Fecha: 30/11/2023
Fuente: Irekia
Acceder a la fuente

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak esan du Elkartasun hitzak oso esanahi berezia hartzen duela orain bereziki bizi dugun mundu asaldagarri honetan. Testuinguru horretan, ziurgabetasunak gainditu eta ekintzetara pasa behar dugu.  Gure gizartearekin konprometitutako ekintza positibo batetik gainditu behar dugu etsipena. Une asaldagarria bizi dugu, baina baita itxaropentsua ere”.

Melgosak Bilboko BBK aretoan egin den Antonio Menchaca Fundazioaren Elkartasunaren aldeko Sarien galan —Almudena Cacho kazetariak aurkeztua— parte hartu du. Saritutako pertsonak eta erakundeak hauek izan dira: María Jesús “Marije” Goikoetxea, Jaime Bernar, Lagun Artean-eko boluntarioak eta Jesús “Periko” Pérez-Arrospide. Gainera, aipamen berezia egin zaie Euskal Elizbarrutietako Misioei. Ekitaldian Doniene Abesbatzak emanaldia eskaini du.

Melgosak eskertu du “hor ikusten den Antonio Menchaca Fundazioaren lana. Dagoeneko 125 pertsona, erakunde eta jarduera saritu eta aitortu dira gala honetan. Gaur bost gehiago dira. Ostegun honetako sariek eta aipamenek gure jendearen balio hori berresten dute”.  “Antonio Menchaca de la Bodega” Fundazioaren patronatua honako hauek osatzen dute: María Menchaca presidenteak, Carlos Royuelak, Joseba de Madariagak, Jose Luis Alzolak, Gonzalo Corcósteguik, Pedro Ontosok, Juan Carlos Sánchezek, Diego de Azquetak, Sol de la Quadra-Salcedok eta Amaia Martínez Cearrak.

“Egoera kezkagarri, iragarrezin edo aldakor horretan, Europa eta —gurekin batera— planeta osoa gure historiako krisirik handienetako baten aurrean daude. Gerrak; Errusiak Ukraina inbaditzea; Errusiaren eta Txinaren anbizioak Afrikan eta Ekialdean; Estatu Batuetan eta Latinoamerikan —baita gure Europan ere— sortzen ari diren estremismoak; migrazio-mugimenduen ugaritzea edo planetaren jasangarritasunaren krisia dira, besteak beste, bizi dugun egoeraren arrazoietako batzuk”.

Konpromisoa

Melgosa sailburuak honako hau proposatu du: “ziurgabetasunak gainditzea eta jardutea. Gure gizartearekin konprometitutako ekintza positibo batetik gainditu behar dugu etsipena. Une asaldagarria bizi dugu, baina baita itxaropentsua ere. Gure oraina gauza ezezagunez beteta dago. Hor daude gizarte eta pertsona bakoitzaren balioak, etorkizun positibo eta solidario baten ideia berreskuratzeko”.

“Hain zuzen ere —gogoratu du Nerea Melgosak— hilabete baino gutxiago falta da Giza Elkartasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko —abenduaren 20a—. Elkartasuna da balio preziatuenetako bat, gaur egungoak bezalako une kritikoak bizi direnean. Elkartasuna izan zen hiztegian gehien bilatu zen hitzetako bat covid19 epidemiarekin bizi izan genuen berrogeialdian. Elkartasuna ere Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunaren sei printzipioetako bat da”.

EAEko gizarte-politiken arduradun nagusiaren arabera, “elkartasuna alderdi sozial bat da, hau da, beste gizabanako batzuei emateko gaitasuna, pertsona horiek gure parekoak direla pentsatuz; hots, etxea, elikagaiak, sentimenduak eta abar beste izaki bizidun batekin partekatuz, haren egoera ekonomikoan pentsatu gabe, eta kontuan hartuta ere ondasunak ez direla soilik materiala”.

Melgosak Émile Durkheim XIX. mendeko soziologo, pedagogo eta filosofo frantsesa aipatu du. Honek adierazi zuenez, elkartasuna “esanguratsua da, funtzionamenduan dagoen zibilizazio baten beharrezko osagaia delako eta giza bizitza oso bat eratzeko beharrezkoa”.

