Egilea: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia
Laburreko zenbakia: 06/2024

Dokumentu labur honetan Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren (aurrerantzean, EHSS) zeregina nabarmendu nahi dugu, baina ez soilik esku-hartze sozialeko eragile gisa, baizik eta, orobat, eragile politiko giltzarri baten moduan, gure erkidegoan gizarte-politikak hedatzeko garaian. Besteak beste, zeregin hori dauka modu aktiboan inplikatu delako (historikoki) gobernantzatik abiatuta sortu diren espazioetan, gobernantza gai publikoen kudeaketa-eredu parte-hartzailea den aldetik. Gobernantzari eta haren ondorioei hurbilduko gatzaizkie, eta esparru horren barruan zentzua lortzen duen kontzeptu batean geldialdia egingo dugu: elkarrizketa zibilean, hain zuzen. Era berean, EHSSren gero eta garrantzi handiagoa berrikusiko dugu labur, EAEko gobernantzaren eragile sozial eta politiko gisa, elkarrizketa zibila gainditzen duten espazioetan. Amaieran, eranskin bat dago, osatuta ez dagoen mapa bat, baina EHSSk Euskadiko gobernantzan duen partaidetza instituzionala argitzen duena. Horretarako, administrazio publikoek bultzaturiko hainbat foro eta aholku-organo daude.

Gobernantza eta gizarte zibilaren partaidetza politika publikoetan

Mayntz-ek (2005) dioen bezala, gobernantzaren kontzeptua maiz samar erabiltzen hasi da eta gai publikoei buruzko diskurtsoan garrantzia lortzen joan da azken hiru hamarkadetan. Ez da adiera bakarreko kontzeptu bat, zenbait erabilera eta adiera baititu. Eskuarki, aipatzekoa da gobernantza dela “interes publikoko gaiei buruzko erabakiak hartu, gauzatu eta ebaluatzeko prozesua […] bai erakunde formalak, bai erakunde informalak barne hartzen dituena” (Whittingham, 2010, 222).

Ildo berean, Naterak (2005) honela definitzen du gobernantza: “gobernu-estilo berri bat, estatuaren erregulazio hierarkikoko ereduaren bestelakoa, baina baita merkatuaren bestelakoa ere, eta estatuaren eta estatukoak ez diren eragileen arteko interakzio- eta lankidetza-maila handiagoa du ezaugarri” (55). Alabaina, egile horrek kontzeptua zehazten du, honela: “ezaugarri hauek ditu: (a) estatuko erakundeek eta eragileek gai publikoen kudeaketan duten esklusibitatea gainditzen du; (b) kudeaketa horretan esku hartu dezaketen eragile sozialen aniztasuna aitortzen du; eta (c) haien artean interdependentzia eragiten duenez, lankidetza eta partaidetza dakartza erabaki publikoak hartzean eta erantzukizun kolektiboak edo interes orokorrekoak onartzean” (56).

Gobernantzaren kontzeptua eta haren ondorioak hainbat erakunde publikoren egitura eta gobernu-moduetan barneratzen joan dira: tokian-tokian, eskualdeetan, estatuetan eta estatuez harago. Europar Batasuneko estatu kideek 2007an sinatu zuten Lisboako ituna, zeinaren bidez Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko ituna (1957) aldatu baitzuen. Zehatz-mehatz, EBko erakunde, organo eta organismoen irekitasun-printzipioa ezarri zuen 15. artikuluan (gobernu irekia), “gobernantza ona sustatzeko eta gizarte zibilaren partaidetza bermatzeko”.

Lisboako ituna sinatzearen aurrekari gisa, Europar Batasuneko gobernantzaren liburu zuria onartu zen urte batzuk lehenago (2001)[1]. Dokumentuaren xedea gobernantza demokratikoago bat ezartzeko ahalegina da, eta “Europar Batasunaren politikak egiteko prozesua zabaltzea proposatzen du, pertsona eta erakunde gehiagok politiken formulazioan eta aplikazioan jarduteko, eta, horrenbestez, gardentasuna handiagoa izateko eta partaide guztiek ardura handiagoa hartzeko” (2).

