Fecha: 14/03/2022
Fuente: Coordinadora de ONGD Euskadi
Acceder a la fuente

Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundea nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 81 GKE-ek osatzen dute, eta euskal erakunde nagusiek 2022rako garapenerako lankidetzarako dituzten aurrekontuak aztertu ditu; erakunde hauen aurrekontuak, zehazki: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia – Eusko Jaurlaritza; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak; eta Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalak.

Azterketa horretatik ondorioztatu duenez, “pandemiak eraginda aurrekontuetan murrizketak izatearen beldurra bagenuen ere, euskal erakundeak lankidetza-politikak mantentzearen aldeko apustua egiten ari dira”; hain justu, pertsonak erdigunean jartzen dituzten politikak, gainerako gizarte-politikekin batera. “Testuinguru korapilatsu honetan hiru lurraldeetako erakunde nagusiek eta Eusko Jaurlaritzak 2022an lankidetzarako aurrekontuak mantendu eta handitu izana balioesten dugu”. Bereziki nabarmendu dute Bizkaiko Foru Aldundiak igoera handiagoa egin izana. Horrek erakusten du “borondate politiko argia izanik eta apustu irmoa eginez, posible dela kontuak koadratzea eta, aldi berean, lankidetzaren aldeko apustua egitea”, azaldu dute.

Era berean, azpimarratu dute 7 erakunde horiek, batez beste, beren aurrekontuen % 0,39 bideratu dutela lankidetzara 2022an, eta, horren ondorioz, Euskadi “Estatuaren buruan” dagoela. Ehuneko hori beste autonomia-erkidego batzuena baino handiagoa da, eta, beraz, aitortzen dute “ahalegin handia egin dela politika horiei eusteko, eta are handitzeko ere”. Hala ere, gogorarazi dute 2022an 7 erakundeen guztizko aurrekontuak hedakorrak direla eta nabarmen handitu direla, baina “lankidetzarako aurrekontu-partidak ez dira proportzio berean handitu, aipatutako Bizkaiko Foru Aldundian izan ezik”, diote.

Europako mailen azpitik

Azterketa honek erakutsitako beste datu bat ez da hain positiboa. Herrialde garatuenek NBErekiko duten nazioarteko konpromisoaren arabera eta Lankidetzaren Euskal Legearen arabera, euskal erakundeek euskal BPGaren % 0,7 bideratu behar dute lankidetzara. Aipatutako 7 erakunde publikoak kontuan hartuta, eta Estatuari kupoaren bidez egindako ekarpena ere kontuan hartuta, ohartarazi dute 2020an lankidetzara bideratutako kopurua ez zela iritsi euskal BPGaren % 0,15era. “Horrek Europar Batasuneko herrialdeen zerrendaren amaieran kokatzen gaitu, hainbat herrialdetatik oso urrun, hala nola Suediatik (% 1,13), Luxenburgotik (% 1,02), Alemaniatik (% 0,74) edo Danimarkatik (% 0,73);* baita Espainiako estatuaren atzetik ere (% 0,22)”, argitu dute.

Adierazi dute NBEn onetsitako 2030eko Agenda eta Garapen Jasangarrirako Helburuak herrialde guztiei dagozkiela, eta aldaketa globalak lortu nahi dituztela planetaren desafioei eta erronkei aurre egiteko, hala nola pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borrokari, klima‑aldaketari, ingurumena zaintzeari, berdintasuna lortzeari eta giza eskubideen defentsari. Beraz, “agenda unibertsal hori euskal erakundeek ere aintzat hartu beharrekoa da, leloak dioen moduan, inor atzean gera ez dadin, ez Euskadin, ez munduko gainerako lekuetan ere, bereziki zaurgarritasun handieneko egoeran dauden pertsonak”.

Lankidetza-politikak finantzatzeko euskal erakundeek egindako ahaleginari balioa ematen dioten arren, ohartarazi dute “diskurtso triunfalistetatik ihes egin behar dugula, egiazkoa ez den posizio batean kokatzen baitute Euskadi. Datuen arabera, Euskadi ez da iritsi oraindik nazioarteko elkartasunera funtsak bideratzeko duen benetako gaitasuna erakustera. Oso zaila da 2030ko Agendari funtsezko ekarpenak egitea, Euskadik munduarekin duen konpromisoa hori bada”, deitoratu dute.

“Erakunde guztiak animatzen ditugu hartutako nazioarteko konpromisoak betetzeko bideari pixkanaka berriro ekitera, eta aurrera egiten jarraitzera lankidetza-politikak indartzeko”. Horretarako, garapenerako euskal GKE-ek haien esperientzia, ezagutza, lankidetza eta laguntza eskaintzen jarraituko dutela diote. “Herritarren babesa ere sentitzen dugu”: 2020ko Eurobarometroaren arabera, Espainiako biztanleen % 94k uste du garrantzitsua dela Europar Batasuna beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzea munduko pobrezia murrizteko.

“Egungo Ukrainaren inbasioan Errusiaren eskuetan, berriro egiaztatzen dugu Euskadiren elkartasun-konpromisoa: laguntzeko ekimen partikularrak sortu dira, GGKEak eskualdean jadanik ari dira lanean laguntza humanitarioan, eta erakunde publikoak ekimen bateratuak eta beste giza-erakundeekin eta hainbat mailatan koordinatzen ari dira krisiaren ondorioei aurre egiteko. Horrek guztiak erakusten du giza esbubideen defentsak munduko edozein lekutan gure gizartearen ardatza izan behar duela”, baieztatu dute.

Azkenik, gogorarazi dute Euskadik garapenerako lankidetzaren bidez proiektu solidarioak egiten dituela herrialde pobretuenetan. Azaldu dutenez, “lan horri esker, giza eskubideak urratuta dituzten milaka pertsonak aukera izango dute, besteak beste, hezkuntza, osasungintza, ura eta saneamendua eskura izateko; azpiegiturak eraikitzeko; erakundeak indartzeko; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko; nekazaritza babesteko; eta pobreziaren eta desberdintasunen aurka borrokatzeko, esaterako”.