Euskal Autonomia Erkidego solidarioa

“Zorionez, Euskal Autonomia Erkidegoan, Atlantikoko hego-mendebaldeko txoko txiki honetako gure inguru osoan, pertsona eta erakunde batzuek Elkartasuna bizimodu bihurtzen dute. Zorionez, Euskal Autonomia Erkidegoa lurralde solidarioa da, eta pertsona bakoitzaren zerbitzura dago. Hemen ez da inor atzean uzten”, adierazi du sailburuak.

Sarituak gogoratzean, Nerea Melgosak María Jesús Goikoetxea “Marije” aipatu du, “gaixo terminalekin eta haien senideekin jardundako boluntarioen benetako adibidea. “Marije”, Giza Eskubideetan doktorea, psikologoa eta teologoa, hainbat hamarkadatan zehar gaixo terminalak zaindu ditu Bilboko Elizbarrutiko osasun-pastoraltzaren bitartez”.

Jaime Bernar Zabalketa GKEaren sustatzailea da, eta, beste ekimen batzuen artean, Eusko Jaurlaritzarentzako emakume kalteberen aldeko proiektuak egiten ditu. Sailburuak gogorarazi duenez, “Zabalketa GKEaren bultzatzaile honek bere garaian esan zuen esaldi batek denoi pentsarazten zigun: “Norbaitekin sufritzeak pertsona hobea egiten zaitu. Ariman min ematen dizu, baina gizatiarrago bihurtzen zaitu”. Hori Elkartasunaren beste adibide argi bat dela uste dut”.

María Jesús Torre, Felisa Delgado eta Arcadio Pinto —hainbat hamarkadatan Lagun Artean elkartearen bidez etxerik gabeko pertsonei arreta ematen dieten boluntarioak— aipatzean, Nerea Melgosak haien lana nabarmendu du: “soluzioak bilatzen eta alternatiba kolektiboak proposatzen. Horretarako, herritarrak sentsibilizatzen dituzte kalteberatasunaren eta gizarte-bazterkeriaren inguruan. 2022an bakarrik, María Jesús, Felisa eta Arcadiori eta Lagun Artean elkarte osoari esker, Bizkaian 355 pertsona hartu dituzte eta hauek ikusi dute euren bizitzak hobetzen ari zirela. 355 pertsona kalteberek egiaztatu dute Elkartasuna existitzen dela”.

Periko Pérez-Arrospide

Melgosak aipamen berezia egin dio Jesus Perez-Arrospideri —“Periko”—. “Eusko Jaurlaritzan zuzendaritza-postuak bete zituen eta, batez ere, familiarekin eta inguruarekin batera, bizitza osoa besteei eskaini die. Bere konpromiso pertsonal, profesional eta sozialeko bizitza elkartasunaren adibide onenetako bat da”.

“Pobreziaren Aurkako Plana, Gizarteratzeko Gutxieneko Soldata, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Droga-mendetasunen Planak dira Periko Pérez-Arrospidek Eusko Jaurlaritzatik eta beste erakunde batzuetatik sustatu dituen ekimen solidarioetako batzuk”, gogorarazi du Melgosak.

Menchaca Fundazioak 75 urteko jardunagatik Euskal Elizbarrutiko Misioei egin dien aipamen berezian, Goikuria gotzainak Kongon egin dituen 50 urte baino gehiago gogoratu ditu. Nerea Melgosak esan du hori “kanpora begira euskaldunen erabateko elkartasunaren beste adibide bat” dela. Euskal Misiolari horien lana, elizbarrutikoak zein gure Herriko ordena desberdinetakoak, gure seme-alabek eta bilobek ondo ezagutu beharko lukete Elkartasuna zer den azaltzen diegunean”.

“Orain inoiz baino beharrezkoagoa da “Elkartasuna” pertsona kalteberenek bizi dituzten egoeren aurrean, ez bakarrik Bizkaikoek eta Euskal Autonomia Erkidego osokoek, baita Europakoek eta planeta osokoek ere. Ziurgabetasunak gaindituz, aurrera egiteko eta gure gizartearekin konprometitutako ekintza positibo batetik abiatuz jarduteko garaia da. Berriz diot: une nahasia bizi dugu, bai, baina itxaropentsua”, esanez amaitu du Melgosa sailburuak.