Fecha: 21/02/2024
Fuente: Irekia
Acceder a la fuente

Migrazio eta Asilorako Euskal Foroak urteko lehen osoko bilkura egin du gaur goizean, 2004ko dekretua ordezten duen dekretu berria onartu ondoren. Hain zuzen ere, gai-zerrendako lehen puntua dokumentu berria aurkeztea izan da. Aholkularitza-organo plural horren egitekoa da, hain zuzen ere, migrazioaren arloko politika aktibo eta integrala garatzen laguntzea, migratzaileen ekarpenak ere kontuan hartuta.

Foroa berrogeita hamar bat pertsonak osatzen dute, eta migrazio-politiketan inplikatutako erakunde nagusien ordezkari gisa jarduten dute, bai eta sindikatuak, enpresaburuak, gobernuz kanpoko erakundeak eta, gainera, migratzaileen interesak ordezkatzen dituzten elkarteak ere. Foroaren egitura aktiboa hamar lan-batzordek osatzen dute: osasuna; hezkuntza; berdintasuna; parte-hartzea, sentsibilizazioa eta kultura; asiloa; harrera eta bizikidetza; berme juridikoak; etxebizitza eta beste baliabide batzuk; euskara eta hizkuntza-aniztasuna, eta lana. Horietako bakoitzak urtean zehar egindako lanaren eta osoko bilkurako kideei helarazi nahi zizkieten proposamenen berri eman du bileran.

Batzorde horien ekintzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: migratzaileen botorako kanpaina, prestakuntza-saioak, flyerrak eta euskal hezkuntza-sistemari buruzko informazio-triptikoak (derrigorrezko hezkuntza eta derrigorrezkoa ez dena) edo errefuxiatuen kontratazioari buruzkoak. Azken atal horri dagokionez, gida bat argitaratu da, bai migratzaileei bai enpresei zuzendua, sei kontratazio-kasu planteatzen ditu, eta hura formalizatzeko lege-baldintzak eta dokumentazioa argitzen ditu.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak osoko bilkura hasi baino lehen azaldu duenez, hamar batzorde horiek (bi irabazi dira etapa berri honetarako) “aro berri bati hasiera eman diote, koordinazio-tresna berriekin, garatzen duten lana eraginkorragoa izan dadin”. Izan ere, Nerea Melgosak bere hitzaldiaren hasieran Migrazio eta Asilorako Euskal Foro berriaren lehen osoko bilkurarekin hasiko den “ziklo berria” aipatu du; hori beharrezkoa da, bere ustez, “euskal gizartea ez baita berdina, eta migrazio-fluxuak ere ez baitira berdinak”.

Onartutako dekretu berria “entzum, hitz egin eta akordioak lortzeko prozesu luze eta bizi baten ondore”” lortu dela nabarmendu du sailburuak, eta “baloratzeko modukoa” dela gaineratu du. Halaber, legegintzaldiaren itxieran “pozik” dagoela aitortu du. “Gure bi lege onartu dira, eta hirugarren bat aldatu da, Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren babesarekin. Eta hori ospatzeko da”.

Kulturarteko VI. Plana betetzea

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Begirune Fundazioak Foroari aurkeztutako 2022-2025eko Herritartasun, Immigrazio eta Asiloaren Kulturarteko VI. Planean jasotako konpromisoen betetze-balantzeaz ere hitz egin du. “Aurreratu nahi dizuet, ikusi ditudan zifrengatik, oso bide onetik goazela”, esan du.

Melgosak zenbait datu aipatu ditu, hala nola hasierako aurrekontua 35,7 milioi euro zela, 111 ekintzatan inbertitzeko, eta 2023ko ekitaldiaren amaieran, ekintza horietatik 106 aktibatuta daudela. Zehazki, 67 garatuta daude dagoeneko eta 15 prozesuan daude. Ekintza horietako 24 bakarrik ez dira hasi oraindik.

Dagoeneko egin diren ekintzen taldean sar litezke gazteak gizarteratzeko ibilbideak (Trapezistak), edo Ukrainako gatazkak lekualdatutako pertsonei harrera emateko bereziki diseinatutako ekintza guztiak.

Era berean, Migrazioaren eta Asiloaren Euskal Foroak bere web gune berria egin du, batzordeen informazio guztia eskuratu ahal izateko. Orria herritarrei irekita dago, eta www.euskadi.eus/foro-migracion-asilo eta www.euskadi.eus/migrazio-asilo-foroa.bidez sar daiteke bertara.

“Migraziorako Euskal Itun Sozialean sinesten dugu, eta Migrazioaren eta Asiloaren Euskal Foroan sinesten dugu. Gure Harrerarako Euskal Eredua egiteko erabiltzen ditugun zumeak dira. Euskal gizartea askotarikoa da, kultura anitzekoa eta, beraz, aurreratua”, esan du Nerea Melgosak.