Egilea: Hirugarren Sektore Sozialeko Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 01/2020

Gizarte honetako parte garen heinean, arduratsu izanez eta pertsona nahiz kolektibo zaurgarrienekiko begirunez.

Euskal gizarte gisa, egunerokotasuna guztiz aldatzen zaigu egunetik egunera. COVID-19 koronabirusak sortutako osasun-larrialdiaren inguruan dekretatutako neurrien ondoren, egunero errealitateak hainbat eta hainbat galdera eta erronka planteatzen dizkigu, eta batez ere, gizarte gisa eta Hirugarren Sektore Sozial gisa erantzun behar zaien egoerak ekartzen dizkigu.

Kasu askotan oraindik ez dakigu nola jokatu eta nola egokitu konfinamendura, ez dakigu gure lan egiteko moduak nola eraldatu, nola segi behar guztiei arreta, laguntza eta erantzuna emateko zereginekin.

Atzeko planoan, hasierako gogoeta batzuk egiten hasi gara:

  • Beharrezkoa da pandemiaren aurrean Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko hainbeste pertsona eta kolektibo egiten ari diren esfortzu izugarriari justizia egitea eta horiek bistaratzea. Bizitoki-zerbitzu guztietan arreta ematen duten (batez ere adinekoenetan, baina baita adin txikikoenetan, desgaitasuna duten pertsonenetan, bazterkeria-egoeran daudenenetan eta abarretan ere), etxegabeei arreta ematen dietenak, gaixoei, tratu txarren biktima diren emakumeei, etorkinei eta abarri arreta ematen dieten langileak. Asko eta asko dira erabateko lan-dedikazioz erantzun arina, egokia eta artikulatua ematen duten adibideak. Eta garrantzitsua da hori nabarmentzea beste kolektibo profesional batzuen aurrean. Izan ere, lan horietako asko ez dira berdin bistaratzen.
  • Konektatutako gizartea gara, denok dugu gure lekua, eta ez dago mugarik pandemia honetarako. Eta horregatik aritu behar dugu lankidetzan, dena osotasunean hartuta. Eragile guzti-guztiek, bakoitzak bere eremutik, egin ditzaketen ekarpenen arabera, gure onena eman behar dugu, ahalik eta kalte txikienekin pasatzeko.
  • Larrialdi-egoeran, sistema sozialaren desoreka eta bidegabekeriak krudeltasun osoz azaleratzen dira. Herritarren erantzun itxaropentsuekin gauza bera gertatzen da; kasu askotan elkarrekiko babesari eta elkartasunen sareen eraikuntzari lotuta daude. Gizatasunaren adibide horiek guztiek gogorarazten digute egoera horren aurrean egoera ahulenean dauden pertsona eta kolektiboei arreta emateari lehentasuna eman behar diogula.
  • Honelako egoera batean, Hirugarren Sektore Sozial gisa, oraindik ere beharrezkoa da kontzientzia soziala sortzeko benetako esfortzua egitea, kide izatea eta kide garela sentitzea, eta modu kolektiboan jokatzea. Begirada kritikoa mantentzeko unea ere bada, eta batez ere, arreta gabezia, babesgabezia, behar, zaurgarritasun eta arrisku handieneko egoerak bistaratzeko.

Hirugarren Sektore Sozialaren Euskadiko Behatokian uste dugu gure lankidetzarako moduak sektoreko ikuspegi orokorrarekin zerikusia duela, egoeraren aurrean nola erantzuten ari garen informazioa eta ezagutza eskainiz, eta modu aktiboan, artikulatuan, lankidetzan, komunitate mailan eta era berean kritikoan lanean jarraitzen lagun diezaguketen adibideak eskainiz.

Horretarako, informazio-bilketa egin dugu puntu hauek oinarri hartuta:

  • Sareen eta erakundeen posizionamendua egoeraren aurrean.
  • Kutsatzea prebenitzeko arreta-zerbitzuak egokitzea, funtzionamendu-protokoloak eta gomendioak.
  • Artikulazioko eta ekintzarako proposamenak.
  • Sektorearen eraldaketa digitalean sakontzeko aukera etorri zaigu ustekabean.

Adierazpen, ekimen, proposamen, baliabide eta hausnarketen katalogoa da, erakunde gisa eta sektore gisa jarduterako erreferentzia, marko eta adibide gisa baliagarri izan ditzagun. Presaz idatzitako testua, errealitatea etengabe aldatzen den uneotan, eta hori dela eta, eguneratzen jarraitu beharko dugu.

