Helburua

Eredu komunitarioaren eredura eta kalitatearen Europako borondatezko esparrura1 egokitzen diren eta, aldi berean, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko (aurrerantzean, EHSS) erakundeek ematen dituzten zerbitzuen balioekin eta balio erantsiarekin bat datozen jardunbide eta esperientzia esanguratsuak identifikatzea eta jasotzea da proiektu honen helburua. Aipatutako esparruen ezaugarrietan oinarritutako arretaren eta kudeaketaren arloko praktikak definitzeko modua emango du horrek. Halaber, arretaren eta kudeaketaren ezaugarriekin edo alderdiekin lotutako hobekuntza-lerroak ezagutzeko modua emango du egokitzapen horrek.

Metodologia

Informazioa bigarren mailako iturrietatik eta aukeratutako eragileekin egindako elkarrizketetatik hartzean oinarritzen da proposatutako metodologia.

1. Desgaitasun intelektualaren arloko profesionalei elkarrizketak: proiektuaren esparru teorikoa eta oinarriak kontrastatzeko elkarrizketa bat egitea, haien ibilbidean eta eredu komunitarioaren gainean duten ezagutzan oinarrituta; eta ezagutza hori denboran zehar martxan jarri dituzten baliabide, zerbitzu eta programa anitzetan islatzeko moduari buruz. Halaber, posible balitz, jardunbide egokitzat hartzen duten esperientzia zehatzen bat jasoko da.

2. Sareen Sarearekiko lehen harremanaren eta hura osatzen duten sareen bidez, esperientzia adierazgarrien lehen zerrenda bat identifikatuko da adierazitako aukeraketa-irizpideetatik abiatuta.

3. Bigarren mailako iturriak kontsultatzea: Esperientzia adierazgarriak identifikatu, sailkatu eta erregistratzeko, webgunea arakatzean oinarritutako informazioa biltzeko teknika proposatzen da. Bilaketa sakon bat egitean datza, aurrez mugatutako hiru irizpideak kontuan izanda (gizarte-zerbitzuen eta erantzukizun publikoaren arloa, bazterketarekin eta mendekotasunarekin lotutako kontingentziak, eta tokiko jarduna nabarmentzea). Bilaketa Interneten bidez egingo da, irizpide horien arabera esanguratsuak diren (eredu komunitariora egokitzean eragin oso positiboa dutenak edo izan dezaketenak), egituratuak diren (araudiak jasotzen dituen formulen arabera formalizatuak) eta jarraikortasuna izan dezaketen (garatu zirenetik nolabaiteko jarraikortasuna izan dutenak edo izaten ari direnak, edo datozen urteetan garatzen jarraitzeko aurreikuspenak dituztenak) ahalik eta jardunbide eta esperientzia gehien identifikatzeko.

4. Kontraste osagarriak edo elkarrizketak eragileei: erdiegituratutako elkarrizketa-gidoi batetik abiatuta, ikertzaileek webgunearen bidez jasotako informazioa kontrastatuko dute, eta osatu egingo dute. Aukeratutako esperientzian bereziki inplikatuta dauden EHSSko erakundeetako eragileei egingo zaizkie elkarrizketak, edo haiekin kontrastatuko da informazioa. Bigarren mailako iturriei egindako elkarrizketetan jasotako informazioa kontrastatzea, baliozkotzea eta osatzea da elkarrizketa hauen helburua, ondoren, informazio hori proiektuan ezarritako helburuen arabera aztertu ahal izateko. Eragileen lagina aukeratzeko, nahita egindako laginketa bat hartuko da; beraz, lagineko pertsonak ez dira ausaz aukeratuko, nolabaiteko irizpidearekin baizik. Ez da beharrezkoa ordezkagarritasun maila bat izatea, baina informazio esanguratsua jasotzeko baldintzak sortu behar ditu ikertzaileak. Hala, informazioaren bolumena (saturazioa) eta kalitatea (aberastasuna) ongien bermatuko duten pertsonak aukeratzera bideratu behar du laginketak. Lagin arrazoitua edo komenigarritasun-lagina ere deitzen zaio, bertan ez baitira kalkulu estatistikoak sartzen, ez da estatistikoki adierazgarria, baina teknika kualitatiboekin lan egiteko modu egokiena da, eta pertsona kopuru murritzari egiten zaio kontsulta, informatzaile egokienak direla uste diren horiei, hain zuzen ere.