Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 02/2023

Emoziorik gabe ez dago eraldaketarik

Emozioa gara. Bizitza emozioa da. Dimentsio emozionala gizakion eraketaren parte da[1].  H. Maturanak “ezagutzaren eta maitasunaren biologia” deskribatzen zuen: gizakiok maitasunezkoak gara izatez (maitasunik gabe ezin dugu bizi), maitasuna fenomeno biologikoa da. Izaki emozionalak gara eta gure emozioak arrazionalki baliozkotzea bilatzen dugu. Eta egiten dugun guztia hizkuntzaren eta emozioaren arteko gurutzaketan egiten dugu. Elkarrizketarekin elkar ulertu eta harmonia lor daiteke, eta horretarako besteen presentzia legitimoki onartu beharra dago, gure emozioak eta gure solaskideenak adierazi eta ulertu.

Psikologiatik, Punsetek[2] baieztatu du maitasuna dela sentimendurik erabakigarriena eta zoriontsu izateko gure gaitasunean eraginik handiena duena. Maitasunak gidatu egiten gaitu, esperantza ematen digu, triste jartzen gaitu eta ezeren gainetik mugiarazten gaitu. C. Naranjok[3] (2007) hiru maitasun-modu nagusi bereizten ditu: eros maitasuna dimentsio sexu-afektiboari erreferentzia egiten diona; agape maitasuna pertsonen eta planetaren zaintzarako enpatia eta konpromisoa garatzea dakarrena; eta philia maitasuna aitortzarekin eta mirespenarekin, laguntasunarekin eta lankidetzarekin zerikusia duena.

Hortaz, zergatik dago emozioa bigarren planoan, bigarren mailakoa edo ez ezinbestekoa izango balitz bezala? Zerikusia du honek historikoki emozioak emakumeekin lotu direlako faktuarekin? Eguneroko bizitzan, intimitate-arloetan edo arlo espezializatuetan duten garrantzia aitortzen zaie, baina ez da dimentsio garrantzitsua prozesu instituzionaletan edo agenda publikoan. Edo gutxienez ez da izan denbora luzean. Feminismoaren ekarpenek eta “adimen emozionala[4]” kontzeptuaren arrakastak bidea zabaldu diote gure identitatearen parte horri eta bere garrantzi politikoa agerian utzi dute. Halaber, gure sistemaren gabeziek edo ahultasunek (herritarren osasun mental ahula, gazteen artean bereziki; indarkeria-harremanak bai etxean, bai eskolan; ziurgabetasuna, prekarietatea eta desberdintasun sozialak areagotzea…) agerian uzten dute emozioez arduratzeko dugun beharra. “Erresilientzia” hitzaren erabilera orokortu egin da (politika publikoetan ageri da, nahiz eta esanahi mugatuagoa duen), aldaketen neurriaren eta intentsitatearen aurrean eusteko beharrari lotuta.  Eta deskonexio emozionalaren fenomenoa (eta, ondorioz, bestea gizaki gisa aitortzeko ezgaitasuna) jarrera oldarkor eta antisozial askoren atzean dagoela ikus dezakegu. Agian, komeni da horren garrantziaren gaineko gogoeta egiteko tartea hartzea, eta, gure kasuan zehazki, eraldaketa sozialarentzako duen garrantziaren gainekoa.

  1. Scharmerrek azaldu du egun apurketa hirukoitzean murgilduta gaudela[5]: ekologikoa (gizakiek naturarekin haustea), soziala (gizakien arteko haustura) eta espirituala edo animikoa (gizakiek beren buruarekin haustea). Ezingo dugu krisi globala konpondu hiru dimentsio horien arteko lotura sakona ulertzen ez badugu. Horregatik, GJHekin paraleloan, barne-garapenerako helburuei[6] buruzko proiektu globala jarri dute abian, eraldaketa globalerako lanaren ezinbesteko alderdi gisa. Hiru planoen arteko loturaren kontzientzia horretatik ulertzen dugu, hirugarren sektorean, dimentsio emozionalaren arreta eraldaketa sozialaren barneko aurpegia dela.

