidez, funtsezko ekarpen soziala egiten dute.

Azken urteetan zehar, EHSSk berritzen jarraitu du. Azken bi urteetan 290 erakunde berri sortu dira, eta 115ek baja eman dute edo ez daude aktibo; hala, 2019ean baino 179 erakunde gehiago daude, eta biztanle kopuruarekiko erakundeen tasa apur bat handiagoa da. Gaur egun, 4.117 erakundek osatzen dute EHSS; 39.916 langile ditu, eta 160.493 boluntario. Erakunde horietako gehienak elkarteak dira, % 5,3 fundazioak dira eta gainerako % 4,1ek beste figura juridiko bat dute. % 98 oinarrizko erakundeak dira eta % 2,1 sareak edo sareen sareak dira.

Kalkulatutako zifra handiek ere erakusten dute EHSSko ordainpeko pertsonen eta boluntarioen bolumen osoa igo egin dela. EHSSren bolumen ekonomikoak behera egin du 2019arekin alderatuta, baina apur bat handitu da BPGd-ari egindako ekarpena. 2020an, 1.712 milioi euroko bolumen ekonomikoa kudeatu zuten, EAEko BPGd-aren % 2,4.

EHSSn ibilbide desberdinak dituzten erakundeak daude. Sektoreko erakundeen % 35,5ek 20 urte edo gehiagoko ibilbidea du (% 1,1 inguruk 50 urte edo gehiagoko ibilbidea du). Erakunderik gazteenak, 5 urteko ibilbidea baino laburragoa dutenak, % 17,3 dira.

Era berean, hainbat jarduera arlotako erakundeak daude. Erakundeen % 58,2k adierazi dutenez, zeharkako gizarte-esparruan garatzen dute jardueraren zati bat, gutxienez. Eta entitateen erdiek baino zerbait gehiagok gizarte-zerbitzuen esparruan lan egiten dutela (% 53,4) esan dute.

Euskadiko hirugarren sektore sozialeko 10 erakundetik 2k bazterketa-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonak artatzen dituzte; % 14,3k, desgaitasuna duten pertsonak; % 7,8k, babesgabetasun-egoeran daudenak; eta azkenik, % 2,9k, mendekotasun-egoeran daudenak edo mendekotasunean egoteko arriskuan daudenak. Gainerakoen, hau da, erakundeek duten % 55,7ren jardueraren hartzaile nagusiak beste zaurgarritasun- edo desberdintasun-egoera batzuk bizi dituzten pertsonak eta abar dira.

EHSSko erakunde gehienek (% 83,5), zerbitzuak eskaintzeaz gain, sentsibilizazioarekin eta eskubideen defentsarekin lotutako beste funtzio sozial batzuk garatzen dituzte. Kontsultatutako erakundeen erdiek baino gehiagok aisialdiko zerbitzuak hornitzen dituzte (% 51,8), edo prestakuntza eta hezkuntzakoak (% 51,3). Erakundeen gehiengo zabalak sentsibilizazio-ekintzak egiten ditu (% 77,3), eta 10 erakundetik 6tan boluntariotzaren, elkarrekiko laguntzaren, parte-hartze sozialaren eta asoziazionismoaren sustapena egiten dute.

Erakundeen % 56,5ek soldatapeko langileak dituzte lantaldeetan; aldiz, erakundeen % 43,5 boluntarioz osatuta daude oso-osorik. Erakundeen % 89,1ean boluntarioen presentzia esanguratsua da, erakundea osatzen dutenen erdia edo gehiago baitira. Azken urteotan igo egin da emakumeen ehunekoa, bai boluntarioen artean, bai soldatapeko pertsonen artean; elementu garrantzitsua da hori.

EHSSko erakundeen % 80,1 erakunde txikiak edo ertainak dira, eta 300.000 € baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzte. Hau da, gutxi gorabehera, 10 erakundetik 2 baino ez dira handiak edo oso handiak, zifra horretatik gorako diru-sarrerak dituztenak. Erakundeen diru-sarreren % 54,1 finantzazio-iturri publikoetatik datoz, eta % 45,9 finantzazio-iturri pribatuetatik.

Sektoreko erakundeek oso harreman estua dute udalekin. Erakundeen % 78,2ren esanetan, harreman dezente edo harreman handia dute udal mailako administrazioarekin; % 58,7k, Foru Aldundiekin; eta % 47,8k, Eusko Jaurlaritzarekin. Halaber, gizarte-mugimenduekin ere loturak dituzte (kontsultatutako entitateen % 65,3k haiekin harreman dezente edo harreman handia dutela diote) eta unibertsitateekin (% 39) ere bai.

Azkenik, 10 erakundetik 6 baino gehiago bigarren mailako erakunde baten edo ekimen baten kide dira (sareak, federazioak, taldeak, plataformak…), eta horrek adierazten du antzeko erakundeen artean harremana dagoela, hausnarketarako eta elkarri informazioa emateko espazioak dituztela.

Erronka eta hausnarketa batzuk, pandemiaren inpaktuaren ondoren

Erakundeek datozen urteetarako identifikatzen dituzten sektoreko erronka nagusietan eragina dute aldaketa orokorrek (sozialek, ekonomikoek, politikoek…) eta Covid-19aren pandemiaren inpaktuak. Hain zuzen ere, inpaktu hori nabaria izan da erakundeen datuetan, nahiz eta datozen urteetan inpaktua agerikoagoa izango dela aurreikusten dugun.