Liburu zurian, gobernantza onaren zazpi printzipioak jasotzen dira, “demokraziaren eta estatu kideetako zuzenbide-estatuaren oinarria direnak” (7). Besteak beste, partaidetzak[2] nabarmentzen du, hain zuzen ere, “Batasunaren politiken kalitateak, egokitasunak eta eraginkortasunak herritarren partaidetza zabala dakarrela prozesuaren fase guzti-guztietan, sortzen direnetik aplikatzen diren arte” (7).

Orobat, liburu zurian biltzen diren era askotako ekintzen artean, gizarte zibila inplikatzeko beharra dago, «zeregin garrantzitsua baitu, kezkak adierazteko aukera ematen dielako herritarrei, eta biztanleen beharrei erantzuteko moduko zerbitzuak eman daitezkeelako hartara» (11). Hori dela eta, liburu zuriak azpimarratzen du “solaskide sozialei adore eman behar zaiela neurri handiagoan erabil ditzaten itunak borondatezko akordioak egiteko ematen dizkien eskumenak” (12).

Hari beretik, estatuko administrazio orokorra osatzen duten gobernu-erakundeak gobernantza txertatzen joan dira politika publikoen garapen, jarraipen eta ebaluaziorako esparru gisa. Espainia gobernu irekiaren aldeko aliantzaren kide da 2011z geroztik (Open Government Partnership)[3]. Gaur egun 75 herrialdek osatzen dute aliantza, bai eta nazioen barneko gero eta entitate gehiagok (tokian tokikoak eta eskualdeetakoak, besteak beste EAE bera[4]). Gizarte zibilarekin, enpresekin eta irabazi-asmorik gabeko erakundeekin lan egiten dute, beste batzuen artean, gardentasuna, ardura eta partaidetza hobetzeko administrazio publikoetan.

Esparru horretan, EBk eta aliantzak finkatutakoarekin bat etorriz[5], Transformazio Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak adierazi du “gobernantzak paradigma-aldaketa dakarkiela administrazio-harremanei, eta politika publikoak egitea sustatzen du sektore publiko eta pribatuaren partaidetzarekin”[6].

Gobernantza Publikoko Zuzendaritzaren Plan Estrategikoan 2022-2024[7] finkatzen da helburuetako bat herritarren partaidetza indartzea dela. Zehazki, arlo horretan, planak “kudeaketa publikoko partaidetza bultzatu eta indartu nahi duela, eta kalitatea hobetu; era horretan, herritarrek erabaki publikoak hartzeko lanean parte hartu ahalko dute, emaitza hobeak eta kalitate demokratiko handiagoa lortzeko” (6).

Gobernantza-eredua, politika publikoen eraikuntza parte-hartzailerako esparru gisa, tokiko erakundeetara ere iritsi da. Izan ere, toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak berak honela identifikatzen ditu udalerriak (1. art.): “herritarrek herri-arazoetan esku hartzeko hurbileneko bide”. Geroago, tokiko gobernua eraberritzeko neurriak biltzen dituen abenduaren 16ko 57/2003 Legean, herritarrek tokiko bizitza publikoan parte hartzeari buruz Europako Kontseiluko Ministro Batzordeak emandako gomendioko (2001) printzipioak txertatu ziren, eta, ondoren, tokiko entitateek egindako partaidetza-erregelamendu gehienetan onartu zen. Duela gutxi, Europako Batzordeak horren gaineko gomendio bat kaleratu du: 2023/2836 gomendioa (EB), 2023ko abenduaren 12koa, Batzordearena, politika publikoak egiteko prozesuetan herritarren eta gizarte zibileko erakundeen konpromisoa eta benetako partaidetza sustatzeari buruzkoa.