Hirugarren sektorean espezialistak gara lotura emozionalean. Gure interesa, ezinegona eta jarduna gainerakoak eta beraien egoerak ulertzea da, enpatia, harremana. Puntu horretatik emozioak aukera-eremu gisa aitortzen ditugu, gure gizatasuna, komunikatzeko gure gaitasuna eta eraldaketa sozialerakoa aitortu eta indartzeko berreskuratu beharreko dimentsio gisa. Ez dago eraldaketa sozialik pertsonen eraldaketarik gabe, eta ez dago emoziorik gabeko eraldaketa pertsonalik. Pertsonentzako arreta zuzenean daudenek badakite: gure loturek emozioak ehuntzen dituzte, gure proiektuak emozioek mugitzen dituzte, gure bizitzek kolorea eta emozioarekiko interesa dute. Eta emozioek ematen digute aldaketarako behar dugun orientazioa eta energia. Hitz egin dezagun, beraz, emozioez. Emozioez eta eraldaketa sozialaz.

Emozioak eta beharrak asetzea: prebentzio-dimentsioa

Gure emozioak gida fidagarria dira errealitatea ezagutzeko eta, hala, horren gainean jarduteko. Beharren gogobetetze-mailaren[7] adierazleak dira. Horregatik, pertsonek eta kolektiboek errealitatearen aurrean nola kokatzen diren ikusarazten digute[8].

Emozioak sailkatzeko modu asko daude. Hemen horietako bat azalduko dugu, Russellen emozioen zirkulua[9]. Egileak bi ardatzen inguruko zirkuluan kokatzen ditu emozioak: plazera/nahigabea ardatza eta aktibazioa/erlaxazioa ardatza. Plazera/nahigabea ardatz emozionalak adierazten digu ea gure beharrak asebetetzen diren (emozio pozgarriak edo atseginak) ala ez (emozio desatseginak). Emozioak desatseginak badira, ekintzara bultzatzen gaituzte behar duguna lortzeko. Bi muturrak orekatuta badaude, egonkortasuna dago.

Aktibazioa/erlaxazioa ardatzak emozioen indar aktibatzailea adierazten digu, batzuk energia asko baitaramate, hala nola poza edo haserrea (mugimendurako joera dute) eta beste batzuk, esaterako tristurak edo apatiak, energia-kopuru txikiagoa dute (geldotasunerako joera dute).  Emozioek jakinarazten digute barneko espazioa nola erlazionatzen den kanpokoarekin (zer behar dugun), eta gertatzen denaren arabera zer egin jakiten laguntzen digute (ingurunea nola eraldatu).

Emozioak gure beharrak ase izanagatik edo ez ase izanagatik sortzen dira. Behar bezala uste, sinetsi edo ulertzen dugun horretara mugitzen gaituzte. Gure beharrak asebetetzeko bai barne tresnak eta bai kanpoko lankidetza behar ditugu, izaki interdependienteak garelako. Halaber, nia indartzeko espazioa dira, eta nia bestearekin/taldearekin aurkakotasunean edo adostasunean egon daiteke, beharrak ase diren ala ez gorabehera.

Era berean, emozioak testuinguru sozialarekin daude lotuta, eta honek bizitza askatasunean eta duintasunez bizitzeko nahikoa baliabide eman ditzake, edo ez. Emozioen energia testuinguruaren baldintzak aldatzeko eta hobetzeko erabil daiteke (erresilientzia). Nolanahi ere, baliabideak behar dira testuingurua aldatzeko, aukerak sortzeko eta munduarengan eta bizitzarengan dagoen konfiantza berrezartzeko.