Sareen eta erakundeen posizionamendua egoeraren aurrean

Euskadi mailan nahiz Estatu mailan sare eta erakunde ugarik erakutsi dute krisiaren aurrean gizartearekiko eta erakundeekiko zer posizionamendu hartu duten. Posizionamendu eta komunikazio horiek zenbait mezu jasotzen dituzte. Jarraian datozen ataletan laburtu ditugu.

  • Lehenik eta behin, eta gehiengoz, sare eta erakundeek lankidetzarako eskaintza eta jarrera agertu dute, planteatzen ari diren kontingentzia-planak gauzatzeko instituzioen zerbitzura jarriz. Instituzio horietatik bidaltzen ari diren mezuak zabaltzeko erakundeek duten gaitasuna ere aprobetxatu dute, #geratuEtxean eta antzeko kanpainak babestuz, prebentzio-neurriak jakinaraziz, instituzioen adierazpenak gizarteratuz… Oro har, komunikazio guztietan ageri da prestutasun hori, baina komunikazio batzuek arreta berezia jartzen dute arlo horretan, adibidez, Mugarik gabeko medikuenak, DYA Euskadirenak, cruzroja.esrenak, edo Adinekoen Erakundeen Espainiako Konfederazioarenak (CEOMA).
  • Bestalde, askotariko eremu eta errealitateetatik, beren kezka adierazteaz gain, arreta ematen diegun pertsona eta kolektiboen kasuan bereziki kaltegarria den asaldura horren inguruko deia egin nahi izan dute. Izan ere, egoera honetan, prekarietate-, babesgabetze-, utzikeria-, zaurgarritasun- edo arrisku-egoerak bizitzen ari dira, kontuan izan behar ditugu eta urgentziaz erantzun behar dugu.

Hala, honako hauek egindako eskaera eta proposamenak nahiz komunikatuak jaso ditugu: Hirugarren Sektorearen Plataforma, Espainiako EAPN, Cáritas, Espainiako REAS, CERMI, Erabateko Gizarteratzea, eta Kataluniako Taula del Tercer Sector.

Hauxe da agian adierazpenen puntu garrantzitsuena. Izan ere, egoera hau zaila baldin bada denentzat, arreta ematen diegun pertsona askorentzat benetako odisea ari da izaten. Adinekoak dira kaltetuenak, bai gaixotasunagatik, bai etxe nahiz egoitzetan konfinamenduak dakarren bakardadeagatik (LARES, Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartea). Bazterketa egoeran dauden pertsonak (Ekain eta Harresiak Apurtuz) egoera ekonomiko edo sozialengatik edo harremanen mailako egoera dela eta (baliabiderik gabe, paperik gabe, enplegurik gabe, babes-sarerik gabe edo etxegabe…) biziraun ahal izatea dute erronka, eta bizimodua bilatzeko behar larria dute. Desgaitasuna duten pertsonak (CERMI) arreta-espazioak galtzen ari dira, laguntza espezializatua beharrezkoa duten egoeretan, eta konfinamenduak are gehiago kalte dezake haien egoera. Baita beste kolektibo edo eremu espezifikoagoak ere, hala nola indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak (Emakunde), autistak (Espainiako Autismoaren Konfederazioa), presoak (50 erakunde baino gehiago), CIESetan daudenak (CIES NO kanpaina), Nazioarteko lankidetzaren eremua (Medicus Mundi), adikzioak dituztenak (Gizakia, European Harm Reduction Network eta Eurasian Harm Reduction Network Association), etab.

Puntu honetan, Espainiako EAPNk egin duen analisia nabarmentzen dugu, haren zabaltasun eskematikoagatik. Presaz arreta eman behar zaien eta kontuan hartu behar diren errealitate batzuk aztertu ditu; izan ere, prekarietate-, mendekotasun-, zaurgarritasun- edo arrisku sozialeko baldintzak direla eta neurri horiek eragin berezia ari dira izaten.

  • Azkenik, adierazpenetako batzuek sektorearen beraren eta bertako erakundeen inguruko kezka ere nabarmendu dute. Eta lehendik beste sektore eta eragile sozial batzuek egin duten moduan (turismoaren sektorea, ostalaritzakoa…), Hirugarren Sektore Sozialetik ere gizarteari eta instituzioei jakinarazi nahi zaie zer eragin izaten ari den, ez zerbitzu eta dispositibo askotan ematen den arretaren mende dauden pertsonengan soilik, baita erakundeetan eta bertan lan egiten dutenengan ere. Puntu horretan, honako hauen komunikatuak nabarmendu nahi ditugu: Hirugarren Sektorearen Plataforma, Espainiako Gizarte Zerbitzuetako Gerente eta Zuzendarien Estatuko Elkartea edo Kataluniako La Confederacio.