Esparru horri jarraikiz, Espainiako probintzien eta udalerrien federazioak (FEMP) gardentasunaren eta herritarren partaidetzaren aldeko tokiko entitateen sarea bultzatu du. Erakunde horrek tokiko gobernuen eta herritarren arteko harremana une oro berritu eta hobetzea sustatzen du, gobernu irekiaren printzipioen baitan eta esperientziak partekatuz. Azken batean, sare horrek tokian tokiko kudeaketa publikora eraman nahi du herritarren partaidetza, hainbat esperientziaren bitartez: partaidetza-plataforma digitalak sortuz, aurrekontu parte-hartzaileak eginez, zerbitzuak batera sortuz, etab.[8]

Euskadi bide beretik ari da aurrerapausoak ematen. Gorago adierazi bezala, gure erkidegoa gobernu irekiaren aldeko aliantzaren kide da (Open Government Partnership), eta, zeregin horretan, Gobernu Irekiaren Euskadirentzako 2018-2020 Ekintza Plana prestatu zuen. Hartan, EAEko administrazio publikoen hainbat konpromiso jaso dira, gobernu irekia eta parte-hartzaileagoa lortzeko bidean: besteak beste, Open Data Euskadi eta Linked Open Data bultzatzea, herritarren partaidetzari buruzko berrikuntza publikoko laborategi bat sortzea, eta herritarrentzako eskola irekiaren eredu egiaztatua garatzea.

Aurrera egiteko helburu hori hainbat modutan eraman da EAEko estrategia eta planetara. XII. Legealdiaren Gobernu Programak gobernantza publikoko politikak bultzatzea bilatzen zuen. Programako IV. ardatz osoa autogobernua da, eta 25. jarduketa-arloa kudeaketa publikoa, gardena eta arduratsua da.

Era berean, XII. legealdi horretan, Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernua Sailak Gobernantzaren, Berrikuntza Publikoaren eta Gobernu Digitalaren Plan Estrategikoa 2030 bultzatu du, non gobernu irekiari, gardentasunari eta, politika publikoak eratzean, herritarrek modu aktiboan parte hartzeari buruzko hainbat erronka biltzen diren.

Horrenbestez, tokian tokitik estatuz gaindiko eremuraino, gizarte zibila gai publikoen kudeaketan sartzeko borondatea gero eta handiagoa da, eta era askotako ekimenetan ikusten da hori. Partaidetza-ekosistema horretan, eragileetako bat Hirugarren Sektore Soziala (HSS) da. Eta oso printzipio berezi baten bidez parte hartzen du: elkarrizketa zibilaren bidez, hain zuzen. Nahiz eta ez den bide bakarra.

Hirugarren Sektore Soziala, gobernantza eta elkarrizketa zibila Euskadin

Elkarrizketa zibilaren kontzeptua modu inplizituan agertzen da desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Nazio Batuen konbentzioan (2006). Hona hemen zer adierazten den artikulu horretan: “Konbentzio hau gauzatze aldera behar diren legeria eta politikak prestatu eta aplikatzen direnean, eta desgaitasuna duten pertsonekin lotutako gaiei buruzko erabakiak hartzeko beste prozesu batzuetan, parte hartutako estatuek kontsulta estuak egingo dituzte eta lankidetza aktiboan jardungo dute desgaitasuna duten pertsonekin, baita desgaitasuna duten haurrekin ere, haien ordezkari diren erakundeen bitartez”. Orobat, kontzeptu hori argi adierazten da hemen: 51/2003 Legea, abenduaren 2koa, desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasuna, diskriminazio eza eta irisgarritasun unibertsala lortzeari buruzkoa. 2. artikuluan, elkarrizketa zibila honela definitzen da: “printzipio horren bitartez, desgaitasuna dutenen eta haien familien ordezkari diren elkarteek parte hartzen dute desgaitasuna duten pertsonen esferan garatzen diren politika ofizialak prestatu, gauzatu, jarraipena egin ebaluatzeko lanetan, lege zein gainerako xedapen arauemaileetan finkatutako baldintzak betez. Ezein kasutan ere, politika horiek bermatuko dute, eskubide hori gauzatu ahal izateko, desgaitasuna duten haurrek iritzia aske adieraz dezaketela haiei dagozkien gaien gainean, eta laguntza egokia jasoko dutela, desgaitasuna eta adina aintzakotzat hartuta”.