Testuinguruak gogobetetze positiboak lortzeko baliabideak eskuratzea eragozten badu, beste gogobetetze batzuk bilatu ohi dira (inhibitzaileak edo negatiboak). Horrek narrazio pertsonal edo kolektibo negatiboak ekar ditzake, desesperazioa, inpotentzia edo frustrazioa. Bizi baldintza zailak, esperientzia traumatikoak eta modu positiboan aurre egiteko zailtasunak daudenean, erreakzio emozionalek indarkeria ekar dezakete. Desberdintasun-, gatazka-, indarkeria-, bazterkeria- eta zaurgarritasun-testuinguruak arazo psikosozial larriak eragin ditzake pertsonengan eta komunitateengan. Prozesu horietatik sortzen diren emozioak beldurra, estutasuna, porrot-sentsazioa, errua, frustrazioa, lotsa, umilazioa edo depresioa dira. Emozio paralizatzaileak dira, blokeatzaileak, desoreka emozionala eragiten dutenak, eta harremanak eta osasuna hondatzen dituztenak, horiek kudeatzeko barne- eta kanpo-baliabideak ez badaude. Hainbat sentimendu ager daitezke, hala nola amorrua, gorrotoa, edo mendeku-nahia, eta egoera bat konpondu edo irtenbidea bilatzeko erantzun desegoki, oldarkor edo indarkeriazkoetara garamatzate. Erantzun-emozional motak genero-zantzua izan ohi du: ohikoagoa da gizonen erantzuna amorrua izatea eta emakumeena beldurra.

Hortaz, emozioekin egindako lanak (autoezagutza, kontzientzia emozionala, enpatia, adierazpen emozional egokia) zentzu prebentiboa du eta gizarte elkarrizketatzailea eta baketsua eraikitzen du. Emozioak (ematen diguten informazioa eta energia) beharrak asetzera bideratzen baditugu, pertsonak eta komunitateak indartu, ahaldundu eta errealitateari modu sortzailean aurre egiteko gai izango dira. Horrek honakoa eskatzen du:

-Aurkako egoeretan barneko eta kanpoko narrazioak birformulatzea.

-Ekintza seguru eta fidagarrirako espazioak bilatzea.

-Pertsona horrentzat bizitzak duen zentzu sakonarekin eta garatu ditzakeen gaitasunekin konektatzea.

-Autoezagutza emozionala eta gure beharrak asetzeko aukerak eta probabilitateak (banaka eta komunitatean) jorratzea, ahalduntze pertsonalerako estrategia gisa.

Hau da, norberaren emozioen kontzientziatik (pertsonalki eta taldean entzutea, adierazpena eta komunikazioa) ase gabeko beharrak (iraupenekoak, babesa, afektua, ulermena, parte-hartzea, sorkuntza, aisialdia, identitatea eta askatasuna) eta norberaren gaitasunak eta indarguneak  identifikatzeko  prozesua planteatzen da. Horrek erabakitzeko (ekintzara zuzendu), ahalduntzeko eta eraldatzeko aukera ematen du.

 Emozioak eta giza osotasuna: hezkuntza sozio-emozionala

Metodologiak hezkuntza sozio-emozionalean eskaintzen duen ikuspegian sakontzen da prebentzio-ikuspegia. Korronte horrek hezkuntza-prozesuetan jartzen du arreta eta prebentzio-dimentsioaz gain (gutxienekoen bertsioa izango litzateke nolabait), gizateria oso globalaren mugarria (maximoen ideala) planteatzen du hezkuntza sozio-emozionalaren bidez. Gizartearen mendebaldeko ereduak zoriontasunaren ideala eskaintzen du gogobetetze-segurtasun (emozionala) gisa ondasun materialen bitartez; gizarte desorekatuan ezinezko ideala da, jasangaitza. Ez du ondasunen banaketa, lankidetza edo elkartasuna sustatzen, konpetentzia baizik, eta, ondorioz, bazterkeria (emozio positiboak batzuentzat eta negatiboak beste batzuentzat).

