Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 11/2022

“Belaunaldien arteko ondarea eta erreleboa Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean” belaunaldien arteko elkarrizketa-mahaia aurkeztu dute Artiumen (Gasteiz), 2021eko Barometroarekin batera, 2022ko abenduaren 15ean. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailburuak eta Behatokiko lantaldeak parte hartu dute aurkezpenean, eta 2021eko Barometroaren datu nagusiak aurkeztu dituzte; Barometroa dagoeneko eskuragarri dago Behatokiaren webgunean. Jardunaldi osoaren grabaketa ere eskuragarri duzue.

Albiste labur honen bidez, belaunaldien arteko elkarrizketa-mahaiaren hausnarketa nagusiak eta EHSSn belaunaldien arteko erreleboa egiteko erronkarekin lotutako gako batzuk eman nahi dizkizuegu ezagutzera. Elkarrizketan parte hartu zuten sei pertsonei eskerrak eman nahi dizkiegu, eskuzabaltasunez partekatu baitzituzten haien ibilbidea, ikuspegia eta hausnarketak.

Zergatik da garrantzitsua belaunaldien arteko erreleboaz hitz egitea?

 “Etorkizuna dago, oraindik asko baitago eraikitzeko”

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak (aurrerantzean, EHSS) erronka ugari ditu aurrean, haren aniztasuna babesteko, koherentzia mantentzeko edo erantzun sozialak sortzeko. Erronka horietako bat, aspaldian kezka eragiten duena, belaunaldien arteko erreleboa da: Zer pertsona ari dira sartzen EHSSko erakundeetan? Zer sektorerekin egiten dute topo? Zer nortasun-elementu mantendu eta helarazi behar dira?

EHSSri hasiera eman zioten, bultzatu zuten eta sendotu zuten pertsona askok, orain, horiek erretiroa hartzen dutenean, zer gertatuko den galdetzen diote euren buruari: nork hartuko dituen utziko dituzten funtzioak, sektoreak nola jarraituko duen haren bidea, eta zer gertatuko den belaunaldi sortzaile, borrokalari eta konprometitu bat mobilizatu eta inspiratu zuten balioekin. Gizartea aldatzen ari den heinean, sektorea ere aldatzen ari da. Dena den, nortasunaren zati batek sektorea zeharkatzen jarraitzen du, eta hori da sektorearen balio erantsia. Ondare hori helaraztea garrantzitsua da, eta gazteengana iristea espero dute helduen belaunaldiek.

Erakundeen hasieran egon ziren profesionalen eta boluntarioen belaunaldi bat “erretiratu” egin da, eta belaunaldi berriek bete beharreko “hutsune” bat geratu da. Dena den, erakundeen arabera, zaila da errelebo hori ematea, bereziki, zuzendaritzako eta kudeaketako ardurak dituzten pertsonena. Gainera, garrantzitsua da errelebo honen inguruan pentsatzean kontuan izatea belaunaldi berriek logika eta egiteko modu berriak izango dituztela; eta kohesio-prozesuei, erakundeen parte izateari, parte-hartzeari edo erakunde barruko arduren banaketari dagokienez, eta sektorearen egituraketa-prozesuetan, erakundeetan sartzen direnei erakundearen kultura helaraztearen aldeko apustua eta erakundearen misioa, bisioa eta balioak modu bateratuan eguneratzearen aldeko apustua egin behar da.

Hortaz, puntu honetan, beharrezkoa da ulertzea oinarri sozialean belaunaldien arteko errelebo bat gertatzen ari dela; izan ere, harremanak izateko eta gizartean parte hartzeko modu berriak edo ezberdinak bilatzen dituzten gazteak ari dira sartzen. Errealitate berri hori ulertzea giltzarria izan daiteke erakundeek haien oinarri sozialaren hazkundea sustatzeko; horretarako, herritarrekin erlazionatzeko eta parte hartzeko modu berriak garatu behar dituzte erakundeek.

Nola gertatu zen Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala eraikitzeko prozesua?

