Egilea: Hirugarren Sektore Sozialeko Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 04/2020

Aurkezpena

COVID-19ak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean izandako eraginaren inguruko ikerketa aurkeztu genuen joan den maiatzaren 12an. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna zela-eta egin genuen aurkezpena, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zuen Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren bilera batean. Bilera hartan egon ziren Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Saileko sailburua eta bere lantaldeko kide ugari, baita Hirugarren Sektore Sozialeko hogei bat ordezkari ere.

Hirugarren Sektore Sozialeko Euskal Behatokiak egin zuen ikerketa, Euskadiko Elkarrizketa Zibilaren Mahaiak, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak eta Sareen Sareak eskatuta. Covid-19aren krisiak sektorean izandako eraginaren ahalik eta argazkirik errealena lortzea zuen helburu ikerketak, hala, sektoreko erakundeek eta sareek, Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakunde batzuen laguntzaz, krisialdiak hartzaileengan zein erakundeengan izango dituen ondorioei aurre egiteko ekintzak garatzeko modua izan dezaten.

Bizi genuen larrialdi-testuinguruari ahalik eta azkarren erantzute aldera, bitarteko-birtualen bidez egin zuten ikerketa osoa, eta oso denbora gutxian. Ikerketa hasi zutenetik entregatu zuten arte, hiru aste baino ez ziren igaro.  Hiru aste horietan ia 200 erakunde sozialekin jarri ziren harremanetan, lurralde ezberdinetakoak, jarduera-eremu ezberdinetakoak, hartzaile-mota ezberdinak dituztenak eta tamaina ezberdinetakoak. Euskadiko hirugarren sektore sozialaren errealitate anitza islatzen du parte-hartze horrek. Era berean, agerian utzi du sektoreko erakundeen eta sareen interes-maila. Parte-hartzea ahalbidetzeko, lineako galdetegi batean oinarritutako metodologia erabili zuten. Galdetegia apirilaren 9tik 18ra egon zen irekita, eta 184 baliozko erantzun jaso zituen. Horrez gain, lau eztabaida-talde sortu zituzten ia 30 erakunde eta sarerekin, eta hainbat elkarrizketa ere egin zituzten. Horiek, batez ere, errealitatearen ikuspegi kualitatiboagoa eskaini zuten.

Ikerketak, batetik, konfinamenduaren lehen asteetako egoera jasotzen du, pandemiak sektorean izandako eragina ezagutzeko lehen gerturatze gisa. Bestetik, prospekzio-ikuspegia ere badu; erakundeen ustez, pandemiaren eraginak datozen hilabeteetan zein ondorio izango dituen jasotzen du. Gure ustez, sektore guztietan bezala, egoera honen ondorioak oraindik ere agertzen ari dira, eta hala jarraituko dute datozen hilabeteetan eta urteetan. Ondorioz, adi egotea komeni da, sortzen diren egoera anitzei erantzun ahal izateko. Hori dela eta, lan honen jarraipen gisa, gutxienez, eraginaren bigarren neurketa bat egitea aurreikusten dugu (ziurrenik, irailean). Oraingo larrialdi-egoera gaindituta, argazki berri bat.

Izandako eragin nagusiak

Ikerketak bi norabidetan jartzen du pandemia-egoeraren eraginaren fokua: erakundeak eta hartzaileak. Hala, lau ardatz-tematiko aztertzen ditu: krisiaren eragina hartzaileengan, erakundeen zerbitzuetan edo jardueretan, borondatezko langileengan eta erakundeen baliabide ekonomikoetan.

Hartzaileengan izandako eraginari dagokionez, konfinamenduarekin lotura duten arazoak (bat-bateko arazo psikologiko larriagotuak, atentziorik eza, erreferenteen galera) nabarmentzen ditu ikerketak, erakundeen erantzunen % 68an oinarrituta. Erantzunen % 66k arrakala-digitalarekin lotutako arazoak nabarmentzen dituzte (konexiorik eza, baliabiderik eza, eta tresnetara eta ingurune digitaletara sartzeko ezagutzarik eza) eta, % 64k, baliabide ekonomikoen gabezia. Erakundeen hartzaileen konfinamendu-aldia definitu duten egoeren artean, honako zailtasunak ere nabarmendu dituzte: nahi gabeko bakardadea edo laguntza-sareen gabezia, enpleguaren galera, osasuna galtzea edo pobreziaren areagotzea.

Zailtasun handiko egoera horren aurrean, hainbat eta hainbat pertsonak eta kolektibok erakutsitako egokitzapen-gaitasuna azpimarratzen du ikerketak. Erresilientzia-dosi handiekin, eta positiboki erantzunez, euren buruei eta besteei eusteko gai izan dira pertsona eta kolektibo horiek.  Familiek eta laguntza-sare naturalek berebiziko garrantzia izan dute, batez ere, kolektibo zaurgarrienei laguntzeko eta haiek zaintzeko orduan: pertsona nagusiak, menpekoak, desgaitasuna duten pertsonak, gaixotasun mentalak dituztenak, haurtzaro zaurgarria…

Bestalde, ikerketak ohartarazi duenez, konfinamendu-aldian kolektibo batzuek ez dute lekurik izan diskurtso publikoetan (desgaitasuna duten pertsonak, gaixotasun mentalak dituztenak, haurtzaro zaurgarria…). Beste kolektibo batzuk, berriz, estigmatizatu egin dira gizartean, esaterako, pertsona nagusiak, migratzaileak edo ijitoen komunitatea.

