Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 01/2023

Sarrera

2020an zehar Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala sustatzeko neurrien lehen txostena egin zuten, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legeak behartzen duen moduan. Lehen txosten horri esker, sustapen-ekintzaren aniztasuna eta zabaltasuna erakusten zituen argazki orokor bat eskuratu ahal izan genuen. Txosten hartatik abiatuta, han agertu ziren hainbat alderdi txosten monografiko baten bidez sakontzeko beharra identifikatu genuen.

2021ean txosten horren bigarren argitalpena egin dugu, izaera monografikoa duena. Txosten horren bidez, lehen hurbilketa espezifikoa egin dugu enpresen sektoreak bultzatutako sustapen-ekintzara. Hain zuzen ere, beste alderdi batzuen artean, hura izan zen lehen txostenean aipatutako gai esanguratsuetako bat, xeheago aztertu beharrekoa.

Enpresa-sektorearen eta EHSSren arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratzen du EHSSLk, eta 24. artikuluan adierazten du euskal administrazio publikoek sustatu egin behar dutela enpresa-sektorearen eta Hirugarren Sektore Sozialaren arteko elkarlana esku-hartze sozialaren eremuan.

Era berean, Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategiak, Legean ezarritakoa jasoz, EHSSk eta euskal enpresek partekatutako marko bat sortzeko bidean aurrera egitea du helburu, eta hori, batez ere, 20. jarduketan dago bilduta. Jarduketaren helburua euskal enpresa-sektorearen eta EHSSren arteko lankidetza-programa pilotu bat sortzea da.

Marko hori aintzat hartuta, enpresen sektoreak EHSSko erakundeak eta sareak sendotzen betetzen duen rol espezifikoa sakontasun handiagoz ezagutzea izan da txosten honen helburua, hark bultzatutako sustapen-ekintza identifikatu eta aztertuta.

Zer neurri mota identifikatu dira?

EAEkoak diren edo gure autonomia-erkidegoan kokatuta dauden 601 enpresak, enpresa-fundaziok eta enpresa-erakundek 2020an eta 2021ean bultzatutako 913 sustapen-ekintza identifikatzeko aukera eman du txostenak. Enpresa horiek anitzak dira tamainari (% 72 ETEak, % 28 enpresa handiak), kokatuta dauden lurraldeari edota garatzen duten jarduera ekonomiko nagusiari dagokienez.

Aurreko txostenean bezala, sustapen-ekintzak 15 kategoriatan bereizi ditugu. Sustapen-ekintzen ahalik eta espektrorik osoena jaso eta bereizi nahi izan dugu kategoria horien bidez. Sailkapen honen arabera, identifikatutako neurriek helburu desberdinak dituzte, eta garrantzi ezberdina.

Enpresen sustapen-ekintza, batez ere, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen eta sareen jarduera eta beste alderdi batzuk finantzatzera bideratzen da (identifikatutako 913 sustapen-neurrietatik 741); mota horretakoak dira neurrien % 81,34.

Gainerako neurriak modu desorekatuan banatzen dira beste 6 kategorietan. Honako hauek hobetzera bideratutako neurriek dute intzidentziarik handiena: funtzioen oreka (% 7,35), erakundea eta kudeaketa indartzea (% 4,06) eta azpiegiturak eskaintzea (% 3,95). Boluntariotza eta asoziazionismoa, sektorearen barneko lankidetza eta beste sektore, instituzio eta mugimendu sozial batzuekin batera lan egitea bultzatzearekin lotutako neurrien pisua, berriz, txikiagoa da.

Era berean, EHSSko erakundeen alde mobilizatzen dituzten baliabideen arabera sailkatzen ditu neurriak 2021eko txostenak. 493 neurriren kasuan (% 54) identifikatu ahal izan da datu hori. Neurrien ia erdiek (265 neurri, % 47,66) baliabide ekonomikoak mobilizatzen dituzte hirugarren sektore sozialeko erakunde eta sare hartzaileen egitasmoak garatzeko.

Beste 208 neurrik (% 37,41) existitzen diren zerbitzuak edo modu espezifikoan egokitutako zerbitzuak eskaintzen dituzte, eta/edo baliabide teknikoak eta/edo materialak mobilizatzen dituzte EHSSrentzat. Neurrien % 11,69 k (65 neurri) langileak mobilizatzen dituzte eta, modu boluntarioan, hirugarren sektore sozialeko erakundeen eta sareen zerbitzura jartzen dira. Azkenik, 18 neurrik (% 3,24) enpresa sustatzailekoak ez diren pertsonak edo erakundeak sartzen dituzte tartean.

Zer lurraldetan dute eragina?

Identifikatutako neurriek lurralde eremu guztietan dute eragina, probintziatik hasi eta estatuko edo nazioarteko eremura. Dena den, neurrien % 86,44k hiru lurralde historikoetako batean dute eragin espezifikoa (Bizkaia: % 36,1; Araba: % 28,29; Gipuzkoa: % 23,45). Ez dago loturarik lurralde historiko bakoitzaren pisu demografikoaren eta neurrien banaketaren artean.

Zergatik bultzatzen dituzte?

Bultzatzeko arrazoiak ezagutu ahal izan ditugun neurrien artean (204 neurri), enpresako sustapen-ekintza, batez ere (identifikatutako kasuen % 89,1), enpresek eurek programatutako edo planifikatutako ekintzen barruan ematen da, normalean, erantzukizun edo jasangarritasun sozialerako programen barruan. Kasu gutxi batzuetan beste arrazoi batzuk agertzen dira, hala nola enpresako langileen ekimen pertsonala (% 5,2) edo HSSko erakunde hartzaileak eurak gerturatu izana (% 3,5).

Nori zuzenduta daude?

