Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 11/2021

Testu hau Behatokian landu dugun esku-hartze sozialaren prozesuaren hartzaileak diren pertsonen partaidetzaren inguruan egin dugun gogoeta zabalagoaren baitan kokatu behar dugu[1]. Zehatzago esanda, lerro hauetan arreta berezia jarriko dugu Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko (hemendik aurrera, EHSS) erakundeetako profesionalen eta esku-hartze prozesuko hartzaileen artean emozioen ikuspegitik dagoen harremanean.

Profesionalaren eta hartzailearen arteko harremanen testuingurua da esku-hartze prozesua. Profesional batek, hartzailearekin eta/edo haren familiarekin batera, beharrak ebaluatzen eta eskuragarri izan ditzakeen baliabideen artetik beharrezkoak planteatzen ditu ibilbide horren baitan hartzailearengana bideratuta, ahalik eta autonomia handiena eta gizarteratzea sustatzeko asmoz, etengabeko ebaluazioa egiten duen bitartean.

Prozesu horrek harremanen arloko esku-hartzea biltzen du eta horren baitan dago laguntza soziala. Hala, hartzaileak, profesionalarekin izaten duen elkarrekintza horretan, bere aspirazioak eta interesak gara ditzake; hau da, bere bizitza-proiektuarekin lotura duten alderdiak.

Laguntza soziala aipatzen dugunean, gizarte-zerbitzuetako prestazio esanguratsuenaz eta garbienaz ari gara. Hartzailearen eta profesionalaren artean sortzen den harreman hori laguntza-harremana da eta hartzaileak bere egoera azaldu eta bere autonomia pertsonalarekin eta gizarteratzearekin lotuta dituen helburuak zehaztu ahal izateko testuingurua sortzen du. Horri esker, honako laguntza hauek eskain diezazkiokeen erreferentziazko pertsona bat du:

−Instrumentala (informazioa, orientazioa eta bitartekaritza beste sistema batzuetako baliabideetara eta zerbitzuetara, eta laguntza emateko harreman eta gizarte/familia sareetara –familia, lagunak, komunitatea– sarbidea izateko).

−Emozionala (kaltea gutxitzea, eustea, euskarri emozionala eta orientazioa krisi-egoeratan…);

−Hezkuntza arlokoa (besteak beste, eguneroko bizitzako eta gizarteratzeko oinarrizko jarduerak egiteko eta jokabideak aldatzeko gaitasunak, gaitasun instrumentalak eta gaitasun aurreratuak eskuratzea);

−Harreman arlokoa (entzute aktiboa, harreman sozialak eta/edo pertsonalak izateko edo ezartzeko gaitasunak eskuratzea, harremanak ezartzeko aukerak sortzea).

Laguntza horien intentsitatea hartzaile bakoitzaren beharren eta gorabeheren araberako izango da eta haietara egokituko da. Dena den, egoera egokiena litzateke erabateko autonomiaraino gutxitzen joatea.

Lan-prozesuan zehar lan kualitatiboa egin da. Hartzaileekin eta profesionalekin egindako banakako elkarrizketen bidez, bi alderdiek esku-hartze prozesuari ematen zieten esanahiak eta zentzuak ulertzen saiatu gara eta, zehatzago esanda, haien arteko harremanarekin lotuta. Bestalde, ahozko elkarrizketak egin dira bikoteka eta, horietan, hartzaileak eta laguntza eskaini zuen profesionalak hartu dute parte. Egoera horri esker, bi alderdiek partekatutako esperientzien gaineko trukea eta elkarrizketa egin ahal izan dugu esperientzien alderdi pertsonifikatuak eta harreman mailakoak aztertu ahal izateko.

Egindako banakako elkarrizketak eta ahozko elkarrizketak abiapuntutzat hartuta, profesionalaren eta hartzailearen arteko harremanaren azterketan eta biek bizi izandako esperientzian oinarrituta, profesionalaren eta hartzailearen artean sortzen den loturak duen garrantzia agerian zuten duten ideia batzuk nabarmendu nahiko genituzke.