Geroago, elkarrizketa zeharkako bilakatzen joan da, eta beste kolektibo eta gizarte-ekintzako eremu batzuetara hedatu da. Hala, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen zioen azalpenean aipatzen da, gero eta egoera desberdin gehiago dauden eta gero eta konplexuagoak diren honetan, hirugarren sektorearekin elkarlanean aritzea indartu behar dela, eta eragindako pertsonen parte-hartze antolatua sustatzea.

Lankidetza eta solasaldi publiko-soziala indartzea bi bide hartuz gauzatzen joan da Euskadin. Alde batetik, sektorea gero eta gehiago egituratu da, eta, azken bi hamarkadetan, erakundeen sareak ugaritu dira. Funtsezko mugarria Sareen Sarea sortzea izan zen, 2014an: han biltzen dira Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko entitate asko.

Bestalde, Elkarrizketa Zibilerako Mahaia 2012an eratu zen, gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak erakundeetan parte hartzeko aholku-organo goren gisa EAEren esparruan, garrantzi estrategikoa duen eragile moduan aitorturik. Helburua da “Gobernuaren eta hirugarren sektorearen arteko elkarrizketa sustatzea eta bideratzea (…) politika publikoen prestaketan eta betearazpenean benetako eragina izango duten akordioak lortzeko”. Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak lurraldez lurraldeko erreplikak izan ditu: Bizkaiko mahaia 2016an eratu zen, eta Gipuzkoakoa[9], 2023an. Gizarte-ekimenak lurralde historiko horietako gai publikoetan parte hartzeko aukera eman dute espazio horiek.

Hortaz, elkarrizketa zibila EHSSren eta sektore publikoaren arteko elkarrizketa- eta lankidetza-tresna bat dela ulertzen da. Europako esparruan behintzat (ikus goian EBk emandako gidalerroak), tresna hori taxutu da gobernantza parte-hartzailean oinarritutako kudeaketa publikoko eredu batetik abiatuta.

Elkarrizketa zibilaren eta EHSSk erkidegoko gai publikoetan parte hartzearen garrantzia berriz azpimarratu zen Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legean. Elkarrizketa zibila II. kapituluan jorratzen da, eta, lege honetan, zioen azalpenari jarraikiz, printzipioetako bat da, eta horiek oinarritzen dute “erakunde horiek esku-hartze sozialaren esparruan erantzukizun publikoko politiketan” parte hartzeko eskubidea. Behin eta berriz nabarmentzen da elkarrizketa zibila bultzatu eta indartzean duen garrantzia. Zehazki, horra zer dioen lege horren 7. artikuluak: “Sektore publikoaren eta hirugarren sektore sozialeko erakunde eta sareen arteko elkarrizketarako eta lankidetzarako prozesu formala da elkarrizketa zibila, helburu duena orientatzea, bultzatzea eta ebaluatzea sektore publikoak eta hirugarren sektore sozialak esku-hartze sozialaren esparruan abiarazi beharreko politika sozialak eta bestelako ekimenak”. Printzipio horri jarraituz, “Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakunde eta sareek, eta horien bitartez esku-hartze sozialaren hartzaile eta protagonista diren pertsona, familia, kolektibo eta komunitateek, eskubidea izango dute ukitzen dituzten politika publikoetan parte hartzeko, politika publiko horien edozein fasetan”, eta, beraz, “euskal administrazio publikoek Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeei eta sareei bermatuko diete Administrazioaren jardun-esparru guztietan beren iritziak publikoki elkarri adierazteko eskubidea” (6. art.).

Halatan, elkarrizketa zibilak aitortu eta formalizatu egiten du HSSko erakundeen partaidetza historiko eta esanguratsua erantzukizun publikoko sistemetan, bereziki gizarte-zerbitzuetan, enpleguan, diru-sarrerak bermatzeko lanean eta gizarte-inklusioan, bai eta esku-hartze sozialarekin lotutako interakzio-espazioetan ere (gizarte- eta osasun-arloan, gizarte- eta hezkuntza-arloan, gizarte- eta lan-arloan, etab.) Era horretan, sektore publikoaren eta ekimen sozialaren arteko lankidetza indartzen da interes orokorreko jarduera sozialei begira, hain zuzen ere, sektorearen partaidetza sustatuz politika publikoak prestatu, gauzatu, jarraipena egin eta ebaluatzeko lanetan, esku-hartze sozialaren arloan.