 “Gutxieneko eskubide batzuk bermatzeko borroka egin genuen; hurrengoak lortzeko borroka egin behar dugu orain”

 Egia da Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala etengabe aldatzen ari dela, artatzen dituen beharren izaera aldakorra delako. Dena den, sektoreko beteranoek argi dute nolakoak eta zein izan ziren EHSS sendotzeko emandako lehenengo pausoak.

Giltzarriak izan ziren hainbat mugimenduk bat egin zuten[1]. Batetik, ukaezina da zaurgarritasun-egoeran eta/edo arrisku sozialeko egoeran zeuden pertsonen familiek egindako lana; izan ere, baliabide publikoek erantzunik ematen ez zutela ikusita, elkartzea erabaki zuten. Boluntariotzan eta inplikazio pertsonalean oinarritu zen prozesu hura, eta honako helburu hauek zituen: baliabide espezializatuak sortzea, ate birakariko prozesuak eta/edo ate okerreko prozesuak saihesteko; instituzionalizatzearen alternatibak bilatzea; eskubideak defendatzea eta sustatzea; eta kolektibo jakin batzuekiko estigmaren aurka borroka egitea. Hortaz, hainbat erakunde sozialen sortzaileak bilakatu ziren familiak eurak. Hala, hasierako helburua erantzun eraginkorrak bilatzea bazen ere, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren hazi garrantzitsuenetakoa bilakatu zen prozesu hura.

Aldi berean, ezarritako ordena zalantzan jartzen eta gizarteko hainbat arazoren inguruan kontzientzia soziala sortzeko beharra sumatzen hasi ziren gizarteko hainbat sektore. Komunitatea eraikitzea eta arazo sozialen pribatizazioari aurre egitea izan zen premisa nagusia; izan ere, ordura arte, familien eremu pribatuan geratzen ziren arazo horiek eta, hortaz, ikusezinak ziren. Kolektibo jakin batzuei eragiten dieten egoeren aurrean komunitateak duen erantzukizun soziala eta funtzioa zalantzan jartzen hasi ziren. Hala, arazo horien ondorioen gainean lan egiteaz gain, horien egiturazko arrazoien gainean ere lan egin behar zela aldarrikatzen hasi ziren.

Bi mugimendu sozial horiek lotura handia zuten elkarren artean, eta karitatearekin eta asistentzialismoarekin lotutako ereduak alde batera utzi behar zirela defendatzen zuten. Hala, komunitatean oinarritutako arreta-sare bat sortu behar zela aldarrikatzen zuten, sinergiak ezarriko zituena gizarte zibilaren, boluntarioen, familien eta kaltetutako pertsonen artean; aldi berean, beharrezkotzat jotzen zuten kontzientzia eta konpromiso soziala zuten hainbat profil profesionalen inplikazioa ere. Hori guztia, helburu batekin: mugimendu asoziatiboa eta komunitarioa eraikitzea. Erreferentzia handiago baten barruan kokatu zen eraikitze-prozesu hura, hain zuzen ere, beste gizarte-eredu baten eraikuntzaren barruan, pertsona solidarioen eta arazo, egoera edo behar sozialak bizi zituzten pertsonen protagonismo kolektiboaren bidez.

Dena den, hasiera guztiak bezalaxe, ez zen erraza izan. Batetik, 80-90 hamarkadetako egoera politiko eta sozialaren ondorioz. Eta, bestetik, gizarteko hainbat sektore apelatzen zituelako eta, banakako erantzukizunaz gain, erantzukizun kolektiboa bistaratzea helburu zuelako. Zaurgarritasun-egoeran zeuden pertsonen alde lan egiten zuten erakunde sozial gehienek asistentzialismoa zuten oinarrian. Hortaz, behar-egoerak arintzeko prestazio ekonomikoak kudeatzea eta ematea zen horietako gehienen esku-hartzeen oinarria. Mugimendu asoziatiboak, ordea, aniztasunaren, ekitatearen eta justizia sozialaren aitortzan oinarritutako esku-hartzearen alde egiten zuen, jarduera-esparru komunitario baten barruan.

