Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 03/2023

Sarrera: POASen Barometroa

Ekintza Sozialeko GKEaren Plataforma (POAS) estatuko eremu pribatuko erakundea eta erabilera publikokoa, akonfesionala eta irabazi-asmorik gabekoa da. Bere zeregina talde eta pertsonarik babesgabeenen eskubideak defendatzea da, Ekintza Sozialaren arloko parte-hartzea sustatzea, aldaketa soziala eragitea, botere publikoen aurrean elkarteak ordezkatzea eta horiek partekatutako proiektuaren inguruan gidatzea.

Estatuko gizarte-ekintzako 35 erakundek eratzen dute eta erreferentziazko erakundea da elkarte horien artean, halaber, herritarren eta administrazio publikoaren aurrean hizketakidea eta eragilea da.

Egiten dituen jardueren artean, hirugarren sektorearen gaineko ezagutza garatzeko eta herritarren eskura jartzeko txostenak eta dokumentuak egiten ditu. Duela gutxi argitaratu du (2023ko otsailean) Ekintza Sozialeko Hirugarren Sektorearen (ESHS) 2022ko Barometroa, eta horri buruz jardungo dugu kudeaketako labur honetan. Azterketa hau POASen zeregin osoaren barruan sartzen da eta POAS duela urte batzuetatik garatzen ari den Ekintza Sozialaren Hirugarren Sektorearen  (aurrerantzean ESHS) gaineko ezagutza hobetzeko lan-ildoaren parte da[1].

ESHSren Barometroak nazioko hirugarren sektore sozialaren azterketa kuantitatibo eta kualitatiboa egiten du. Sektoreak nola jokatzen duen eta zein irismen eta inpaktu dituen ulertzea ditu xede, eta errealitatea erakutsi nahi du.  Txostenean sektorearen dimentsioa eta bere ekarpen soziala, garatzen dituen ekintzak, bertan lan egiten duten pertsonak eta lankidetzan aritzen direnak, finantzaketa eta kudeaketa, barneko eta kanpoko harremanak eta erakundeen artikulazioa aztertzen dira.

2022ko Barometroak bi zati desberdin ditu:

-Kuantitatiboa: “2022ko Espainiako Ekintza Sozialeko Hirugarren Sektorearen Barometroa: Berrikuntza eta gizarte bidezkoago baterako eraldaketa”. Hirugarren sektorearen egoeraren berri emateko: egitura, antolaketa, jarduera, oinarri soziala, finantzaketa, gauzatzen duen rola eta gizarteari ematen dion balioa.

-Kualitatiboa: “Berrikuntza sozialeko ekosistemak eraikiz. Ekintza Sozialeko Hirugarren Sektoreak Espainiako eraldaketa digital eta ekologiko bidezkoaren trantsizioari egiten dion ekarpena”. Etorkizuneko erronkak, berrikuntza sozialean, enplegu inklusiboan eta elkartasunaren kanalizazioan duen inpaktua, eta ESHSk erronka horiei ematen dizkien erantzunak aztertzeko.

Testuingurua eta joera orokorrak

ESHSren 2022ko Barometroaren txostenak estatuko eta Europako Hirugarren Sektorean eragina duten joera orokorrak eta horietatik eratorritako erronkak aipatzen ditu.

Hauteman dituzten joerak hauek dira: Europaren konbergentzia, hibridazio-prozesuetan sektoreak zituen muga tradizionalak ezabatzea, hirugarren sektorearen eta enpresen arteko lehiaren eta lankidetzaren existentzia eta laugarren sektorearekin dauden lankidetzak.

Espainiako ESHSk erronkak partekatzen ditu Europako gainerako herrialdeekin, hala nola pobreziaren gorakada, gizarte-desberdintasunak eta bazterkeria, bizi-esperantza luzatzea, familia-egituretako aldaketak, eraldaketa digitalaren eraginak eta krisi klimatikoa. Era berean, Espainiako ESHSk geroz eta parte-hartze handiagoa du Europako espazio eta plataformetan, eta bertako politikek eta mugek eragiten diote (finantzaketa falta, burokraziaren pisua eta baliabideen defizita).

