Data: 18/11/2025
Iturria : euskadi.eus
Iturrira sartu

Euskadi Lagunkoia Berriak Imsersok antolaturiko Hiri eta Komunitate Lagunkoien Sareko Udalen V. Topaketan parte hartu du. Proiektuaren ordezkaritza Itziar de la Peñak —Eusko Jaurlaritzako Hirugarren Sektore Sozialaren Sustapeneko eta Ekintza Komunitarioko zuzendariak— eta Elena del Barriok —Matia Institutuko Politika eta Testuinguruen arduradunak eta Euskadi Lagunkoia Berriaren koordinatzaileak— osatu dute. De la Peñak 2026ko ekainean Donostin egingo den Hiri Lagunkoien Mundu Kongresuaren aurrerapenak aurkeztu ditu, eta del Barriok etxebizitza, zaintza, komunitatea eta jasangarritasuna ardatz dituen mahai-inguruan parte hartu du. Madrilgo Imsersoren egoitzan ospatutako topaketak ehun lagun baino gehiago bildu ditu «Esperientziak partekatu, inguruneak eraldatu: Mundu Kongresurantz» lemapean.

Topaketak udal ordezkariak eta zahartzaro aktiboaren arloko adituak elkartu ditu, hiri lagunkoien sarea sendotzeko eta ingurune parte-hartzaileago, inklusiboago eta irisgarriagoak eraikitzeko helburuarekin. Horretarako, OMEko zein administrazio publiko desberdinetako hizlari nazional eta nazioartekoek parte hartu dute.

Jardunaldiaren ardatz nagusietako bat Hiri Lagunkoien Hirugarren Mundu Kongresua izan da, 2026ko ekainaren 16tik 18ra Donostian egingo dena. Saioetan proposamen kolektiboak lantzeaz gain, honako adituen ekarpenak jaso dira: Parnian Kordshakeri eta Yongjie Yon (OME), Itziar de la Peña (Eusko Jaurlaritza) eta Anne Berit Rafoss (Norvegia Lagunkoia Zentroa).

Beste mahai batzuk ere antolatu dira, hala nola hiriak nola hazten eta eraldatzen diren aztertu dituena, Beatriz Fernández (EHESS – Géographie-cités) eta Javier del Monte (Jubilares Elkartea) hizlariekin.

Etxebizitza, zaintza, komunitatea eta jasangarritasuna ardatzei eskainitako espazioan Elena del Barriok (Matia – Euskadi Lagunkoia Berria) eta Santiago Duhaldek (Ceapat) hartu dute parte.

Bestalde, tarte belaunaldien arteko elkartasuna izan da beste mahai-inguru baten ardatza, eta bertan Cristina Gamundi (Calviàko Udala), Cristina Moreno (Cosladako Udala) eta Anna Ponsa (Reusko Udala) izan dira hizlari, belaunaldien arteko loturak sendotzeko ekimenak partekatuz.

Topaketak, era berean, proiektu berritzaileak nabarmendu ditu, hala nola “Contamos Contigo”, Avilésko Udalaren ekimena, Imsersoren Adiskidetasun Saria jaso duena eta Mundu Kongresuan parte hartuko duena bere esperientzia aurkezteko.

Euskadi Lagunkoia Berriaren parte-hartzeak sarearen konpromisoa berresten du ingurune lagunkoi, irisgarri eta kohesionatuagoak sortzeko. Topaketa hau mugarria da Hiri Lagunkoien Hirugarren Mundu Kongresurako bidean, eta gure hiriek adinekoen ongizatea eta parte-hartzea sustatzeko dituzten erronka eta aukeren inguruko gogoeta partekatua bultzatu du.