Aldiz, ikuspegi gizatiarretik, banakako osotasuna eta justizia soziala lotuta daude izatez. Latineko Homo sum, humani nihil a me alienum puto  (Gizakia naiz, gizatiarra den ezer ez zait urrunekoa)  esapide zaharrak laburbiltzen du giza esperientzia guztien arteko lotura sakona eta horiek oro har jorratzeko beharra. E. Morinen[10] azterketan, gizakiak interakzio-sistema konplexuaren parte dira, eta bertan elementu bakar bat ere ezin da bere erlazio-harremanetatik isolatuta ulertu. García-Rincónek[11]  planetan bizi garen gizakion pluraltasuna jasotzen duen identitate kosmopolita globalaz dihardu… Eta horrela hurrenez hurren.

Jorratzeko modu hori hezkuntzan ez ezik, esku-hartze eremuetan eraldaketa sozialerako prozesuak bermatzeko ere aplika daiteke. Enpatiak ulermena sustatzeko eta pertsonen arteko harremanei, bizipenei, gainerakoak ulertzeari, besteenganako kezkari eta pertsona eta gizarte modura batzen gaituzten loturei lehentasuna emateko duen garrantzia nabarmentzen du.

Jorratzeko modu sozio-emozionalarekin emozioei leku pribilegiatua ematen zaie behar bezala kudeatzeko. Emozioen bizipenak eta adierazpena protagonista bihurtuko diren espazio seguruak sortzeari denbora eskaintzea dakar. Horrek metodologiak sustatzea dakar, bizitzarako konpetentziak eta gaitasunak eskuratzeko, eta, aldi berean, modu sortzailean adierazi ahal izateko eta inguruko errealitateaz kezkatzeko[12].

Hau da, askatasunera, justiziara, eta, azken finean, herritartasun globala gauzatzera bideratuta dagoen emozioen kudeaketa. Hala, hainbat eraldaketa maila sor daitezke:

ERALDAKETA PERTSONALA: oreka emozionalean   hazi eta eboluzionatzeko banakako prozesu osasungarria. Horrek autoezagutza, autoestimua, baieztapena, enpatia, aitortzeko gaitasunak eta emozioak adieraztekoa dakar, arrazoiketa moralarekin eta sormenarekin, arretaren eta hizkuntzaren garapen egokiarekin.

ERALDAKETA KOLEKTIBOA: konfiantzaren, komunikazioaren eta lankidetzaren bitartez; gatazkak konpontzen ikasten. Horrek dibertsitatea onartzea dakar, beste ikuspegi batzuekin lotzea, frustrazioa kudeatzea, elkarrizketan aritzea eta akordioetara heltzea.

ERALDAKETA SOZIALA: banaka esperimentatzen ditugun bizipen emozionaletatik abiatuta, justizia, bakea eta askatasuna bilatzen duten prozesuetan parte har dezakegu kolektiboki eta horren arabera jardunJarduketa horiek emozioan errotuta baldin badaude, ezagutza eta ekintza sortzen dute, eta egiturak eta sistema eraldatuak eta eraldatzaileak sortzen dituzte.

Prozesu horiek eman ahal izateko sentimendu garrantzitsuak enpatia (konexioa eta ulermena ahalbidetzen ditu) eta haserrea dira (prozesu eraldatzaileak abian jartzen ditu).

Emozioak eta esku-hartzea: zaintza eta norbere zaintza

 Hirugarren sektore sozialaren berezitasunean pentsatzen badugu , zer paper dute horretan emozioek? Zer leku hartzen dute eta zer leku izan dezakete hainbat mailatako eraldaketa-prozesu horretan?

Intzidentzia: emozioak gizartean

Emozioek eraldaketa sozialean izan dezaketen zereginaren zati garrantzitsuetako bat erlazionatzeko gaitasuna da, potentzial politikoan. Emozioak eremu intimo eta pribatura mugatzea ulertzeko modu desegokia izateaz gain, mobilizazio sozialerako duten gaitasuna kentzen die. Lehen atalean, nahigabe-sentimenduak jorratzearen garrantzia ikusi dugu, gatazka sozialak prebenitzeko eta energia eraldatzailea orientatzeko. Orain, partekatutako balioek erakundeen eragin politikoa indartzeko duten balioari ere egiten diogu erreferentzia.

