Data: 12/07/2024
Iturria : Sareen Sarea
Iturrira sartu

Eusko Jaurlaritzako, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko oinarrizko sare eta erakundeetako eta haurren eta nerabeen parte-hartzearekin lotutako beste eragile batzuetako ordezkariek parte hartu dute gaur Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiak antolatutako tailer batean. Tailer honek Sareen Sareko Haurren, Nerabeen eta Gazteen Eskubideen Batzordearen lankidetza eta partaidetza izan du, eta haur eta nerabeek Euskadin duten parte-hartze aktiboa indartzea eta sustatzea du helburu. Saio honetan hainbat helburu espezifiko jorratu dira, besteak beste, haurren eta nerabeen parte-hartzearen kontzeptua mugatzea eta parte-hartze hori sustatzen duten proiektuen eta jardueren egungo egoera identifikatzea.

Tailer hau EAEko haur eta nerabeen parte-hartzea hobetzera bideratutako ezagutza, diagnostiko eta berrikuntzako proiektu zabalago baten barruan kokatzen da. Ekimenak oinarri eta erreferentzia partekatuen esparru bat ezarri nahi du, gazteek eragiten dieten politika publikoetan parte hartzeko duten eskubidea benetan gauzatu ahal izateko.

Proiektuak eta jardunbide egokiak mapatzea

Tailerra hiru zati nagusitan egituratu da. Lehenengoan, haurren eta nerabeen partaidetza proiektuak mapatzeko prozesua aurkeztu da. Prozesu hori 2024aren hasieran egin zen, haurrek eta nerabeek lurraldean parte hartzeko eskubidea gauzatzearekin lotutako egungo garapenak identifikatzeko eta deskribatzeko.

Tailerraren bigarren zatian, jardunbide egokiak testuinguruan kokatu eta aurkeztu dira. Ildo horretan, hurbilketa bat egin da partaidetzatzat hartzen denari buruzko lege eta kontzeptu mailako esparrura, eta, ondoren, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen esperientzia esanguratsuak azaldu dira. Zehazki, onodrengo esperientziak aurkeztu dira: Hirukideren Hirugazte komunitateko boluntariotzaBizkaiko Caritasen Namasté proiektua; eta Harribide Fundazioaren Gazte Foroa.

Hirugarren atalean, talde-dinamika bat garatu da partaidetza-kontzeptuak eztabaidatu eta adosteko, funtzionatzen duten elementuak eta oztopoak identifikatzeko, eta haurren eta nerabeen parte-hartzea indartzeko ekintzak planteatzeko.