Hori guztia jaso da Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala sustatzeko estrategiaren XII. Legealdiaren Planean. Hartan aitortzen da HSSk lagundu egiten duela euskal gizarte- eta garapen-eredua definitzen eta hedatzen, politika publikoak diseinatu, gauzatu, ebaluatu eta eguneratzen, eta, era berean, ongizate-sistemak sendotzen eta hedatzen esku-hartze sozialaren alorrean, erantzukizun publikoaren, elkarrizketa zibilaren eta lankidetza publiko-sozialaren printzipioak kontuan hartuz (8. or.).

Hirugarren Sektore Soziala eta gobernantza elkarrizketa zibilaz harago

HSSren partaidetza EAEn ez da elkarrizketa zibilerako mahaietara mugatzen. Aitzitik, administrazio publikoetako hainbat aholku-organotan ere badabiltza, zeinak mahaien osagarri diren, eta asko lehenago eratuak. Hortaz, HSSk interes orokorreko jarduerei egindako ekarpen historikoaren isla dira, eta ekarpen hori politika publikoetan parte hartuz egin dute.

Aholku-organo eta -foro egonkor horien bidez, HSSk plan estrategiko sektorialak eta bereziak prestatzeko lanetan parte hartzen du sektore publikoarekin eta beste eragile batzuekin batera, beste jarduera batzuen artean. Organo horietan, EHSSk gobernantzan bideratzen duen lankidetza zeinen garrantzitsua den ikusten da, politika publikoen sorreran eta hedapenean esku hartzen baitu. Hona hemen zenbait adibide:

Eusko Jaurlaritzaren XII. Legegintzaldi Planean:

  • Gizarte-inklusioa: nahi ez den bakardadearen kontrako erakunde arteko plan bat martxan jartzeko ekimena, aldundiekin, udalekin eta Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeekin
  • Enplegua: hirugarren sektoreko enpresekin eta erakundeekin proiektu pilotuak eta lankidetza-proiektuak egiteko ekimena, egoera zaurgarrietan dauden langabeen gizarte- eta lan-inklusioa bultzatzeko asmoz.
  • Etxebizitza: etxebizitza babestuen kudeaketaren efizientzia hobetzeko ekimena, esku-hartze komunitarioko Alokabide programa hedatu eta HSSrekiko lankidetza
  • Familia eta haurrak: haurrak babesteko sareak handitzeko ekimena, hirugarren sektoreko erakundeen eta sektore publikoaren arteko lankidetza

Erronka demografikoari heltzeko euskal estrategian 2030. Hartan aipatzen da “ezinbestekoa dela arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza eta hirugarren sektore sozialaren parte-hartzea sustatzea erronka demografikoari aurre egiteko” (13. or.).

Bizitegi-bazterketa larriaren aurkako II. euskal estrategian 2024-2028, erronka nagusietako bat da erakundeen arteko lankidetza eta politiken gobernantza kolegiatua sustatzea, etxegabetasuna eta bizitegi-bazterketari buru egiteko, EHSSren eta hartzaileen

Etxebizitzaren Gida Planean 2021-20232.3 ildo estrategikoa dago: etxebizitza-premia berezia duten kolektiboentzako arreta-ekintzak sustatzea (etxegabetzeak, genero-indarkeria, etxegabetasuna, gizarteratzea eta abar), Alokabideren ekintzak eta hirugarren sektorearekiko lankidetza txertatuz.