  1. Lagunak negarraren gaineko gogoeta egiten du “Para qué sirve llorar[13]” dokumentuan. Egileak gogorarazten digu ondoez intimoa adierazteko modua izateaz gain, negarrak erlazio-dimentsioa eta alderdi politikoa dituela. “Negar egiterakoan gainerakoei gure barneko atsekabea erakusteaz gain, besteekin batera eta besteengatik negar egitea enpatiaren, protestaren, kritikaren, aldarriaren edo erresistentziaren adierazle bihur dezakegu”. Hala, norbaitekin eta norbaitengatik negar egitea enpatia sakonaren, elkartasunaren, salaketaren eta eraldaketaren ekintzak dira. Negar egiteak pertsonaletik politikora, adierazpen pertsonaletik aldarrikapenera, igarotzea ahalbidetzeko, espazio publikoan gertatu behar da: “malkoak politiko bihurtzen dira besteekin batera negar egitean”. J. Lagunak ere gogorarazten du negarra desberdintasunaren eta injustiziaren hainbat bertsioren bateratze-puntua dela, munduko minen erroa komuna dela ulertzeko espazio intersekzionala: “Negar guztiak egiturazko injustiziaren ibai beraren adarrak dira”.

Era berean, partekatutako negarrak erantzun egokiaren ezaugarria erakusten du: negarra partekatzen duen eta arazo komunen gaineko kontzientzia hartzen duen komunitatea da horiei erantzun komunitarioa eman diezaiokeena.

Adierazpen horren beste aldea lehen aipatu dugun sumina izango litzateke. Giza eskubideak eta ongizatea urratzen dituzten egoerak kaltetutako pertsonak kolektiboki ekintzara mobilizatzeko gaitasuna du haserre-sentimenduak.

Sumina izateko lehendik duin sentitu beharra dago. Kaltegarria, mingarria edo bidegabea den gertakari edo ekintza batenganako erreakzioa da. Maila pertsonalean (norberaren aurka) edo hurbileko harremanetan (familia, harremanak) eman daiteke, eta baita politikoan edo egiturazkoan ere. Beraz, haserreak esan nahi du kendu edo galdu dugun zerbaiten gaineko kontzientzia dugula. Haserrearen aurrean dugun erreakzio osasuntsua da galdutakoa berreskuratzeko edo eragiten digun egoera aldatzeko konpromisoa. Suminaren kontrakoa etsipena litzateke (bidegabekeria edo ofentsa erreakziorik gabe pairatzen duen paralizazio inaktiboa)[14]. Hirugarren sektore sozialaren testuinguruan, haserrea sentimendu erabilgarria da, pertsonen edo erakundeen osotasuna urratzen duten egoerak identifikatzeko eta ekintza eraldatzaile egokiak abian jartzeko aukera ematen baitigu. Horrek haserre-sentimendua adieraztea eta partekatzea dakar, erreklamatzeko ekintzak abian jartzeko edo aukera berriak sortzeko. Hirugarren sektoreak haserretik aldarrikatzeko eta herritarren eskubideak indartzeko gaitasun izugarria du.

Esku-hartzea: emozioak eta zaintza.

2021eko[15] kudeaketaren laburpenean laguntzeko erlazioan loturak duen garrantziaren gainean egin genuen gogoeta. Profesionalen eta hartzaileen arteko erlazioan positiboki baloratzen da lotura, eta mendekotasunik sortu gabe zaintzeko eta laguntzeko pertsonen arteko tarte egokiena bilatzea du xede. Erlazio-prozesu hori mesfidantzarekin hasten da maiz, eta segurtasunerantz, gogobetetzerantz eta harrerantz egiten du aurrera; herritartasunaren, parte izatearen eta protagonismoaren lehen espazioa sortzen du. Profesionalentzat ezagutzarako, enpatiarako eta errealitatearekin harremana izateko espazioa da, eta mugen aurrean haserrea ere eragin dezake.