Kutsatzea prebenitzeko arreta-zerbitzuak egokitzea, funtzionamendu-protokoloak eta gomendioak.

Bigarrenik, erantzukizuna duten instituzioetatik, sareetatik edo erakundeetatik, zentroetan eta arreta-zerbitzuetan kutsatzea prebenitzeko eta arriskuak murrizteko jarraitu beharreko neurri, gomendio eta protokoloak jakinarazten ari zaizkie arretako langileei eta/edo boluntarioei, arreta ematen zaien pertsonei, haien familiei eta gizarteari, oro har.

Beti maila ugarietako instituzioen adierazpen, gomendio eta dekretuak oinarri hartuta, gure arloko arreta-baldintza zehatzak definitu nahian ari gara, eta protokolo horiek gure testuinguru, dispositibo eta zerbitzuei lotutako arrisku espezifikoetara egokitu nahian.

Informazio horien berri izateko eta egunean laguntzeko lagungarri izan ditzakegun estekak bildu nahi izan ditugu, eta horrez gain, sare, erakunde edo elkargo profesionalak errealitate ugarietara nola egokitu diren ikusteko adibide batzuk ere jaso ditugu.

Lehenik eta behin, informazio ofiziala hartzen dugu oinarri gisa, Osasunaren Munduko Erakundea, Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza. Gure ustez interes berezikoa da Osasun Ministerioaren Osasun Larrialdien eta Alerten Koordinazio Zentroaren (CCAES) webgunerako esteka. Bertan, profesional batzuekin eta besteekin arreta zuzen kudeatzeko dokumentu tekniko ugari daude. Esaterako, hauek: Osasun-profesionalekin jarduteko gida osasun-eremuan arriskuko esposizioak izanez gero, COVID-19 etxean nola kudeatu, edo covid-19ren krisian aurrean jarduteko gomendioen dokumentu teknikoa, etxegabekoen arretarako Gizarte Zerbitzuen Kudeatzaileentzat.

Hasierako informazio hori hartuta, instituzio bakoitzetik ia egunero hartzen dira neurri ugari, eta horien artean, batzuek sektoreko erakundeei eta haien jarduerari bereziki eragiten diete. Garrantzitsua iruditzen zaigu aldizka informazioa jasotzen jarraitzea prentsako albisteetako esteken bidez, bai Espainiako Gobernukoak, bai Eusko Jaurlaritzarenak eta hiru aldundietakoak: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Horietan, sail ugarietan hartzen ari diren eta gure jarduerari eragin diezaioketen neurrien eguneraketak topatu ahal izango ditugu.

Hirugarren Sektore Sozialeko jarduerari eragiten dioten eta komunikabide ofizialetatik aterata dagoen informazio eguneratu guztiaren aldizkako bilketaren adibide ona da Kataluniako La Confederaciok egindakoa. Baita Gizarte Zerbitzuen arloan oinarritutako SIISek egindako #covid19 buletina ere.

Era berean, zenbait elkargo profesionalen bidez informazio-esparru interesgarriak ari dira egokitzen, hala nola Gizarte Lanaren Kontseilu Nagusia, Gizarte Hezitzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusia edo Espainiako Psikologiaren Kontseilu Ofiziala.

Erakunde eta sareen mailan, arreta eman digu Gurutze Gorriak sortutako prestakuntzarako eta informaziorako eremuak. Badira erakundeetako funtzionamendu-arauei buruzko hainbat eguneraketa ere, egoera kudeatzeko protokolo eta neurriak jasoz. Honako hauek, adibidez:  Euskadiko GKEDen Koordinakundea, Matia Fundazioa, APNABI, Gizakia Fundazioa, eta beste hainbat.

Azkenik, oso interesgarria iruditzen zaigu Mutualiak jasotako informazioa sartzea ere, lan-ikuspegitik lagun diezagukeen informazio garrantzitsua jasotzen baitu.

Artikulazioko eta ekintzarako proposamenak             

Hirugarrenik, hau une bereziki mugitua da ekintza-proposamenei dagokienez. Duela aste batzuk, edota are gehiago, duela egun batzuk guztiz pentsaezina zen errealitate berri batean gaude.  Arlo horretan ekimen ugari egin dira, bai instituzio mailakoak, bai sareek, erakunde ugarik eta gizarte zibilak berak artikulatutakoak. Ekimenak sortzen ari dira eta arreta berezia merezi dute.