Euskadi Bultzatu Hiri Agendan 2050:

  • “Etxebizitzarako sarbidea guztiontzat” jarduera-ardatzean: koordinazioa bultzatzea Eusko Jaurlaritzaren, foru-agintarien, tokiko agintarien eta hirugarren sektorearen artean etxebizitzarako eskubide-programa sustatzeko.
  • “Berrikuntza ez-teknologikoa” jarduera-ardatzean: tokiko izaera duen berrikuntza soziala sustatzea ekintzailetza sozialaren eta herritarren eta hirugarren sektoreko erakundeekin adostutako aliantzen bidez.
  • “Bizitza- eta aisialdi-ohitura osasungarriak bultzatzea” jarduera-ardatzean: ongizate sozialaren komunitate-ikuspegiaren kontsolidazioa babestea honako hauek bultzatuta: boluntariotza, hirugarren sektorearen eta, oro har, herritarren parte-hartzea.
  • “Gizarte-kohesioa” jarduera-ardatzean: eragileen arteko koordinazioaren bidez, komunitateen garapenerako planen garapena sustatzea, tokiko agintarien, foru-aldundien, Eusko Jaurlaritzaren eta hirugarren sektoreko erakundeen parte-hartzearekin.
  • “Belaunaldien arteko berdintasuna, dibertsitate funtzionalaren eta jatorriaren arabera” jarduera-ardatzean: tokiko boluntarioak eta hirugarren sektoreko erakundeen lana babestea, horiekin adostuz tokiko esku-hartze programak, azpiegitura sozialen kudeaketa eta informazioa eta jardunbide egokiak trukatzeko espazioak.
  • Eta agendaren gobernantzan bertan, garapenean diharduten eragile guztien partaidetza aktiboa azpimarratzen da: Eusko Jaurlaritza, tokiko agintariak, foru-aldundiak, eragile ekonomiko eta sozialak, unibertsitateak eta hirugarren sektorea.

Lankidetza-esparru zabal horretan, HSSk gainditu egiten du foro eta organismo publikoetan duen inplikazioa, eta, beste eragile batzuekin batera, gizarte-kohesioa eta gizarte-eredu bidezkoago, berdinzaleago eta inklusiboago bat lortzeko konpromiso zein ekarpen aktiboak egiten dituen eragile sozial nabarmen bihurtu da. Horren adibide da EHSSko entitateek eta sareek bat egin dutela hainbat herrialde-itunekin; esate baterako, GJHen aldeko Euskal Aliantzarekin, Migraziorako Euskal Itun Sozialarekin, eta Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialarekin 2022-2036 aldirako.

Horren adibide da, halaber, nolako zeregina izan duen gure gizartea astindu duen azken krisian. Eragile sozial gisa, HSSren partaidetza EAEko gobernantza publikoak oso garrantzitsua izan da COVID-19aren pandemian, krisiaren ondoriozko gizarte-erronkei heltzeko. Pandemiaren testuinguruan, EHSS laguntzen aritu zen Elkarrizketa Zibilerako Euskadiko Mahaian, zortzi programaz osatutako Inor atzean utzi gabe funtsa bultzatzen eta garatzen. Programen artean, Aterpeak aipatu behar da. Aurreneko itxialdian, kalean bizi ziren guztiei aterpea eta harrera ematea izan zuen helburu. Beste bat Azken Sarea Indartzen da. Laguntza ekonomikoen programa bat pandemiaren eraginez enplegua galdu edo bizirauteko nahiko diru-sarrera ez zituzten pertsonentzat eta familientzat. Edo, orobat, Guztion Artean programa: boluntarioen sare bat izan zen, isolatuta edo itxialdian zeuden adinekoei laguntzeko. Horren berri ematen da Lehendakaritzak kaleratutako Euskadin pandemiaren gobernantza eta kudeaketa bi urtetan.Etorkizunerako ikasitakoak txostenean. Horri jarraikiz, “ekimen horiek, besteak beste, Euskadiko gainerako erakundeekin eta Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeekin lankidetzan egindako ‘gobernantza’ gisa garatu dira” (62. or.).

Laburbilduz, EHSSren partaidetza gobernantzan gero eta handiagoa da gure erkidegoan, baita zabala, sakona eta zeharkakoa ere. Testu honen eranskinean, hori guztia jaso nahi izan dugu, lurraldez lurralde eta EAEn zer foro eta organismo publiko egonkor dauden erakutsita, sektore horretan presentzia aktiboa dute eta. Horietako batzuk testuan aipatu dira jada. Lagin horrek ez du zehaztasunez islatzen zein bizia den partaidetza, tokiko espazioak kanpoan geratu direlako. Hala ere, EHSSaren garrantzia frogatuta geratu da eragile sozial eta politiko gisa.