Hirugarren sektore sozialari beti egin ohi zaion galdera da hau: nola zaindu lotura eta nola ulertu zer esan nahi duen? Loturetan leheneratzen da bazterkeria. Gil Bermejo eta besteek [16] (2022) diote egungo gizartearen ezaugarrietako bat bazterkeria dela, eta arriskuak eta ziurgabetasunak areagotu egiten direla. Ondorioz, horietara ohitzeko betebeharra dugu, hein handi batean, emoziotik deskonektatuz. Bazterkeriak gizarte-mota hau eraikitzen duen arren (ez luke zentzurik izango horretaz jarduteak komunitate indigena edo erlijioso batean, esaterako), kaltetutako pertsonei zigortu egiten zaie eta erakundeek oso modu prekarioan eusten diete beharrezko zaintzari eta babesari. Egilearen arabera, sistemak pobrezia zigortzen du, eguneroko bizitza judizializatu eta protesta soziala kriminalizatu. Ez da erraza zaintza eta justizia sustatzeko ikuspegi kritikoa izatea. Hala, lehen lerroan jarduten duten profesionalek zeregin zaila dute aurrez aurre, eta babesa eta zaintza gauzatzea dagokie, nahiz eta ez diren beti behar bezain zainduak eta babestuak sentitzen.

Aldi berean, kanpoan geratzen diren pertsonek, baztertuek, erru-sentimendu paradoxikoa izan dezakete, bazterkeria arduragabekeriaren edo ahalegin eskasaren ondorio izango balitz bezala (azken finean, erantzukizun pertsonalaren ondorio) eta ez egiturazko arazoaren ondorio.

“Zaintza eta justizia sozial handiagoa” izateko, beharrezkoa da gertatzen dena gogoetatik, gorputzetik eta emoziotik ezagutu eta izendatzea (izan ere, aurrez aurreko, gorputzez gorputzeko erlazioetan aurkitzen ditugu bazterkeriaren mugak eta gizarteratzeko aukerak). ZAINTZA funtsezko ardatza da laguntza-arloko lanbideetan, bai gauzatzen delako, bai beharrezkoa delako. Eta bertatik eraikitzen delako gizatasuna eta justizia soziala. Horregatik, garrantzia eta esanahia eman diezaiokegu zaintzari arretaren eta kontzientziaren bitartez.

Norberaren zaintzaren gaineko kontzientzia izateak norberaren behar eta desirekin konektatzea dakar, baita horren gaineko ardura hartzea ere. Horrek hautematen dugunarekiko sentibera izatea dakar, enpatia izateko eta mugak jartzeko gai izatea. Bertatik beste pertsona batzuk zaindu ditzakegu, beren behar eta nahiak adierazten lagundu eta horien ardura hartu. Gure gorputzaren, emozioen, adimenaren eta ingurumenaren nortasunaren gaineko kontzientziarekin lan egiteak (garenaren, pentsatzen dugunaren eta sentitzen dugunaren kontzientzia) benetakotasuna, sormena, berehalakotasuna eta umorea dakartza. Gure emozioak eta beharrak txertatzeak beste batzuek ere haienak txertatzea eragin dezake. Hala, benetan eta errespetuz entzuteko aukera zabaltzen da.

Antolaketa: egiturak, loturak eta komunitatea

Arreta emozioetan eta horietatik sortzen diren kontzientzian jartzen badugu, erronka handiak sortzen dira erakunde sozialentzat.

Gatazken eremua ezaguna eta maiz aipatua da. Erakundeek jorratu beharreko eta normalean kontuan izan beharreko gaia da. Gai hori landu genuen 2021ean kudeaketako labur batean eta webinar batean[17]. Adierazpen emozionala, taldean entzutea, komunikazio ez-oldarkorra eta gatazketan prebentzio-prozesuak egitea erakundeen hainbat proposamenen parte izatera igaro dira, ikuspegi ekofeministetatik edo erakundea aldatzeko ikuspegietatik.