Sektore gisa, uste dugu garrantzitsua dela proaktiboak izatea, arreta-proposamen berriak sortuz. Egunotan sortzen ari diren hainbat eta hainbat proposamenei adi egonik, haiekin harremanetan jarriz eta lankidetzan arituz, halako isolamendu-une batean elkarrekiko zaintzarako eta harremanerako espazioak sortzeko. Administrazio publikoetatik sortzen ari diren ekimenen bidez esfortzuak koordinatzearen eta ekintzak antolatzearen beharraz jakitun izanik.

Azken puntu honetan daude Eusko Jaurlaritzatik edo Bizkaiko Foru Aldunditik boluntariotza sustatzeko egindako ekimenak  Proposamen hauetan, funtsezkoa ari da izaten sektorearen ekarpena honako hauen arteko lankidetzatik: Sareen Sarea, Gurutze Gorria, Cáritas eta Boluntariotza Agentziak, Bolunta, Batekin eta Gizalde. Hori, betiere, Euskadiko Elkarrizketa Zibilaren Mahaitik eta Boluntariotzaren Euskal Kontseilutik artikulatuta, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren jarraibideen pean. Erantzun bateratu hori ikusita,  instituzioen eta hirugarren sektorearen arteko artikulaziorako eta koordinaziorako gaitasuna esan dezakegu dela agian Euskadin krisi honi emandako erantzun sozialaren ekarpen adierazgarrienetako bat.

Bestalde, beste sare batzuen, erakundeen, elkargo profesionalen edo bestelako eragileen proposamenak nabarmendu nahi ditugu. Kanpaina ofizialetan lankidetza handia emateaz gain, ekimen eta/edo baliabideen katalogoak sortzen ari dira. Hona hemen adibide batzuk: Gizarte Ekintzaren GKEren plataforma, Garapenerako Erakundeen Koordinakudea, Haurren Plataforma, Espainiako Boluntariotzaren Plataforma, Espainiako Autismo Konfederazioa, Erabateko Gizarteratzea, ONCE taldea, Hirukide, Nagusilan, Caritas, Gizakia, BBK Saioa Gorabide, bistaratutako asko eta askoren artean, eta beste asko, aldiz, larrialdi-egoera dela eta komunikazio-ekintzak inplementatzeko gaitasunik gabe geratu dira. Nabarmentzekoak dira adibide hauek ere: Gizarte Hezitzaileen Elkargoaren Kontseilu Nagusia, Espainiako Psikologiako Kontseilu Ofiziala edo UNEDeko Psikologia Aplikatuko Zerbitzua.

Bereziki nabarmentzekoak iruditu zaizkigu gizarte-erakundeen funtzionamenduan krisia izaten ari den eragina aztertzen lagunduko duen informazioa monitorizatzeko, identifikatzeko eta biltzeko ekintzak. Ildo horretan, oso interesgarriak dira Kataluniako Taula del Tercer Sectoren edo Asturiasko EAPNren proposamenak.

Azkenik, eta herritarren artetik garatzen ari diren ekintzei lotuta (aipatu beharrekoa da aurreikuspen guztiak gainditzen ari direla), Frena la Curva (gelditu kurba) proposamena nabarmendu nahi dugu, duen interesagatik. Horrez gain, Euskal Herri osoan abian jarritako Zaintza Sareei buruzko informazioa nabarmendu behar da (El Salto egunkariak argitaratuta). Edo beste zenbait ekimenetatik sortutako antzeko beste batzuk: Gipuzkoako Elkartasun Sareak (Gizalde), Bilboko Auzo Sareak (Ecuador Etxeak argitaratuta), edo Gasteizko BATERA zaintza-sare herritarra (ALEA). Laguntza-proposamenak sortzeko gaitasun handiaren eredu batzuk ikus ditzakegu El Paiseko artikulu honetan, nahiz eta denoi iristen zaizkigun egunero sare sozialen bidez.

Sektorearen eraldaketa digitalean sakontzeko aukera etorri zaigu ustekabean

Bereziki egokia den azken puntua da agerikoa dela egoera honetan, askotan, isolamendu-testuinguruan harremanak izateko modu bakarra bitarteko digitalen bidezkoa izango dela. Zuzeneko arreta behar-beharrezkoenak diren egoeretara murriztu da eta gure lanaren zati handi bat kanal horien bidez ari da garatzen.

Telelanaz harago doan errealitate berria dugu aurrean. Modu masiboan elkartasun-modu berrien aurrean gaude, eta batez ere, teknologia berriek eskaintzen diguten “aukeratik” abiatuta, harremanak izateko, elkarri laguntzeko eta isolamendu partekatuaren egoeran beharrei erantzuteko moduak egituratzeko beharraren aurrean. Berrikuntzatik, sormenetik, urgentziatik eta esperimentaziotik modu berriak egituratzeko beharra dugu.