Hautematen den beste joeretako bat da hirugarren sektorearen mugak ezabatzen ari direla: erakundeak enpresarialago bihurtu dira, enpresak ongizate-zerbitzuen merkatura sartu dira eta ohikoak dira hibridazio-prozesuak balio partekatua duten ekosistemetan.  Hau da: erakunde batzuek diru-sarrerak sortzeko eta merkatura bideratzeko estrategiak hartu dituzte (bai erabiltzaileekin duten harremanean, bai administrazio publikoekin duten harremanean) eta beste batzuk ekonomia sozialean kokatu dira (enpresa sozialak eta kooperatibak), behar berriei erantzuteko eta finantzaketa egonkorra aurkitzeko. Halaber, enpresa pribatuak bidea egin du gizarte-zerbitzuen eskaintzan edo helburu sozialak txertatu ditu bere jardueran. Hirugarren sektore sozialak lankidetza eta lehiakortasuna txandakatzen ditu enpresekin, egun dauden eskari sozial berrien aurrean, eta, halaber, lankidetza informala du gizarte zibilarekin berrikuntza sozialerako prozesuetan.

Hori guztia dela eta, sektorearen muga tradizionalak lausotu egin dira eta identitatearen erronka du aurretik: sektorea merkantilizazioaren eta gizarte-zerbitzuen merkatuko hobien aldeko profesionalizazioaren arteko tentsioan mugitzen da; eta gizarte zibileko kontzientzia eta ahots solidarioa izan nahi du, sentsibilizatuz eta parte-hartzea eta asoziazionismoa sustatuz.

Halaber, txostenean aipatzen dute azken urteotan honakoa hauteman dela: ESHSk portaera ziklikoaren aurkakoa du, hau da, krisi-egoeretan sektorea hazi egiten da (lanari, diru-sarrerei eta egokitzeko gaitasunari dagokienez). Barometroak deskribatzen duen hirugarren sektoreak behar sozialei erreparatzen die, eta aldaketarako eta erantzuteko gaitasuna du, bere hurbiltasunagatik eta kapilaritatearengatik. Sektorearen zikloaren aurkako portaera agerian geratzen da; izan ere, atzera egiten duten ziklo ekonomikoetan, ESHSk diru-sarrerak eta gastuak areagotzen ditu. Datuek erakusten dute gizartea egoera arazotsu gehiago pairatzen/bizitzen ari den unean, ESHSren jarduera igo egiten dela horri erantzuteko eta, ondorioz, eskainitako arreten kopurua areagotu egiten dela, baita sektoreak BPGari egindako ekarpena ere.

Hala ere, sektorearen jasangarritasuna erronka da oraindik ere, bai arlo ekonomikoan (finantzaketa-iturri egonkorrak eta dibertsifikatuak), bai sozialean (sektorean belaunaldien arteko txandaketa bermatzea, gizarte zibileko beste eragile batzuekin batera sortzea, genero-berdintasunean eta dibertsitatean oinarritutako ikuspegia mantentzea) baita ingurumenean ere (bere ingurumen-inpaktua kudeatzea, ekonomia zirkularreko eredura igarotzea).

Berrikuntza soziala eta eraldaketa digitala ere erronkak dira. ESHSk posizio pribilegiatua du geroz eta konplexuagoak diren behar sozialei erantzuteko ideia eta erlazio berriak garatzeko, hurbil kokatzen delako. Era berean, sektoreak eragina du eraldaketa digitalean eta erronka aukerak aprobetxatzea eta eraldaketa horrek planteatzen dituen arriskuak murriztea da (horretarako administrazioen ahalegin finantzarioa eta araudi mailako ahalegina behar da).

Sektorearen egoera eta ezaugarriak

Aniztasuna ESHSren ezaugarria da, erakundeen izaerari juridikoari, tamainari, jarduteko eremuei, espezializazioari eta lurraldetasunari dagokienez. Bolumen ekonomikoari dagokionez, erakundeen 2/3ren oso txikiak dira. Izatez, ia % 50ek 30.000 euro baino gutxiagoko aurrekontua du urtean, eta handienak, berriz, (urtean milioi baino gehiagoko aurrekontua dutenak) % 10 soilik dira. Lantaldeei dagokienez, erakundeen % 40k ez du pertsonarik kontratatuta, hau da, boluntarioek soilik osatzen dute. Gehienen (% 78,3) izaera juridikoa elkartea da. Jarduteko eremu geografikoari dagokionez, tokikoak (batez ere elkarteak), probintziakoak eta erkidegokoak dira (horien artean fundazioak nabarmentzen dira).

2021ean zehar, ESHSko erakundeek ia 48 milioi esku-hartze egin zituzten. Sektoreak ongizatearen sustapenean eta gizarte-zerbitzuen hornikuntzan duen rola funtsezkoa da, batez ere, pertsona zaurgarrientzako zerbitzu pertsonalizatuetan. Lehentasuna duten jarduteko eremuak desgaitasuna, haurtzaroa, emakumeentzako aukera-berdintasuna, pobrezia-arriskuan edo -egoeran dauden pertsonak, adinekoak, gazteak, gaixotasun kronikoak/arraroak, buruko gaixotasunak eta migrazioa dira. Gizarte-ekintzan, etxebizitza eta lan-mundura sartzea murriztu egin dira eta arlo soziosanitarioa igo.

ESHSko erakundeek zeregin bikoitza dute: alde batetik, sentsibilizazio soziala (erakundeen % 80k egiten du), eskubideen eta balio sozialen defentsaren bitartez; eta, bestetik, beharrei erantzutea. Hori egiten du erakundeen % 84,7k gizarte-ekintzaren, ekintza sozio-sanitarioaren, integrazioaren eta nazioarteko lankidetzaren arloetan.

Sektorea funtsezkoa da enpleguan: Espainiako soldatapeko langileen % 3,2 eskaintzen du; milioi erdi pertsona. Horri dagokionez, arlo horretan ere joera ziklikoaren aurkakoa dela hauteman dute: soldatapeko langileen kopuruak gora egiten du behar sozial gehiago daudenean, eta jaitsi egiten da susperraldi-garaietan. Ezaugarriei dagokienez, soldatapeko langile gehienak kualifikatuak (% 70ek unibertsitateko ikasketak ditu) eta emakumezkoak dira (% 80 emakumeak). Gazteen presentzia handia da (1/3 35 urtetik beherakoa da). Gizarte-zerbitzuetan eta osasun-zerbitzuetan kontratatutako langile guztien heren bat hirugarren sektoretik dator. Hala ere, lanaren kalitatea erronka da oraindik: ia % 50ek lanaldi partziala du, eta % 25ek, aldi baterako kontratuak (egonkortzeko joera dago).

Boluntariotza ere gehiago aktibatzen da garairik txarrenean eta sektorearen funtsezko zutabea da, izatez, 2022ko Barometroaren txostenak dio aktibo nagusia dela: erakundeetan eskuragarri dauden giza baliabideen % 80. Egun, 1.100.000 boluntario baino gehiagok parte hartzen dute ESHSean, batez ere erakunde berezietan (Caritas, Gurutze Gorria, ONCE). Halaber, boluntarioek kualifikazio altua dute (% 54,7k unibertsitateko ikasketak ditu) eta emakumeen presentzia nabarmena da (% 66,3). Sektorearen feminizazioa ere agerikoa da gobernu-organoetan: azken urteotan gora egin du emakumeen presentziak, eta % 60ra iritsi da. Enpresa pribatuetan, berriz, batezbestekoa % 33koa da.

Gainera, boluntarioetan zahartzeko joera dago (65 urtetik gorako pertsona bakoitzeko 35 urte bitarteko pertsonen ratioa 1,81era jaitsi da). Horrek esan nahi du berritzeko erronka dagoela.

ESHSren diru-sarrerak Espainiako 2021eko BPGren % 1,44 dira. Hala, sektoreak aurreko urteetan sektorean zuen pisua mantendu du. ESHSko erakunde guztiek 17.500 milioi euro kudeatu dituzte urtean, hau da, % 10,5 igo da 2020tik.

Finantzaketari dagokionez, sektorea berreskuratzen ari da. ESHSk baliabide ekonomikoak aktibatu ditu hainbat iturritako finantzaketarekin: iturrien % 47 publikoak dira; % 22, pribatuak, eta % 31, baliabide propioak. Sektoreak murriztu egin du hainbat finantzaketa-iturritara sartzeko duen gaitasuna, eta areagotu egin da finantzaketa publikoaren pisua.  Erronka gisa, sektorearen jarduerak jarraipen eta inpaktu handiagoa izan zen, finantzaketa egonkorragoa behar dela hauteman da.

Antolaketan, sektorea lankidetzan aritzen da maiz administrazio publikoekin (erakundeen % 50ek egiten du, baina ez asebeteta) eta pixkanaka enpresekin (batzuetan kolaboratzaile edo bazkide gisa, batzuetan lehiakide gisa). Izatez, zerbitzuen % 31 inguru eragileekin batera eskaintzen da. Erakundeen % 80rentzat garrantzitsua da etorkizunean enpresekin lankidetzan aritzea. Barneko antolaketari erreparatzen badiogu, barneko lankidetza eta bigarren mailako erakundeetan (sareak, plataformak, konfederazioak) parte-hartzea jaitsi egin da (% 40) azken urteotan.

ESHS erakunde txikiek osatzen dute gehienbat, eta haien kudeaketa hobetzeko ahaleginak egiten ditu: erdiek gutxienez berdintasuneko planak, prestakuntzakoak, arriskuen prebentziokoak edo boluntariotzaren kudeaketakoak egin ditu.  Hala ere, plan garrantzitsu batzuk hamar erakundetik lauk soilik egiten dituzten, batez ere ertainek eta handiek, esaterako, ebaluazio-planak, gardentasun-planak, komunikazio-planak eta plan estrategikoa. Hori bitartekoen faltagatik edo oinarrizko beharrei erantzuteko premiagatik izan daiteke. Egiaztatu dute prestakuntzan egindako inbertsioa ez dela nahikoa, oro har: enplegatuentzako prestakuntza eskaintzen duten erakundeen ehunekoa % 74,7ra jaitsi da, eta % 53,5era boluntarioentzako prestakuntza eskaintzen dutenen kasuan.

Azkenik, ESHSn eraldaketa-digitalerako prozesu hasiberri eta heterogeneoa dagoela hauteman da, eta tresna digitalak ezartzeko eta erabiltzeko ehunekoak desberdinak dira. Hautemandako erronkak eta zailtasunak bitartekoen falta (% 68,2) eta gaitasun falta dira (% 48,6), eta, erabiltzaileen artean, gaitasun falta (% 46,2) eta irisgarritasun falta (% 37,8).

Alderaketa Euskadirekin

Euskadin, ESHSren Barometroak aipatzen dituen elementu eta joera komun batzuk hauteman dira. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren 2021eko Barometroak (aurrerantzean, EHSS) dio sektorea askotarikoa eta plurala dela: osaerari dagokionez, elkarteek osatzen dute batik bat, eta erakunde txiki eta ertainek (urtean 300.000 euro baino gutxiagoko gastua dutenak) presentzia handia dute; sektorearen % 90 dira. % 98 oinarrizko erakundeak dira, eta bigarren edo hirugarren mailako sare edo erakundeak % 2,1 dira.

EHSSak ESHSrekin partekatzen du jardueraren aniztasuna; izan ere, erakunde txiki eta ertainek arlo sozial-zeharkakoan eta denbora librean jarduten dute, eta handiek, berriz, enpleguaren eta gizarte-zerbitzuen arloan batez ere.

EHSSeko erakundeen zati handi batek (% 83,5) zerbitzuen hornikuntza eta sentsibilizazio-funtzioak eta eskubideen defentsa uztartzen dituzte. Antzeko zerbait gertatzen da ESHSn.

Esanguratsua da EHSSren erakarpen ekonomikoa eta enpleguaren bolumena ESHSn baino handiagoa dela: Euskadin, sektoreak okupatutako herritarren % 4,06 enplegatzen du (2020ko Liburu Zuriko datuen arabera) eta Euskadiko BPGan egiten duen ekarpena % 2,4koa da (2021eko Barometroaren datuen arabera). Bestalde, soldatapeko langileen eta boluntarioen feminizazioa EHSSak eta ESHSk partekatzen duten joera da (Euskadn soldatapeko langileen % 72,9 eta boluntarioen % 66,5 emakumezkoak dira). Alabaina, boluntarioen prestakuntza maila altuagoa da ESHSn, baina EHSSean soldatapeko langileen egonkortasun handiagoa dago (% 71).

EHSSn, finantzaketa publikoaren pisua apur bat handiagoa da (% 54,1) ESHS osoan baino. Finantzaketa horren % 37,7 dirulaguntzetatik dator, baina badaude beste formula batzuk ere, hala nola kontratuak eta hitzarmenak. Finantzaketa pribatuaren barruan, nabarmentzekoak dira bazkideen edo afiliatuen kuotak, erakundeen diru-sarrera guztien % 17,6aren iturria baitira. ESHSren kasuan, kopuru hori % 26,3koa da.

POASen Barometroan eta 2020 EHSSren Liburu Zurian eta EHSSko 2021eko Barometroan aipatutako erronken kasuan, sektorearen identitatea eta koherentzia dira erronka partekatuak. ESHSren Barometroak sektorea enpresekin hibridatu izanak duen inpaktua eta laugarren sektorearekin izandako lankidetzak zehaztu ditu. EHSSko Liburu zuriak, berriz, beste eragile batzuekin harremanak izatea zabaltzeko prozesuan sektorean logika jakin bat mantentzeko beharra dagoela nabarmendu du.

Sektorearen dibertsitatea, hurbiltasunak eragindako atomizazioa eta aliantzak sortzeko gaitasuna erakundeen kide izatearen zentzua sustatzeko erronkarekin (batez ere gazteenetan) batera ematen dira. Sektorearen erronka orientazio eraldatzailearen eta zerbitzuen hornikuntzaren arteko oreka mantentzea da, 2022ko POAS Barometroak aipatzen duen moduan. Eraldaketa-prozesuetan eragile sozial eta hizlari gisa jarduten du, barnetik indartzeko (sareak, plataformak eta prozesuak). Halaber, kanpoko lankidetzak, inpaktua eta balioa ebaluatzeko tresnak eta berrikuntza sozialeko prozesuak garatzen ditu.

Sektorearen jasangarritasun ekonomikoa eta soziala erronka esanguratsua da, eta finantzaketa-iturriak dibertsifikatzeko beharra dago, baita parte-hartze sozialean eta herritarren loturan izan diren aldaketak barneratzeko eta talentua sektorera erakartzeko beharra ere (EHSSren Liburu Zurian nabarmentzen diren alderdiak). Sektoreak erronka du eraldaketa sozialarekin eta biztanleriaren zahartzeak eragindako erronka demografikoarekin.

Halaber, eraldaketa digitalaren eta sektoreko berrikuntzaren gainean dagoen erronka partekatua aitortzen du (dimentsio soziala eta harremanena ere barne hartzen du, ez soilik teknologikoa).

Halaber, barne-harremanak (egituraketa, sareak eta aliantzak) eta kanpokoak (eragile sozial gisa harekiko elkarrizketa sustatzeko) indartzeko beharra nabarmentzen du, bai estatuan, bai Euskadin. Horretarako, esanguratsua izango da hirugarren sektoreak bere balio erantsiarengatik duen inpaktua ikusaraztea (giza-eskubideen babesean eta kohesio sozialean, besteak beste). Sektoreak beste eragile batzuen aurrean bere identitate espezifikoa indartzeko, sektoreko enpleguaren kalitatean egonkortasun handiagoa beharko da.

Berrikuntza hirugarren sektore sozialean

Berrikuntza gisa, ESHSren 2022ko Barometroak berrikuntzan oinarritutako atala jasotzen du. Metodologia kualitatibotik abiatuta, A Coruñako Unibertsitateko ikertzaileek berrikuntza-prozesuak aztertu dituzte ESHSn. Prozesu horretan dokumentuak aztertu dituzte, eta elkarrizketa sakonak eta eztabaida-taldeak egin dituzte.

Horri guztiari esker, POASen Barometroak hiru jarduketa-eremutan sakondu du esperientzia zehatzen bitartez, eta horietan arazo nagusiak eta etorkizuneko erronkak identifikatu ditu. Aztertutako hiru eremuak hauek dira:

-Bizitza independentea izaten laguntzeko oinarri teknologikoa duen berrikuntza soziala (desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako teknologiak, Gurutze Gorriaren bitartez)

-Berrikuntzaren kanalizazioa eta herritarren elkartasuna eta talentu digitala bereganatzea gizarte erresiliente baterako (ONCE Fundazioaren bitartez),

-Enplegu inklusiboaren eta zerbitzu zirkularren ekosistemak (arropa tratatzeko eta birziklatzeko proiektua, Caritasen).

3 arlo horiek egitura komunarekin aurkeztu dira 3 kasutan. Bertan ikus daiteke hirugarren sektoreak egiten dituen ekarpenen aberastasuna eta dibertsitatea, esanguratsuak baitira fase guztietan. Hirugarren sektore sozialak ekarpena egiten die jarduketa berritzaileei, haiekin aritzen diren pertsonen beharren eta aurreikuspenen hurbiltasunarengatik. Aldiz, sektoreak dituen zailtasunak sektorearen atomizazioa eta eraldaketa digitalaren aurrean duen egoera dira (hasiberria eta heterogeneoa). 2020ko liburu Zuriak, halaber, erakundeek eraldaketa digitalaren alde egin beharreko apustuaren erronka hauteman zuen, eta, gainera, adierazi zuen komunikazioa hobetu eta haien kapital soziala areagotu behar dela.

Erakunde handiek soilik manten dezakete berrikuntza denboran zehar: goian aipatutako erakunde bereziak funtsezkoak izan dira aipatutako 3 kasuak garatzeko. Aipatutako berrikuntzak egiteko, sektoreko erakundeek aliantzen bitartez konpontzen dituzte baliabideen egiturazko beharrak, sektore barruko aliantzen bitartez kanpokoen bitartez baino, eta lankidetza harrigarriak egiten dituzte (enpresa pribatuekin edo laugarren sektorearekin). Hala, identitatea zabaldu eta lausotu egiten da (filiazio tradizionaletatik kanpo aliantzak sortzen direlako).

Horrek dakarren arriskua da hirugarren sektore sozialaren sormenarekin merkatu berriak sortzea –esaterako, tele-laguntza edo arropa birziklatzea–, eta, gero, enpresa lehiakideek kanporatzea. Hori dela eta, Administrazioak sentibera izan behar du sektorearen izaera bereizgarriarekin eta irabazi-asmorik gabeko izaerarekin, dagoeneko badauden ildo espezifikoen eta mekanismoen bitartez, hala nola kontratazio publikoa eta erosketa berritzaile eta arduratsua.

Amaitzeko, txostenak egiaztatu du ESHSren autoirudia berriz posizionatu dela, parte-hartze eta mobilizazio komunitarioan oinarritutako intzidentziari zerbitzua eskaintzeagatik. Helburua ez da zerbitzuak ordezkatzea, baizik eta eskubideak aldarrikatzea eta trantsizio digital eta ingurumeneko trantsizio bidezkoak, arau egokiak eta finantzaketa ahalbidetzeko administrazioek araudi-esparrua eta finantza-esparrua berma dezaten aldarrikatzea. Horretarako, funtsezko solaskidea da hirugarren sektorea. Hirugarren sektore sozialak eraldaketa sozialerako eragile gisa duen zeregin garrantzitsua ere aitortu du 2020ko EHSSko Liburu Zuriak.

ESHSren Barometroak bezala, EHSSren 2021eko Barometroak ere aipatzen zuen bai barne-koherentzia, bai legitimazio soziala eta Hirugarren Sektorearen balorazioa lantzeko beharra, arreta gardentasunera, inpaktua neurtzera eta balioaren ekarpenera bideratuz. Halaber, adierazi zuen beharrezkoa zela erakundeen artean lankidetzan aritzea, eta datozen urteetarako lan-ildo garrantzitsua dela (betiere, sektorearen berezko logikak mantenduz).

Online kontsulta daiteke POASen Barometroa: https://www.plataformaong.org/ARCHIVO/documentos/biblioteca/1676295113_resumenejecutivo-barometro-3-sector.pdf

 

[1] Egiteko, Luis Vives Fundazioko urtekarien metodologia jarraitu da, galdetegia berdina da eta luzetarako ikuspegia du (urteen arteko alderaketak egiteko aukera ematen du). Horri esker, sektorearen dimentsioa, ekonomian duen garrantzia eta duen kapital soziala kalkula daitezke. Galdetegia ikusten diren beharren arabera aldatzen da; esaterako, kasu honetan, garrantzitsua zen eraldaketa digitala islatzea.