EHSSko 195 erakundek eta sarek onura zuzena jasotzen dute Euskadiko enpresa-sektoreak bultzatutako sustapen-ekintzetatik. Beste kasu askotan, erakunde eta sare mota oso anitzei zuzenduta egoten dira sustapen-ekintzak, zehaztu gabe. Horiek hainbat arlotan garatzen dute jarduera. Gizarte Zerbitzuen arloari dagozkio enpresen sustapen-ekintzaren ia ¾ (% 71,8). Hurrengoa, alde handiarekin, Enpleguaren arloa da (% 11,4). Jarraian, Osasuna (% 6,3), Garapenerako nazioarteko lankidetza (% 5,1), Arlo sozial-transbertsala (% 3,6), Aisialdia (% 0,8) eta Beste batzuk (% 0,5).

Identifikatutako sustapen-ekintzaren arlokako banaketa ez dator bat 2019ko Barometroan jasotzen den erakundeen arlokako banaketarekin.

Eragile askoren arteko elkarlana sustapen-neurrien bultzadan

Identifikatutako neurri gehienak enpresen bakarkako ekimenetik sortuak dira, baina kopuru handi bat (29 neurri, guztizkoaren % 3,17) beste eragile batzuekin elkarlanean bultzatu dituzte, gehienetan, beste enpresa batzuekin (sektorearen barruko elkarlana). Oso kasu gutxitan bultzatzen dituzte sustapen-neurriak administrazio publikoarekin edo EHSSrekin elkarlanean.

Zer eragin izan du pandemiak enpresen sustapen-ekintzan?

Identifikatutako neurrien ia erdiak (453; % 49,6) 2020an bultzatu zituzten. Neurrien % 40,3 (368 neurri) 2020an sustatu zituzten eta 2021ean jarraipena izan zuten; eta % 10,1 (92 neurri) azken urte honetan bultzatu dituzte zehazki. 2020an bultzatu zituzten eta 2021ean jarraipena izan zuten neurrien ehuneko altuak eta aurten lehen aldiz bultzatu dituzten neurrien ehuneko apal baina esanguratsuak erakusten dutenez, eskuratutako datuen arabera, badirudi garai honetan bizitako osasun-larrialdia ez dela faktore erabakigarria izan eta ez diola modu adierazgarrian eragin enpresa-sektoreak EHSSri laguntzeko duen gaitasunari.

Enpresen eta Euskadiko hirugarren sektore sozialaren arteko elkarlanari mesede egiteko faktore garrantzitsuak

Enpresen eta EHSSren arteko harremanari eta elkarlanari buruzko hausnarketa jasotzen du txostenak, parte hartu duten eragileek eta administrazio publikoak egindako ekarpenean oinarrituta. Enpresen eta EHSSren arteko elkarlana bultzatzeko eta indartzeko bidean aurrera egiteko gako nagusiak identifikatzea da hausnarketaren muina. Gako horiek hiru alderditan multzokatu ditugu: elkarlana errazten duten baldintzak, elkarlanak izan behar dituen ezaugarriak eta elkarlana bultzatzeko kontuan hartu behar diren irizpideak.

Elkarlana errazten duten baldintzen artean hauek nabarmentzen dira, beste batzuen aretan: elkar ezagutzea, eta horretarako beharrezkoa da elkartzeko espazioak eta foroak sortzea; eta batak bestea aitortzea, bakoitzak duen papera aitortzeko eta aurreiritziak eta aldez aurreko ideiak gainditzeko. Enpresen eta EHSSren arteko harremana indartzen laguntzen duten beste faktore nabarmen batzuk hauek dira: partekatutako esperientziak, jardunbide egokiak eta metodologiak ezagutzera ematea (behin sistematizatuta, ikaskuntza baliotsuak atera daitezke horietatik); edo marko, balio eta hizkuntza partekatuak ezartzea. Azken kasu horretan, Garapen Jasangarrirako Agenda 2030 erreferentzia-esparru komun bat izan daiteke, hartan oinarrituta elkarlana bultzatu ahal izateko.

Elkarlanak izan behar dituen ezaugarriei dagokienez, asko aipatzen dituzte eragileek, baina hau nabarmentzen dute: win to win estrategian (bi aldeen interesekoa eta bien onurarako) oinarrituta eraiki behar da, eta helburu komunak lehenesteko aukera eman behar du. Halaber, enpresen kasuan, elkarlanak estrategian txertatuta egon behar du eta bat etorri behar du enpresaren balioekin. Faktore hori erabakigarria izan daiteke hirugarren sektore sozialeko erakunde batekin elkarlan egonkor bat eman dadin. Era berean, modu argian finkatu behar dira elkarlanaren lehentasunak eta helburuak, eta bi aldeen artean identifikatu behar da zer arlotan egin dezaketen lan batera (berdintasuna, aniztasuna, osasuna…). Gainera, espiritu eraldatzailearekin heldu behar zaio elkarlanari eta benetako inpaktua izan behar du, hortaz, funtsezkoa izan daiteke emaitzen adierazleen bidez inpaktua neurtzeko metodoak eta tresna praktikoak sortzea.

Azkenik, bultzatzeko irizpideei dagokienez, hauek adierazten dira, beste batzuen artean: marko-partekatuak (Agenda 2030) erreferentzia gisa hartzearen eta elkarlana bizituko duen estrategia bat izatearen beharra; eta elkarlana enpresen sentsibilitate eta gaitasunetara egokitzea. Halaber, hauek izan daitezke beste irizpide gako batzuk: bi sektoreen arteko eragileen arteko topaketak eta bisitak erraztea edo egitasmoen mapatze bat egitea, hala, erakunde sozialek hautemandako behar sozialak eta horiei erantzun bat emateko moduan dauden enpresak gurutzatu ahal izateko.