Erreferentzia bibliografikoak

Europako Batzordea. Europako gobernantza: liburu zuria. (2001). Europar Erkidegoen Argitalpen Ofizialen Bulegoa. Hemen eskuratu daiteke: https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/PDF/?uri=CELEX:52001DC0428

Lefont Marín, L., & Ramírez Sierra, J. C. (2018). Administración pública y gobernanza: Un acercamiento teórico desde la disciplina de políticas públicas. Revista cubana de finanzas y precios, 2(4), 24-36.

Mayntz, R. (2005). Nuevos desafíos en la teoría de la gobernanza. La gobernanza hoy: 10 textos de referencia, 2005, ISBN 84-7351-239-1, págs. 83-98, 83-98.

Natera Peral, A. (2005). La gobernanza como modo emergente de gobierno y gestión pública. Gestión y análisis de políticas públicas, 33, 53-66.

Whittingham, M. V. (2010). ¿Qué es la gobernanza y para qué sirve? Revista Análisis Internacional, 2, 219-235.

 

[1] Batzordearen 2001eko uztailaren 25eko komunikazioa: «Europako gobernantza, liburu zuri bat» [COM (2001) 428 azkena, Aldizkari Ofiziala, C 287, 2001-10-12]. Hemen eskuratu daiteke: https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/PDF/?uri=CELEX:52001DC0428.

[2] Gainerako printzipioak hauek dira: irekitasuna, ardura, eraginkortasuna, koherentzia, proportzionaltasuna eta subsidiariotasuna.

[3] Espainiak aliantzan duen espazio birtuala hau da: https://www.opengovpartnership.org/es/members/spain/.

[4] Euskadik aliantzan duen espazio birtuala hau da: https://www.opengovpartnership.org/es/members/basque-country-spain/.

[5] Gobernu irekia eta gobernantza direla-eta aliantzak dituen misioa, ikuspegia, helburu estrategikoak eta abar OGP 2023-2028 Estrategian jasota daude (hemen eskuragarri: https://www.opengovpartnership.org/estrategia-de-ogp-2023-2028/), baita gobernu irekiari buruzko 2023ko gidan ere (hemen eskuragarri: https://www.opengovpartnership.org/wp-content/uploads/2024/01/OpenGovGuide-2023_Full-Report.pdf).

[6] Hemendik atera da: https://funcionpublica.hacienda.gob.es/gobernanza-publica.html.

[7] Eskuragarri hemen: https://funcionpublica.hacienda.gob.es/dam/es/portalsefp/gobernanza-publica/PLAN_ESTRATEGICO_DGGP_2022_2024.pdf.pdf. Espainiako Gobernuak gobernantzari eta gobernu irekiari buruz egindako beste jarduketa espezifiko batzuk ministerio berak egindako dokumentu honetan jaso dira: gobernu irekirako V. Plana 2020-2024. Hemen eskuratu daiteke: https://transparencia.gob.es/transparencia/dam/jcr:d306cd62-cc0f-40a1-9be8-fe24eeeee10d/IVPlanGobiernoAbierto-ES_2020-2024.pdf

[8] Sareak argitaratutako dokumentu honetan era askotako esperientziak bildu dira: TOKIKO GOBERNANTZA PARTIZIPATIBOA: herritarrekiko harremanerako esparru berri bat. Hemen eskuratu daiteke: https://redtransparenciayparticipacion.es/wp-content/uploads/2021/10/GOBERNANZA-PARTICIPATIVA-LOCAL.pdf.

[9] Estatuan, HSSrekiko elkarrizketa zibila 2013an hasi zen, eta berezko bilakatu zen 2017an, Hirugarren Sektoreko Plataformarekiko Elkarrizketa Zibilerako Batzordea arautzen duen uztailaren 28ko 774/2017 Errege Dekretuaren bitartez.