Beste erronketako bat zaintzaren erlazio-eremua ikuspegi asimetrikoarekin lotzea da, baina ez hierarkikoarekin. Esku-hartzeari buruzko ikuspegi batzuek, hala nola singularitatearen etikak edo N. Noddingsen[18] elkarrekikotasun kontzeptuak (V. Vázquez Reguerak aipatua), botere-harreman hierarkizatuetatik testuinguruaren araberako lineala ez den elkarrenganako zaintzara igarotzeko erronka planteatzen digute. Ikuspegi horiek komunitatearen kontzeptuaren berrikuspena jartzen digute aurrean: pertsona desberdinak hainbat behar eta rolekin, baina guztiak ekarpena egiteko aukerekin eta herritartasun-kontzientzia berarekin (profesionala/erabiltzailea eskema bitarraz harago). Ikuspegi horiek gure burua helmuga-komunitatetzat hartzera bultzatzen gaituzte espazio eta denbora berean.

Presentzia lantzea, egotearen gaineko kontzientzia izatea (hemen eta orain): emozioekin, sentsazioekin, pentsamenduekin eta gorputzarekin lotuta, modu integratuan. Profesionalek beren burua (emozioa barne) dute lanerako tresna nagusitzat eta beren emozioak dira laguntzen dieten pertsonen erlazioaren eta errealitatearen adierazle fidagarriak. Ekialdeko hainbat filosofiak eta giza korrontek proposatzen duten (eta, berriki, baita lidergorako eskolek eta prozesuek ere) presentziaren lanketak hemengoarekin eta oraingoarekin, interakzioan gertatzen ari zaigunarekin dagoen loturaren garrantzia adierazten du, egoaren, betebeharraren edo aurreikuspenen aginduetatik harago. Horren ondorioz, beharrezkoa da adierazpenerako, sakontzeko eta konturatzeko espazioak eta denborak izatea.

Ikuspegi horretatik, ikuskapen profesionala zaintza-eredu gisa proposatzen da, laguntza arloko profesionaleko langileak baitira, eta gizatasunarekin eta gizarte-desberdintasunekin harremanetan baitaude egunero (eta gainezka senti daitezke eta deskonexiora jo defentsa gisa).  Bizi dituzten bizipen konplexuek (egiturazko desberdintasuna, eskariaren konplexutasuna eta gehiegikeria, arazoen larritasuna, egiturazko indarkeria, baliabideen prekarietatea, erakundeen presioa, premia, haserre-sentimendua eta frustrazioa) zaintzarako eta arretarako espazioak behar dituzte, lagundutako ikuskapena dutenak, bai eta prestakuntzaren bitartez indartzea ere.

Halaber, erakundearekin edo proiektuarekin dagoen lotura emozionala ere kontuan izan behar dugu. Bertan hierarkiak, prekarietatea, ezegonkortasuna, eta boterea eta gatazkak kudeatzeko zailtasunak egon daitezke. Badaude partekatzeko, husteko, konpontzeko, entzuteko espazioak? Horretarako erantzun aproposa nola sentitzen garen adierazteko elkartzea da.

Era berean, sektorean lan egiten duten pertsonek lan erreproduktiboa dute hein handi batean, zaintzaren arlokoa, feminizatua, langilerian jatorria duena eta sistema hegemonikoa zalantzan jartzen duena. Erakunde profesional intersekzionala da, maila sozialean estatus eta negoziaketa politikorako botere gutxi duena. Sektorean lan egiten duten pertsonak indartzeko norbere zaintza eta autokontzientzia, erreferentzia-eremu pertsonalak eta partekatuak behar dira, aurretik aipatu ditugun mekanismoekin (ikuskapena, prestakuntza, taldeko espazioak).

Hala, sentiberatasun-, errespetu- eta enpatia-erlazioak eraiki ahal izango ditugu, ordezkatu eta kaltetu gabe presente egon ahal izateko aurrez aurreko arreta prozesu pertsonal eta pertsonalizatuan.

[1] https://21gramos.net/humberto-maturana-biologia-amor/

[2] Una mochila para el universo: 21 Rutas para vivir con nuestras emociones. Ediciones Destino, 2012.

