Egilea: Ruth Encinas. AGIFESaren gerentea. Mikel Gorostizaga. AGINTZARIaren gerentea. Amaia Lopetegui. GAUTENAren zuzendaria.
Laburreko zenbakia: 06/2021

Askotan, lan-merkatua izaera estatikoa duen esparru gisa ikusten dugu. Baina ikuspegi hori dinamikoagoa den beste batekin ordezkatu beharko genuke; izan ere, lan-mugikortasuna gero eta ohikoagoa den fenomenoa da. Randstad Research ikerketaren arabera, Espainiako lan-mugikortasuna Europako batezbestekoaren gainetik igo da eta, neurri handi batean, lan-merkatuan pandemiak izan dituen eragin negatiboek bultzatu dute hori[1].

Lan-mugikortasuna era askotakoa izan daiteke: geografikoa, okupazionala (langile batek bere okupazioa edo jarduera aldatzen duenean) edo sektore mailako (langileak sektore ekonomikoa aldatzen duenean). Beste batzuetan, gainera, haietako batzuen edo denen arteko konbinazioa ere gerta daiteke.

Hirugarren Sektore Soziala ere ez da fenomeno horretatik kanpo geratu. Bertan lan egiten duten pertsonek beren ibilbide profesionalarekin aurrera jarraitu dute beste sektore batzuetan. Dena den, alderantzizko bidea ere ari da gertatzen. POASek argitaratutako txostenean (2010) irakur dezakegun moduan, “gero eta pertsona gehiago gerturatzen da Hirugarren Sektorera enpresa-ingurunean urte batzuez esperientzia pilatu ostean bere ibilbide profesionalarekin aurrera jarraitzeko” (11. or.).

Albiste labur honetan, enpresen mundutik gure sektorean sartu diren pertsonak ezagutu eta haien profilen, motibazioen eta anitza den eta eraldaketa-bidean dagoen sektoreari egiten dizkioten ekarpenen inguruko gogoeta egin nahi dugu.

Enpresa-mundutik Hirugarren Sektore Sozialera salto egiteko motibazioak

Batzuetan, lan-mugigarritasuna lan-merkatuan gertatu den egitura mailako doiketak eragiten du, baina beste era bateko faktoreek ere bultza ditzakete erabaki mota horiek. Beren ibilbide profesionalarekin Hirugarren Sektore Sozialean jarraitu duten enpresa arloko pertsonen kasuan, gutxienez, bi mota bereiz ditzakegu. Alde batetik, Hirugarren Sektore Sozialak jasan duen gero eta profesionalizazio handiagoak eta ekonomian betetzen duen garrantzia handitu izanak -2019ko Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Barometroaren arabera, HSSko erakundeek kudeatutako bolumen ekonomikoa 1.736 milioi eurokoa izan zen; hau da, Euskadiko BPGaren % 2,3ren baliokidea” (5. or.)- beste sektore batzuetako profesionalentzako irudi erakargarria eskain dezake.

Bestalde, itxuraz, argi eta garbi profesionalak diren motibazioen gainetik, izaera pertsonalagoa duten beste batzuk daudela dirudi. POASek argitaratutako txostenaren arabera, sarrera mota horiek “gizartean aldaketak ekarriko dituen eta, ekonomia arloaz harago joanda, ordainsariak eskainiko dituen lana egiteko borondateari” lotuta daude (11. or.). Txostenaren arabera, honako hauek dira pertsona mota horiek emandako arrazoi zehatzak:

  • Erakundeetako erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzeko aukerak izatea.
  • Laneko giro ona.
  • Garatutako jardueren kaltetan, enpresa-munduan emaitzek, prozesuek eta kalitatearen kontrolak gero garrantzi handiagoa izatea.

Zuen kasuan, zein izan zen Hirugarren Sektorean lan profesionala izan aurretik bete zenuten ibilbide profesionala? Zein izan zen enpresa-mundua utzi eta Hirugarren Sektore Sozialera jauzi profesionala emateko zuen motibazioa?