Era berean, Euskadin hezkuntza-sistemak egin duen moduan, ez baita geratu eta institutu, ikastetxe eta unibertsitateetan on-line jarraitu duten moduan, Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde gisa, gure buruari galdetzen diogu ingurune digitalen bidez gure jarduerarekin nola, zer egoeratan eta zer zerbitzutarako jarrai dezakegun.

Kudeaketako gure azken albiste laburrean, “eraldaketa digitala eta hirugarren sektore soziala: aukerak, onurak, zailtasunak eta arriskuak”, arlo horretan zenbait erronka aipatu genituen. Gaur erakunde digitalizatuagoetarako trantsizioa bizi dugu, erakundeetan harremanak izateko, lan egiteko eta digitalizazioa prozesu guztietara sartzeko erronka premiazkoa da orain.

Horrekin lotuta, egoera honetan ingurune digitalek eskaintzen dizkiguten erronka eta aukera batzuk aipa ditzakegu.

  • Lehenik eta behin, deskribatzen aritu garen bezala, gertu ditugun pertsonekin nahiz gizartearekin, oro har, komunikatzeko aukera ematen digute. Komunikazio-kanal zabal hori aprobetxatzeko gai izatea da erronka, haren formatu ugarietan, instituzio mailako gomendioak indartzeko eta laguntza emateko, bidegabekeria eta behar-egoerak bistaratzeko, hausnarketa sustatzeko, zalantzan jartzeko espazioak sortzeko…
  • Bigarrenik, konfinamenduaren errealitate berrira egokitutako zerbitzuak eta erantzunak ematea da helburua. Erakunde ugari ari dira arreta emateko moduak telefono bidezko eta onlineko komunikazioko zerbitzuetara egokitzen. Bestalde, arreta emateko eta lankidetzarako modu berriak ari dira sortzen. Deskribatutako proposamen gehienak atal honetakoak dira. Frena la Curva (gelditu kurba) moduko adibideak, ekimen kopuru handia jasotzen da bertan, borondatezko parte-hartzea artikulatzeko Eusko Jaurlaritzak planteatutakoa kasu. Beste batzuetan, arreta-formatuetan aldaketak izan dira, adibidez, FEDER eta  Gorabideren kasuetan. Edo beste aplikazio batzuk ere sortu dira, Tienes sal (gatza baduzu), Voluncluod, Espainiako Boluntariotzaren Plataformak egindakoa zenbait erakunderekin lankidetzan. Horrez gain, “El País” egunkariko artikulu honetan beste zenbait jasotzen dira[1].
  • Barne kudeaketari dagokionez, erakundean lana modu digitalean berriz egituratu beharra dugu. Informazio, dokumentu eta artxibo guztietara sarbidea izatea, edo bitarteko digitalen bidez bilerak egitea beharra dira orain; erakunde asko ez dira ari horri erantzuten, eta uneotan premiazkoa dute abian jartzea. M4Social, Kataluniako Taula del Tercer Sector-ek martxan jarritako proiektua, lagungarri izan dezakegu telelanerako lankidetza-tresnei buruzko artikulu honekin. OPINNO aholkularitza-enpresak egindako Deslokalizatutako lanaren gida ere hemen duzue.
  • Azkenik, eraldaketa digitalak ahalbidetu behar digu une hauetan erakundeen artean lankidetza-espazioak eta sarean lankidetza egiteko eremuak egituratzen jarraitu ahal izatea. Bereziki interesgarria iruditu zaigu Espainiako Erabateko Gizarteratzea elkarteak ateratako mintegi birtualaren proposamena: ‘Koronabirusaren krisiaren aureko erantzuna’. Errepikatu beharreko ekimen ona izan daitekeela uste dugu, sareko espazioak birtualizatzearekin batera, Hirugarren Sektorearen Plataformaren kasuan bezala.

Espero dugu adierazpen, proposamen, ekimen eta hausnarketa, eta azken batean, jarduketen adibide horiek guztiek lagunduko digutela egoerari aurre egiten, gure erantzukizunetik eta Hirugarren Sektore Sozial gisa dugun potentzial guztia bilduta. Gure buruari galdera hauek egiteko aukera berria dugu: zer egin dezakegu? Zer egin behar dugu desberdin?

 

[1] García, J.G. eta Molina, E. (2020ko martxoak 18). Ekintzaileak. Espainiako altruismo teknologikoa koronabirusari aurre egiteko. El País. Hemendik aterata: https://retina.elpais.com/retina/2020/03/16/innovacion/1584350596_247546.html