Fecha: 07/02/2023
Fuente: Sareen Sarea
Acceder a la fuente

Sareen Sareak eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko beste sare batzuek parte hartu dute 2030 Agendaren lantalde guztien Euskadiko lehen topaketan. Lehendakaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak antolatu du topaketa, Arabako Parke Teknologikoan (Miñao).

Urtero egingo den ekitaldi honen helburua GJHen erronkak eguneratzeko bateratze-lana egitea da. World-cafe metodologian oinarritutako elkarrizketa-dinamika parte-hartzailean, Eragile Anitzeko Foroko lantaldeetako ordezkariek beren proposamenak eta gogoetak partekatu dituzte Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) egungo erronkei aurre egiteko.

Dinamika amaitzeko, proposamenak bateratu dira eta, aurrerago, txosten bat egingo da. Zehazki, hiru ardatz tematiko hauen inguruan hausnartu da saioan:

  1. Komunikazioa, dibulgazioa eta inplikazio soziala. Komunikazioari, dibulgazioari eta herritarren inplikazioari lotutako proposamen zehatzak 2030 Agenda partekatzeko, eraldaketa sozialerako ekologikorako eta ekonomikorako kontratu sozial berri gisa.
  2. Energia eta klima-aldaketa. Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko herritarren konpromisoa gizarteratzeko eta hedatzeko proposamen zehatzak, klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko.
  3. Nazioarteko ekimenak. GJHak betetzen lagunduko duten nazioarteko akordioak sustatzeko proposamen zehatzak.

Erronkak bilduma

Lan-dinamika partekatuaren aurretik, saioaren lehen zatian, Erronkak argitalpen-bilduma aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak.

Argitalpen-bilduma zabaltzen duen lehen zenbakia aurkeztu du Mariano Aguirrek, ale horren egileak. Aguirre Kolonbiako bake prozesuan NBEko aholkulari ohia, nazioarteko erakunde ospetsuetako analista eta Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuko Aholku Batzordeko kidea da. Lehen edizio honetan, egileak Antonio Guterres Nazio Batuetako idazkari nagusiak 2021eko irailean aurkeztutako Gure Agenda Komuna txostenaren gaurkotasuna eta potentzialtasuna aztertu ditu.

Bilduma honen helburua da 2030 Agendak planteatzen dituen erronka handiak ulertzeko eta horiei aurre egiteko argudioak ematea. Azken batean, egungo bidegurutzearen erdian hausnarketa eta deliberamendua partekatzea. Erronkak programaren eginkizun hori argitalpen bakoitza bereiziko duten irizpideen arabera garatuko da.