Gizarte-inklusioari buruzko prestakuntza-ikastaroaren edizio berri bat hasi da gaur. Arlo horretan lan egiten duten profesionalentzako da, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak sustatuko ekimena da.
Deustuko Unibertsitateko auditorioan egin da prestakuntza-prozesuaren laugarren edizioari hasiera emateko jardunaldia, eta 240 profesionalek hartu dute parte dagoeneko. Ikastaroan zehar, beste 60 profesional (30eko bi taldek) arituko dira Bizkaian gizarte-inklusioan esku hartzen duten langileentzako oinarri kontzeptualak, etikoak eta metodologikoak
gaiari buruzko ezagutza eta gaitasunetan sakontzeko.
Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatu eta Ahaldun Nagusiordeak eman dio hasiera ikastaroari, «Gizartegune» hausnarketarako gunearen esparruan. Gune horren XXVIII. edizioaren izenburua «Pertsonen berezitasuna lagunduz» da, eta komunitatea lehenesten da, euskal gizartea zaintzeko funtsezko elementua den heinean.
Laespadak azpimarratu duenez, foru-gobernua, erakunde publikoak, erakundeak, profesionalak eta unibertsitatea bat datoz: pertsonen duintasuna lanaren funtsezko printzipioa da, konpromiso saihestezina da; izan ere, funtsezko eskubideen berezko oinarria da, baita berdintasunari, aniztasunari eta, azken batean, gizarte-kohesioari lotutako helburuak lortzeko giltzarria ere.
Laespadak gogorarazi du, 2015ean zuzentzen duen foru-sailaren agintea hartu zuenetik, lan egiten ari dela Inklusioa sustatzeko Gizarte Zerbitzuen Sistema Publikoaren ezinbesteko unibertsalizazioa bultzatzeko, betiere hirugarren sektorearekin lankidetzan, arreta eta kalitatea ardatz hartuta.
Horretarako, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak nabarmendu du profesionalen rola funtsezkoa dela, gizarte-inklusiorako prozesu espezializatuek arrakasta izateko gakoa baitira, haien ezagutza zabaltzea lagungaria delako erabiltzaileek beren proiektu pertsonalaz eta inguruneaz kontzientzia har dezaten eta proiektu eta ingurune hori konfiguratzeko eta eraldatzeko eragile izan daitezen.
Horregatik, Laespadak berretsi du foru-gobernuak lanean eta berritzen jarraitzeko konpromisoa duela, teknikariei etengabeko ikaskuntzarako eta haien garapen pertsonal eta profesionalerako tresnak eta baliabideak emateko, prestakuntzaren arlokoak barne, langileak funtsezkoak baitira kalitateko eta konfiantzazko gizarte-zerbitzuen eredu publiko horretan.
Programa
Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatu eta Ahaldun Nagusiordearen mintzaldiaren ondoren, hausnarketarako jardunaldiaren programaren gainerakoa garatu da. Lau hitzaldi izan dira.
Deustuko Unibertsitateko doktore Félix Arrieta izan da lehena, «Komunitateko zainketei buruz hausnartzea» hitzaldiarekin. Jarraian, Claudia Calderón Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiko kideak (EDE Fundazioa) gai hau jorratu du: «Ikaskuntza komunitarioak hirugarren sektore sozialean». «Etxerik gabeko pertsonen osasun integrala» izan da hirugarren hitzaldiaren gaia, eta Gironako Unibertsitateko Fran Calvo izan da hizlaria. Azkenik, Deustuko Unibertsitateko María Villaescusa doktorea izan da laugarren eta azken hizlaria: «Pertsonarengan zentratuz planifikatzea».