Elkarrizketatutako pertsona guztiek zuten EHSSko erakundeetako bakoitzean erreferentziazko funtzioak betetzen dituen profesional bat. Oso positiboa da haien gaineko iritzia eta zuzenekoa eta egunerokoa den harremana dute. Haien ustez, laguntza, babesa, entzutea, konfiantza, beste iritzi bat, aitorpena.. eskaintzen diete eta, batzuetan, oso rol aktiboa eta, nolabait esanda, “konpontzailea” izaten dute.

Bien arteko loturaren oinarriak dira gertutasuna, zaintza, harreman arina eta esku-hartzeen pertsonalizazioa eta hori guztia bi alderdiek duten ulermenari, errespetuari eta zintzotasunari esker lortzen da. Hartzaile guztiek harreman horien inguruko oso balorazio positiboa egiten dute.

Oro har, sortzen den harremanak hartzaileek hasieran dituzten aurreikuspenak gainditzen ditu; izan ere, beste profesional batzuekin eta beste testuinguru batzuetan izandako harremanetan izandako aurreko esperientzia batzuk negatiboak izan direla aipatu dute.

Lanerako tresna nagusia dira elkarrizketa, hizketaldia eta egunerokotasunaren baitako komunikazio-trukea. Hartzaileek positibotzat jotzen dute laguntza hori haien bizitzako ibilbidea eta bizitza osoan zehar hartutako erabakiengatik epaitu gabe eskaintzea.

Harreman horiek, batzuetan, pertsonen arteko afektua eragiten dute profesionalaren eta hartzailearen artean sortzen diren konfiantza eta afinitatea direla eta.

Profesionalen kolektiboaren ustez, beharrezkoa da hartzaileek profesionalenganako mendekotasun-harremanak izatea saihestea; izan ere, horrek ahalduntzerako ondorio negatiboak ditu. Zaila da distantzia emozional egokia lortzea; izan ere, beharrezkoa da alderdi bakoitzak bere rola izatea, baina, aldi berean, lanak aurrera egin dezan behar adinako konexio emozionala ahalbidetzea. Era berean, garrantzizkotzat jo dute beren rolaren garapena ahalbidetuko luketen mugak mantentzea, gaizki-ulertuak ekidinda.

Edonola ere, harremanak aldaketak jasaten ditu denborarekin eta esku-hartze prozesuaren etapa ugarien arabera bilakaera izaten du; lehen unean, profesionalen rola zuzentzaileagoa izaten da eta, hartzaileak ahalduntzen eta autonomia handitzen doazen heinean, profesionalen rolak indarra galtzen du.

Erreferentziazko pertsona horiek aldatzeak pertsonen artean loturak sortzea zailtzen du; izan ere, harremanetan konfiantza eta lotura sortu ahal izateko, beharrezkoa da denboran zehar iraungo duen dedikazioa. Konexio edo lotura hori sortu eta mantendu ahal izateko uneak eta guneak bultzatu beharra daudela aipatzen zen.

Profesionalek hasieran egiten dituzten aurreikuspenak jasotzen dituzten txostenetan edo beste profesional batzuekin izandako elkarrizketetan oinarrituta egoten dira. Harremanak, azkenean, a priori aurrez ikusita baino positiboagoak izaten direla onartzen dute (batzuetan, aurreiritziek zehazten dituzte hasierako uste horiek).

Bizitako esperientziak eta protagonistek haien prozesuei ematen dieten zentzuak oso positiboa den harreman-eredua osatzen dute.

Hartzaileentzat, horrek laguntza, estigmaren aurkako borroka, iritzia emateko aukera eta haien eskubideak aldarrikatzeko aukera ematen die, baina, batez ere, eskubide osoko hiritarren kategoria ematen diete, norberaren gorabehera zehatzekin eta indibidualekin.

Hartzaileen kasuan, gainera, kide izatearen eta zerbaiten partaide izatearen sentimendua eskaintzen dien protagonismoa ematen dien testuingurua ere bada; horrek guztiak lortutakoagatik, ikasitakoagatik eta aurrera egindako guztiagatik eskertuta egotera bultzatzen ditu hartzaileak.

Laguntza horretan sortzen den harremanari esker, profesionalek hartzaileen egoerekin enpatiza dezakete, espediente batean jarritakoaz harago joanda benetako sufrimendua ezagututa; horrek une horretara arte egindako bidea eta errealitatea ulertzea ahalbidetzen du. Hala, emandako eta jasotako maitasuna konpentsatu egiten diren testuingurua sortzen da, asebetetze- eta gratifikazio-dosi oso altuekin.

Bestalde, profesionalen kolektiboak gizarteratzearen alde lan egiteak sortzen dien frustrazioari ere egin behar dio aurre, egunerokotasunean hori zailtzen duten elementu asko topatzen dituztenean.

Hartzaileen errealitate berriak eta haien gaitasunak ezagutzeko eta aitortzeko aukera izaten dute profesionalek. Aldaketen aurrean laguntzeagatik jasotzen duten asebetetzea, feedbacka eta esker ona lehen aipatutako frustrazioarekiko kontrapisua direla esan dezakegu.

Harremana eta lana amaitu egiten diren arren, ohikoa izaten da elkarrenganako interesa edukitzea eta haietako bakoitza nola dagoen jakin nahi izatea.

Harreman guztietan bezalaxe, laguntza emateko garaian ere ugari dira sortzen diren sentimendu eta emozioak: batzuetan nekea, beste batzuetan frustrazioa, goxotasuna, gertutasuna…

Harremanaren hasieran, hartzaileen artean ohikoak izaten dira ziurgabetasuna, beldurra, antsietatea… Gero, hori guztia esker on, asebetetze, maitasun… bihurtzen da eta, kasu askotan, gainera, baita segurtasun, konfiantza, laguntza eta abegia ere.

Bi pertsonek bizi izandako prozesuaz eta ikasitakoaz errespetuz eta maitasunez hitz egiten dute.

Egindako gogoeta oinarritzat hartuta, ikasbide izan daitezkeen eta, pertsonei emandako laguntzaren bidez (bereziki maila emozionalean eta harremanetan) hurrengo laguntza-prozesuetan aurrera egiteko garaian lan-ildoen inguruko zertzelada gisa erabilgarriak izan daitezkeen alderdi batzuk aipa ditzakegu.

Lehen alderdia elkarrizketan eta entzute aktiboan oinarritutako konfiantzazko esparruetatik abiatuta harremanen kalitatean arreta jartzearekin lotuta dago. Beharrezkoa da hartzaileak ez sentitzea “espediente” edo “kasu” bat soilik balira bezala. Haien bizitza-historiak interesgarria izan behar du bere autonomiarako eta gizarteratzeko tresnak bilatzeko prozesu horretan laguntzeko gai den norbaitentzat. Hala eta guztiz ere, gogorarazi beharrekoa da arreta-plan pertsonalizatuan zein programazio indibidualean planteatutako laneko helburuak betetzearen mende egongo dela horren guztiaren arrakasta. Hori bete ezean, harremanen alderdian bakarrik oinarritzen bagara, jardueraren abiapuntu den laneko testuingurua gal dezakegu.

Garrantzitsua da laguntza hori lotura emozionalean eta konfiantzazko harremanean oinarritzen saiatzea. Horrek guztiak denborari dagokionez egonkorrak diren profesionalak behar ditu. Alderdi hori profesionalek zerbitzuetan jarraitzeko dagoen beharrari lotuta dago. Esku-hartzearekin lotutako alderdi guztietan lehentasuna hartzaileengan jartzearekin lotutako beste elementu batzuk dira hauek: arreta emateko ordutegiak, onartzeko irizpideak…

Garrantzitsua da komunitate-dimentsioa kontuan izatea sortzen diren loturen bidez hartzailearen gizarteratzea ahalbidetu ahal izateko. Horretarako, lehenengo eta behin, beharrezkoa da bere komunitateko baliabideak ezagutzea eta, gero, hori lortzeko estrategiak eta aldaketak bideratzea.

Ahal dela, laguntzaren ezaugarriek honako hauek izan beharko lukete:

  • Hartzaileen egoerekiko sentsibilitatea, errespetua eta enpatia, hautemateko joeran oinarrituta.
  • Konfiantzazko eta errespetuzko testuinguruak finkatzea.
  • Esku-hartzearen protagonista hartzailea dela argitzea eta haren ahalduntzea erraztea, profesionala pertsona horren alboan kokatuta.
  • Laneko agenda zurrunak gainditzen dituzten malgutasuna eta erabilgarritasuna izatea, larrialdien edo krisien aurrean “atea irekita” izanda.
  • Lanketa hartzailearen testuingurutik abiatuta egitea: familia, etxea, komunitatea.
  • Oztopoak gainditzen laguntzea, zubi-lana egitea eta tresnak eskaintzea.

Puntu horiez gain, zein litzateke erreferentziazko profesionalaren rola? Justiziaren ikuspegitik inpartziala izango dela espero da; hau da, antzeko egoeren aurrean antzeko erantzunak ematea, baina, aldi berean, esku-hartze horiek pertsonalizatzea. Horretarako, beharrezkoak dira gaitasun teknikoak, emozionalak eta etikoak. Prestakuntza eta gainbegiratzea funtsezko elementu lagungarriak izan daitezke laguntza emateak eragiten duen neke fisiko eta mentalari aurre egiteko. Hoztasunaren eta gehiegizko inplikazioaren arteko oreka egokia lortzeak taldean egindako lanak, harreman-prozesuak eta abar gainbegiratzea dakar berekin, gero lehen aipatu dugun frustrazio hori gainditu ahal izateko. Era berean, ezin ahantz ditzakegu lana errazten duten estrategiak eskaintzen dituzten eta etengabeko birziklatzea eragiten duten malgutasuna eta berrikuntza.

Laguntza egokia emateko identifikatutako zailtasun nagusietako bat da hartzaileek hartutako erabakiekiko errespetua eta legitimazioa lortzea. Zailtasun horiek gainditu ahal izateko, egokia litzateke motibazioaren eta interesaren aldeko apustua egitea, premisa hauek beti kontuan hartuta: “ez eman minik” eta “ez ordezkatu”.

Intereseko beste alderdi bat arreta pertsonalizaturantz eta pertsonalerantz aurrera egitearekin lotuta dago. Hala, hartzailearengan oinarrituta dagoen laguntza emateko denbora eta espazio handiagoa lor daitezke.

Amaitzeko, aipatu beharrekoa da esku-hartzearen esparruan parte hartzen duten profesionalen kode deontologikoak eta etikoak ezagutu, eztabaidatu eta eguneratu beharrekoa dela. Horiek guztiak jarduera profesionala bideratzeko eta, aldi berean, hartzaileak babesteko jarduera esparruak eta erreferenteak dira.

[1] Zehatzago esanda, Behatokian proiektu hau landu dugu: “Esku hartze sozialeko oinarrizko prozesuan hartzaile diren pertsonen parte-hartzea: Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen esku dauden gakoak”. Txostena laster argitaratuko dugun arren, horri buruzko zertzelada batzuk partekatu genituen 2021eko martxoan Politika Sozialen Espainiako Sareak egindako Kongresuan. Testu honetan jasota daude horiek. Proiektua esteka honetan dago kontsultagai: https://3seuskadi.eus/la-participacion-de-las-personas-destinatarias-en-el-proceso-basico-de-internvencion-social/