Erakundeen jasangarritasun politiko zein soziala funtsezko erronka da oraindik ere. Dimentsio ekonomikoan, finantzaketa-iturrien dibertsifikazioa eta egonkortasun ekonomikoa aipatzen dira oraindik, erakundeen jardueraren bideragarritasuna eta jardueraren garapena bermatzeko. Dimentsio sozialean, parte hartzeko espazioak eskaintzen jarraitzea da apustua, erakundeen oinarri soziala finkatzeko. Horretarako, arreta berezia jartzen da boluntarioen zaintzan, pandemiak eragin handia izan baitu haien parte-hartzean. Halaber, askok partekatzen dute erakundeetako langileak mantentzeko erronka, baita sortzen doazen behar berriei erantzuteko profesional berriak izatea ere. Ordainpeko pertsonen artean ere pandemiaren inpaktuak utzitako arrisku psikosozialei erantzuteko erronka edo esku hartzean jarduten duten lantaldeak inpaktu hori kontuan hartzeko formatzea ere nabarmendu dute.

Halaber, bai barneko, bai kanpoko erlazioak indartzeko apustua egin da. Lehenengoei dagokienez, EHSS egituratzeko prozesuekin aurrera jarraitzea funtsezko mugarria da, alde batetik, sareen posizioa finkatzeko eta sare horietan geroz eta erakunde gehiago egituratzeko. Halaber, erakundeen arteko lankidetzarako eta kooperaziorako espazioak sortzeko apustua egin da, ikaskuntzak partekatzeko, aliantzak sortzeko eta are lankidetza-proiektuak ekiteko ere. Beste erakunde batzuekin sinergiak identifikatzeko eta beharrentzako erantzunetan elkarrekin lan egin ahal izateko lankidetzak indartzeko erronka aipatu dute, bai eta beste eragile publiko eta pribatu batzuekin erlazio gehiago eta anitzagoak bilatzeko erronka ere. Horretarako, badirudi funtsezkoa dela EHSSren posizio soziala finkatzea, eragile sozial eta funtsezko solaskide gisa, bai administrazio publikoarekin, bai beste eragile batzuekin.

Halaber, nabarmentzekoa da posizio horretan aurrera egiten jarraitzea, jardueraren emaitzak, balio erantsia eta sortzen duen inpaktua ikusarazteko, batez ere kohesio sozialaren eta pertsonarik zaurgarrienen eskubideen babesaren terminoetan.

Pandemiak EHSSko erakundeetako hartzaileengan izan duen inpaktuak agerian utzi du pandemiaren inpaktuarengatik “galdutakoarekin” lotutako arazoak daudela, eta pandemiaren ondorioz arazo berriak agertu direla edo lehendik zeudenak azaleratu.

Aldatuz doan errealitate sozialaren aurrean, badirudi funtsezkoa dela sortzen doazen behar sozial berriei erantzunak bilatzeko aurrera egiten jarraitzea, horien artean, pandemiak mahai gainean jarri dituenentzat eta eraldaketa sozialekin eta demografikoarekin edo erronka demografikoarekin zerikusia dutenentzat (zahartzea, emantzipazioa, jaiotza, etab.). Hala, behar horiei erantzun ahal izateko erronka agertu da, eta zerbitzuak eta programak egokitu edo sortzekoa, edo hainbat egoerari modu zehatzean erantzuteko arreta indibidualizatuagoa eskaintzekoa. Horri dagokionez, errealitate soziala aztertzeko beharra ere aipatu dute, beharrak identifikatu eta erantzunak eskaintzeko.

Ebidentzian geratu da eraldaketa digitala eta berrikuntza soziala erakundeak indartzeko ardatz garrantzitsuak direla. Eraldaketa digitala lehentasunezko erronka izan da pandemian zehar, eta ez soilik ekipoak eta tresna edo gaitasun digitalak izateari dagokionez, baizik eta, batez ere, hartzaileei zuzendurako jardueretan eta zerbitzuetan tresna teknologikoak txertatzeari dagokionez. Alde horretatik, eraldaketa digitalaren esparruan berrikuntzarako sareak eta digitalizazio-prozesuak sortzea erronka garrantzitsuak dira. Era berean, erakundeek egokitzapenaren eta malgutasunaren erronka aipatzen dute, egoera berri eta aldakorretara eta ziurgabetasunaren kudeaketara egokitzeko.

Halaber, erakundearen beste alderdi batzuk (lanpostuak, egonkortasuna, etab.) eta EHSSren ezaugarriak eta jardueraren balio berdingabea bermatzeko garrantzia identifikatu dugu, bai zerbitzuen hornikuntzaren arloan, bai intzidentzia sozialaren, bai parte-hartzearen eta ezagutzaren sustapenaren, bai eskubideen gauzatze eraginkorraren arloetan.

[1] EUSKO JAURLARITZA (2018). Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala sustatzeko estrategia. 2018-2020 Legealdiko Plana. Hemendik hartua: https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/24_plandep_xileg/eu_def/3.%20sektorea%20sustatzeko%20estrategia.pdf

[2]Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiak egindako txosten hau Euskadiko Elkarrizketa Zibileko Mahaiaren, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren eta Sareen Sarearen ekimena da, betiere, Covid-19aren krisiak EHSSko erakundeetan eta haien hartzaileengan duen inpaktuaren berri izateko. Hemen eskura daiteke txostena:  https://3seuskadi.eus/wp-content/uploads/Informe_COVID_19_eusk.pdf