Zerbitzuetan eta jardueretan izandako eraginari dagokionez, hamar erakundetik zortzik haien zerbitzuak moldatu edo jarduerak bertan behera utzi behar izan dituztela nabarmentzen du ikerketak. Denboraldi honetan, erakundeen ia erdiek zerbitzuak itxi behar izan dituzte. % 38k, berriz, zerbitzu edo jarduera berriak gehitu behar izan dituzte, sortutako beharrei erantzuna emateko.  Beste alor batzuetan bezala, osasun-materialaren gabezia ere arazoa izan da erakundeen erdiarentzat.

Ikerketa-ardatz honi dagokionez, garrantzitsua iruditzen zaigu erakundeek eskaintzen dituzten zerbitzuen harreman-izaerak krisialdian jasan duen aldaketa posiblea nabarmentzea. Harreman-izaera hori beharrezkoa da bizi izan ditugun moduko laguntza-behar handiko egoerei erantzuteko. Bestetik, azpimarratzekoa da krisialdi honek berriro ere agerian utzi duela sektorearen esentzia, bai pertsonalizatzeari dagokionez (pertsona eta testuinguru bakoitzari eskainitako arreta egokituz, azkar eta modu malguan), bai pertsonak erdigunean jartzeari dagokionez (pertsonen beharrei hobeto erantzun ahal izateko, erakundeak eratzeko modurik onena topatzen saiatuz).

Testuinguru honetan beharrak areagotu arren, eta erakundeek zein sektoreak egokitzeko eta berrasmatzeko gaitasuna erakutsi duten arren, jardueren eta zerbitzuen etorkizuneko bideragarritasunak kezka handia eragiten du.

Boluntarioengan eta soldatapeko langileengan izandako eraginari dagokionez, honakoak nabarmendu zituzten: lan-baldintzetan izandako aldaketa handien ondorioz (telelana, kontziliazioa…) jardueren kudeaketa zaildu izana, arrisku psikosozialen areagotzea (estresa, ezbehar emozionalak…), kontratazio-baldintzen aldaketak, osasun-arriskuak, boluntarioen kudeaketan zailtasunak edo konfinamenduko lehen asteetan martxan jarritako EEEak edo ABEEak.

Hala, profesional gehienek beren lan-jardueran aldaketak jasan dituztela esan daiteke, eta aldaketa horiei buru-belarri eta profesionaltasunez egin dietela aurre. Boluntarioen parte-hartzea ere aldatu egin da. Konpromiso handia erakutsi dute, eta elkarteen arteko ehuna indartu egin da.  Alor honetan, segurtasun-materiala lortzeko zailtasunek eta, batez ere, profesionalek aurrez aurre dituzten arrisku psikosozialek eragiten dute kezka.

Azkenik, finantzaketan eta baliabide ekonomikoan jasandako ondorioei dagokienez, erakundeen % 63k etorkizunaren inguruko ziurgabetasuna dutela adierazten du ikerketak. Gainera, funts propioak % 10 murriztuko zaizkiela aurreikusten du erakundeen % 31k, eta ordainketa publikoak eta pribatuak atzeratu egingo diren kezka dute % 25ek.

Begi-bistako ziurgabetasun horren atzean, kontratuak edo hitzarmenak bertan behera geratzeko beldurra dago, eta, orokorrean, behar sozialak areagotzen ari diren honetan, “osasungintzak arazo sozialak estaltzearen” beldurra. Hori dela eta, sektore honen berezitasuna aitor dezaten eskatzen diegu instituzioei. Beste sektore batzuen kasuan horixe egiten ari dira, eta gainera, laguntza bereziak jasotzen ari dira. Kontratuak edo diru-laguntzak ordaintzeko moduak eragindako likidezia-gabeziak ere kezka eragiten du. Gabezia horren ondorioz, kreditu-lerroak eta diruzaintza-arazoak areagotzen ari dira erakunde askotan, egoera honek eragindako larrialdiei aurre egin ahal izateko. Azkenik, honako egoerek ere eragiten dute kezka: lan-hitzarmenak betetzeko zailtasuna, adostutako soldata-igoerak, krisialdiko ezusteko gastuek izango duten eragina edo finantzaketa pribatuaren murrizketa.

Online-topaketa

Xehetasun gehiagorako, txosteneko edukiak irakur ditzakezue, edo ikerketaren emaitza nagusiak aztertzeko ekainaren 12an Lucía Merinorekin (behatokiaren ikerketa-arduraduna) eta Mikel Barturenekin (Sareen-Sarearen koordinatzailea) izan genuen elkarrizketa ikus dezakezue.

Elkarrizketa ikusteko, sartu ondorengo biodeoan:

Ikerketaren edukiak honako esteka hauetan deskarga ditzakezue: