Fecha: 01/02/2022
Fuente: Bizkaiko Foru Aldundia
Acceder a la fuente

Bizkaiko Foru Aldundiak aurten % 22 gehiago inbertitzen du Garapenerako Lankidetzan, 9,46 milioi eurora iritsiz, eta horri esker nazioarteko elkartasun-politika gehien indartu duen euskal erakunde publikoa bihurtu da. Azken sei urteetan foru erakundean % 50ekoa izan da eremu horretako inbertsioaren igoera.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, Teresa Laespadak, datu horiek gogorarazi ditu gaur Batzar Nagusietako Batzordean egindako agerraldian. Agerraldi hori berak eskatutakoa izan da, onartu berri den Lankidetzaren Bizkaiko IV. Gida Plana (2022-2030) aurkezteko.

Aniztasunaren eta Garapenerako Lankidetzaren arloak ere kudeatzen dituen diputatuak azaldu duenez, agiriak zeharkako ikuspegi gisa planteatzen du pertsonak eta kolektiboak eskubideen subjektu gisa hartzea, eta ez arreta-objektu gisa. Era berean, ikuspegi feministatik, benetako berdintasunaren alde eta esparru sozialean, familiarrean, politikoan eta ekonomikoan -emakumeek pairatzen dituzten- askotariko diskriminazioak gainditzearen alde egiten du, betiere ahaztu gabe sexua desberdin bizi dela leku eta testuinguru desberdinetan. Planaren hirugarren zeharkako ikuspegia ekologikoa da eta iraunkortasun ekologikoa eta klima-aldaketaren aurkako borroka etorkizuneko belaunaldiekiko konpromiso gisa eta egungo belaunaldien pobreziaren eta desberdintasunaren aurkako borrokan betebehar gisa lantzea du helburu. Azken zeharkako ikuspegiak, gizarte-aldaketarekin konprometitutako Gizarte-Eraldaketarako Hezkuntzak, kontzientziazio-prozesuak bultzatu nahi ditu, pertsonek euren bizitzak zeharkatzen dituzten zapalkuntzak identifika ditzaten eta erresistentzia- eta sorkuntza-ekintzak abian jar ditzaten epe luzerako prozesu batean.

Era berean, planteamendu globalago baten barruan, agiriak gure Lurralde Historikoan eta bere eragileen artean Garapenerako Lankidetzaren aniztasuna zabaltzea eta bere inpaktu- eta eraldaketa-gaitasuna optimizatzea proposatzen du. Ildo horretatik administrazio-prozedurak sinplifikatzen eta malgutzen aurrera egitea ere aurreikusten da, eraginkortasun eta efizientzia handiagoa lortzeko, ekintzen jarraipena eta ebaluazioa bezalako gakoak ahaztu Gabe.

LAESPADA

Laespada diputatuak azaldu duenez, Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritzaren lanak eta horrek beste foru-arlo batzuetan duen eraginak Hegoaldeari hobeto zerbitzatuko dion Garapenerako Lankidetza lortu nahi du, hain zuzen ere gure gizartearen eta Hegoaldearen arteko harreman-eremua zabalduko duena eta gure gizarteak berak gehiago partekatutako politika eraikiko duena.

Lankidetza justizia globaletik zentratu behar dugu, Hegoaldeko giza-taldeen, euren egoeraren, interesen eta proposamenen ikuspegitik. Lankidetza etikoaren poroetatik arnasten duen gizartea lortu behar dugu, hazkunderako elementu gisa lehiakortasuna alde batera utziko duena eta guztion ongia bilatuko duena, gaineratu du.

Laespadak, aldi berean, Bizkaiko gizartearen aldetik balorazio hobea duen Garapenerako Lankidetza defendatu du, Iparraldean funtsek helmuga dutela jakin behar dugulako, arima dutela, etika eta balioak dituztela.

Guztion arteko lankidetza, inor mendekoaren zereginera mugatu gabe. Benetako antidotoa lankidetza delako eta gizateria ezin delako babestu mugak itxiz, berretsi du.