Haien lanaren barruan, hainbat fenomenori aurre egin behar izan zieten, hala nola NIMBY “Not in Mi BackYard” (“Ez nire atzeko patioan”) mugimenduari[2]. Auzo batzuetan gertatzen zen eta gaur egun ere gertatzen da fenomeno hura, neurri txikiagoan bada ere. Uko egiten zioten Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek baliabide eta/edo zerbitzu jakin batzuk auzo horietan kokatzeari. Horrek are argiago utzi zuten beharrezkoa zela erakundeak komunitatean presente egotea, komunitatetik sortzen zirelako eta harekin eta harentzat lan egiten zutelako.

Prozesu horretan parte hartu zuten pertsonek desberdintasunen aurka borroka egin behar izan zuten, baita gaur egun oinarrizkotzat jotzen ditugun eskubideak (gutxieneko errenta, zaintza formalak, lan-mundura sartzea, bizimodu autonomoa…) sustatzeko eta horien gaineko kontzientzia soziala sortzeko ere. Eta, aldi berean, ondare garrantzitsua eraiki zuten, balioetan oinarrituta; hain zuzen ere, balio horiek babesteko betebeharra dute hurrengo belaunaldiek.

 Zer ondare ari dira jasotzen sektoreko pertsona gazteak? Eta zer erronka dituzte aurrean? 

“Indarra, konfiantza, nortasuna eta balioak jaso ditugu”

 Sektorea nondik datorren eta norantz joan behar duen erakusten dien bide-orri bat izatearen balioa nabarmentzen dute sektorean sartzen ari diren edo orain dela gutxi sartu diren pertsonek. Iraganaren erreferentzia izateak duen balioa aipatzen dute, atzetik argi egiten dien argi bat delako, etorkizunera joatea ahalbidetzen dien jatorriaren gaineko ezagutza.

Badakite zer ibilbide egin duten sektoreko pertsona beteranoenek, eta badakite sektorea aintzat hartzeko eta profesionalizatzeko borroka egin dutela eta borroka egiten jarraitzen dutela. Dena den, gogoan dute boluntarioek, familiek eta hartzaileek eurek ematen duten balio erantsia.

Zentzu horretan, eta 2020ko EHSSren Liburu Zurian[3] azaldutakoarekin bat etorriz, bi erronka dituzte aurrean sektoreko belaunaldi berriek. Batetik, sektorearen nortasuna mantentzea eta, horretarako, boluntarioen garrantzia onartzea eta boluntarioak erakundearen proiektuaren parte bihurtzea. Eta, bestetik, bizi-estiloaren eta parte hartzeko pauta sozialen aldaketak ulertzea, eta herritarrekin konektatzeko bide berriak bilatzea, erakundeen jarduera gerturatuz eta erakundean parte hartzeko bide anitzak eskainiz.

Aldaketa horiek ulertu eta horietara egokitzeko gai izatea izan daiteke erakundeen erronka. Horretarako, malguagoak izan behar dute, irekita egon eta parte-hartze soziala gidatzeko modu berriak bilatu, arinagoak eta anitzagoak. Hala, parte-hartzea zerbait jarraitua dela ulertu behar da, eta parte-hartze maila aldatu egiten dela egoeren, bizitzako momentuen, konpromisoen eta abarren arabera.

Sektorearen profesionalizazioari dagokionez, sektorea osatzen duten erakundeen konpetentziak, jarduera eta ibilbidea aitortzeko modu bat dela uste dute. Aldi berean, komunitatean modu aktiboan parte hartzeko eta gizarte-politika egiteko aukera ematen die gazteei, baita eskubide sozialak aldarrikatzeko eta sustatzeko bozgorailu bat izateko aukera ere, orain arte lortutakoa defendatzeaz gain, agertzen doazen behar eta egoera sozial berriei aurre egiteko.

