Eusko Jaurlaritzak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailaren bitartez, Herri Lagunkoien Jardunbide Egokien Sariaren edizio berria iragarri du. Sari horren helburua da EAEko adinekoen bizi-kalitatea hobetzen duten ekimenak aintzatestea.
Aitorpen hori Euskadi Lagunkoia Berria Programaren barruan dago. OMEk sustatutako Age-friendly Environments Programme ekimenean oinarritzen den proiektua da. Ekimen horren arabera, adinekoekin lagunkoia den ingurunearen kontzeptua lantzea zahartze osasuntsua eta aktiboa sustatzen duten komunitate edo hiriei dagokie. Pertsonen gaitasun funtzionalak bizitzan zehar mantentzeko diseinatutako espazioak edo jarduerak sortzea edo berreskuratzea haien lanetariko bat izaten da.
Sari honen helburua zahartze aktiboa bultzatzen duten inguruneak sortzeko proiektu berritzaile eta eraginkorrak baloratzea da. 2019an lehen aldiz ezarri zenetik, saria urtero deitu da, eta hainbat erakundek eta pertsonak euskal gizartean ingurune lagunkoiagoak sustatzeko egindako ahaleginak nabarmendu dira.
Ahalegin horiek funtsezkoak dira; izan ere, lagunkoitasuna hiri-ingurune batek irisgarria eta inklusiboa izateko duen gaitasuna da, adinekoek bizitza sozialean eta kulturalean bete-betean parte hartzeko aukera izan dezaten.
Gaur egun, Euskadi Lagunkoia Berria programak 86 udalerri ditu atxikita: 37 Bizkaian, 26 Gipuzkoan eta 23 Araban.
Programa honek adineko pertsonak eta herritarrak beren komunitateen hobekuntzan inplikatzea du helburu, eta balio esanguratsua gehitzen dio Euskadiko bizi-kalitateari, helduenen parte-hartze aktiboa eta osasungarria sustatuz.
Sariak 3.000 euroko zuzkidura izango du, erronka sozial honekin bat egiten duten ekimenetarako. 2024ko deialdiak Pasira proiektua jo zuen garaile gisa, Azkoitiko Udalak Azkoitia Lagunkoia Berriaren bitartez proposatu zuena. Ibilbide osasungarriak eta zahartze aktiboa sustatzen dituen belaunaldien arteko jarduera da, eta honako erakunde hauen laguntza du: Izarraitz Lanbide Heziketa Taldea, Mugi Azkoitia, Plaza Ondo Erretiratuen Elkartea, Gurutze Gorria eta Caritas.