Data: 15/07/2024
Iturria : euskadi.eus
Iturrira sartu

Euskadiko senide zaintzaileentzako arreta- eta laguntza-telefonoak, 2022an abian jarri zen Zaintelek, hazkunde handia izan du aurtengo lehen seihilekoan. Guztira, 435 kontsulta erantzun dira, hau da, % 39,87 gehiago, 2023ko lehen sei hilabeteetako zifren aldean. Izan ere, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak azaldu duenez, gero eta pertsona gehiagok ezagutzen dute zerbitzu hori, “komunikabideetan agertzeari esker eta, bereziki, ahoz ahokoari esker”.

Zaintel, Euskadin mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonen senide diren zaintzaile guztiei zuzendua, telefono bidezko arreta- eta laguntza-zerbitzua da, eta erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea du helburu. Gogoratu behar da zerbitzua Euskadiko zaintzaile ez-profesionalei laguntzeko estrategiaren barruan kokatzen dela, 2010etik zerbitzua ematen zuen Jakiten programari jarraipena emanez.

Doako baliabide pertsonalizatua

Zaintel laguntza eskuragarri dago 900 100 356 telefono-zenbakian, zaintel@euskadi.eus helbide elektronikoan eta WhatsApp 619 419 628 telefono-zenbakian. Doako baliabidea da, irisgarria, berehalakoa, pertsonalizatua, profesionala, konfidentziala eta kalitatezkoa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak eskaintzen duena eta Bizitzen fundazioak koordinatzen duena. Linearen beste aldean kontsultak egiten dituzten pertsonek esperientzia handiko talde espezializatu bat aurkitzen dute.

Gogoratu behar da, gainera, herritarren eskura dagoela beren senideak modu pertsonalean zaindu nahi dituzten pertsonek ahalik eta baldintza onenetan egin ahal izatea, eta, horrekin batera, hala nahi duten pertsonek ahalik eta denbora luzeenean beren etxean bizitzen jarraitu ahal izatea “, adierazi du Amilibiak.

Zerbitzuak lehentasunezko 3 baliabide ditu:

  • Laguntza emozionala eta entzute aktiboa. Konfiantzazko giroa sortzen da, entzutea eta lasaitzea errazten duena, epaitu gabe.
  • Laguntza psikologikoa: jarraipena eta laguntza psikologikoa behar denean ematen da.
  • Informazioa eta orientazioa: Eta laguntza, izapide, zerbitzu interesgarri eta abarrei buruzko informazioa ematen da. Era berean, zaintza-egoerak eta laguntza-materiala maneiatzeko jarraibide eta aholkuei buruz hitz egiten da, beharrezkoa bada.

Laguntza psikologiko gehiago behar izatea

Aurten, hain zuzen ere, deien arrazoia aldatuz joan dela nabarmendu du. Zainteleko arduradunen arabera, lasaitzearekin eta entzutearekin erlazionatutako arrazoiak nagusi izatetik, laguntza psikologiko eta emozionalarekin lotutako premiak arreta handiena jaso izatera pasa dira.

Gainera, zerbitzuak jarraipen-kontsultak eskaintzen ditu intentsitate handiko ondoez psikologikoko egoerak (antsietatea, depresioa edo gainkarga) edo kalteberatasun handiagoko profilak detektatzen diren kasuetarako, eta kontsulta mota haurk ere gora egin dute 2024ko lehen seihilekoan ( % 17,40). Guztira, 161 jarraipen-kontsulta egin dira: 49 pertsona artatu dira (lau emakumetik hiru), eta astean 3,28 saio egin dira batez beste.

Bestalde, erantzundako kontsulten %21ean, eskaera egin duten pertsonen zaintzarekin lotutako beste baliabide batzuei informazioa eman zaie eta/edo haietara bideratu dira.

Ohi bezala, seihileko honetan Zaintelera egindako kontsulta gehienak emakumeek egin dituzte, familiako zaintzaileen profilarekin bat etorriz. Gauzak honela, batez besteko profila honako hau da: 58 urteko emakumea, II. graduko mendetasun-egoeran dagoen eta zainketarako intentsitate txikiko baliabideak dituen emakume baten alaba.

Datuetan

Zaintelek 435 kontsultari erantzun die urtarriletik ekainera, gehienak telefonoz.

  • 376 dei erantzun dira ( %85,73)
  • 48 kontsulta whatsapp bidez ( %11,03)
  • 11 kontsulta posta elektronikoz ( %2,53)

2024ko urtarriletik ekainera arte erantzundako beharrak:

  • Laguntza psikologikoa eta emozionala ( % 51,42)
  • Baliabideei eta laguntzei buruzko informazioa ( % 26,61)
  • Ondoeza ( % 9,56)
  • Zaintzari buruzko informazioa ( % 5,43)
  • Bestelako kontsultak ( % 6,98)

Lurraldeka, honako kontsulta hauei erantzun zaie:

  • Bizkaia: % 60
  • Gipuzkoa: % 29
  • Araba: % 11

Goian adierazitako baliabideez gain, Zaintelek herritar guztiei irekitako www.zaintel.eus webgunea du gaituta. Informaziorako eta arreta emozional eta psikologikorako gune bat da, zaintzarekin eta mendekotasunarekin eta/edo desgaitasunarekin lotutako baliabideak, zerbitzuak eta programak kontsultatzeko aukera ematen duena.

Gainera, familia-zaintzarekin eta zaintzaileen ongizatea eta autozaintza sustatzearekin lotutako prestakuntza-pilulak ditu.

Informazio gehiago Irekia atarian