[3] C. Naranjo, Cambiar la educación para cambiar el mundo, La Llave,  2007

[4]Gure sentimenduak eta besteenak ezagutzeko gaitasuna, motibatzekoa eta erlazioak behar bezala kudeatzekoa”, D. Goleman, Inteligencia emocional, Kairós 1995

[5] O. Scharmer eta K. Käufer, K. (2015) Liderar desde el futuro emergente. De los egosistemas a los ecosistemas ecológicos. Cómo aplicar la Teoría U para transformar los negocios, la sociedad y a uno mismo.. Arg. Elephtería, Olivella, Bartzelona. Gregory Batesonen  ideietan (ingurumenaren, gizartearen eta adimenaren interdependentzia) Steps to an ecology of mind, 1972, oinarritua.

[6] https://www.innerdevelopmentgoals.org/

[7]M. MaxNeefek Desarrollo a escala humana lanean egindako proposamenaren arabera.

[8]“Preventing violent extremism” eskuliburuaren 7. Atala (A look at the emotional territory), Garuak argitaratua.

https://tangente.coop/wp-content/uploads/2021/04/Training-Manual-for-the-Prevention-of-violent-extremism_DEF.pdf

[9] J.A Russell. (1980). The Circumplex Model of Affect. Jounal of Personality and Social Psychology. 39. lib. 6. zk. 1161-1178

[10] E. Morin, Introducción al pensamiento complejo, 1990

[11] C. García-Rincón, Identidad cosmopolita global, 2015, PPC

[12]G. Aguado eta I. Hernandez. InteRed, Educación socioemocional para la ciudadanía global,  2020. https://www.intered.org/sites/default/files/5._temsic_educacion_socioemocional_ecg_esp.pdf

[13] J. Laguna, Para qué sirve llorar, Cuadernos Cristianisme y Justicia, 230. zk., 2022ko azaroa

[14]https://www.humanizar.es/publicaciones/revista-humanizar/y-a-ti-que-te-indigna/las-tres-caras-de-la-indignacion#:~:text=El%20diccionario%20de,no%20es%20comprensible.olectivo

[15] https://3seuskadi.eus/breve/la-relacion-entre-las-profesionales-y-las-personas-destinatarias-en-los-procesos-de-intervencion-una-aproximacion-desde-la-sociologia-de-las-emociones

[16] J. L- Gil, C. Alvarez eta R. Menéndez , Cuerpo, emoción y mente de la intervención social, una aproximación a la supervisión gestáltica, 22-2-22, TS DIFUSIONen

[17]Gai horren gainean laburpen bat argitaratu genuen eta webinar bat egin genuen. Biak eskuragarri daude gure webgunean: https://3seuskadi.eus/breve/viviendo-sobre-el-volcan-el-conflicto-en-las-organizaciones-del-tercer-sector-social-una-fuerza-por-explorar/

[18]Elkarrekikotasun hori ez da ez ezohikoa, ezta naturaren aurkakoa ere gizakiongan. Sostengatutako arrazoiketaren gaitasuna garatu aurretik ere, samurtasunerako, afekturako eta elkarrekikotasunerako gaitasuna badago. Gainerakoek eskaintzen diguten zaintzari erantzuteko joera naturala dugu bizitzako lehen hilabeteetatik. “The cared-for”-(zaindua)ren zaintzaren harrera da “the one-caring”-(zaintzailea)rentzat saririk handiena. Besteekin erlazionatzeko eta lotura izateko giza gaitasuna gauzatzeari lotutako poztasunak areagotu egiten du ideal etikoa eta erlazioarekin berarekin dagoen konpromisoa. Hortaz, elkarrekikotasunak, aitortzak eta “the cared-for”-(zaindua)ren erantzunak konpromiso morala sustatzen dute, guztiok nahi dugulako zoriontasuna ematen digun horrekiko dugun lotura eta harremana mantendu, nolabait, zoriontasunarekin, bere horretan, duguna. (V. Vázquez, La educación y la ética del cuidado en el pensamiento de N. Noddings, Valentziako Unibertsitatea, 2009)