Aurretik aipatu dugun guztiaz gain, hartzaileei eta haien familiei kalitatezko arreta integrala ematen laguntzen du profesionalizazioak, esku-hartze asistentzialistetatik gero eta gehiago urrunduz eta fokua bizi-kalitatean eta eskubideen sustapenean jarriz. Pertsonarik beteranoenek desinstituzionalizazioaren alde eta baliabide espezializatuak sortzearen alde borroka egin zuten. Sektorera sartzen ari diren pertsonek, berriz, lorpen horiek defendatzeaz gain, bizi-kalitatean, arreta komunitarioan[4] eta aukera-berdintasunean oinarritutako ereduetarantz aurrera egiten jarraitzeko helburua dute. Hori dela eta, garrantzitsua da gazteek erabakiguneetan parte hartu ahal izatea. Sektorearen hastapenetan, arazo jakin batzuk bistaratzeko lan egin zen. Horrez gain, gaur egun logikotzat jotzen ditugun arren duela hamarkada pare bat logikotzat hartzen ez ziren gai batzuen inguruan ere lan egin zuten, esaterako, gizartean desabantaila-egoeran bizi ziren pertsonek bizi-proiektu bat eraiki ahal izatea, haien erabaki eta lehentasunetan oinarrituta.

Sektorearen nortasun propioa eta haren jardueraren balioa aldarrikatzea da sektorearen erronka handienetako bat, bai zerbitzuak emateari dagokionez, bai intzidentzia sozialari dagokionez. Urteetan zehar desegiten joan dela uste dute, kontzientzia kritikoa galdu delako, eta funtsezkotzat jotzen dute Administrazio Publikoak eta Hirugarren Sektoreak norabide berean begiratzea.

Azkenik, sektorera orain dela gutxi sartu diren pertsonen arabera, hau da ondare nagusia: gizarte justuagoa irudikatu eta eraiki ahal izateko indarra eta ausardia; hartzaileek eta haien familiek sektorearengan izandako konfiantza, ibilbide osoan zehar; nortasun eta balio propioak; eta modu batera edo bestera sektorea osatzen duten pertsona guztien gertutasuna, konpromisoa eta inplikazioa.

 Amaierako hausnarketa batzuk

“Estatuko Aldizkari Ofizialek ez dute elkartasuna dekretatzen”

 Hirugarren Sektore Sozialaren parte izatea ez da ausazko zerbait edo inertziaz gertatzen den zerbait. Pertsonak hainbat arrazoirengatik sartzen dira sektorean, belaunaldi batekoak zein bestekoak izan: inplikazio pertsonala dutelako sektorearekin, boluntariotza-prozesuen bidez edo gertuko pertsonen egoeren bidez; edo konpromiso estua dutelako hainbat baliorekin, hala nola berdintasunarekin, justiziarekin eta aniztasunarekin; eta, batez ere, pertsona guztientzako justuagoa izango den gizarte bat posible den uste sendoa dutelako.

Ondorioz, oinordetzan jaso dugun Hirugarren Sektore Soziala askotarikoa da, era askotako profil profesionalez, boluntarioz, hartzailez eta familiaz osatua; anitza da, kolektibo ugariri ematen baitie arreta; eta malgua da, aldaketa sozial anitzei egokitzeko gaitasuna duelako, baita ziurgabetasun- eta larrialdi-egoeren aurrean berrasmatzeko gaitasuna ere, Covid-19aren krisian[5] eta Ukrainako gerran erakutsi duen moduan.

[1] Gehiago sakontzeko, “Bizkaiko Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektorearen Historia” txostena irakur dezakezue. Bertan, xehetasun gehiagorekin aztertzen da hirugarren sektore sozialaren bilakaera-prozesua. Esteka honetan eskura daitezke txostena, bideo bat eta beste dokumentu batzuk: https://3seuskadi.eus/historia-del-tercer-sector-de-accion-social-de-bizkaia/

[2] NIMBY efektuaren adibidea: https://www.elcorreo.com/vizcaya/20100117/vizcaya/barrio-20100117.html

[3] Hemen kontsulta daiteke txostena: https://3seuskadi.eus/wp-content/uploads/LibroBlanco_DEF_2019-2020_es-comp.pdf

[4] Arreta-eredu komunitarioari buruzko ikerketa proposatzeko kontsulta: https://3seuskadi.eus/que-hacemos/practicas-y-experiencias-significativas-en-modelo-comunitario-2021/

[5]Kontsultatu Covid-19ak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetan izandako inpaktuaren gaineko txostena: https://3seuskadi.eus/wp-content/uploads/Informe_COVID_19.pdf