Hirugarren Sektore Sozialean bilatzen diren profil profesionalak eta enpresen mundutik datozen pertsonen ekarpenak.

Dena den, beste sektore batzuetatik datozen pertsonen motibazioak garrantzitsuak diren arren, Hirugarren Sektore Sozialak eskatzen dituen profil profesionalekin lerrokatuta egon behar dute.

Urtero Hazloposible Fundazioak prestatzen duen Enpleguaren gida Hirugarren Sektorean azken azterlanaren arabera, Hirugarren Sektore Sozialak gehien eskatzen dituen profil profesionalak (beheko grafikoan ikus dezakegu informazio gehiago) bertako jarduerarekin lotutakoak eta “zuzeneko arreta” kategoria barruan multzokatuta daudenak dira (begiralea, gizarte-hezitzaileak, gizarte-langileak, terapeutak, sanitarioak eta abar).

2019an hacesfalta.org atariak argitaratutako Hirugarren Sektoreko enplegu-eskaintza gehien pilatu dituzten arloak.

Iturria: Hazloposible Fundazioa (2019). Hirugarren Sektoreko enplegu-gida, 9. or.

Profil espezifiko mota horiek salbuesten baditugu, sektorean eskatzen diren gainerako profil profesional gehienek enpresek eskatzen dituzten horiekiko oso ezberdinak ez direla ikus dezakegu (proiektuen kudeaketa, administrazioa eta finantzak, informatika, zuzendaritza eta koordinazioa eta abar), baina, bistakoa denez, ikuspegi soziala dute.

Aurrekoarekin bat etorrita, Adelanttak argitaratutako artikulu batean irakur daitekeenez, sektoreak behar dituen profilak honako hauek dira: zuzendariak, proiektu-koordinatzaileak, funtsen kaptadoreak eta profesional kualifikatuak.

Bestalde, beharrezko gaitasunak eta prestakuntza izatea HSSan lan egiteko ezinbestekoa den arren, beharrezkoa dirudi dagokion erakundeko kultura, misioa eta balioak ezagutzea (hain zuzen ere, sektorearen balio bereizgarriak eta nortasuna osatzen dutenak dira) eta, bestalde, langileek zein beste sektore batzuetatik iritsitakoek horiekiko duten inplikazioa eta konpromisoa azpimarratzea.

Zuen kasu zehatzean, aurreko zer jarrera, gaitasun eta ezagutza izan dira erabilgarriak HSSan gaur egun betetzen duzuen lanerako?

Zuen ustez, hirugarren sektoreko erakundeak enpresa batek bezala kudeatu behar direla?

Beste sektore batzuetatik datozen pertsonak erakartzeko eta atxikitzeko zailtasunak.

Hirugarren Sektore Soziala beste sektore batzuetatik datozen profil profesionalak gehitzea lortzen ari den arren, PwC Fundazioak argitaratutako txosten batek agerian utzi du talentua erakartzeko eta atxikitzeko zailtasunak ere badituela. Horretarako kausei dagokienez, txostenak honako hauek aipatzen ditu (103. or.):

  1. Egungo gobernu-egituren izaera.
  2. Sektoreko erakunde askoren botere ekonomiko txikia (horrek kanpoko talentua erakartzea eta atxikitzea zailtzen du).

Zuen ustez, sektorea zailtasunak izaten ari al da beste sektore batzuetako profil profesionalak erakartzeko? Erantzuna baiezkoa bada, zer faktorek izan dezake eragina horretan? Zeinek errazten du edo erraztuko luke enpresen esparrutik HSSrako langileen mugikortasuna?

Zer iritzi duzue enpresekin lankidetzan aritzeari buruz, hirugarren sektoreko esparrutik urrunago dauden lan-profil jakin batzuk modu gisa, adibidez, eraldaketa digitalari dagokionez?